Greziako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexandro Handiak greziar kultura hedatu zuen bere konkisten bidez.

Greziako historiak eskuarki greziar herria, haiek okupaturiko lurraldeak eta egungo Greziako estatu modernoaren ikerkuntza hartzen du bere baitan. Greziarren hedapena aroz aro aldatzen denez, Greziako historia ere malgua da, bere edukiera dagokionez. Aro bakoitzak bere interes-eremua dauka.

Lehendabiziko greziarrak egungo Grezia aldera K. a. III. milurtekoan iritsi ziren, non beste herri batzuk nekazaritza K. a. VII milurtekotik. Hedapenaren erpinean, greziar zibilizazioa Egiptotik Hindu Kushera (egungo Pakistan) zihoan. Hortik aurrera, greziar gutxiengoak aurrean bere menpeko lurraldeetan (Turkia, Italia, Libia, Ekialde Hurbila) edo, migrazioa zela eta, munduko beste toki batzuetan (Ipar Amerika, Australia, Ipar Europa, Hegoafrika...). Nolanahi ere, egun, greziar gehienak Grezian (1821tik estatu independentea) eta Zipren bizi dira.

Halaber, Greziar historia garrantzitsua da antzinatean garatutako kultura Mendebaldeko Zibilizazioaren jatorritzat hartzen baita. Greziar kulturak Erromatar Inperioan itzelezko eragina izan zuen, baita Pizkundean eta beste ondorengo aroetan ere. Eragin hau hizkuntzan, politikan, hezkuntzan, filosofian, zientzian eta arteetan izan zen. Antzinako Grezia Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino grezieraz berba egiten zuten lurraldeez osatua zen.

Minostar zibilizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Minostar zibilizazioa»

Greziaren inguruan sortu zen lehenengo zibilizazioetakoa Kretako Minostarra izan zen. Informazio gutxi daukagu kultura horren inguruan. Izena ere historialari modernoek emandakoa da, Minos, Kretako kondairetako erregearengan oinarrituta.

Kretan K. a. 2700tik K. a. 1450 arte garatuta, aurre-indoeuropar herriekin lotu izan dute aipaturiko zibilizazioa, Antzinateko eteo-kretarren aurrekariak zelakoan. Baina haien hizkuntza, Lineal A deritzon idazkeran kodetuta, ez dago ulertzerik, irakurtzen bada ere. Itsasoko merkataritza menperatzen zuen herria omen zen, herriko baliabide natural oparoaz probestuta. Egurra zen garai honetako ustiatzen eta Zipren, Egipton edo Egeoko irletan saltzen zen baliabidea.

Zibilizazio honen amaiera ere ez dago argi. Kontinenteko Greziatik zetozen mizenatarrek inbaditu zituzten K. a. 1400 inguru. Horrekin batera, Santorini irlako erupzioak ere paper garrantzitsua jokatu omen zuen Kretako zibilizazioaren gainbeheran. Teoria honen arabera, minostar itsasontziak eta portuak suntsiturik geratu ziren lurrikara eta itsasikara itzel horiengatik. Balizko klima-aldaketek uzten gainean eragin txarra izan zezaketen urte askotan zehar.

Mizenastar Grezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zibilizazio mizenastarra»
Agamemnonen maskara.

Mizenastar Grezia, Brontze Aroko Grezia hain zuzen ere, Egeo Itsasora greziarrak heltzean (K. a. 1600 inguru) hasi zen, eta K. a. 1100 inguru amaitu zen, haren zibilizazioa bukatu zenean. Homeroren mitologiaren garaia da. Izena Peloponesoko penintsulako Mizenas hiri-aztarnategi arkeologikotik datorkio. Atenas, Pilos, Tebas edo Tirinto dira garaiko beste hiri garrantzitsu batzuk.

Mizenastar kultura aristokrazia gerlariak menperatu zuen. K. a. 1400 inguru, mizenastarrek minostar zibilizazioaren bihotza zen Kreta azpiratu zuten. Minostarren Lineal A izeneko idazkera bereganatu zuten mizenatarrek, Lineal B deritzon idazkera sortuz haien hizkuntza, grezieraren dauzkagun lehen aztarnak, idazteko.

Mizenasterrek noblezia tholoi izeneko hilobietan ehorzten zuten, zibilizazio honen ezaugarri behinenetakoa. Gorpuarekin batera, ezpatak edo gerrarako beste tresna batzuk ehorzten zituzten. Nobleek urrezko maskarak ere eraman zituzten, baita tiarak, armadura eta bitxidun armak ere.

K. a. 1100 inguru, mizenastar zibilizazioa amaitu zen. Antzinateko greziarrek beraiek gainbehera hau azaltzen zuten beste herri greziar baten, doriarren, inbasioarengatik, baina arkeologiak ez du teori honen froga frankorik erakutsi. Hiri andana arpilatuta gertatu ziren eta, historialariek Aro Iluna deitutakoa hasi zen.

Aro Iluna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar Aro Iluna ustezko doriar inbasioarekin eta mizenastar zibilizazioaren amaiarekin (K. a. 1100 inguru) hasi zen eta K. a 800 inguru bukatu zen, K. a. IX. mendean hiri-estatu greziarrak hedatzen hasi baitziren eta berriro idazten hasi baitzen. Homeroren epika lehenengoetakoak ziren. Ez da ahaztu behar estreinako Olinpiar Jokoak K. a. 776an burutu zirela.

Mizenastar zibilizazioarekin batera, Ekialde Hurbilean inperio batzuk, Egiptokoa eta hititena, amaitu ziren. Honen eragilea kanpotik etorritako herriak izan zitekeen. Izan ere, burdinezko armak zituzten, borrokan brontzezkoen aurrean abantaila erabakigarria ematen dutenak.

Arkeologiak mizenastar kulturaren amaiera erakusten du. Jauregi eta hiri handiak suntsitu edo abandonatu zituzten. Greziera ez zen gehiago idazten. Garai honetako zeramikak ikur geometriko errazak baino ez dauka, aurreko eta ondoko apaindura figuratiboren ondoan. Ilun Aroko greziarrak bizileku txikiagotan finkatu ziren, zeinek gosetea eta populazio galera iradokitzen dituen. Kanpoko ondasunik ez dira aztarnategian aurkitzen, zeinek salerosketa murriztua iradokitzen duen. Kulturaren arloan ere, garapen edo hazkunde txikia ikusten da.

Erregeek gobernatu zuten aro honetan. Gerragintzan, munta zalditeriatik infanteriara igaro zen. Ekoiztea merkea zenez, burdinak brontzea ordezkatu zuen edozein tresna edo arma mota egiterakoan.

Aro honen bukaeran kolonialismo garaia hasi zen, hiri-estatuen eredua oinarritzat hartuta. Horrenbestez, greziar mundua Iberiar Penintsulatik Itsaso Beltzaraino hedatu zen. Feniziarrengandik alfabetoa hartu eta egokitu zen, grezieraz berriro idazteko.

Antzinako Grezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Grezia»

Aro Arkaikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar mundua.

Greziako erliebe menditsuak eraginda, bere burua gobernatzen zuten komunitate txiki andana sortu ziren. Izan ere, elkarren artean komunikatzeko edo produktuak saltzeko biderik onena itsasoa izan zuten beti greziarrek.

Komunitate txiki horiek hiri bat (polis) zuten buru. Hastapenean erregeak (basileus) gobernatzen zuen hiri-estatu hori. Lurraren jabeek aristokrazia osatzen zuten. Hiri-estatuen arteko borroka jarraituak zirela eta, erregeen boterea higatu zen, eta aristokrazia horrek bere postua bete zuen denboraren poderioz. Nolanahi ere, merkataritzaren ugaltzearekin batera beste gizarte-klase bat sortu zen, merkatariena, diruduna lurra ez eduki arren. K. a. 650tik aurrera, tokian tokiko aristokraziak botereari eusteko borrokatu behar izan zuen tirano (tyrannoi, ez nahastu egungo diktadoreekin) izeneko klase berriko lider populisten aurka.

Espartan lur-aristokraziak boterea gorde ahal izan zuen. Likurgoren konstituziopean (K. a. 650 inguru), hiri horretan erregimen militarista berezia jarri zen martxan, biko monarkiaren azpian. Atenasen, ordea, monarkia K. a. 683an bertan behera utzi zuten. Solonek gobernu-sisteman erreforma batzuk ezarri zituen, aristokraziaren boterea apaltzeko. Pisistrates tiranoak, boterea eskuratuta, hiria merkataritza-botere bilakatu zuen. Horren ondoren, Kleistenesek demokrazia ezarri zuen (K. a. 500), boterea gizonezko herritarrek osatutako biltzarrak baitzeukan. Nolanahi ere, esklabuek, askatutakoek eta atzerritarrek ez zuten herritartasuna.

Denborak aurrera egin ahala, greziar mundua pixkanaka pixkanaka hedatu zen, hiri-estatuek kolonia ugari Mediterraneoan eta Itsaso Beltzan finkatu baitzituzten. Hiri batek kolonia fundatu arren, ez zeukan haren gaineko kontrolik, nahiz eta merkataritza eta erlijio arloetan lotura estuago eduki zezakeen. Eta koloniek ere beste kolonia batzuk sortu ahal izaten zituzten. Hori zela eta, sal-erosketa ugaldu zen garai honetan.

Aro klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partenoia, Grezia klasikoaren ikur nagusia.

Antzinako Greziako garai klasikoa bi gerrak markatu zuten. Pertsiako inbaditzaileen kontrako garaipenak urrezko aroaren atea zabaldu zuen. Arlo militarrean ez ezik, K. a. V. mendean Grezian (batik bat Atenasen) literaturan (Aristofanes, Eskilo, Euripides, Sofokles) arkitekturan (Partenoia), eskulturan (Fidias), politikagintzan (Perikles) eta filosofian (Sokrates) aurrerapauso itzelak eman ziren. Peloponesoko Gerrak, hein batean, amaiera ekarri zion egoera honi, gerra zibil honek ezegonkortasun-garaia ekarri baitzuen.

Nagusitasuna zela medio ika-mikan, Atenasek eta Espartak gerra ankerra borrokatu zuten, eremu osorako krisia ekarriz. Esparta garaile atera zen arren, bere nagusitasunak nahiagabea sortu zuen beste hiri greziarrean artean (esaterako, Ionia eta Zipre Persiar Inperioari eman zizikion). Honela, Tebas altxatu zen eta, Epaminondas jeneral jaioa buru zutela, K. a. 371n Leuktrako batailan Espartako armada suntsitu zuten. Tebasko nagusitasunaren epeari atea zabaldu zitzaion. Alabaina, Fozearen kontrako borrokan, Tebasek Mazedoniako Filipo II.ari eskatu zion laguntza. Mazedoniak berehala menderatu zituen Greziako hiri akituak. Alexandro Filiporen semearekin epe berri bat hasi zen, helenistikoa.

Aro helenistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ptolomeo I.a.

Aro hau Alexandro Handiaren konkistekin hasi eta, K. a. 146an, Erromak greziar penintsula konkistatzean amaitu zen. Nolanahi ere, erromatar aginteak ez zuen eten gizarte eta kultura helenistikoaren jarraipena (kristautasunaren etorrera arte ez zen moztu), baina independentzia politikoa ekarri zuen. Egungo Greziaren garrantzia apaldu zen aro honetan, Alexandria eta Antiokia kultura greziarraren motoreak bilakatu ziren.

Alexandro Handiaren heriotzaren ostean, boterea bereganatu nahian Alexandroren jeneralak elkarren aurka borrokatu ziren. Ondorioz, inperioa zatitu eta erresuma berriak sortu ziren. Ptolomeo Egipton edo Seleuko ekialdean geratu ziren. Greziako hiri-estatuen kontrola etena zen, matxinadak zirela eta. Hurrengo urteetan, sorturiko estatuek haien artean borrokatu ziren. Mazedoniako Filipo V.a Erromari aurre egin ahal izan zion azken agintari greziarra izan zen, Kartagorekin aliatuta. Hala ere, K. a. 202an Kartago gailenduta, Erroma ekialdeari so geratu zen. Honela, K. a. 198an Mazedoniako Bigarren Gerra piztu zen eta Tito Kinktio Flaminio jeneral erromatarrak Filipo garaitu zuen. Flaminio greziar kulturaren mireslea zen, eta greziar hiriak aske zirela iragarri zuen. Nolanahi ere, Korinton eta Kalzisen soldaduak kokatu zituen eta Erromak kontrolatzen zuen liga berri bat sortu zen.

