Benedikto XV.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Benedikto XV.a

Benedikto XV.a[1] (latinez Benedictus PP. XV) jaiotzez Giacomo Giambattista della Chiesia (Genoa, Sardiniako erresuma, g.e. Italia, 1854ko azaroaren 21a - Erroma, 1922ko urtarrilaren 22a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1914ko irailaren 3tik bere heriotza egunera arte.

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genoako Giuseppe della Chiesia markesaren semea. Jaiotzean Giacomo Giambattista della Chiesia izena jarri zioten. Bere ama ere Napoliko markes batzuen senidea zen.

Ikasketak eta lehen lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genoako Erret unibertsitatean zuzenbide zibila ikasten hasi zen, baina ikasketa horiek amaitu orduko seminarioan sartu zen. 1875ean doktoradutza lortu zuen. Erromako Capranica ikastetxera joan zen eta 1878an apaiztu zen Letrango San Joan basilikan. Erroman zegoela diplomazia, teologia eta zuzenbide kanonikoa ikasi zituen.

1882an Aulki Santuaren Gai Berezietako Kongregazioan sartu zen, eta ikasketak amaitzean, Madrila bidali zuten nuntzio. Bertan lan garrantzitsua egin zuen Espainia eta Prusiaren arteko gatazkan, Karolinei buruz.

1887an Erromara itzuli eta Vatikano Hiriko Estatu idazkaritzan sartu zen. 1899tik aurrera diplomaziako irakasle izan zen Erromako Eliz Nobleen Akademia Pontifikoan.

1907an Pio X.ak Bolognako gotzain izendatu zuen, eta 1914an kardenal.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kardinal izendatu eta hiru hilabetetara Pio X.a hil zen eta konklabeak della Chiesia hautatu zuen Aita Santu 1914ko irailaren 3an. Lehen Mundu Gerraren garaian eliza katolikoa zuzentzea egokitu zitzaion. Ezin izan zuen ezer egin gatazka saihesteko; horren ordez laguntza humanitario ugari burutu zituen. Elizaren neutraltasuna aldarrikatu zuen eta berriz horrelako gatazkarik ez bizteko egin beharreko pausoak zehaztu zituen.

Italiaren batasunaren aurkakoa zen arren, Versaillesko Konferentziara ordezkari bat bidali zuen, Tratatua babestuz. Frantzia eta Erresuma Batuarekin harremanak berrezarri zituen, baita Portugal eta Austria-Hungariako inperiotik sortutako estatu berriekin ere.

Pio X.aren garaian osatu zen Zuzenbide Kanonikoko Kode berria onartu eta indarrean jarri zuen 1917an. Urte berean, Ekialdeko Elizentzako kongregazioa sortu zuen Vatikanoaren barruan. 1919an indar gabe utzi zuen katoliko italiarrek Italiako politikan parte hartzeko zuten debekua, eta Luigi Sturzo animatu zuen Partito Popolare Italiano sortzeko, geroago Italiako Demokrazia Kristaua izango zena. Urte berean Maximum illud entziklikarekin misio jarduerei indar berezia eman zien.

Erroman hil zen, gripe izurrite baten ondorioz, 1922ko urtarrilaren 22an. Vatikanoko San Petri basilikako hilobietan hilobiratu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Benedikto XV.a Aldatu lotura Wikidatan