Hungariako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hungariako historian K. o. 896ko datak garrantzia berezia dauka, urte horretan bertan hungariarrak finkatu baitziren, Erdialdeko Asiatik etorri ondoren.

896 aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hungariarren etorreraren aurretik, erromatarrek deitutako Panonia lurraldean, beste herri franko kokatu ziren Migrazio Garaian.

Árpád eta magyar armada Karpatoak zeharkatzen.

Haien artean, lehenengoetako bat hunoak izan ziren, Atilaren agindupean inperio boteretsua osatu zutenak. Haien ostean, ostrogodoak eta lonbardarrak joan ziren. 560ko hamarkadan, avararrek erresuma bat eratu zuten lurralde horretan. Nagusitasun militarra edukita, bi mendetan ondoko guztiei egin zieten eraso. Azkenean, Karlos Handiaren frankoek mendebaldean eta bulgariarrek ekialdean garaitu zituzten. Hala ere, ez batak ez besteak ezin zuten estatu iraunkorrik antolatu. Izan ere, hungariar batu berriak handik gutxira 896an finkatu ziren bertan Árpád buru zutela.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finkatu eta hurrengo urteetan eraso eta arpilaketa andana burutu zuten Europa osoan zehar, harik eta Odon I.ak, Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehen enperadorea izatekoa zenak, Lechfeldeko guduan garaitu zituen arte (955). Kristauak 1000rako ziren hungariarrak. Erdi Aroan oso erresuma zabala zen Hungariakoa, egungo Eslovakia, Transilvania, Vojvodina eta Eslavonia hartzen zituena.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma horren amaiera Mohacs guduan (1526an) etorri zen otomandarren aurrean, nahiz eta lurralde txiki batek independentziari eutsi zion, Pózsony (Pressburg, gaur egun Bratislavan) hiriburua zuela. Habsburgotarren lurraldeekin bat egin zuen otomandarrengandik ihes egin zuen nobleziaren ekimenez. XVII. eta XVIII. mendeetara arte galdutakoa ez zen berreskuratu. Nolanahi ere, austriar probintzia bat zen administrazioari zegokionez, eta alemaniera hizkuntz ofizial izendatu zuten (1780).

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1848ko iraultzarekin, Hungariak independentzia aldarrikatu zuen Lajos Kossuth gobernuarekin. Habsburgotarrek matxinada hurrengo urtean amatatu zuten Errusiaren laguntzarekin. Errepresio politikoaren garaia hasi zen, 1860ko hamarkadarako apaldu zena.

Hungariako armarri komunista (1949-1956)

Austriak Prusiaren aurka Sadowako gudua galdu ostean (1866), Inperioko gobernuak monarkia bikoitza ezartzeko deliberoa hartu zuen. Honela, 1867tik aurrera, enperadore bakarra izan arren, bi erresuma sortu ziren, Austriakoa eta Hungariakoa. Hungarian, boterea aristokrazia lurjabe boteretsuaren esku zegoen. Lurraldearen magiarizazioa bultzatu zuen Budapest hiriburu berritik.

Lehen Mundu Gerra galdutakoan, Budapest matxinatu zen. Bela Kun buru zuten komunistek 1919an agintea hartu zuten, Errumaniako armada lagun zuten indar kontrairaultzaileek garaitu zituzten arte. Trianongo Hitzarmenarekin (1920) Hungarriak lurraldeen bi herenak galdu zituen. Miklós Horthy izan zen gobernatzailea botere diktatorialekin (1920-1944).

Ardatzarekin aliatuta ere, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Hungaria okupatu zuten aliatuekin bere kasa bakea sinatzen saiatu zirenean. Geroago errusiarrak sartu ziren herrialdean. 1947an erregimen komunista eratu zuten. 1956an Imre Nagy lehen ministro erreformazalea burua zela, matxinada bat piztu zen. Armada sobietarrak itzali zuen János Kádár agintean jartzeko. Honek 1988ra arte iraun zuen boterean. Nolanahi ere, Kadarrek politika eta ekonomia anitzak bultzatu zituen poliki-poliki.

Sobietar Batasuna desagertzean (1991), Hungarian mendebaldeko demokrazia jarri zen martxan. 1999an NATOn eta 2004an Europar Batasunean sartu zen.

Bestela, 2010eko urrian Ajka herriko aluminio lantegiko bateko uharka hautsi, bertako lohi toxikoa isuri eta sortutako olatuak 7 lagun hil, 2 desagertu eta hondamendi ekologiko larria sortu zuen herrialdeko mendebaldean.


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hungariako historia Aldatu lotura Wikidatan