Erromatar eta Bizantziar Inperioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bizantziar Inperioa»

Antzinako Erromaren gainean eragin itzela izan arren, Grezia Erromatar Inperioko probintzia bilakatu zen Grezia. Inperioa bitan banandu zenean, ekialdeko zatian greziarra zen kultura nagusia. Bizantziar Inperioan greziera izan zen hizkuntza nagusia.

Otomandar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Otomandar Inperioa»

Erasoak eraso, XV. mendera arte, inperio horrek zutik iraun zuen hamaika mendez. Otomandarren eskutan erortzean (1453), Konstantinopolisko jakintsu asko mendebaldera migratu ziren, Pizkundearen eragile bat izanik. Nolanahi ere, greziar ortodoxoen kohesiorako, eta ondorengo nortasun greziarra osatzeko, oso lagungarria izan zen erlijioan banantzeko sistema otomandarra.

Otomandar Inperiotik Greziak independentzia gerraren bidez lortu zuen 1821 eta 1829 bitartean. Hortik aurrera, Grezia eta Turkiaren arteko hartu-emanak gatazkatsuak izango dira oso, lurraldearen gaineko aldarrikapenak direla medio.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Navarinoko Gudua (1927ko urria), otomandarren egiazko agitearen amaiera izan zen.
Sakontzeko, irakurri: «Greziako Erresuma»

Ioannis Kapodistrias aukeratu zuten errepublika berriko lehen buruzagitzat 1827an. Edonola ere, hil ostean, Mendebaldeko Botereek Wittelbach leinuko monarka bat ezarri zuen.

Balkanetako Gerretan, Greziak bere mendeko lurraldea eta populazioa areagotu zituen. Hurrengo urteetan, Konstantino I.a Greziakoaren eta Eleftherios Venizelos lehen ministroaren arteko tirabirek herrialdea elkarrenganako oso bortitzak ziren bi alderditan banandu zuten. Lehen Mundu Gerraren ostean, Grezia Mustafa Kemal buru zuen Turkiaren kontra borrokatu zen. Ondorioz, Lausanneko Itunean ezarri zen bezala, elkarren arteko populazio-mugimendu handiak burutu ziren. Greziak Anatoliatik etorritako 1,5 milioi laguni harrera eman behar izan zien.

Hurrengo urteetan, ezegonkortasuna eta estatu-kolpeak nagusitu ziren. Italia faxistak 1940ko urriaren 28an amore emateko eskatu zion Greziari. Ioannis Metaxas diktadoreak ezaguneko "OXI" (EZ) erantzun zion ultimatumari, eta Italiak eraso zuen. Albanian Italiako armada geldiarazi arren, alemaniar indarren aurrean erori zen Grezia. Nolanahi ere, greziar erresistentziak arazo franko eman zizkien okupatzaileei.

Askatu ondoren, erregezaleen eta komunisten arteko gerra zibila piztu zen. Horrek hurrengo 30 urtetarako ika-mikak eta krisialdi ekonomikoa zabaldu zituen herrialde osoan. 1967ko apirilaren 21ean militarrek, AEBetako babespean, estatu-kolpea eman zuten. 1973ko azaroan kontra estatu-kolpe batek Dimitrios Ioannides diktatore ezarri zuen. Hala ere, 1974ko uztailaren 20an, Turkiak Zipre inbaditzean, diktadura bertan behera erori zen.

Konstituzio demokratikoa indarrean jarri zen 1975ean, eta, erreferendumen bidez, monarkia deuseztatu zen urte horretan ere. Erbestetik itzulita, Konstatinos Karamalisek Demokrazia Berria alderdia eta Andreas Papandreuk PASOK alderdi sozialista osatu zuten, hurrengo hamarkadetan herrialdeko politikagintzan alderdi garrantzitsuenak. 1981eko urtarrilaren 1ean Europar Batasunean sartu zen eta 2001ekoan euro dirua hartu zuen.


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Greziako historia Aldatu lotura Wikidatan