Michael Smith (kimikaria)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Michael Smith (kimikaria) Kanadar kimikaria, jatorriz britainiarra (Blackpool, Ingalaterra, 1932 - Kanada, 2000).

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia apal batean sortu zen, baina beka batekin, Arnold School eskola pribatuan sartu zen, eta gerora, ohorezko kimikako egitasmoan sartu zen, Manchesterko Unibertsitatean. 1953an graduatu zen, eta handik hiru urtera eskuratu zuen doktoregoa. 1956an bertan, Vancouverrera aldatu zen, Gobind Khorana zientzialariak erakarrita, eta Khoranaren lan-alorra biologiako molekula garrantzitsua zenez, nahiz eta hura Smithen lan alorra ez izan, horretan trebatu zen haren laborategian; zelularen jarduera genetikoan eragina duten, eta horrenbestez, biologian garrantzi handia duten molekula handien sintesiaren inguruko lanak egiten hasi zen. 1960ko hamarraldiaren hasieran tarte labur batez Estatu Batuetan egon ondoren, Kanadara itzuli zen berriro.

1966an Vancouverko Unibertsitatean hasi zen ikerketak egiten, eta Kanadako hiritartasuna hartu zuen. 1971tik 1972ra, Ingalaterrako Cambridge Unibertsitateko biologia molekularreko laborategian jardun zuen. Garrantzi handiko ikerketak egin zituen han, izan ere, ordura arte zientzialariek uste izan zuten gene baten baitan ezin zela aurrez erabakitako mutaziorik sortu; azido desoxirribonukleikoan mutazioak eragin ditzaketen eragileen bidez, zenbait eragiketa egin zitekeela bazekiten, baina Smithek metodo bat asmatu zuen, geneen bertsio eraldatuak xehetasun eta lastertasun handiz sortzeko aukera ematen zuena, eta metodo hori funtsezkoa izan da, automatizazioari esker, ingeniaritza genetikoan. 1993an, Kimikako Nobel Saria eskuratu zuen lan horiei esker, Kary B. Mullisekin batera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]