Errumaniako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Coat of arms of Romania.svg

Errumaniako historia duela 42.000 urte hasi zen, aztarnen arabera Homo Sapiens orduan sartu baitzen, Europako lurraldeetara iritsi zen lehena.

Antzin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo Errumaniari buruzko idatzitako arrastorik zaharrena Herodotok idatzia da, K. a. 513an. Haren liburu batean, Dario persiar enperadoreak geta izeneko tribua garaitu zuen. Nolanahi ere, daziarrak ziren Antzinatean eremu horretan bizi ziren herri garrantzitsuena. Daziar erresuma erpinera K. a. 82 inguruan iritsi zen, Burebista erregearen agintaldian. Erromatarren jomugan jarri zen erresuma hori K. o. 87an, Mesia probintzia erromatarra erasotutakoan. Azkenean, 101-106 bitartean, bi kanpainiatan, Traianok garaitu zituen daziarrak, haren lurraldea Daziako probintzia bihurtuta.

Urrea eta zilarra ugari izanik, erromatarrek sakonki kolonizatu zuten Dazia. Haiekin batera latin arrunta eraman zuten, erromanizazio prozesu sakonari hasiera emanez (honela proto-errumaniera sortu zen). Alabaina, III. mendetik aurrera, hainbat herriren inbasioarekin, godoena esaterako, Erromatar Inperioak Dazia abandonatu behar izan zuen 271 inguruan, utzi zuen lehendabiziko probintzia hain zuzen ere.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bran gaztelua

Erromak alde egindakoan, godoek hartu zuten Dazia. Hor, jatorrizkoekin bizi ziren IV. mendera arte, hunoak iritsi arte hain zuzen ere. Ondoren, gepidarrak, avararrak eta eslaviarrak etorri ziren. Bulgariarrek inbadituta, haien menpean XI. mendera arte egon zen. Beste herri batzuk igaro ziren, baina errumaniar lehendabiziko printzerrian XIV. mendean sortu ziren: Valakia 1310 inguruan eta Moldavia 1352 inguruan.

Izan ere, Erdi Aroan, errumaniarrak hiru printzerritan bizi ziren: Valakia (errumanieraz Ţara Românească -errumaniar lurraldea-), Moldavia (errumanieraz Moldova) eta Transilvania. Transilvania Hungariako erresumako zati bat X.-XI. mendetik XVI.era arte. Independiente 1711ra arte iraun zuen.

Valakia independienteak XIV. mendetik aurrera Otomandar Inperioaren mugarekin bat egin zuen. Emeki emeki, XV. mendean, otomandarrek bereganatu zuten. Garaiko agintari famatua Vlad III.a izan zen, Drakularen kondaira sortuko zuena, Valakiako printzea 1448an, 1456-1462 eta 1476an.

Moldaviako printzerriak haren garairik loriatsuena Eztebe III.aren agintaldian (1457-1504) ezagutu zuen. Buru militar arrakastatsua, garaipen bakoitzaren ostean eliza edo monasterio bat eraikitzen zuen. Otomandarrak geldiarazi ahal izan bazituen ere, bere heriotzaren ondoren, XVI. mendean zehar Inperioak Moldavia ere bereganatu zuen.

Mikel Ausarta (errumanieraz Mihai Viteazul) Valakiako (1593-1601), Transilvaniako (1599-1600) eta Moldaviako (1600) printzea izan zen. Laburki bazen ere, haren agintaldian errumaniar gehienek bizi zituzten hiru printzerriak batu egin ziren historian lehen aldiz.

Independentzia eta monarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniaren lurralde eremuaren aldaketak, 1859tik gaur egun arte.

Transilvanian Austro-Hungariar aginteak eta Valakian eta Moldavian otomandar subiranotasunak zirautenen bitartean, errumaniar gehienak bigarren mailako herritarrak ziren, populazioaren gehiengoa izanda ere.

