Arabiar Liga

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: Coordinates: Missing latitude
Wikipedia, Entziklopedia askea

Arabiar Liga
Flag of the Arab League.svg
Emblem of the Arab League.svg
Datuak
Motaeskualde erakundea, political union (en) Itzuli eta nazioarteko erakundea
Jarduera
KidetzaUNESCO
Eskumendekoak
Agintea
LehendakariaAhmed Aboul Gheit (en) Itzuli
Egoitza nagusi
Osatuta
Historia
Sorrera1945eko martxoaren 22a
Sortzailea
Jasotako sariak
webgune ofiziala
Facebook: arab.league Twitter: arableague_gs LinkedIn: league-of-arab-states Flickr: 112725642@N04 Edit the value on Wikidata

Arabiar Estatuen Liga (izen ofiziala) edo Arabiar Liga (arabieraz: جامعة الدول العربية), Ekialde Hurbileko eta Magrebeko arabiar estatuak batzen dituen erakundea da. 1945eko martxoaren 22ean sortu zuten zazpi arabiar estatuk (Egipto, Irak, Transjordania, Libano, Saudi Arabia, Siria eta Yemen)[1]. Helburu nagusi hau du:

« Arabiar herrialde guztien ongizate orokorrarentzat bide izan, arabiar herrialde guztientzat izate hobeak ziurtatu, arabiar herrialde guztien etorkizuna bermatu eta arabiar herrialde guztien nahiak eta itxaropenak bete. »


Ligaren egoitza egonkorra Kairo hirian dago, Egipton. 1979tik 1989ra bitartean Tunisen izan zuen egoitza, Egipto erakundetik bota baitzuten. Aipatzekoa da organizazio honek ez duela lortu eskualdeen integrazio maila bereziki altua, eta erakundeak ez du mantentzen erlazio zuzenik bere barne diren estatuetako herritarrekin. Fundazioan idatzitako kartak deklaratzen duenez, Arabiar Ligak zeregin ekonomikoak, erlazio komertzialak, komunikazioa, kultura eta osasuna koordinatzen ditu.

Historia eta fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiar Estatuen Liga, edo Arabiar Liga, 1943an Egiptok egindako deialdi baten ondorioz sortu zen. Egiptok proposatu zuen arabiar herrialde guztiak bilduko zituen erakunde bat sortzea, beren interesak aldezteko, izan ere, Kairo zen britainiarren eskuti Ekalde Hurbileko erabaki ekonomiko zein militarrak hartzen ziren tokia. Garai hartan egoera nahasia zen Ekialde Hurbilean eta gainerako eremu arabiarretan (Bigarren Mundu Gerra, kolonien askatasuna, sionismoa, etab.)

Momentu hartan, estatu arabiar guztien egoera oso ezberdina zen, Irak eta Siriaren gobernuek herrialde arabiarren loturak indartu nahi zituzten bitartean, Libanon (biztanle kristau kopuru garrantzitsua) ez zegoen hain ondo ikusita mugimendu hori. Bestalde, Yemen, Saudi Arabia eta Egipton ordea, nahiz eta bizirik egon herrialde arabiarren elkartasun sentimendua, interes nazionalak lehenesten ziren.

Baina hala eta guztiz ere, ez zegoen zalantzarik gerrak gogor bultzatu zuela arabiar nortasun eta elkartasun sentimendua. Hori dela eta, Arabiar Liga sortzeko lehen saiakera egin zuten, britainiarren laguntzarekin (hauen eremuan influentzia ziurtatzeko).

Lehenengo zirriborro hartan, Irakeko eta Erresuma Batuko lehen ministroek bost puntu zehaztu zituzten, eta hauen baitan hartuko ziren gainerako erabaki guztiak:

  1. Juduei autonomia txiki bat emango zaie Palestinan.
  2. Irak eta Siria Handiak osatzen dute Arabiar Liga
  3. Siria Handiaren sorkuntza, Palestina, Siria, Transjordania eta Libanok osatua.
  4. Ligak batzorde bat izango du, administrazioa, gobernua, kanpo arazoak, defentsa, gai ekonomikoak eta gutxiengoen babesaz arduratu eta koordinatu beharko dituena.
  5. Libanoko maronitak erregimen pribilegiatu bat izango dute.

Elkartasun hori, Haxemien familiak zuzenduko zutela zehaztu zen. Baina lehen proiektu hark oposizioa indartsu bat izan zuen; komunitate judua alde batetik, Libanoko iritzi publikoa bestetik, siriako nazionalistak, hegemonia bat ezarri nahi zuten egiptoarrak, Hiyazeko erregea (Haxemien indarraren beldur)... Oposizioak proiektuaren porrota ekarri zuen beraz. Horregatik, Egiptoko Nabas presidenteak bigarren proiektuari ekin zion, integrazio maila baxuagua eskatzen zuen, eta ingelesen laguntza handiagoa. Bi konferentzi eman ondoren (Alexandrian 1944ean eta Kairon 1945ean) eta lan diplomatiko handiak egin ondoren, azkenean lortu zuten beraien helburua.

