Paulo VI.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paulo VI.a
Paulus PP. VI
Paulo VI.a

1963 – 1978
Aurrekoa Joan XXIII.a
Ondorengoa Joan Paulo I.a
Jaiotzezko izena Giovanni Battista Montini

Jaiotza 1897ko irailaren 26a
Sarezzo, Brescia, Italia
Heriotza 1978ko abuztuaren 6a (80 urte)
Castelgandolfo, Italia
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra
Sinadura Paulo VI.a-ren sinadura

Paulo VI.a[1] (latinez Paulus PP. VI.), jaiotzez Giovanni Battista Montini (Sarezzo, Brescia, Italia, 1897ko irailaren 26a- Castelgandolfo, 1978ko abuztuaren 6a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1963ko ekainaren 21etik bere heriotza egunera arte.

Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giovanni Montini Sarezzon (Brescia, Italian) jaio zen 1897ko irailaren 26an, herriko nobleen familia batean. Bere aita abokatua zen, eta Italiako kristau-demokraziarekin lotura zuzenak zituen. Apaiz izateko asmoz, 1916an seminarioan sartu zen, eta ondoren hainbat ikastetxetan ibili zen: Unibertsitate Gregoriarrean, Erromako Unibertsitatean eta Accademia dei Nobili Ecclesiastici delakoan. Bertan jasotako hezkuntzak gaztetandik Vatikanoko kurian lan egitera eramango dute. Pio XI.aren garaian Vatikanoko Gai Orokorretako Ordezkoa izan zen eta Pio XII.aren garaian lanpostu berean jarraitzeko aukera izan zuen.

II. Mundu Gerra garaian Vatikanoko goi postuetan aritu zenez, kritikak jaso behar izan zituen Eliza Katolikoaren hierarkiak holokaustoaren aurrean izandako jarrera zela eta. Hala ere, Montinik zuzenduta, Vatikanoak lan egin zuen bereziki Erromako juduen askatasunaren alde, hauetariko asko Italiako konbentuetan ezkutatuz. Askoren ustez administratzaile soila izan zen, baina datuek erakusten dute Pio XII.aren gertuko kolaboratzailea izan zela.

Milango artzapezpiku[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pio XII.ak 1953an Italiako artzapezpikutzarik handienetako buru egin zuen. Zenbaitzuk harriduraz hartu zuten aldi berean kardinal izendatu ez izana, baina Vatikanoko iturrien arabera Montini berak uko egin zion kardinal izateari. Horrek ia ezinezko egin zuen 1958an Pio XII.a zendu zenean Montini bere ondorengo izatea. Hain zuzen, Angelo Giusseppe Roncalli hautatu zuten Aita Santu, Joan XXIII.a izenez. Honek kardinal izendatu zuen.

Aita Santutza aldi honetako gertaerarik garrantzitsuena Vatikanoko II. kontzilioaren hasiera izan zen. Joan XXIII.ak Eliza eguneratzeko beharra ikusi zuelako deitu zuen batzar berezi multzo hura. Montini, hasieratik, Joan XXIII.aren aliatua izan zen Kontzilioa aurrera eramateko asmoz.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963an Joan XXIII.a minbiziak jota hil zen eta konklabean bildutako kardinalek Montini aukeratu zuten Aita Santu. Honek Paulo VI.a izena jaso zuen eta hasieratik Kontzilioa aurrera eramateko nahia azaldu zuen. Ecclesiam Suam bere lehen entziklikan Eliza elkarrizketa bihurtu behar zela azpimarratu zuen.

Idazki garrantzitsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zalantzarik gabe, Paulo VI.ak idazki ospetsuak egin zituen karguan egon zen urteetan. Populorum Progressio, Humanae Vitae eta Sacerdotalis Caelibatus izan ziren bere entziklikarik sonatuenak.

Populorum Progressio entziklikan aurreko Aita Santuen irakatsi sozialak jaso eta eguneratu zituen. Testu honetan argi ikusten da justizia sozialaren beharra Munduaren antolakuntza berri bat eraikitzeko orduan.

Humanae Vitae entziklikan Aita Santuak jaiotza kontrola izan zuen mintzagai. Beste behin, antikontzepzio artifiziala gaitzetsi zuen eta, horren ordez, Jainkoaren Legean eta naturaren arauetan oinarritutako familia plangintza naturala defendatu zuen. Entziklika honek iskanbila handia sortu zuen Elizaren baitan; batzuk onuragarri zeritzoten bitartean, beste batzuk atzerapausotzat jo zuten, Aita Santuaren absolutismoaren adierazgarri.

Sacerdotalis Caelibatus entziklikan apaizen kastitate betebeharra berretsi zuen eta ordenaren sakramentua ezkontzarekin bateraezina zela aldarrikatu zuen.

Aita Santu erromesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulo VI.a historian lehen aldiz kontinente guztiak bisitatu zituen Aita Santua izan zen. Besteak beste, 1964ko urtarrilean Palestinara bidaiatu zuen eta bertan Jerusalemgo Artzapezpikuarekin batzartu zen.

Ospetsua izan zen, era berean, 1965ean NBEra (New York) egin zuen bisita eta Batzar Orokorrean egin zuen hitzaldia. Beste bidaia batzuk: Kolonbia, Uganda, Filipinak, Australia, Fatima, etab.

Zalantzaz beteriko Aita Santua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitzuk Paulo VI.ari zalantzaz betea izatea leporatu diote. Horren oinarrian Kontzilioaren garapenean izandako gorabeherak, Lefebre apaiz frantziar integristaren aurrean izandako jarrera eta Humanae Vitaeren ondoren sortutako zalapartaren ostean izandako zalantzak leudeke. Era berean, zenbait hitzalditan Aita Santutza uzteko asmoa azaldu arren, azkenean ez zuen erabaki hori hartu (askoren ustez, ingurukoek konbentzitu zutelako).

Hitzaldi eztabaidagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzilioa bukatuta, Paulo VI.aren zenbait hitzaldik kezka sortu zuten katolikoen artean, bereziki Elizaren egoera kezkagarritzat jotzen zuelako. Deabrua aipatzen zuen Elizan sartua zegoela, eta horrek Kontzilio ostean agertu beharreko egoera eguzkitsua lainotu zuela.

Gainbegirada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulo VI.ak bere Aita Santutza aldian era guztietako erasoak jasan behar izan zituen. Kontserbadoreenek liturgian egindako aldaketak sarraskitzat hartu zituzten eta liberalenek Humanae Vitae entziklika gaitzetsi zuten. Hala ere, ia guztiek onartu zuten Paulo VI.a bertute handiko pertsona izan zela, erabakiak luzaro pentsatu ondoren hartzen zituena eta, Eliza barnean zein kanpoan, asmo ederrak zituena: bakea, kristauen batasuna, herrien garapena...

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paulo VI.a Aldatu lotura Wikidatan
  • Paulo VI.aren entziklikak ingelesez, Vatikanoko webgune ofizialean (www.vatican.va).
  • Ecclesiam Suam (August 6, 1964) ([1])
  • Mense Maio (April 29, 1965) ([2])
  • Mysterium Fidei (September 3, 1965) ([3])
  • Christi Matri (September 15, 1966) ([4])
  • Populorum Progressio (March 26, 1967) ([5])
  • Sacerdotalis Caelibatus (June 24, 1967) ([6])
  • Humanæ Vitæ (July 25, 1968) ([7])

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]