Porrot egin arren, 1848ko iraultzek eragina izan zuten Errumanian ere. Europako botereek ez zuten errumaniarren estatu batua babestu. Nolanahi ere, 1859an, hautatzaileek bai Moldavian bai Valakian pertsona bera, Alexandru Ioan Cuza, aukeratu zuten printze (domnitor errumanieraz). Honela, Errumania sortu zen batasun pertsonal bezala, nahiz eta Transilvania bere baitan ez hartu. Hor, errumaniar nazionalismoa areagotu zen Hungariaren aurrean, aristokrazia eta goiko klasea hungariarrak baitziren.

Cuza kanporatuta geratu zen 1866an, estatu-kolpe bat zela eta. Karl Hohenzollern-Sigmaringen Carol printze bihurtu zen bere ordez. Errusiar-Turkiar gerran, Errumania errusiarren alde borrokatu zen, eta, 1878an, Berlingo Itunarekin, Errumania estatu independientetzat jo zuten Europako botere nagusiek. Trukean, Errumaniak Besarabiako hegoaldeko eskualdeak Errusiari eman behar izan zizkion, Dobruja bereganatu arren. 1881ean, printzerria erresuma bihurtu zen. Balkanetako Bigarren Gerran, Errumaniak Grezia, Serbia, Montenegro eta Turkiarekin bat egin zuen, Bulgariaren aurka. Bukarestko Itunarekin (1913), Hegoaldeko Dobrudja jaso zuen Errumaniak.

Munduko Gerrak eta Errumania Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumania 1941ean

Lehen Mundu Gerra piztean, 1914an, neutraltzat jo zuen bere burua Errumaniak. Bi urte geroago, aliatuekin egin zuen bat Frantziak fronte berri bat ireki nahi baitzuen. Austria-Hungariari gerra deklaratu zion batasun nazionala bermatuko zen aginduarekin. Hala ere, Erdialdeko Botereek Errumaniako bi heren konkistatu zituzten lau hilabetetan.

Gerra amaitutakoan, Besarabiak, Bukovinak eta Transilvaniak Errumaniako Erresumarekin bat egin ahal izan zuten. Trianongo Itunaren bidez (1920), Hungariak Transilvaniarenganako aldarrikapen orori muzin egin zion. Errumania Handia (România Mare errumanieraz) gerren arteko garaiko estatuari esaten zaio. Errumaniak historiako hedapen handiena lortu zuen.

Bigarren Mundu Gerran, Errumania neutral izaten saiatu zen. Moskuren eta Berlinen presiopean, errumaniar administrazioak eta armadak Besarabia eta Ipar Bukovina utzi behar izan zituzten gerra saihesteko. Beste eskualde batzuk galdu ostean, Carol II.ak abdikatu zuen 1940an. Boterea Ion Antonescuren legionarioek hartu zuten. Ardatzaren alde eginda, Alemaniarentzat petrolio hornitzaile nagusiena izan zen Errumania.

Hala ere, 1944ko abuztuan, Antonescu atxilotu zuten, eta Aliatuen alde jo zuen, nahiz eta Hirugarren Reicha garaitzeko ahalegina ez zuten aintzakotzat hartu Parisko Bake Konferentzian 1947an. Errumanian, Armada Gorria de factoko boterea izanik, komunistek agintea eskuratu zuten.

Komunismoren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicolae Ceauşescu

Errepublika ezarri zen 1947an komunistek erregea abdikarazi eta herrialdetik abiarazi ondoren. Sobiet Batasunak kontrol militar eta ekonomiko zuzena 1950eko hamarkadaren amaiera arte. Sobietar tropek alde egindakoan, Nicolae Ceauşescu buru berria zuen herrialdeak poltika berri eta independienteei ekin zien. Honela, 1968ko Txekoslovakiako inbasioa gaitzetsi zuen, Israelekiko hartu-eman diplomatikoek jarraitu zuten Sei Eguneko Gerraren ondoren, edo Mendebaldeko Alemaniarekin hitzarmen diplomatikoak eta ekonomikoak abian jarri ziren.

Oparotasun apala eta zabaltasuna etorri ziren, laburki, 1960ko hamarkadaren amaieraldean eta 1970eko hamarkadaren hasieran. Horren ondoren, zorra handitu egin zen, eta kitatu ahal izateko, ekonomia eta hiritarrak txirotu zituen politika jarri zuen abian Ceauşescuk. Polizia estatua areagotuta eta bere buruaren gurtza bultzatuta, Ceauşescuren ospeak behera egin zuen, eta, 1989an, boteretik kendu eta fusilatu zuten.

Egungo demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oztopoak oztopo, Ceauşescuren ondoren, alderdi anitzeko hauteskundeak eta merkatu askeko politikak eratu ziren. Ion Iliescu estatuburu, sozialdemokratek 1990-1996 bitartean gobernatu zuten. Emil Constantinescuren demokrata-liberalek hartu zuten gobernua 1996an, 2000n sozialdemokratak itzuli ziren boterera eta 2004an Traian Băsescu hautatu zuten presidente.

Mendebaldeko Europarekiko harremanak estutu ziren, eta Europar Batasunean sartzeko eskaera 1993an luzatu zen. Kide 2007ko urtarrilaren 1ean bihurtu zen. NATOn 2004an sartu zen. Ekonomiari dagokionez, 1990eko urteetan krisialdi sakona pairatu zuten errumaniarrek. Hori dela eta, ustez 2 milioi lagunek Errumaniatik alde egin dute, batik bat Espainiara, Italiara, Alemaniara, Austriara, Erresuma Batura edota AEBetara.

2014ko irailaren 24an hasi zen Bukaresten Alexandru Visinescu (88) komunismo garaiko espetxeburuaren kontrako epaiketa. Gizateriaren kontrako krimenengatik epaituko zuten 1956 eta 1963 artean Ramnicu Sarateko kontzentrazio-esparruan —Errumaniako Nuremberg gisa ezaguna— komandante jardun zuena. Errumaniako erregimen komunistan (1947-1989) antzeko zereginak izan zituzten 35 zaindari epaitzeko bidean ziren auzitegiak[1].

Azaroaren 2an, presidentetzarako bozak zituzten Errumanian. Azken inkestetan, Victor Ponta lehen ministroak aurrea hartu zion Klaus Iohannis hautagai liberalari. Inkesten arabera, Ponta zen garaipena eskuratzeko faboritoa: botoen %40 eskuratu eta hamar punturen aldea aterako zion Iohannisi (%30). Nolanahi ere, inkesten arabera, ez zuen lortuko presidente izateko behar besteko gehiengoa (botoen %50etik gora). Horrenbestez, bigarren itzulia espero zen. Ustelkeria salaketek zipriztinduta eta ekonomia gaiak erdigunean jarrita egin zituzten presidentetzarako bozak Errumanian[2]. Azkenik, Victor Ponta lehen ministro sozialdemokrata eta Klaus Iohannis liberala elkarren aurka lehiatuko ziren Errumaniako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Pontak botoen %40,3 lortu zituen eta Iohannisek, %30,4[3].

Azaroaren 16an, Errumanian presidentetzarako bozen bigarren itzulia izan zuten. Hautagaiek atzerriko botoekin lehen itzulian izandako kaosaren inguruan asko hitz egin zuten[4]. Azkenik, Klaus Iohannisek irabazi zituen Errumaniako presidentetzarako hauteskundeak[5]. Hala ere, justiziak oztopatu ezean izango zen, izan ere, karguen bateraezintasun salaketa bat zeukan aurka[6].

Azaroaren 18an, Errumaniako Atzerri ministroak dimitutu egin zuen[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «35», Berria, 2014-09-25
  2. Oihan Vitoria, «Ustelkeriaren itzalpe ilunean, argi printz bila», Berria, 2014-11-02
  3. «Ponta eta Iohannis bigarren itzulira Errumanian», Berria, 2014-11-04
  4. Mikel Rodriguez, «Atzamarrari begira», Berria, 2014-11-16
  5. «Klaus Iohannis nagusitu da Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan», Berria, 2014-11-17
  6. Mikel Rodriguez, «Justiziak oztopatu ezean», Berria, 2014-11-18
  7. «Errumaniako Atzerri ministroak dimisioa eman du», Berria, 2014-11-19
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errumaniako historia Aldatu lotura Wikidatan