Éamon de Valera
Éamon de Valera (jaiotzez Edward George de Valera edo Edward George de Valero) (1882ko urriaren 14 – 1975eko abuztuaren 29) XX. mendean Irlandako politikari nagusietakoa izan zen, 1917tik 1973 arte hainbat kargu politikotan —presidentea edo lehen ministroa— aritu baitzen.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]New Yorken jaio zen. Ama jatorriz irlandarra zuen eta Juan Vivion de Valera izeneko artista espainiar baten semea zela uste zen. Hala ere, de Valeraren biografia idatzi dutenek ez dute bere aitaren identitatea frogatzeko dokumenturik aurkitu ahal izan.
Bataioan George de Valero izena jarri zioten baina geroago izena ingelesez jarri zioten (Edward) eta berak gaelikora itzuli zuen (Éamon). 1885ean bere aita hil zenean, amarekin Irlandara abiatu zen eta bere osaba eta honen familiarekin bizi izan zen. Ikasketak bukatu ondoren matematikako irakasle izan zen Dublineko zenbait ikastetxetan.
Politika jarduerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]De Valeraren lehen jarduera politikoak gaelikoaren defentsarenak izan ziren. Jarduera horretan ezagutu zuen bere emaztea, Sinéad Flanagan eta 1910ean ezkondu ziren.
Gaelikoaren defentsaren elkarte horietatik jarduera politikoetarako jauzia egin zuen. Irish Volunteers taldean sartu zen, Iparraldeko unionista protestanteen aurka aritzen zen taldean. 1914an Irish Republican Brotherhood talde errepublikar abertzalean sartu zen.
Erresuma Batutik independentzia lortzeko borrokan nabarmendu zen De Valera. Independentziaren osteko gerra zibilean Erresuma Batuarekiko hitzarmenaren (Itun anglo-irlandarraren) aurka lerratu zen baina ez zuen gerran parte hartze esanguratsurik izan. Ondoren, legez kanpo egoteak inongo onura politikorik ez zuela ikusita Fianna Fáil sortu eta hauteskundeetara aurkeztu zen, bertan garaipena lortuz.
Irlandako hirugarren presidentea (1959-1973) izan zen, Batzar Betearazlearen bigarren presidentea (1932-1937) eta, hau ordezkatu zuen Taoiseach edo lehen ministro karguan estreinekoa izan zen De Valera (1937-1948, 1951-1954 eta 1957-1959). Horretaz gain, Irlandako Nazio Unibertsitateko burua ere bazen 1959tik 1973 arte.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1953an Irlandako Errepublikako estatuburua zela Euskal Herria bisitatu zuen, hain zuzen ere, irailaren 9an Zarautzen egon zen.[1]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eamon de Valera, Zarautzen. 1953ko irailaren 9an Zarauzko Alde Zaharrean ateratako argazkia. Zarauzko Udala
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Éamon de Valera |
- 1882ko jaiotzak
- 1975eko heriotzak
- Taoiseachak
- Teachtaí Dála
- Irlandako Estatu Libreko Kontseilu Exekutiboko lehendakariak
- Irlandako presidenteak
- Fianna Fáil alderdiko politikariak
- Antzinako Sinn Féin alderdiko politikariak
- Irlandar Anaitasun Errepublikarreko kideak
- Pazko matxinadako parte-hartzaileak
- Irlandar Independentzia Gerrako biografiak
- Dublindarrak
- Newyorkarrak
- Heriotza zigorrera kondenatutako irlandar presoak
- New York estatuko politikariak
- Erresuma Batuko parlamentariak 1910-1918
- Erresuma Batuko parlamentariak 1918-1922