Qatar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Qatarko Estatua
دولة قطر
(
Dawlat Qatar)
Bandera Armarria
Ereserkia: As Salam al Amiri
Hiriburua
eta hiri handiena
Doha
Hizkuntza ofiziala(k) arabiera
Herritarra qatartar
Gobernua Monarkia
 -  Emirra Tamim bin Hamad Al Thani
 -  Lehen ministroa Abdullah bin Nasser bin Khalifa Al Thani
Independentzia1
 -  Erresuma Baturen protektoratutik 1971ko irailak 3 
Azalera
 -  Guztira 11,581 km2 (158.)
 -  Ura (%) %0,8
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2017 [1]) 2.641.669 (140.)
 -  Dentsitatea 176 bizt./km2 (76.)
Dirua Qatarko Rial (QAR)
Ordu-eremua (UTC+3)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 974
Internet domeinua qa
1XIX. mendearen erdialdetik Al Thani familia dago agintean

Qatar[2] (arabieraz: قطر‎, Qatar), izen ofiziala Qatarko Estatua[2] (arabieraz: دولة قطر‎, Dawlat Qatar), Ekialde Hurbileko emirerri eta estatu burujabea da, Qatarko penintsula osoa hartzen duena Arabiar penintsularen ipar-ekialdean eta Persiar golkoaren ertzean. Saudi Arabia du mugakide bakarra, hegoaldean. Itsasarte batek banatzen du Bahrain estatutik. 11.581 kilometro koadro ditu luze-zabalean, eta 2,6 milioi biztanle zituen 2017an.[1] Hiriburua Doha da.

[Monarkia absolutu]]a da, Al Thani familiak gobernatua XIX. mende erdialdetik, eta harrezkero britainiar protektoratu pobre izatetik, perla arrantzan nabarmendua, estatu burujabe eta aberats izatera igaro da. Izan ere, aberatsa da petrolio eta gas naturalean, munduko hirugarren gas erreserba handienak baititu.[3]

Bahrainen, Otomandar Inperioaren eta Erresuma Batuaren mende egon ondoan, estatu burujabe bihurtu zen 1971ko irailaren 3an. Hurbileko emirerri gehienak ez bezala, ez zen Arabiar Emirerri Batuen edo Saudi Arabiaren kide bihurtu. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran, Qatarko ekonomia ezindua zegoen, petrolio irabaziak xurgatzen baitzituen Khalifa bin Hamad Al Thani emirrak, 1972tik agintean zegoena. 1995ean, haren semeak, Hamad bin Khalifa Al Thanik, kargutik kendu zuen estatu-kolpe odol-isurigabean. 2001ean, Qatarrek aspaldiko muga arazoak konpondu zituen Bahrain eta Saudi Arabiarekin.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qatar izena "Qatara" hitzetik eratorria da, oraingo Zubara gotorlekuari erreferentzia egiten ei diona, antzinako merkatari portua. "Qatara" Ptolomeoren Arabiar penintsularen mapan agertu zen lehen aldiz. Arabiera estandarrean, [ˈqɑtˁɑr] ahoskatzen da izena, nahiz eta bertako dialektoan [ɡitˁar] esan[4]. Euskaraz Qatar idatzi behar da Euskaltzaindiaren arabera[5], nahiz eta Katar ahoskatu ohi den, nazioartean horrela idatzi ohi baita latindar alfabetoa erabiltzean.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qatarko penintsula 180 kilometro luze da, eta tokirik zabalenean 56 kilometro ditu. Arabiako penintsularen ipar-ekialdean dago, ipar latitudeko 24° eta 27° artean, eta ekialdeko longitudeko 50° eta 52° artean. 350 kilometroko itsasertzak inguratzen du penintsula; hego-mendebaldean 87 kilometroko muga du Saudi Arabiarekin.[3]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko itsasertzean muinoak daude (40 metro garai), eta labar txikiak ekialdeko itsasertzaren iparreko muturrean, baina Qatarko lurraldearen gehiena basamortu laua da, harritsua eta hareatsua. Uharte txiki eta koralezko zerrenda asko daude Qatarren. Ez dago ibairik, eta lurpeko ura ez da edateko ona, mineral asko baitu. Hego-ekialdean Khawr al Udayd (“barneko itsasoa”) ikusgarria dago, hondarrezko dunez inguratutako Persiar golkoaren sartunea.

Mendebaldean Jebel Dukhan mendilerroa dago, Zikritetik Umm Baben barrena hegoaldeko mugara doazen kareharrizko mendiak; bertan dago herrialdeko gailurrik gorena: Qurayn Abu al Bawl (103 metro)[3]. Jebel Dukhan eskualdean daude Qatarko lehorreko petrolio zelai nagusiak. Gas natural hobiak, aldiz, itsasoan daude, ipar-mendebaldean.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uda oso beroa (40 °C) eta hezea (%85) da Qatarren, eta negua, laburra, epela (10-20 °C) eta hezetasun txikiagokoa; neguko gauak hotzak izaten dira. Oso euri gutxi egiten du, 50-70 mm urtean. Qatarko lur sailen %1 baino ezin da landu; abere larreak ere oso gutxi dira. Landareak iparraldean daude bakarrik, itsas urari gatza kenduta ureztatzen diren lur sailetan; basamortuan, udaberriko euriak 150 landare mota lorarazten ditu.


Datu klimatikoak (Qatar)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 22 23 27 33 39 42 42 42 39 35 30 25 33.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 14 15 17 21 27 29 31 31 29 25 21 16 23
Pilatutako prezipitazioa (mm) 12.7 17.8 15.2 7.6 2.5 0 0 0 0 0 2.5 12.7 71
Iturria: http://us.worldweatheronline.com/doha-weather-averages/ad-dawhah/qa.aspx

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abbastar Kalifa-herriaren hedadura handiena, 850 aldean.

Klima lehor eta beroa izan arren, aspalditik bizi izan da gizakia Qatarren. Herodotoren arabera, kanaandarrak ziren bertako biztanleak K. a. V. mendean.[6] Islama VII. mendean iritsi zen, eta omeiatar eta abbastar kalifa-herrien parte izan zen ondoko mendeetan.

XVI. mendean, portugaldarrek Ormuzko itsasartea hartu zuten, eta Maskat eta Bahrain geroago. 1517an, Qatar berenganatu, eta Persiar golkoko itsas-merkataritza kontrolatu zuten. 1538an portugaldarrak egotzirik, ondoko lau mendeetan otomandarren esku egon zen penintsula. Otomandarrek ez zieten turkiera inposatu biztanleei, eta hizkuntza horren erabilpena administraziora mugatu zen. XVII. mendean zehar, tribuen arteko gatazka bortitzak ugaritu ziren, lurraldeak kontrolatzeko asmoarekin. XIX. mendean britainiarrek esku hartzea erabaki zuten arte iraun zuten tribuen arteko borrokek.[7]

Persiar golkoko perla arrantzaleak XX. mende hasieran.

Britainiarrentzat, Qatar eta Persiar golkoa kokaleku estrategikoak ziren Indiarako erdibidean. Baina, ehun urte geroago, petrolioa eta hidrokarburoak aurkitzean haien ikuspuntua aldatu zen. XIX. mendean zehar, britainiar enpresen garapen garaian, Al Khalifa familiak gobernatzen zuen Qatarren eta Bahrainen. Nahiz eta Qatar bahraindarren jabego legala izan, Doha eta Al Wakrah inguruko arrantzaleen herrixketan matxinatzen hasi ziren bahraindarren menderakuntzaren aurka. 1867an, khalifatarrek eraso egin eta qatartar matxinoak azpiratu zituzten. Baina, ekintza horrek 1820ko bahraindar-britainiar itun bat urratzen zuenez, protektoratuaren zaintza zuen Lewis Pelly koronela qatartarrekin batzartu zen 1868an; batzarrean Qatarren banaketa adostu zuten. Batzar horretan Dohako enpresaburu errespetatu batek parte hartu zuen: Muhammed Ben Thanik. Harrezkero, Al Thani familia da Qatarko errege-familia, oraindik agintean dagoena.

Dohako hiri zaharra 1904an.

1916an, Qatarrek itun bat izenpetu zuen Britainia Handiarekin, eraso guztietatik babesteko; halaber, britainiarrek hartu zuten Qatarren kanpo harremanak zuzentzeko ardura. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Britainiar Inperioa ahulduz joan zen, batez ere 1947an Indiak independentzia lortu ostean. 1961ean, Erresuma Batuak Kuwaiten independentzia onartu zuten. Zazpi urte geroago, ofizialki iragarri zuen gudarostea Persiako golkotik joanen zela. Orduan, Qatar, Bahrain eta beste emirerri batzuek bildu eta Arabiar Emirerri Batuak osatzea erabaki zuten. Geroago Qatarrek elkartetik kanpo geratzea erabaki zuen.

1970ean, behin-behineko konstituzioa onartu zuen, eta 1971n independentzia lortu zuen. Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligaren kide egin zen, eta lankidetza hitzarmenak izenpetu zituen Britainia Handiarekin. Ahmad bin Ali Al Thani emirrak haren lehengusu Khalifa bin Hamad Al Thani hartu zuen lehen ministro kargurako. 1972ko otsailean, lehen ministroak estatu kolpea jo zuen eta emirraren kargua eta ahalmen guztiak eskuratu zituen. Petrolioaren irabaziak erabiliz industrializazioa bultzatu zuen, eta atzerritarren eskuetan zeuden petrolio enpresak eskuratu zituen pixkanaka.

Dhow ontzi tradizionalak Doharen aurrean.

1981. urteaz geroztik, Golkoko Kooperazio Kontseiluko kidea da Qatar, Bahrain, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabiarekin batera. Erakunde horrek lurralde horretako hainbat alderdi koordinatzen ditu, hala nola politika, ekonomia, gizartea, kultura eta gudarostea. 1986an, Qatar eta Bahrainen artean liskarrak sortu ziren Fasht ad-Dibal uharte artifiziala zela-eta. Baina Kooperazio Kontseiluak bake hitzarmen bat izenpetzera bultzatu zituen bi herrialdeak.

1991n, Irakek Kuwait hartu zuenean, Golkoko Kooperazio Kontseiluak Jordaniari eta Palestinaren Askapenerako Erakundeari laguntza kentzea erabaki zuen. Urte horretan bertan, Egipto eta Siriako Kanpo ministroak eta Kooperazio Kontseiluko kideek hitzarmen bat izenpetu zuten Estatu Batuekin eskualde hartako segurtasuna zaintzeko. Golkoko Gerran Kuwait eta Saudi Arabiako petrolio putzuetan izan ziren suteek ke laino izugarriak eragin zituzten Qatarko zeruan. Kutsadurak euri azidoa ekarri zuen, gainera. Urte berean, 53 lagunek, gobernuko funtzionarioak batzuk, hauteskunde libreak egiteko eskatu zioten Qatarko emirrari. Eskakizun horren ondorioz, zenbait lagun atxilotu zituzten, nahiz eta hilabete gutxira aske utzi.

1995ean, Hamad bin Khalifa Al Thani printze oinordekoak aita aginpidetik kendu eta bere burua izendatu zuen Qatarko emir. Emir berriak agindu zuen saiatuko zela Saudi Arabia eta Bahrainekin zituen liskarrak konpontzen. 1996an, azkenik, Qatar eta Saudi Arabiak beren lurralde arazoak konpondu zituzten eta, 1997an, Qatarek hitzarmen bat izenpetu zuen Bahrainekin. 1996an sortu zuen Qatarko dinastiak Al Jazeera satelite bidezko arabierazko telebista katea, herrialde arabiarretan geroztik zabalkunde handia izan duena.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qatar independentea da 1971z geroztik, britainiarren babesgoa bukatu zenetik, hain zuzen. 1970. urteko behin-behineko konstituzioaren arabera, emirra da estatuburua eta ministro batzordearen ardura duena; aholku-batzorde bat ere bada, emirrak bere senideen artean hautatzen dituen 30 kidez osatua. Qatarko legediak Islama du oinarri. Alderdi politikoak debekatuta daude. Hezkuntza doan eta nahitaezkoa da.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Qatarren banaketa administratiboa»

Qatar 8 udalerritan dago banatua:

Qatar, administrative divisions - Nmbrs - colored 2015.svg
Zb. Udalerria
(Baladiyah)
بلدية Biztanleria (2015)[8] Eremua (km²)
1 Al Shamal الشمال 8.794 859,8
2 Al Khor الخور 202.031 1613,3
3 Al-Shahaniya الشحانية 187.571 3309,0
4 Umm Salal أم صلال 90.835 318,4
5 Al Daayen الضعاين 54.339 290,2
6 Ad-Dawhah (Doha) الدوحة 956.457 202,7
7 Al Rayyan الريان 605.712 2450
8 Al Wakrah الوكرة 299.037 2577,7
  Qatarko Estatua دولة قطر‎ 2.404.776 11.621,1

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doharen ikuspegia.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017 hasieran Qatarrek 2,6 milioi biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %12,6 dira, 15-24 urte bitartekoak %12,3, 25-54 urte bitartekoak %70,6, 55-64 urte bitartekoak %3,4 eta 65 urtetik gorakoak %1. Bizi itxaropena 78,9 urtekoa da; 76,8 urtekoa gizonezkoena eta 81 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[3] Azken urteotan ehunka mila lagun joan dira Asiako herrialde batzuetatik —India, Pakistan eta Filipinetatik gehienbat— Qatarrera lanera; horietako asko gizakiekin trafikatzen duten mafien mendean daude, eta haiek dira herrialde izugarri aberats horren eraikitze lanetan dihardutenak.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio hobiak 1949an ustiatzen hasi aurretik, beduino nomaden talde gutxi batzuk baizik ez ziren bizi Qatarren. Gaur egun biztanleriaren %11,6 besterik ez dira jatorriz qatartarrak.[3] %60 Hegoaldeko Asiako etorkinak dira, India (%25), Nepal (%13,5), Bangladesh (%10,8), Sri Lanka (%5,6) eta Pakistangoak (%4,8); Filipinetakoak %10 dira, Egiptokoak %8,6, Siriakoak %2,2 eta Sudangoak %2,1.[9]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiera da Qatarko hizkuntza ofiziala, eta ingelesa bigarren hizkuntza gisa erabiltzen da.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islama da Qatarko erlijio ofiziala, eta qatartar gehienak musulman suniak dira, wahhabi sektakoak , eta %5–15 bitartean xiiak. Hala ere, Qatar ez da Saudi Arabia bezain zorrotza doktrinaren betebeharrei dagokionez.Herrialdeko biztanle guztiak kontuan harturik, berriz, musulmanak %67,7 dira, kristauak %13,8, hinduistak %13,8, eta budistak %3,1.[3]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qatarko Banku Zentralaren egoitza, Doha.

Qatarko ekonomiaren egoera Persiar golkoko gainerako herrien oso antzekoa da, eta petrolioaren eta gas naturalaren ustiapena du oinarri. Qatarren gaur egungo erronka nagusia petrolioak dakarren aberastasuna inbertitzean datza, petrolioaren ustiapenaren mendean ez geratzeko eta haren ordezko industria sortu ahal izateko. Izan ere, 1980ko petrolioaren krisiaren ondorioz, Qatar berehala jabetu zen arrisku handikoa zela petrolioaren horrenbesteko mendekotasuna. Hala, 1989. urtetik aurrera industria indartzen saiatu zen (petrolio findegiak, petrokimika, gas naturala, siderurgia). Petrolioaren industria atzerriko konpainien eskuetan egon zen harik eta 1970. urtean estatua haien jabe egin zen arte. Petrolio hobi gehienak Dukhanen, eta itsasoan, Halul uharte inguruan, daude. Musaiden daude esportaziorako portua eta Qatarko industria nagusiak: findegia eta petroliotik eratorritako gaiak, porlangintza, altzairugintza, eta gas naturala urtzeko lantegia.

Abere hazkuntzak eta arrantzak (perlak) garrantzi gutxi dute. Nekazaritzan aurreramendu handia egin da, eta itsas urari gatza kenduta ureztatzen diren lur sailetan barazkiak eta fruitu arbolak landatzen dira. Herrialdeak ekoizten duen petrolioaren %90, gas natural likidotua, eta altzairu eta barazki gutxi esportatzen ditu, eta makinak, garraio hornidura, gai landuak, janaria, abereak, eta kimika gaiak inportatzen ditu. Txina, Japonia, Hego Korea, India eta Estatu Batuekin ditu Merkataritza harreman gehien. Esportazioak inportazioak halako bi dira.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qatarko biztanleek oraindik bizirik dirauten beduinoen ohitura asko betetzen dituzte. Gizonek abah delakoa jazten dute; emakumeak gutxitan agertzen dira jendaurrean, betiere musu errezel beltza jantzia eta aurpegia estalia dutela. Hala ere, Qatarko puritanismo estuan atzerritar langileek badute eraginik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c   Population structure Ministry of Development Planning and Statistics, mdps.gov.qa .
  2. a b   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  3. a b c d e f   «Middle East: Qatar» CIA World Factbook (Central Intelligence Agency) . Noiz kontsultatua: 2009-08-12 .
  4. Johnstone, T.M. "Ķaṭar." Encyclopaedia of Islam. Argitaratzailea: P. Bearman , Th. Bianquis , C.E. Bosworth , E. van Donzel and W.P. Heinrichs. Brill, 2008. Brill Online. 2009-04-04 [1]
  5. Euskaltzaindiaren 38. araua
  6.   Qatar lonelyplanet.com . Noiz kontsultatua: 2009-08-22 .
  7. (Frantsesez)  Qatar tlfq.ulaval.ca . Noiz kontsultatua: 2006-11-5 .
  8.   2015 Population census Ministry of Development Planning and Statistics, mdps.gov.qa . Noiz kontsultatua: 2018-8-22 .
  9.   Snoj, Jure Population of Qatar by nationality - 2017 report Priya DSouza Communications, priyadsouza.com . Noiz kontsultatua: 2009-08-12 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Qatar Aldatu lotura Wikidatan
Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia.PNG

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia.png

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east.svg

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia.PNG

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia.png

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan