Alemaniako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Herri germaniarrak K. o. 50. urtean

Alemaniako historia germaniar herriak lurralde horretara iristean hasten da.

Antzinako germaniarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako germaniarrak»
Alemaniako historia
Coat of arms featuring a large black eagle with wings spread and beak open. The eagle is black, with red talons and beak, and is over a gold background.
Estreineko historia
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Kronologiak


Tribu germaniarren sorrera Brontze Aroan, edo, azkenera jota, erromatarren aurreko Burdin Aroan, gertatu zela onartzen da oro har. Eskandinaviako hegoaldetik eta Alemaniako iparraldetik, tribuek hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera jo zuten K. a. I. mendean. Galiako zeltekin zein Ekialdeko Europako tribu iraniar, baltiko eta eslaboekin harremanetan sartzen. Ezer gutxi jakiten da aurreko historia germaniar honi buruz, Erromatar Inperioarekiko hartu-emanek, ikerketa etimologikoek edo arkeologiako aurkikuntzek diotena izan ezik.

Augustoren agintaldian, Varo jeneral erromatarrak Germaniaren konkista ekin zion, Germania Rhin ibaiaz haratago zegoen lurraldea izanik. Garai honetan, tribu germaniarrak ezagun bilakatu ziren armada erromatarrentzat. K. o. 9an, Varo buru zuen armadak porrot itzela pairatu behar izan zuen Teutoburgeko Oihanean, Arminio buru germaniarraren aurka. Honela erromatarren aurreratzea galarazita, Rhin eta Danubio ibaiez haratago dagoen egungo Alemania inperiotik kanpo geratu zen.

K. o. 100erako, Tazitoren garaian, germaniar tribuak Rhin eta Danubioren ertzetan finkatzen hasi ziren, egungo Alemaniaren gehiena okupaturik. III. mendean mendebaldeko germaniar tribu handien sorrera gertatu zen: alamani, frankoak, saxoiak, frisiarrak, sikanbriarrak, turingiarrak... K. o. 260 inguruan, germaniarrek Erromatar Inperioko muga (limes) gainditu zuten lehen aldiz, eta enperadoreen menpeko lurraldeetara sartu ziren.

Germaniako Erromatar Inperio Santua (843–1806)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Germaniako Erromatar Inperio Santua»

Germaniako Erromatar Inperio Santua Europa erdialdeko zenbait herrialderen batasun politikoa izan zen, Erdi Arotik Aro Modernoaren bukaera arte iraun zuena. 962 urtean sortu zuten Verdungo Itunarekin.

Inperioaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko Italia, mendebaldeko germaniar guztiak (saxoiak eta bavariarrak barne) azpiratuta, Mendebaldeko Europan Karlos Handiaren nagusitasuna 800ean Erroman enperadore titulua jasotzeak egiaztatu zuen. Nolanahi ere, iloben arteko gatazkak zirela eta Inperioa banandurik amaitu zen, hala nola Verdungo Hitzarmenean.

Germaniako Erromatar Inperio Santua frankoen ekialdeko erresumatik garatu zen. 919tik 936 arte, germaniar herriak (frankoak, saxoiak, suabiarrak eta bavariarrak) Heinrich Saxoniako dukearen aginpean batu ziren, zeinek errege titulua hartu zuen.

Odon I.a Handiak 936an koroatu zuten Aachenen. Erregearen autoritatea apezpikuak eta abadeak Inperioko printze izendatuz areagotu zuen. 951n Adelheid Lonbardiako erreginarekin ezkondu zen, eta, hortaz, Italiako iparraldea bere aginpean geratu zen. Erresumarekiko kanpoko mehatxuak geldiarazi zituen 955ean hungariarrak mendean hartuz eta Elba eta Oder ibaien arteko eslaboak garaituz. Hori zela eta, Odon 962an Erroman, enperadore izendatu zuen Aita Santuak.

Gatazkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Inbestiduren auzia»

Inbestiduren auzia Erdi Aroko Europan botere erlijioso eta sekularren arteko gatazkarik garrantzitsuena izan zen. Elizako karguak nork, enperadoreak ala aita santuak, zuen izendatzeko ahalmena zela-eta hasi zen XI. mendean, Heinrich IV. eta Gregorio VII.aren artean. Anatematuta, Enperadorea Canossan 1077an Aita Santuaren aurrean makurtu zen. Azkenean, 1122an, behin behineko bakea iritsi zen Wormseko Itunari esker. Aita Santuen eta enperadoreen arteko gatazkek luzeago iraun zuten, harik eta Iparraldeko Italia guztiz alemaniarren eskutik at geratu zen arte.

Auziak, 50 urtez gerra zibila eragin ondoren, enperadoreen boterea murriztu zuen, goiko noblezia eta elizgizonen mesedetarako. Epe luzean, enperadorearen boterearen murrizketak Alemania banandurik XIX. mendera arte ezarri zuen. Aita Santuari zegokionez, boterea handitu zuen.

Beste gatazka bat Inperio barneko nagusitasunarengatik Hohenstaufen eta Welf (Guelfo bezala ere ezaguna) etxeen artekoa izan zen. Welf etxeko Bavaria eta Saxoniako dukea, Heinrich Harroa enperadoregai nabarmendua izan zen, baina bere boterearen eta joera oldarkorraren beldurrez, Hohestaufen leinuko Konrad III.a aukeratu zuten hauteslek.

Konrad III.ak bi dukerriak kendu zizkion, baina Heinrich Lehoia semeak berreskuratu ahal izan zituen. Bavaria itzultzerakoan (1156) nolabaiteko konpromisoa hartu zuten bi alderdiek, Austria dukerri bereizia bihurtuta. Nolanahi ere, 1176an, Legnano batailaren ostean, Frederiko I.a Bizagorri enperadoreak berriro dukerriak kendu zizkion, lurralde zabal horiek jabetu nahi zuten beste printze germaniarren laguntzarekin. Frederick I.ak Aita Santuarekin bakea lortu zuen berriro 1177an Venezian.

Frederick II.ak (1212-1250), halere, Italiako konkistari berrekin zion, Aita Santuaren kontrako gatazka berriz irekiz. Borroka horretan hiru aldiz jaso zuen anatema enperadoreak. Inperioan, botere zabalak eman zitzaizkien elizako botereei zein sekularrei, zeinek benetako estatu independienteen sorrera ekarri zuen. Frederick II.aren heriotzaren ostean, Hohenstaufen leinuak krisialdia ezagutu zuen, urte batzuetan enperadorerik ez baitzegoen Inperioan.

Ostsiedlung[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemanieraren hedapena (700-1950).
Sakontzeko, irakurri: «Alemaniarren ekialderako hedapena»

Gatazka politikoez gain, beste prozesu batzuk gertatzen ari ziren Alemanian aldi berean. Nagusienetakoa ekialderako hedapena izan zen.

Goi Erdi Aroan, Europa osoan populazioa bizkor hazi zen. Oihanak eta padurak soro bihurtzeak, nahiz eta era masiboan gertatu, ezin izan zuen elikagai aski hornitu. Ostsiedlung prozesuan, alemaniarrak Elba eta Saale ibaiez bestaldean kokatu ziren, non eslaboak bizi ziren.

XII. mendean hasi ziren alemaniarrak Bohemia, Silesia, Pomerania, Polonia edo Livonia gisako lurraldeetan era masiboan herriak eta hiriak eraikitzen, batik bat, Saxoniako autoritatea sorbiar eta wendiar zonaldeetan nagusitzean. Prusiar zaharreko konkista babesteko 1220ko hamarkadan gonbidaturik, Teutondar Ordenaren etorrerak Itsaso Baltikoko kokapenak areagotu zituen.

Hansa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hansa»

XII. mendetik aurrera hiri berriak sortu ziren gaztelu, jauregi, monasterio edo gotorlekuen ondoan Inperioko lurralde osoan. Hirietan, askatasun eta eskubide bereziak jarri ziren indarrean, landetako populazioak jaun nobleen menpeko jarraitzen zuen bitartean. Partikularki, zenbait hiri Inperioko Hiri Aske bihurtu ziren. Horrek esan nahi zuen ez zeudela inolako jaunaren azpian, ez sekular ez erlijioso, baizik eta Enperadorea zuten buru bakarra.

Hiriak, oro har, ibilbide luzeko merkatari dirudunek kontrolatzen zituzten. Esku langileek gremioak osatzen zituzten, arautegi zorrotzen azpian, hirien gaineko kontrola bereganatu nahian. Ekialdeko eta iparraldeko salerosketak ugaldu ziren, Lübeck buru zuen Hansako Liga garatzen zen heinean.

Nolanahi ere, Hansan ez zeuden bakarrik Inperioaren azpiko hiria baturik, Herbeheretakoak, Norvegiakoak eta Ingalaterrakoak ere bazeuden. Batasun hori XIII. mendean sortu zen Kolonia eta beste 29 hiriren artean, amankomuneko interesak babesteko asmotan. Merkataritza-pribilejio andana jaso zituen batasun horrek, batik bat Ingalaterran, Flandrian eta Errusian ere.

Lübeck eta Hamburg hiriek, 1241ean, Itsaso Baltiko eta Itsaso Beltzaren arteko ibilbide komertzialaren gaineko kontrola partekatzeko hitzarmena sinatu zuten. Bi hiri horiek, 1252an Flandriarekin ere salerosketarako itunak sinatu zituzten. Honela, Brugesek, Flandriako hiri nagusiak, Hansako garapenean parte hartze handia izan zuen. Geroago Londresekin ere hartu-eman komertzialak abian jarri zituzten. Bremen eta Danzig sartu ziren geroago, eta haien atzetik Westfaliako, Rhin aldeko, Herbehereetako, Prusiako, Lituaniako eta Estoniako beste hiri asko.

Federazio hau, Hansa 1343an deituta, Danimarkari gerra egitera ausartu zen. Garaituta, Danimarkak kalteordainak ordaindu behar izan zituen, batasunaren ahalmen ekonomikoa handituz. Hurrengo urteetan, merkataritza gune berriak zabaldu zituen Iparraldeko Europan. Honela, nekazaritza eta nolabaiteko industria garatu ahal izan zituen, baita ubide eta errepideen eraiki ere.

Nolanahi ere, XV. mendearen amaieran batasunaren desintegrazio hasi zen. Europan estatu subiranoen garapenarekin, Amerikako aurkikuntzarekin eta Herbeheretako zein Ingalaterrako itsaso nagusitasunarekin bizkortu zen Hansaren gainbehera.

Erreforma Protestantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erreforma Protestante»
Martin Luther 1529an.

XVI. menderako, Germaniako Erromatar Inperio Sainduan Eliza Katoliko politikeriak eta ustelkeriak nahigabea hedatu zuten. Jokabide maltzur horiek Martin Luther apaiz alemaniarrak salatu, eta, aldatzen saiatu zen. Wittenbergeko elizako atean, 1517an, indulgentzien kontrako tesiak iltzatu zituen, Erreformari hasiera emanez.

Lutherren tesiek Elizaren hierarkiaren oposizioa topatu zuten. Izan ere, 1521ean Karlos V.a buru zuen Wormseko Dietan Lutherren ideiak arbuiatu ziren era ofizialean. Edonola ere, Inperioan zehar Erreformako tesiak azkar eta luze zabaldu ziren. Haiei aurre egiteko, Loiolako Inaziok sortutako Jesusen Lagundiak, batik bat, bultzatu zuen Kontra-Erreforma Alemanian 1545etik aurrera. Erdialdeko zein Ipar-ekialdeko Alemania guztiz protestante zeuden jadanik, eta mendebaldeko zein hegoaldeko Alemaniak katoliko segi zuten.

Apaiz erreformatzaileen erretolikari eutsita, Suabia, Frankonia eta Turingiako nekazariak jaunen aurka matxinatu ziren 1524an. Hala ere, tokian tokiko printzeek altxamenduak menderatu ahal izan zituzten. Erreformatzaile eta Katolikoen arteko borrokek gehiago iraun zuten, aldiz. Katolikoen buru zen Karlos V. enperadoreak protestanteak 1546an garaitu zuen. Alabaina, 1555eko Augsburgeko Bakearen bidez, fede lutertarra onartu zen. Halaber, itunean, Cuius regio, eius religio printzipioaren azpian adierazi zen estatuko erlijioa gobernatzailearen erlijioa izatekoa zela.

Hogeita Hamar Urteko Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hogeita Hamar Urteko Gerra»

Katoliko eta protestanteen arteko gatazkaren erpina Hogeita Hamar Urteko gerrarekin (1618-1648) etorri zen. Aldi berean, zio politikoak tartean ere bazeuden: Inperioko zenbait estatuk bere boterea handitu nahi zuten, eta enperadoreak batasun politikoa eta erlijiosoa lortu nahi zuen.

Bohemiako noblezia enperadorearen kontra matxinatzean hasi zen borroka, berehala Europa osora zabaldu zen arren. Espainiak enperadore katolikoaren alde egin zuen, eta Danimarkak, Suediak nahiz Richelieu kardinaleko Frantzia katolikoak ere (Habsburgotarren nagusitasunaren beldurrez) printze protestanteen alde. Alemania gerrako eszenatoki nagusia izan zenez, herrialdeko zonalde zabalak suntsiturik suertatu ziren, haren populazioaren heren bat gutxi gorabehera hil zen eta txirotasuna nagusitu zen nonahi.

Gerra 1648an amaitu zen Westfaliako Bakea sinatzerakoan. Enperadoreak Frantziaren eta Suediaren onurako lurraldeak galdu zituen. Herbehereek, de facto 80 urtez independiente egon ondoren, Inperio Saindua de jure utzi zuten. Enperadorearen boterea, honela, murriztu zen tokian tokiko printzearen mesedetan.

Prusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Prusia»
Prusiako hedapena.

Westfaliako Bakeetan etekin handienatakoa atera zuen Inperioko estatua Prusia izan zen, Ekialdeko Pomerania eskuratuz. Baina horren aurretik ere estatu aski handia zen 1618an Prusiako Dukerria eta Brandenburgeko Margraverria batu zirenetik. Inperiotik kanpo lurraldeak ere zituenez, 1701ean Prusian Erregeko titulua (ez Prusiako erregea, enperadorea ez eragoztearren) hartu zuen Frederick I.ak.

Frederick Wilhelm I.arekin izugarrizko armada eraiki zuen Prusiak. Voltaireren hitzetan: "Estatu gehienek armada duten bitartean, Prusiako armadak du estatua". Suedia garaitutakoan Pomeraniako gainerakoa eskuratu zuen Prusiak. Frenderick II. Handiak Silesia konkistatu zuen Austriatik beratik hiru Silesiako gerretan (1740-1763). Gainera, Zazpi Urteko Gerran, Austriak, Frantziak eta Errusiak osaturiko koalizioari aurre egin ahal izan zion arrakastaz. Orduz geroztik, Alemaniako politika Prusia eta Austriaren arteko lehiak (Alemaniako dualismo) markatu zuen 1866 arte.

Errestaurazioa eta iraultza (1814–1871)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1848ko iraultzak» eta «Alemaniaren bateratzea»

1806 eta gero, Napoleondar Gerrak direla eta, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren azken enperadorea abdikatu zuenean, Inperioen Estatu oiak hasi ziren Estatu alemaniar batu bat osatzearen bila.

Lurraldearen auzia nahiko korapilatsua zen: batzuk "Alemania Handia" sortzearen aldekoak ziren, Austriako alemaneraz aritzen zen lurraldeekin batera, eta besteek "Alemania Txikia" sortzearen aldekoak ziren, zerbait Inperio Estatu oiak batuz. Gainera, herria eta koroiaren botere banaketaz ere ados egotea ezinezkoa zen.

Auzia Frantziako Lehen Inperioaren porrotaren ondorioz gauzatu zen. Napoleon, enperadorea, suntsitu zuten baina atzerriko menderaketa bukatzeak ez zuen 1815ko Konfederazio Germanikoaren barruan Alemania batua ekarri.

1848ko martxoan, Iraultza hasi zen Alemanian. Antzinako auzia berriro piztu zen: derrigorrezkoa zen Alemaniaren lurraldea definitzea Alemania Estatu nazionala izateko. Lehendabiziko Parlamentuak, Frankfurten sortua, Estatu pangermaniko bat sortzea ezinezkoa zela ulertu zuen, Austria hor zegoen eta. Hori zela eta, "Alemania Txikia" sortzea erabaki zen, beti Prusiaren nagusitasunaren menpe.

Otto von Bismarck

Parlamentuak Prusiako erregeari, Alemaniako enperadorea, eskatu zion botere sakratuari uko egitea eta herriko borondatearen betetzaile izatea. 1849an erregeak errefusatu zuen proposamena eta alemaniarren batasuna ezin zen lortu.

Hortaz, Alemaniaren bateratzeari beste bide batetik (gerraren bitartez alegia) ekin behar izan zitzaion. 1860ko hamarkadan Otto von Bismarck kantzelariak Prusian Parlamentuaren aurkako eta exekutiboaren aldeko kanpaina burutu zuen. 1866an Zazpi Asteko Gudak "Alemania Txikia"ren alde auzia bukatu zuen.

Alemaniar Inperioa (1871–1918)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemania estatu modernoaren sorrera Versaillesen (1871), Bismarck uniforme zuriz erdian dela.

Estatua, harrezkero Alemania, 1871ko urtarrilaren 18an eratua, Alemaniar Inperioa izendatu zen Prusiaren hegemoniaren menpe (1870-1871 Franko-Prusiar Gudaren garaipena lortu eta gero). Horrela 1848ko Iraultzaren xedea lortu zuten: alemaniar batasuna.

1918an Lehen Mundu Gerraren ondorioz, Inperio deuseztatu zenean, Alemania menderatu zuten lehenengo garaipenagatik ere. Wilhelm II.a enperadorea izateari uko eragin zioten eta Urriko Iraultza eta gero, Weimarko Errepublika hasi zen.

Weimarko Errepublika (1919–1933)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Weimarko Errepublika»

Ezbehar ekonomikoa, 1919ko Versaillesko Itunaren baldintzek eta munduko Depresio Handiak eragina, partidu antidemokratikoen babesaren jatorri nagusienetariko bat izan zela uste dute. Gainera, gudan zehar, Alemaniako garaipen ziurraren ideia bakarra mantendu zen. Hori dela eta, erreza zen esatea, Dolchstoßlegende teoriaren arabera, partidu demokratikoek (eta baita komunistak eta juduek ere) aberriari saldu zutela eta porrota eragin.

Hirugarren Reich-a (1933–1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hirugarren Reicha»

1932ko uztaila eta urriko hauteskundetan, Langileen Alemaniako Nazional-Sozialista Partiduak %37,3 eta %33,0 hurrenez hurren lortu zuen. Ezegonkortasun politikoa eta gobernu sendo bat osatzearen ezintasunak gobernuko presidenteari kantzelari (Präsidialkanzler) hautarazi zuten, Parlamentuaren zeregina izan arren. 1933ko urtarrilaren 30an, NSDAPen presioaren ondorioz, presidenteak (Estatuko burua) Paul von Hindenburgek Adolf Hitler, NSDAPko liderra, hautatu zuen Gobernu burua. Hindenburg, Lehen Mundu Gerran zehar kantzelaria, hilaren ostean, bi karguak batu zuten eta Adolf Hitler Estatu eta Gobernua burua izan zen. Hau Alemania Nazi edo Hirugarren Reicharen hasiera deitu dute.

Lebensraum edo ("bizitzeko tokia") lortzeko lurralde gertuak anexionatzearen Hitlerren politikak Bigarren Mundu Gerraren hasiera eragin zuen 1939ko irailaren 1ean, Polonia inbaditu zuenean. Hasiera batean, Alemania erraz lortu zituen garaipen militar handiak Blitzkrieg edo "tximista guda" taktikaren bitartez. Horrela Belgika, Herbehereak, Danimarka, Luxenburgo, Balkanak, Grezia eta Norvegia Europan, eta Tunisia eta Libia Ipar Afrikan menperatu zituen. Baina gero, porrotak hasi ziren: Ingalaterrako Batailan, RAFek Luftwaffe mendean hartu zuen (Australia, Kanada, Polonia, Frantzia, Finlandia eta abarren laguntzarekin). 1941ean Errusiako Kanpainan Alemaniako armada ez zen nahikoa hain lurralde zabala menderatzeko. Errusiako porrotak 1941ean (Moskura heldu eta Siberiatik ekarritako hornidurak moztea) eta 1942an (Kaspiar Itsasoaren petrolioa kontrolatzea), eta Ameriketako Estatu Batuak 1941eko abenduan gudan sartzeak gerra irauli zuen: aliatuek Alemania bonbardatu zuten 1945eko maiatzaren 8an erregimen nazi kapitulatu zen arte.

Guda osoan zehar, Estatu alemanak inoiz hain zabal eta bihozgabe milioika pertsonen (juduak, ijitoak, homosexualak...) sarraskia antolatu eta burutu zuen bai Alemanian bai lurralde okupatuetan. Genozidio hori Holokausto edo Shoá izena du.

Zatiketa eta bateratzea (1945-orain)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aliatuen okupazio eskualdeak (1946)

Alemaniak bere lurraldearen zati handia galdu zuen, aliatuek okupatuta eta banatuta zuten 45 urtean zehar. Hamabost milioi alemaniarrak Reicheko jabetzetatik bota zituen. 1949an, mendebaldeko partean konstituzio berria onartu ondoren, Alemaniako Errepublika Federala (AEF) osatzen zuten. Urte batzuetan, bere jabetasuna lortuta, Europar Batasuna eta NATOren kidea izango zela. Ekialde partean, berriz, Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) osatu zuten, Varsoviako Paktua eta Sobietar Blokearen kidea izango zela.

Horrela banatuta, Alemania lau hamarkadetan zehar Gerra Hotza bizi zen. Berlin antzinako hiriburua bitan banatu zuten: ekialdeko Berlinek, sobietarren menpe, harresi bat eraiki zuen biztanleria mendebalde partera ez alde egiteko. Gertakari honek 1950eko hamarkadan biziagotu zen, Alemaniako Errepublika Federalaren ekonomia berreskuratu bitartean munduko aurrenetarikoaren bat izateko (Alemaniar Miraria). Gerra Hotzaren goineneko unean eta Alemaniako Errepublika Demokratikoa soldadutza 1962urterako berreskuratu nahi zuenean, 1961eko abuztuaren 13an Ekialdeko Berlin autoritateek sektore bien arteko trafikoa guztiz blokeatzea erabaki zuten, harresi gotortu baten bitartez.

Alemaniako Errepublika Federala bere burua lehengo Alemaniaren oinordeko politikotzat hartzen zuelako (genozidio eta guda-krimenak barnean), kriminalen jazarpenak, hasieran epela, zirela eta, alemaniar belaunaldi berriei nazien garaian bere aita-amen jarrerak arbuioa eragin zioten. Hutsune horrek 1968 urtean ikasle matxinadak eragin zituen Alemania osoan. Gazte hauen izaera kritikoa eskolatik bertatik hasi zen, autoritarismo eta sasi-abertzalearen kontrako jarrerak erakusten, eta batez ere, eraso-guden galarazpen konstituzionala lotuta.

Alemaniako Errepublika Demokratikoa, aldiz, bere burua antifaxista gudariek sortutako Estatu berritzat hartzen zuen. Hori zela eta, eta baita partidu bakarraren hegemonia dudatan ez jartzeko inoiz ez zuten egin hausnarketa sakonik guda garaian gertatukoari buruz. AEDko autokritika ezak gaur egun xenofobiarekin lotutako eraso gehienek Ekialdeko Alemanian izatea eragin du.

Bateratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlingo harresia (1989ko azaroaren 16a)

Bi Alemanien arteko liskar eta arazoak bukatuta, 1989ko azaroaren 9an Berlingo Harresia ireki zuten, Hungaria eta Txekoslovakiaren bitartez udako ihesaldi jendetsuen ostean. Alemania 1990eko urriaren 3an birbateratu zen, bere soberania osoa berreskuratuta, Bigarren Mundu Gerrako Estatu garaileen kontrol politiko eta militarra behin-betikoz bertan behera utzita.

Alemaniako birbateratzeak mota guztietako ondorioak izan zituen: Nazio Batuen bake-inposaketaren operazioetan partaidetza batua, atzerritarren partizipazioari bizitza alemaniarran ikuspuntu kritiko berria, eta bateratzearen kostu ekonomiko handiak.

Alemania Europar Batasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemania birbateratuak XIX. mendeko ohiturak mantentzen ditu: sufragio unibertsala eta Parlamentuko estruktura, Reichstag garaian garatua. Lurraldeko jarraitutasun ere mantendu du: Bi gehi Lau Akordioak, Alemania birbateratuaren hasierako nazioarteko akta, "Alemania Txikia"ren ideia berretsi du. Akordio honen bitartez, sobietar Armadak pixkanaka-pixkanaka ekialdeko Alemaniatik alde egingo du NATOk eskualdea errespetatzen duen bitartean eta ez du bere tropak hortxe kokatzen.

1950 urtean, Robert Schumanek, alemaniar jatorrizko frantses ministroa, bere adierazpena bota zuenetik, herrialde bien arteko harremanak Europar Batasunaren motorra dira.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alemaniako historia Aldatu lotura Wikidatan