San Kristobal gotorlekua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
San Kristobal gotorlekua
Kultura ondasuna
Entrada fuerte San Cristóbal.JPG
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Nafarroa
Herria Ezkabarte eta Iruñea
Koordenatuak 42° 51′ 26″ N, 1° 39′ 50″ W / 42.85722222°N,1.66388889°W / 42.85722222; -1.66388889Koordenatuak: 42° 51′ 26″ N, 1° 39′ 50″ W / 42.85722222°N,1.66388889°W / 42.85722222; -1.66388889
Ondarea
BIC RI-51-0010464

San Kristobal gotorlekua (ofizialki Alfontso XII.aren gotorlekua) Ezkabarte udalerriko (Nafarroa Garaia, Euskal Herria) Ezkaba mendiaren gailurrean dagoen gotorlekua da.[1]

Izen ofiziala Alfontso XII.aren gotorlekua da, sarrerako atean ikus daitekeenez, haren erreinaldian eraiki zutelako. Hala ere, bertokoen artean, antzina bertan zeuden eraikinen San Kristobal izenari eutsi diote: XIII. mendeko baseliza eta gazteluarena, eta XVI. mendeko basilikarena, hain zuzen ere, eta gaur egun ere azken izendapen hau iruindar eta nafarren artean askoz ere ezagunagoa da eta hedatuagoa dago.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko aldea.

Hirugarren Karlistaldian artilleria pieza modernoak mendi punta hartatik Iruñera heltzeko gai zirela konturatu zirenean, leku estrategikotzat hartuta, gotorlekua eraikitzea erabaki zuten.

Miguel Ortega ingeniari koronelak diseinatu zuen eraikina, eta José de Luna ingeniari komandanteak zuzendu zituen lanak, 1878 eta 1919. urteen artean. Horretarako, mendiko tontorra leherrarazi eta barnealdea hondeatu zuten, hiru solairu eraikitzeko. Harresiak babesteko bi metro lur metatu zuten, eta inguruan lubanarro bat egin zuten, infanteriaren erasoetatik babesteko asmoz. Guztira 615.000 ditu, eta horietatik 180.000 m² dira gotorlekuarenak.

Espetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an bukatu zutenean hegazkingintza jadanik sortua zenez, eraikinak inoiz ez zuen militar erabilerarik izan.[2] Ostera, 1934 eta 1945 artean espetxe-militar bilakatu zen. Eraikuntzan otu ez zitzaion helburua zenez, gartzela eta zaindarien eraikinaren arteko harresia eraiki behar izan zuten.

1934ko urriko iraultza eta gero, ehunka asturiar eta eibartar espetxeratu zuten bertan. Hasiera hasieratik, higiene eta osasungarritasunik ezak salaketak sortu zituen, presoen lekualdaketa eta espetxearen itxiera eskatzen zituztenak.

Nabarrak.

1935eko irailean, aipaturiko egoera txarrek CNTko Santanderko kide bat hil zutela eta, Iruñean greba izan zuten. Beste preso baten heriotzak protestak zabaldu eta matxinada sortu zuen espetxean, Iruñean greba orokorra bultzatu zuena. Hainbat udalek presondegiaren itxiera eta bertan zeuden 750 presoen lekualdaketa eskatu zutenez epeka-epeka lekualdatzeak egiteari ekin zioten.

1936ko otsailean, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi eta preso politikoentzako amnistia ezarri zuen, horietatik 400 San Kristobalen zeudenak. Espetxetik irten eta berehala, presoek bere egoera salatu eta Rafael Aizpun Justizia Ministroari errua egotzi zioten.

1936ko uztaileko altxamendu militarraren ondorioz, Nafarroa Garaia matxinoen eskuetan geratu eta berriro espetxea bete zuten. Hilabete gutxi barru 2.000 preso zituen gotorlekuak. Horietako asko "askatzea"ren berri jaso ondoren, mendia jaistean erailak izan ziren.

Lehenengo solairua.

1937ko urtarrilaren 1etik 1945eko uztailaren 6an presondegia itxi zuten arte, 305 presoen heriotza jasota dago. Zioak era askotakoak baziren ere, gehienetan "anorexia" eta "bihotza gelditzea" izanik. Heriotza asko tuberkulosirekin lotuta zeuden, batez ere gotorlekua "espetxe-erietxe" moduan erabili zutelako. Zerrendan "traumatismo"z hildako 25 preso ere badago. Hauek fusilatu zituzten, horietatik hogeita bat 1936ko azaroaren 1ean eta bestean urte bereko azaroaren 17an. Fusilamendu edo "presoen ateratze" hauek ez daude ofizialki onartuta.[3] Preso gehien hil zituzten urteak 1941 (51 lagun) eta 1942 (61 lagun) izan ziren.

1938ko maiatzaren 22an presondegitik 795 presok ihes egin zuten. Horietatik 3-k baino ez zuten lortu muga zeharkatzea, 585 berriro harrapatuak izan ziren eta 225 hil zituzten.[4][5]

Nafarroako fusilatu, eraildako eta desagertuen senitartekoen elkartearen presidente Asun Larretak dioenez, horiei guztiei 200 desagertu gehitu behar zaizkie, «artxiboetan ez daudenak, eta gehienak erailak».[6]

1945eko uztailaren 6an presondegia itxi zutenean Espainiako Armadak eraikina berreskuratu zuen. Horrek 1987an utzi eta 1991 arte laguntza-talde batek mantendu zuen, eraikina zaintzeko. Egungo jabea Espainiako Defentsa Ministerioa da oraindik.

Arte Ederretako Zuzendaritza Orokorrak 2001ean kultura ondasun izendatu zuen.

2007ko irailean Aranzadi Zientzia Elkarteak, Txinparta Elkarteak eta Nafarroako fusilatu, eraildako eta desagertuen senitartekoen elkarteak gotorlekuaren ondoan zeuden hilotzak lurpetik ateratzeari ekin zioten, Jose Maria Jimeno Juriok aipaturiko leku batean. Han dauden 131 hilotzetik 25 atera zituzten. Belaunetan, botilatxo bat zuten, barruan hilaren datuak zituena; tamalez, paperak erabat hondatuta zeuden, eta ezin izan zituzten irakurri. Espetxe hartan 1941 eta 1944 artean hil ziren, arnas-gaitzengatik,[7] batez ere tuberkulosiak eta pneumoniak jota.[6][8] 2008ko urrian Baltasar Garzón epaileak, beste 19 hilobiekin batera, bertan lanak aurrera jarraitzeko agindua eman bazuen ere[9] Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak azaroaren 7an agindua geldiarazi zuen,[10] beharrezkoak ez zirelakoan. Azaroaren 18an epaiak tokian tokiko epaitegien alde inhibitzea erabaki eta hamar egun beranduago Auzitegi Nazionalak horrelako krimenak ikertzeko eskuduntza ez zuela erabaki zuen.[11]

2007ko azaroan, Nafarroa Baik hala eskatuta, Espainiako Kongresuak lekua garbitzeko eta babesteko 500.000 €ko aurrekontua onartu zuen. Lanak 2008an egin behar baziren ere[12] 2009ko maiatzeraino ez zituzten egin.[13] Lan haietan, espetxe bilakatzean eraikitako harresiak eta espetxearen sukaldea bota zituzten. 2009ko ekaineko asteburuetan bisita gidatuak antolatu zituzten.[14]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Ferrer Muñoz, Manuel (1993) «La Segunda República» Historia Ilustrada de Navarra Iruñea: Diario de Navarra ISBN 84-604-7413-5 .
  2.   Chueca, Josu (2004/V/23) «San Cristobal: Zigor mendia» Argia (1945) .
  3. (Gaztelaniaz)  «La muerte de presos en San Cristóbal llenó de cadáveres trece pequeños cementerios» Diario de Noticias 2006-12-17 .
  4. (Gaztelaniaz)  Idazle asko (2004) Navarra 1936. De la esperanza al terror Tafalla: Altaffaylla ISBN 84-930957-9-6 .
  5. (Gaztelaniaz)  Junquera, Natalia (2007-10-21) [«La fuga de los 221 muertos» El País .
  6. a b (Gaztelaniaz)  Asociación para la recuperación de la memoria histórica Exhumación en el Fuerte de San Cristobal .
  7.   «Frankismoko biktimak omenduko dituzte gaur Busturian» Berria 2007-08-04 .
  8. (Gaztelaniaz)  «La muerte de presos en San Cristóbal llenó de cadáveres trece pequeños cementerios» Diario de Noticias 2006-11-17 .
  9. (Gaztelaniaz)  «Garzón se declara competente para investigar al franquismo y autoriza la apertura de 19 fosas» Diario de Noticias 2008-10-17 .
  10. (Gaztelaniaz)  «La Audiencia Nacional desautoriza a Garzón y paraliza la apertura de fosas de la Guerra Civil» Diario de Noticias 2008-11-08 .
  11. (Gaztelaniaz)  «La Audiencia Nacional dicta que Garzón no puede investigar delitos franquistas» Diario de Noticias 2008-11-29 .
  12. (Gaztelaniaz)  «El Congreso aprueba 500.000 euros para limpiar y consolidar el Fuerte» Diario de Noticias 2007-11-09 .
  13. (Gaztelaniaz)  «El Gobierno organiza este mes las primeras visitas al fuerte de San Cristóbal» Diario de Noticias 2009-06-03 .
  14. (Gaztelaniaz)  «Las obras de Ezkaba acaban con los restos de su realidad como prisión franquista» Diario de Noticias 2009-06-07 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: San Kristobal gotorlekua
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa