Katxola baserria
Katxola baserria | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°17′30″N 1°59′27″W / 43.29168°N 1.99076°W |
Ondarea | |
EJren ondarea | 1245 |
Katxola Donostiako Aiete auzoan dagoen baserria da, Miramoneko parkean. Geratzen diren baserri-sagardotegi barroko gutxietako bat da Katxola Berri. Baserri mota hau sagardoa egiteko instalazio familiarra da eta diseinu berezia du, bere ekoizpen-espezialitate bereziari egokitua. Beraz, bitxia da oso, tipologiari dagokionez.
1996ko uztailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baserria XVII. mendearen bigarren erdian eraiki zuten, eta baserri-lanetan aritzeaz gain, sagardoa ere ekoizten zuten etxekoek. Katxola zen, Igartubeiti baserri museoarekin batera, Gipuzkoan osorik irauten zuen dolare-baserri bakarrenetako bat[1].
1917. urtera arte, Katxolak baserri gisa funtzionatzen jarraitu zuen, baina orduan sagardotegi bilakatu zuen, Aieteko auzoko Munto eta Oriamendi sagardotegiak bezala. 1940an itxi zen sagardotegia.
Ondare izendapena jaso ondoren, 1999ko azaroaren eta 2000ko abenduaren artean, baserriaren eraikina harriz harri desmontatu eta lekualdatu egin zuten, Oriamendi pasealekuan zeukan posiziotik 200 bat metrora, Paradisu kalera[1][2].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinaren oinplanoa laukizuzena da. Altuerari dagokionez, bi solairu eta estalki azpia ditu eta teilatua bi isurkikoa da, gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikular duelarik.
Alboko eta atzeko fatxadak eta fatxada nagusiaren beheko solairua zarpeatutako harri-horman apareilatzen dira. Azkenari dagokionez, goiko aldea agiriko egurrez eta adreiluz egindako bilbadura batez osatzen da eta eskantzuetan, baoetan eta kontrahormetan silarria du.
Fatxada nagusiak, zeinen markoa kontrahormek osatzen duten, lau bao-ardatz ditu. Beheko solairuan ataburudun sarrera dago, fatxadaren ardatzarekiko dezentratua, eta hiru bao lehioburudun, denak silarriz eginak. Lehenengo solairuan, erdiko ardatzetan, balkoi kareldunak ditu, eta ertzetan zurezko barlasaidun bao lehioburudunak. Goiko aldean aireztatzeko bi bao karratu daude.
Egituraren aldetik, eraikinaren banaketa ohikoa da, hau da, aurrealdea etxebizitzarako eta atzealdea nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerarekin lotutako instalazioetarako. Hain zuzen ere, eraikina definitzen duen oinarrizko elementua lehenengo solairuko atzealdean dagoen dolarea da. Presa laukizuzena da, zoruan sartua eta habe lodiz egindako solairua duena.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Aiete ez da lo-auzo bat» Irutxuloko Hitza 2019-10-10 (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- ↑ «Hogei urte bete dira Katxola baserria lekualdatu zutenetik» Irutxuloko Hitza 2019-07-02 (Noiz kontsultatua: 2019-10-11).
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |