Edukira joan

Merkataritza

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Salerosketa» orritik birbideratua)

Gdańsk
Merkataritza egiten den ohiko tokietako bat azoka da. Irudian, Mexikoko fruitu eta barazkien azoka.

Ekonomia batean, merkataritza ondasunak eta zerbitzuak trukatzeko jarduera da, ondasunak ekoitzi soilik egiten dituzten nekazaritza, industria eta beste sektore ekonomiko zenbait ez bezala. Merkataritza garatzen den eremua merkatua da. Ondasunak eta zerbitzuak diruz trukatzen dira gehienetan, salerosketa baten bitartez alegia, sarri eskariaren eta eskaintzaren bitartez zehazten den prezio batean. Merkataritza hirugarren sektore ekonomikoaren jarduera da, eta ekonomiak sortzen dituen ondasunak merkaturatu eta kontsumitzaileen artean banatzeaz gainera, lanaren zatiketaren abantailak gauzatzen ditu, pertsona, talde edo gizarte batek bere kabuz ekoitzi ezin ditzakeen gauzak eskuratzen baitira merkataritzaz. Nazioarteko merkataritzak, kasu batzuetan, garapen ekonomikoa ekarri du herrialde batetik bestera egiten diren esportazio eta inportazioren bitartez, baina, beste batzuetan, zenbaiten herri azpigarapena ere ekarri izan du, beste herrialde zenbaitek inposatu eta bidezkoak ez diren merkataritza-egituren bitartez.

Merkataritza ekoizle eta kontsumitzaileen artean egin daiteke, zuzenean, baina, maiz, bitartekariak izaten dira, merkatariak alegia, produktuak ekoizle edo beste bitartekari bati erosi eta bezeroen eskura jartzen dituztenak, erosketa eta salmenta-prezioen arteko diferentziaren mozkina eskuratuz. Merkataritza, izan ere, mota askotako guneetan gertatzen da. Azoka da gunerik antzinakoena, non ekoizleek zuzenean euren produktuak eskaintzen dizkieten kontsumitzaileei garai eta toki jakin batean. Egun, merkataritza egiteko beste bide batzuk ere garatu dira: dendak, supermerkatu eta hipermerkatuak eta, Interneten zabalkundearekin batera, merkataritza elektronikoaren bitartez. Merkataritzaren gehiegikeriak (prezioak inposatu eta bertako ekonomiak suntsituz) kasu batzuetan ekar ditzakeen esplotazioari aurre egiteko, bidezko merkataritza ere sortu da, salgaiak pertsonak eta ingurumena errespetatuz ekoitzi direla ziurtatzeko. Aldi berean, enpresak euren produktuak saltzeko merkataritzaren beharraz jabetu dira, eta, beraz, marketin izeneko arloa lantzen dute, bezeroen beharrak ezagutu eta ahalik eta egokien asetzeko.

Merkataritzak historian izan duen garrantzia nabarmena da. Merkataritza bultzatzeko, Zetaren Bidea eta bestelako bideak eratu ziren kontinenteetan zehar eta, itsasoz, kontinente batetik bestera. Garraiobideen garapena ere bultzatu du, baita nazio eta herrien arteko gerrak ere merkataritzako interesen aurkakoak izan direnean edo merkataritzaren nagusitza eskuratu nahian.

Merkataritza egiteko lehen moduetako bat (opariaren ekonomia) ondasunak eta zerbitzuak trukatzea zen, berehalako edo etorkizuneko sarien akordio espliziturik gabekoa. Opariaren ekonomiak gauzak trukatzea dakar, dirurik erabili gabe. Merkatari modernoek truke-baliabide baten bidez negoziatu ohi dute, esaterako, dirua. Ondorioz, erosketa salmentatik edo irabazietatik bereiz daiteke. Diruaren asmakuntzak (eta kreditu-txartela, diru-papera eta diru ez-fisikoa) izugarri erraztu eta sustatu du merkataritza. Bi merkatariren arteko merkataritzari, aldebiko merkataritza deritzo; bi merkatarik baino gehiagok parte hartzen duten merkataritzari, berriz, alde anitzeko merkataritza.

