Harold Kroto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Harold Kroto.

Sir Harold (Harry) Walter Kroto (Wisbech, Cambridgeshire, Ingalaterra, 1939) kimikaria da. Sheffieldeko Unibertsitatean egin zituen Kimikako ikasketak. Doktoregoa lortu ondoren (1964), hiru urte eman zituen Kanadan eta Estatu Batuetan ikasketak sakontzen. Gero, eskolak ematen hasi zen Sussexko Unibertsitatean. 1991n, Royal Societyko ikerketaburu (Research Professor) izendatu zuten, eta lan horretan aritu zen 2001 arte.

1970eko hamarraldian mikrouhinen espektroskopiako ikerketak egin zituen. Irrati-astronomia baliatuta espazioan sortzen diren molekulen ibilbideak aztertu zituen; batez ere, karbono eta nitrogenoko kate luzeko molekulak interesatzen zitzaizkion. Krotoren ustez, kate horiek karbono-izarretan eratzen ziren, hau da, karbono ugariko izar erraldoien eguratsetan. Kroto kate horiek sortzen ziren kondizioak antzeratzeko modua bilatzen ari zen.

1985ean, Houstona (Texas) joan zen, Riceko Unibertsitatera. Han, bere lagun bat, Robert F. Curl, Riceko beste katedradun Richard E. Smallyrekin batera, azken honek diseinatutako laser berezi bat frogatzen aritu zen, gaiak lurrun bihurtzen eta atomoen agregatu txikiak (cluster direlakoak) sortzen. Karbono-clusterrak sortu zituzten grafitotik, heliorekin nahastu zituzten gero, eta hutsa egindako ganbera batean hozten utzi. Clusterrak aztertzean, karbono-kate luzeen ordez, karbono-atomoen egitura itxiak eta simetrikoak aurkitu zituzten, 60 atomokoak. Karbono-molekula berriak (C60) futbol-baloiaren antzeko egitura zuen, bai eta Bukminster Fuller estatubatuar arkitektoaren kupula geodesikoen antza ere. Kroto eta haren lankideek bukminsterfulereno izena jarri zioten. Aurkikuntza horregatik, hau da, grafitoa eta diamantea ez bezalako karbono-mota berria aurkitzeagatik, Krotok, Smalleyk eta Curlek Kimikako Nobel saria jaso zuten 1996an.

2002tik 2004ra bitartean, Royal Society of Chemistry erakundeko presidente izan zen.

2010eko irailean, Krotok, beste 54 pertsona ospetsurekin batera, The Guardian egunkarian argitaratutako gutun ireki bat sinatu zuen, Benedikto XVI.a aita santuak Britainia Handira egin behar zuen bisitaldiaren aurkakoa iritzia agertzeko.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harold Kroto Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]