Frank Sherwood Rowland

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
F. Sherwood Rowlanden erretratua

Frank Sherwood Rowland (Delaware, Ohio, 1927ko ekainaren 28aNewport Beach, Kalifornia, 2012ko martxoaren 10a) estatubatuar kimikaria izan zen. Chicagoko Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa, 1952. urtean. Ondoren irakasle jardun zuen Princeton eta Kansasko unibertsitateetan, eta Kaliforniako Irvin Unibertsitateko kimikako katedra eskuratu zuen 1964an. Handik hogeita hamar urtera, 1994an, unibertsitate hartako Donald Bren ikerketa-katedra lortu zuen. Rowland eguratseko kimikan eta erradiokimikan aditua da, eta Mario Molina lankidearekin batera hozkailuetan, sprayetan eta abarretan erabiltzen diren klorofluorokarbono industrialek (CFC) ozono-geruza kaltetzen dutela aurkitu zuen. Aurretik Paul J. Crutzenek oxido nitrosoa eguratseko geruza gorenetara igo eta ozonoa hondatzen zuela aurkitu zuen bezala, Molinak 1973an iragarri zuen CFCekin ere gauza bera gertatzen zela. Harrezkero gai horrek ozono-molekulen egonkortasunean duen eragina aztertzeko ikerketak egin zituzten Rowland eta Molinak, eta ondorio hau atera zuten: CFC molekulek egonkor irauten dute eguratseko geruza beherenetan, baina goialdera igo ahala argi ultramorea xurgatzen hasten dira, hautsi egiten dira eta kloro-atomoak sortzen dituzte, eta kloro-atomoek, berriz, kalte egiten diete ozono-molekulei. Zientzietako Nazio Akademiak oniritzia eman zion bi ikertzaileon lanari, eta horrela hasi zen mundu guztian CFCak debekatzeko kanpaina, 1985az gero bereziki indartu dena, britainiar ikertzaile batzuek Antartika inguruan ozono geruzaren % 40 hondatuta dagoela aurkitu zutenez gero. 1995ean, Kimikako Nobel Saria eman zieten Rowland, Molina eta Crutzeni ozono-geruzaren hondamenaz egindako lanengatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]