Ikuspegi moderno batean, merkataritza espezializazioaren eta lan-banaketaren ondorioz existitzen da; jarduera ekonomikoaren forma nagusi bat da, non norbanakoak eta taldeak ekoizpenaren alderdi txiki batean kontzentratzen diren, baina ekoizpena beste produktu eta behar batzuetarako trukeetan erabiltzen dute[1].​ Merkataritza eskualdeen artean dago eskualde desberdinek abantaila konparatiboa (hautemandakoa edo erreala) izan dezaketelako merkaturatu daitekeen oinarrizko produkturen bat ekoiztean, beste leku batzuetan urriak edo mugatuak diren baliabide naturalen ekoizpena barne. Adibidez, eskualdeen tamainak ekoizpen masiboa lagundu dezake. Egoera horretan, leku batetik bestera merkatu-prezioan salerosteak biei egin diezaieke mesede. Merkatari-mota desberdinak ondasun-mota desberdinen merkataritzan espezializa daitezke; adibidez, espezien merkataritza eta zerealen merkataritza, historikoki, garrantzitsuak izan dira ekonomia globalaren eta nazioartekoaren garapenean.

Merkataritza txikizkaria ondasunak edo salgaiak leku finko batetik saltzen dena da[2] (saltegi handiak, boutique edo dendak), online edo postaz, sorta txikitan edo banaka, erosleak zuzenean kontsumi edo erabil ditzan[3].​ Merkataritza handizkaria, berriz, txikizkako saltzaileei edo industria, merkataritza, erakunde-erabiltzaileei edo bestelako negozio profesionalei, edo horiekin lotutako beste handizkari eta mendeko zerbitzuei salgai gisa saltzen zaizkien ondasunen trafikoa da.

Historikoki, zenbait gunetan, merkataritza-askatasunaren irekiera nabarmen handitu zen 1815etik 1914an Lehen Mundu Gerra piztu zen arte. 1920ko hamarkadan, berriz handitu zen merkataritza-askatasuna, baina 1930eko hamarkadako Depresio Handian, behera egin zuen (bereziki Europan eta Ipar Amerikan). Merkataritza-askatasunak nabarmen egin zuen gora 1950eko hamarkadatik aurrera (hala ere, dezelerazio bat gertatu zen 1970eko hamarkadako petrolioaren krisiarekin). Ekonomialari eta ekonomiako historialariek diotenez, egungo merkataritza-askatasunaren mailak historiako altuenak dira[4][5][6].​​

Anfora egiptoarra.

Merkataritzaren jatorria Neolito garaian dago, nekazaritza aurkitu zenean. Hasieran, iraupeneko nekazaritza egiten zen, non bildutakoa nekazaritzan aritzen ziren biztanleentzat ziren. Hala ere, nekazarien egunerokoan garapen teknologiko berriak sartzen joan ziren heinean, hala nola animalien indarra edo tresna ezberdinen erabilera, lortutako uztak gero eta handiagoak ziren. Horrela, merkataritzaren sorrerarako une egokia iritsi zen, bi faktorek lagundurik:

  • Lortutako uztak komunitateak irauteko behar zituenak baino handiagoak ziren.
  • Jada ez zen beharrezkoa komunitate osoa nekazaritzan aritzea; beraz, biztanleriaren zati bat beste gai batzuetan espezializatzen hasi zen, hala nola buztingintzan edo burdingintzan.

Beraz, uztaren soberakinak beste komunitate batzuk espezializatuta zeuden objektu batzuekin trukatzen hasi ziren. Normalean, objektu horiek komunitatearen defentsarako elementuak ziren (armak), elikagai-soberakinak garraiatu edo bildu ahal izateko biltegiak (anforak, etab.), nekazaritzarako tresna berriak (metalezko aitzurrak...), edota, aurrerago, luxuzko objektuak (ispiluak, belarritakoak...).