Egoera horretan sortu zen, beraz, Liga, arabiar herrialde zapalduen askatasuna lortzeko eta Palestinan estatu juduaren sorrera saihesteko. 1950. urterarte laguntza militarra eman zioten elkarri Ligako herrialdeek, baina gerora merkataritzan eta ekonomian nabarmendu zen elkartasun hori.

Bestalde, ekimen politikoak koordinatzeko edo elkarren arteko liskarrak konpontzeko gune gisa agertu zen hasieratik, baina huts egin zuen arabiar munduan ekimen bateratuak aurrera eramateko ahaleginean, herrialde bakoitzak bere interesak izaki. 1976an Palestinaren Askapenerako Erakundea onartua izan zen, eta handik bi urtera krisi larria gertatu zen erakundean, Egipto palestinarren etsai Israelengana hurbildu eta harekin Camp Davideko hitzarmena sinatu zuelako; gorabehera horren eraginez Egipto erakundetik egotzi zuten 1978an, baina 1987an arabiar buruzagiek berriro harremanak berreskuratu zituzten Egiptorekin, eta hurrengo urtean onartu zuten Ligan atzera.

1990eko hamarraldian Ekialde Hurbileko bake hitzarmenen bultzatzaile nagusia izan zen Arabiar Liga, eta nazioetako eta nazioarteko hainbat erakundetan arabiar munduaren interesen aldezle eta ordezkari izan zen. Horretarako ezinbestekoa izan zen Golkoko gerraren garaian Kuwaiten burujabetasunaren alde egin izana eta Estatu Batuak buru zituen nazioarteko koalizioaren alde agertu izana, Iraken erasoen aurrean.

Gaur egun Arabiar Ligaren lan aipagarrienak gizarte, kultura, ekonomia eta politikaren alorrean antolaturiko egitasmoak dira. Alde horretatik garrantzi handiko lana egiten ari da arabiar ondare kulturala babesten eta berreskuratzen, alfabetatze eta eskolatzearen alorrean, gizarteko zenbait arazoren kontrako lanean (droga…) eta emakumearen integrazioaren aldekoan. Bestalde, zenbait bitartekaritza eta lekuan lekuko hitzarmenak lortzeko lagungarri izan da, adibidez Arabiar Ekimen Ekonomiko Bateratua osatzeko, zeinetan jaso baitira erakundearen elkarlan ekonomikoaren oinarriak.

Egitura eta antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ligako herrialde guztiek osaturiko Kontseilua da erakundearen organo nagusia; herrialdeez gainera 15 batzordek osatzen dute Kontseilua, hainbat gairen inguruko (finantzak, ekonomia, komunikazioak, etab.) aholkularitzan dihardutenak.

Herrialde bakoitzak boto bana du eta gehiengoz hartzen dira erabakiak, nahiz eta botoa ematen duenak bakarrik bete behar dituen erabakitakoak. Bi bilera egiten dira urtean, gutxienez, eta bilkura bereziak egin daitezke bi kidek gutxienez hala eskatuz gero.

Kontseiluaren erabakiak aurrera eramateaz eta administrazioaz Idazkaritza Orokorrak du ardura nagusia, Idazkari Orokorra duela buru. Bost urtez behin hautatzen da idazkaria, Kontseiluaren eta idazkaritzaren bidez, eta zenbait alorretan eskumenak dituzten hainbat sailetatik (ekonomia, legegintza, politika) jasotzen du laguntza bere lana aurrera eramateko.

Hauek dira liga osatzen duten organismo garrantzitsuenak:

  • Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Arabiar Funtsa
  • Arabiar Batasun Ekonomikoaren Kontseilua
  • Erakune edo asoziazio arabeak
  • Arabiar Diru Funtsa
  • Idazkaritza Nagusia
  • Batzorde teknikoa

Kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiar Ligako kideak (eta onartze data):

2003. urtean Eritrea batu zitzaion erakundeari, begiraletzat.

Egiptok Israelekin erlazio diplomatikoak ezartzeak ekarri zuen herrialde hori kanporatzea 1979tik 1989ra bitartean.

Denboraldi baterako suspendituak izan diren kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an Egipto suspenditua izan zen Israelekin bake ituna sinatzeagatik, eta ligaren egoitza Kairotik Tunisera trasladatu zuten. 1987an Arabiar Ligak erlazio diplomatikoak berretsi zituen Egiptorekin, eta 1989an berriz ere kide izatera pasa zen, egoitza Kairora itzuli zutelarik.

2011ko otsailaren 22an, Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia (Libiaren izen ofiziala 1977-2011 bitartean) suspenditua izan zen, baina abuztuaren 27an berriz ere itzultzeko bozkatu zuten eta baiezkoa atera zen.

2011ko azaroaren 12an, baiezkoa atera zen Siria suspenditzeko eskubidea ematen zuen dekretuaren bozketan. Siriako gobernuak bertako herritarren kontrako biolentzia gelditzen ez bazuen kasuan, ligatik kanpo geratuko litzake Siria. Hala eta guztiz ere, Siriak modu berean jarraitu zuen, eta sufritzen ari zen krisi hura, 2012rako gerra zibila bihurtu zen. Gaur egun ordaindik, Siria ez da Arabiar Ligaren parte izatera itzuli.

Arabiar Ligako idazkari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Arab League from The Columbia Encyclopedia, 6th ed.» www.questia.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]