Jatorrizko merkataritza horrek, ondasunen eta elikagaien tokiko trukea ez ezik, berrikuntza zientifiko eta teknologikoen truke globala ere ekarri zuen, besteak beste, burdinazko lana, brontzezko lana, gurpila, tornua, nabigazioa, idazketa, hirigintza-modu berriak eta abar. Iberiar penintsulan, garai horri «garai ekialdezale» deritzo, Ekialdetik jasotako eragin etengabearengatik. Une horretan sortu zen iberiar kultura.

Berrikuntzen trukeaz gain, merkataritzak gizartearen pixkanakako aldaketa ere ekarri zuen. Dagoeneko, aberastasuna gorde eta trukatu zitekeen. Lehen gizarte kapitalistak agertzen hasi ziren, gaur egun ezagutzen ditugun moduan, baita lehen gizarte-estratifikazioak ere. Hasiera batean, klase sozialak herrixkako jendea eta buruzagiaren familia besterik ez ziren. Aurrerago, beste gizarte-klase sofistikatuago batzuk agertu ziren, hala nola gerlariak, artisauak, merkatariak, etab.

Sakontzeko, irakurri: «Truke»

Trukea izan zen antzinako zibilizazioak merkataritzan hasteko modua. Salgaiak balio bereko edo txikiagoko beste salgai batzuekin trukatzea zen asmoa. Merkataritza-mota horren eragozpen nagusia zen merkataritza-transakzioan parte hartzen zuten bi aldeek bat etorri behar zutela beste aldeak eskainitako salgaien premian. Arazo hori konpontzeko, merkataritza-transakzioetan parte hartzen zuten salgaiak biltzen zituzten bitartekariak sortu ziren. Bitartekariek, sarritan, arrisku handiegia gehitzen zuten transakzio horietan, eta, horregatik, merkataritza mota hori berehala alboratu zen txanpona agertu zenean.

Txanponaren sarrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Brontzezko txanponak, Pont Amisos (K.a. 85-65)

Txanpona edo dirua, definizio orokorrago batean, erkidego batean adostutako bitarteko bat da, salgaiak eta ondasunak trukatzeko erabiltzen dena. Diruak trukerako balio izateaz gain, kontu-unitatea eta balioa gordetzeko eta zatikatzea posible egiteko tresna ere bada. Historikoki, «txanpon» mota ezberdin asko erabili izan dira: txerriak, balea-hortzak, kakaoa, edo itsas maskor mota jakin batzuk. Hala ere, historian zehar gehien zabaldu dena urrea da.

Transakzio komertzialetan dirua erabiltzea aurrerapauso handia izan zen ekonomian. Dagoeneko ez zen beharrezkoa transakzioan parte hartzen zuten aldeek kontrako alderdiaren salgaiak behar izatea. Zibilizazio aurreratuagoek, adibidez, erromatarrek, kontzeptu hori hedatu, eta txanponak egiten hasi ziren. Txanponak, izan ere, bereziki horretarako diseinatutako objektuak ziren. Nahiz eta jatorrizko txanpon haiek, txanpon modernoek ez bezala, txanponaren balioa inplizitua zuten. Hau da, txanponak urrez edo zilarrez eginda bazeuden, bere baitan zuten metal kantitatea txanponaren balio nominala zen.

Komunitate baten barruko akordioa zenez, txanponak zuen eragozpen bakarra zen testuingurutik kanpoko ez zuela baliorik. Adibidez, komunitate baten trukerako elementua balea-hortzak baziren, hortz haiek ez zuten inolako baliorik komunitatetik kanpo. Horregatik, aurreraxeago, dibisa kontzeptua sortu zen. Dibisa, hala, trukerako elementua bihurtzen da, komunitatea bera baino askoz handiagoa den eremu batean onartua. Urre garbi edo purua zen dibisarik ohikoena, nahiz eta historian zehar beste batzuk ere agertu diren, gatza edo piperbeltza, esaterako.

Merkataritza bideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, kontinentez haraindiko merkataritza-ibilbideak sortzen hasi ziren Europan zegoen ondasunen eta merkantzien eskari handiari aurre egiteko, batez ere luxuzkoak. Ibilbide famatuenen artean, Zetaren Bidea da nabarmenena, baina beste ibilbide garrantzitsu batzuk ere bazeuden, hala nola piperrautsa, gatza edo tinduak inportatzeko ibilbideak.

Bide horien bidezko merkataritza, alabaina, merkataritza zuzena zen. Merkantzia gehienak, dozenaka kilometro gutxian behin, jabez aldatzen ziren, Europako gorte aberatsetara iritsi arte. Hala eta guztiz ere, lehen merkataritza-ibilbide horiek inportazioen erregulazioa planteatzen hasiak ziren. Are gehiago, gizonezkoei, janzteko zeta erabiltzea debekatu zitzaien, produktu garesti horren kontsumoa murrizteko.

Gurutzadak, beraz, zeharka sortutako merkataritza ibilbide garrantzitsua izan ziren. Tropen, horniduren, armen, artisau espezializatuen, gerrako harrapakinen eta abarren mugimenduaren ondorioz sortu zen ibilbidea. Europako eskualde askotako ekonomia berpiztu zuen. Meritu hori, neurri batean, Rikardo I.a Lehoi-Bihotza errege ingelesari egozten zaio, Hirugarren Gurutzadan sartzean garaipen komertzial garrantzitsuak lortu baitzituen Europarentzat, hala nola Zetaren Bidea berrezartzea, piperminaren bideak berreskuratzea.

Bankaren sorkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Banku»
Trukatzailea eta bere emaztea, Marinus van Reymerswale.

Tenpluko ordenako kide ez borrokalariek (Zaldun Tenplarioak) (XII-XIII. mendeak) egitura ekonomiko konplexu bat kudeatu zuten kristau munduan, finantza teknika berriak sortuz (zor-agiriak eta baita lehen kanbio-letra ere), zeinak banku modernoaren forma primitiboa osatzen duten.

Eskainitako zerbitzuen artean, dirua garraiatzea zegoen. Erromesek dirua sar zezaketen establezimendu batean, eta, gero, beste batera joan eta erretira zezaketen, baita herrialde ezberdinen artean ere, eta horrek bideen segurtasuna areagotu zuen. Hori izan zen lehen kanbio-letra.

Baina garai haietan Elizak lukurreria debekatzen zuen (Interesaren bidezko irabazia)[7].​ Horrela, tenplarioek 70 katedral baino gehiago eraiki edo eraikitzen lagundu zuten, 100 urte pasatxoan, artisauen legio bat bultzatu eta babestu zuten (askok diote «multinazional etiko» bat zela)[8].

Zerbitzuak, bereziki (Kanbio-letra), asko lagundu zuen nazioarteko merkataritza azoketan, non merkatariak beren jatorrizko herrialdeetara itzul zitezkeen, beren dirua bidelapurrek ebasteko arriskurik gabe.

Erdi Aroaren amaieran eta Pizkundearen hasieran, banka edo bankua diru-establezimendu bat zen, merkataritza asko errazten zuten zerbitzu batzuk ematen zituena. Arlo horretako aitzindariak urteroko azoketan aritzen ziren trukatzaileak izan ziren, eta, funtsean, diru trukeak egiten zituzten komisio bat kobratuz. Diru-trukatzaile horiek haziz joan ziren, eta, hala, Medici, Fugger eta Welser bankari familia europar handiak agertu ziren.

Aurkikuntzen garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Esplorazioen Aroa»

1400. urte inguruan, Mongoliarren Inperioaren hausturak, Otomandar Inperioaren hazkundeak eta Bizantziar Inperioaren amaierak, ekialdearekiko merkataritza ibilbide europar guztiak blokeatuta gelditzen dira. Ibilbide berrien bilaketak, merkataritza-kapitalismoaren sorrerak eta ekonomia globalaren potentziala esploratzeko nahiak aurkikuntzen garaia bultzatu zuten Europan.

Hala, bada, Europa Indiarako bide berrien bila aritu zen espezien inportazioa berrezarri asmoz. Baina, azkenean, Portugal eta Espainia izan ziren ibilbide horien monopolioa lortu zuten bi herrialdeak, Kristobal Kolon, Vasco da Gama, Fernando Magallaes edo Juan Sebastian Elkano esploratzaileen lanari esker.

Europarrek Amerika aurkitzea beste urrats bat izan zen merkataritzan. Espainiarrek «ia doan» Ameriketan lortzen zuten urre- eta zilar-fluxu berriak Europako merkataritza- eta kapital-sareak onbideratu eta sendotu zituen. Europako bankuak modu esponentzialean hazi ziren, eta Europako banku handiak sortzen hasi ziren: Amsterdamgo Bankua, Suediako Bankua edo Ingalaterrako Bankua, besteak beste.

Ibilbide berriek Espainiak eta Portugalek menderatzen zituztenez, Europako beste potentzia batzuk, Ingalaterra eta Herbehereak kasu, beste bideak bilatzera behartuak izan ziren. Herrialde horiek Indiako ozeanoa eta Ozeano Barea esploratzen jardun zuten, sistematikoki. Espedizio komertzial horiek izan ziren Britainiar Inperioaren hasiera.

Merkataritza transatlantikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendea baino lehen, Amerika eta Europa arteko zeharkaldi transatlantikoak belaontzietan egiten ziren, eta bidaia motela zen, eta, askotan, arriskutsua. Lurrunontziekin, ordea, zeharkaldiak azkarragoak eta seguruagoak bihurtu ziren. Orduan, ozeano-konpainia handiak sortzen hasi ziren, eta oso maiz egiten zituzten zeharkaldiak. Laster, noski, transatlantiko handiena, azkarrena edo luxuzkoena eraikitzea ikur nazional bihurtu zen.

XVII. mendetik aurrera, Ipar Amerikara iristen ziren Atlantikoaz bestaldeko ia zeharbide guztiak New Yorkera iristen ziren. Laster, Atlantikoaz haraindiko merkataritzak Ipar Amerikako lehen portu bihurtu zuen New York, eta, horren ondorioz, etorkizunean, Atlantikoaz haraindiko merkantzia gehienak eta bidaiarien trafiko guztia erakarri zituen. New York Estatu Batuetako merkataritza-hiriburu bihurtu zen, eta munduko hiri garrantzitsuenetako bat. Gainera, Europatik Estatu Batuetara zihoazen etorkin gehienak New Yorkera iristen ziren, eta, beraz, hiri hori luxuzko gurutzaontzietan bidaiatzen zuten famatu eta aberats guztien helmuga zen, baita ontzi horien behealdean zihoazen etorkin txiroena ere. Beraz, zeharkaldi transatlantikoak Europa eta Amerikako edozein tokiren artean egin zitezkeen arren, onartuta ematen zen helmuga New York zela kontrakoa adierazi ezean.

Berrikuntzak garraioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurrunezko tren-makina.

XIX. mendeko garraioaren iraultza baino lehen, kontsumo-salgaiak helmugatik gertu fabrikatu behar ziren, ekonomikoki bideraezina baitzen leku urrun batetik salgaiak garraiatzea. Industria Iraultzarekin batera, ordea, merkataritza biziberritu zuten hainbat berrikuntza eman ziren garraioan. Dagoeneko, salgaiak edonon manufakturatu zitezkeen, eta oso modu merkean eraman kontsumo-leku guztietara.

Garraioaren iraultzaren lehen ekarpenetako bat trena izan zen. Britainia Handia aitzindaria izan zen arlo horretan, eta, horren ondorioz, munduko trenbide sare trinkoena du gaur egun. Espainiako estatuan, lehen trenbidea 1840an eraiki zen, Bartzelona eta Mataro artean

Europako eta Estatu Batuetako beste leku batzuetan ere, garrantzi handia izan zuten ibaiko garraioak. Ibai asko zabaltzen eta sakontzen hasi ziren nabigagarri bihurtu asmoz. Eta geroxeago, kanal nabigagarrien sare trinkoak eraikitzen hasi ziren eskualde askotan.

Azkenik, automobila agertu zenean eta errepideak sistematikoki eraiki zirenean, salgaiak kontsumo-puntu zehatzera garraiatu ahal izan ziren; horri salgaien banaketa kapilarra deritzo.

Globalizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Globalizazio»

Globalizazioa, ikuspegi ekonomikotik, neokolonialismotik eratorritako joera bat da, eta, nazioartean, merkataritza askeko eremu bat sortzen saiatzen da. Globalizazioa ekoizpen-kostuak murrizteko beharraren ondorioz sortu zen, ekoizleari ingurune global batean lehiakorra izateko gaitasuna emateko.

Canori jarraituz (2007:2), Mesinok aipatua (2009,127), gaur egungo globalizazioa fenomeno konplexua dela dio, ekonomiatik haratago doana eta nazioen bizitzako funtsezko alderdiak zuzenean ukitzen dituena, hala nola kultura, hezkuntza, politika eta, oro har, mundu garaikidearen ikuspegiak. Horrek esan nahi du globalizazioaren fenomenoak era guztietako interakzioak areagotu dituela, ezagutza berrietarako espazioak sortuz eta kultura eta balioak homogeneizatzeko joera sortuz.

Talde bakezale eta ekologista ugarik protesta egiten dute joera horren aurka eta beste politika protekzionistago batzuen alde[erreferentzia behar]. Beste talde batzuk ere, hala nola sindikatuetan bildutakoak, globalizazioaren aurka daude, multinazionalek herrialde garatuetatik Hirugarren Munduko herrialdeetara eramaten baitituzte lanpostuak, soldata askoz baxuagoekin.

Merkataritza motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Merkataritza txikizkaria Kasanen, Botswana.

Merkataritza baliabide-iturri bat da, bai enpresaburuarentzat, bai osatzen duen herrialdearentzat: zenbat eta enpresa gehiagok produktu bera saldu edo zerbitzu bera eskaini, zerbitzuak merkeagoak izango dira.

  • Merkataritza handizkaria («handizkako merkataritza» ere esaten zaio) salgaiak salerosteko jarduera da, eta eroslea, normalean, ez da salgaiaren azken kontsumitzailea izaten: ideia da beste merkatari bati edo manufaktura-enpresa bati saltzeko xedez erostea, zeinak lehengaitzat erabiliko duen beste salgai edo produktu bihurtzeko.
  • Merkataritza txikizkaria («txikizkako merkataritza», «xehekako merkataritza» edo, besterik gabe, «merkataritza xehea» ere esaten zaio) salgaiak salerosteko jarduera da, eta eroslea da salgaiaren azken kontsumitzailea; hau da, merkantzia erabiltzen edo kontsumitzen duena.

eta bi merkataritza mota horiek honako hauek hartzen dituzte barne:

  • Barne-merkataritza herrialde berean jurisdikzio berari lotuta dauden pertsonen artean egiten dena da.
  • Kanpo-merkataritza herrialde bateko pertsonen eta beste batean bizi direnen artean egiten dena da.
  • Lurreko merkataritzak, itsasoko merkataritzak, aireko merkataritzak eta ibaietako merkataritzak salgaiak garraiatzeko moduari egiten diote erreferentzia, eta, bakoitzari, merkataritza-zuzenbidearen adarra dagokio, izen bera daramana.
  • Norbere konturako merkataritza norberaren kontura egiten dena da, bere buruarentzat.
  • Komisio bidezko merkataritza beste baten kontura egiten dena da.
  • Merkataritza elektroniko terminoak, ondasun, informazio edo zerbitzuen edozein transakzio edo truke elektronikori egiten dio erreferentzia; horrek erraztu egiten ditu merkataritza-eragiketak, eta gobernu-politika espezifikoak sortzen ditu ekonomien posizio lehiakorra hobetzeko; haien trukea oinarritzen da komunikazio-sareei buruzko datuak transmititzean (adibidez, Interneti buruzkoak)[9].

Munduko Merkataritza antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
MMEren kideak.

Munduko Merkataritza Erakundea (MME) Genevan (Suitza) egoitza duen nazioarteko erakundea da, eta kideen arteko merkataritza itunak zaintzen ditu. 1995ean sortu zen, Tasa eta Merkataritza Akordio Orokorrak (Mundu Gerra osteko merkataritza-itunak) administratzeko idazkaritza gisa, interes asko laga zituenak trukeak lortzeko eta lehia desleiala edo monopolioak irekitzeko.

Nazioarteko merkataritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kanpo merkataritza»

Nazioarteko merkataritzak ondasunak eta zerbitzuak erostea, saltzea edo trukatzea dakar, dibisa eta ordainketa modu ezberdinetan. Herrialde edo eremu geografiko desberdinen arteko trukeak, izan ere, areagotuz joan dira merkataritza-liberalizazioari esker eta muga-zergak eta muga-zergak ez diren ezabapenari esker.

Dohako txandak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko Merkataritza Erakundearen negoziazioen Dohako txanden helburua zen mundu osoko merkataritzari oztopoak murriztea, garapen bidean dauden herrialdeentzat merkataritza bidezkoagoa egitea ardatz hartuta. G20k ordezkatzen dituen herrialde garatu aberatsen eta garapen bidean dauden herrialde nagusien arteko zatiketa batek oztopatu ditu elkarrizketak. Nekazaritzako subsidioak dira akordioa negoziatzea zailena izan den gairik garrantzitsuena. Aldiz, merkataritza errazteko eta gaitasunak sortzeko, akordio handi batera iritsi dira. Dohako erronda Dohan hasi zen, Qatarren, eta negoziazioek jarraitu zuten: Cancunen, Mexikon; Genevan (Suitza); Parisen (Frantzia), eta Hong Kongen.

1978tik aurrera, Txinako Herri Errepublikako gobernuak (RPC) ekonomia berritzeko esperimentu bat jarri zuen martxan. Aurreko ekonomia zentralki planifikatuta ez bezala, neurri berriek pixkanaka baretu zituzten nekazaritzaren, nekazaritza-banaketaren eta, zenbait urte geroago, hiri-enpresen eta eskulanaren gaineko murrizketak. Merkatura gehiago bideratutako ikuspegiak eraginkortasun ezak murriztu, eta inbertsio pribatua suspertu zuen, batez ere nekazarien aldetik; horri esker, produktibitatea eta ekoizpena handitu egin ziren. Ezaugarrietako bat izan zen hego-ekialdeko kostaldean zehar kokatutako lau (geroago bost) Eremu Ekonomiko Berezi sortzea[10].

Aldakuntzek izugarrizko arrakasta izan zuten ekoizpena, barietatea, kalitatea, prezioa eta eskaria handitzeari dagokionez. Zehaztapen errealetan, 1978tik 1986ra, ekonomiak tamaina bikoiztu zuen; 1994an, berriro bikoiztu zen, eta, 2003an, berriro. Per capita zehaztapen errealetan, bikoizketa, 1978. urtea oinarri hartuta, 1987an, 1996an eta 2006an gertatu zen. 2008an, ekonomia 16,7 aldiz handiagoa zen 1978an baino eta 12,1 aldiz handiagoa aurreko per capita maila baino. Nazioarteko merkataritzak are azkarrago egin zuen gora, eta, lau urte eta erdian behin, bikoiztu egin zen, batez beste. 1998ko urtarrileko aldebiko merkataritza osoak 1978ko guztizkoa gainditu zuen; 2009ko lehen hiruhilekoan, merkataritzak 1998. urte osoko maila gainditu zuen. 2008an, Txinako bi noranzkoko merkataritza 2,56 bilioi dolarrera igo zen[11].

1991n, Txinak bat egin zuen Asia-Pazifikoko Lankidetza Ekonomikorako taldearekin, merkataritza sustatzeko foroa[12].​ 2001ean, Munduko Merkataritza Erakundera ere batu zen[13].

Alderdi etikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza ekintza guztietan bezala, alderdi etikoek ere badute zerikusia merkataritzarekin. Adibidez, bidezko merkataritza (fair trade) deiturikoa ezaugarritzen dute gizartearekin eta ekologiarekin bateragarria den merkataritza-eredu gisa. Eredu horretan, merkataritza-maila guztiak, ekoizleetatik hasi eta kontsumitzaileetaraino, kontzienteki hartzen dira ikuspuntu etikotik, eta, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeetako nekazaritza-ekoizleek bidezko ordainsaria jaso behar dute. Hala ere, terminoen aukeraketa horrek merkataritza «normala» ez justutzat edo ez hain bidezkotzat jotzeko arriskua dakar, eta merkataritzaren aurkako «aurreiritzien tradizioa» betikotzeko arriskua ere ekar dezake[erreferentzia behar].

Zalantzarik gabe, merkataritza-kudeaketa modernoak estrategikoki ziurtatutako marketin-neurri adimendunak erabiltzen ditu, merkatuko parte-hartzaileak erosketa- edo salmenta-erabaki jakin batzuk hartzera bultzatzeko. Autozerbitzu apalategietako hutsuneak; prezio apaleko artikuluak jartzea; erosketa orga gaindimentsionatuak; hondo musika iradokitzailea, eta beste mila praktika topatzen dira egunero. Hala ere, salmentarako «trikimailu» horiek ezin dira etikoki zalantzan jarri, ezta manipulazio ezgaitzailetzat ere, batez ere erabakiak (erosketakoak) ezustean hartzeko oinarritzen ez diren bitartean, baizik eta eroslearen konbentzimenduan eta borondate askean[erreferentzia behar].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Dollar D. , Kraay A. (2004). «Trade, Growth, and Poverty». The Economic Journal 114 (493): F22-F49. S2CID 62781399. Archivado desde el original el 7 de marzo de 2004. Consultado el 26 de octubre de 2017
  2. Kaleko salmenta eta beste txikizkako merkataritza mota batzukalderatzen ditu:Hoffman K. Douglas (2005). Principios de marketing y mejores prácticas (3). Thomson/South-Western. p. 407. ISBN 978-0-324-22519-8. Consultado el 3 de mayo de 2018. «Dendaz kanpoko bost salmenta mota aztertuko dira: kaleko salmenta, zuzeneko salmenta, posta-eskaera, makinen operadoreak eta erosketa elektronikoa.»
  3. «Distribution Services». Foreign Agricultural Service. 9 de febrero de 2000. Archivado desde el original el 15 de mayo de 2006. Consultado el 4 de abril de 2006.
  4. (Ingelesez) Federico, Giovanni; Tena-Junguito, Antonio. (2019-03). «WORLD TRADE, 1800-1938: A NEW SYNTHESIS» Revista de Historia Economica - Journal of Iberian and Latin American Economic History 37 (1): 9–41.  doi:10.1017/S0212610918000216. ISSN 0212-6109. (Noiz kontsultatua: 2024-07-25).
  5. Federico, Giovanni; Tena-Junguito, Antonio (28 de julio de 2018). «La base de datos histórica del comercio mundial». VoxEU.org. Consultado el 7 de octubre de 2019
  6. Bown, C. P.; Crowley, M. A. (1 de enero de 2016), «Capítulo 1 - El panorama empírico de la política comercial», en Bagwell, Kyle, ed., Handbook of Commercial Policy (North-Holland) 1: 3-108, ISBN 9780444632807, S2CID 204484666, consultado el 7 de octubre de 2019
  7. 1311n, Klemente V. Aita Santuak lukurreria erabat debekatu zuen, eta bere aldeko lege sekular guztiak deuseztatu zituen.
  8. Los Templarios: Su influencia económica y financiera – Dr. D. Omar Ricardo Gómez Castañeda-
  9. MARQUINA, SANCHEZ, María de Lourdes, Gobernanza Global del Comercio en Internet, Ed. INAP, 1.ª Edición, México, pág 149.
  10. (Ingelesez) «Documents & Reports - All Documents | The World Bank» World Bank (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  11. Division, US Census Bureau Foreign Trade. «Comercio Exterior: Data». Census.gov. Consultado el 7 de mayo de 2017
  12. (Ingelesez) «Member Economies» APEC (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  13. «WTO | China - Member information» www.wto.org (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]