Kretazeoa
Kretazeoa | ||||
---|---|---|---|---|
Kretazeoa | ||||
Kronologia | ||||
Hasiera | duela 145 milioi urte | |||
Amaiera | duela 66 milioi urte | |||
Honen parte da | Mesozoiko eta ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) | |||
Osatuta | Kretazeo berantiar Kretazeo Goiztiar | |||
Etimologia | ||||
Honen izena darama | klera | |||
|
Kretazeoa Mesozoikoko azkeneko garaia da. Orain dela 145,4 ± 4,0 milioi urte hasi zen eta orain dela 65,5 ± 0,3 milioi urte bukatu.[1][2] Normalki bi epetan banatzen da, Kretazeo Goiztiar eta Berantiar izenekin. 80 milioi urteko iraupena du eta Fanerozoikoko garairik luzeena da. Beraz Zenozoiko osoa baino luzeagoa da.
Bere izena latinezko cretatik dator, hau da, klera. 1822an Jean d'Omalius d'Halloyk izendatu zuen, Parisko arroaren estratuetan oinarriturik.[3] Bizitzak itsaso eta lurrean gaur egun dauden forma batzuk eta antzinako beste batzuk nahasten zituen. Garaiaren hasieran ez da oso zehatza, baina bukaerakoa bai, iridioa erruz dagoen estratu batekin lotzen delako. Dirudienez, Yucatán penintsulan (gaur egungo Mexiko) erori zen meteorito batek sortu zuen geruza hau eta mundu osoan ikusgarria da, adibidez Zumaian, Euskal Herria. Geruza honi K-T muga deritzo. Dirudienez talka honek garai honen bukaeran egon zen iraungitze masiboa sortu zuen, besteak beste dinosauroekin bukatu zuena. Aurreko garaia Jurasikoa da eta hurrengoa Paleozenoa.
Kretazeoaren erdialdean sortu ziren gaur egun ezagunak ditugun petrolio erreserben % 50 sortu ziren, batez ere Mexikoko golkoan, Persiar golkoan eta Venezuelan daudenak.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kretazeoa bi zatitan eta 12 estaietan banatzen da:
|
|
Paleogeografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kretazeoan itsas maila denbora guztian goraka joan zen, ahalik eta inoiz egun den mailarik altuena lortu arte. Kretazeoaren aurretik basamortu ziren hainbat leku urez estalitako lautada bilakatu ziren. Itsas-mailaren punturik gorenean lurraren azaleraen %18a baino ez zegoen itsas-mailaren gainetik, gaur egun dagoenaren %10 gutxiago.
Pangea superkontinentea, Mesozoiko osoan zehar zatitzen joan zen gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak emateko. Kretazeoaren hasieran bi superkontinente zeuden: Laurasia eta Gondwana, Tethis itsasoak bereizirik. Kretazeoaren bukaeran gaur egungo itxura hartzen zihoazen jada. Plaken tektonika zela eta kontinenteen arteko bereizketa geroz eta handiagoa zen eta koralezko uharriak sortu ziren itsaso berri horietan, sakonera eskasa baitzuten.
Jurasiko goiztiarrean faila sistema batek Europa, Afrika eta Amerikak bereizi zituen.[4] India eta Madagaskar geroz eta urrunago zeuden Afrikako kostaldetik. Indian Kretazeoa eta Paleozenoa bitarte bulmanismo gertaera garrantzitsu bat eman zen. Antartika eta Australia oraindik elkarrekin zeuden, baina gutxinaka Hego Amerikatik urruntzen joan ziren, ekialderantz. Honek itsas-bide berriak sortu zituen eta itsas-bide horiek geroago Ozeano Atlantikoa, Karibe itsasoa eta Indiako ozeanoa bilakatuko ziren.
Atlantiarra handiagotzen zen bitartean Nevadar orogenia eta Laramidar orogenia eman ziren Ipar Amerikan. Ipar Polotik Yucatanera ur masa handi bat zegoen. Beste itsas bide bat zegoen Afrikan gaur egungo Sahararen gainean. Tetis itsasoaren maila ere iego zen Britainia Handia, Erdialdeko Europa, Eskandinaviako hegoaldea eta Errusia estaldu arte.
Guzti honen eraginez lurrean gutxienez 12 lur eremu zeuden, bakoitzak berezkoak ziren flora eta faunarekin. Hauetariko klado batzuen eboluzioaz gaur egun lurrean dugun dibertsitatea sortuko zen geroago. 50ºko latitudea baino handiagoa zuten eremuetan ikatz metakin handiak sortu ziren eta Tetis itsasoan petrolioa sortuko zuten hainbat izaki planktoniko zeuden.
Kretazeoa Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kretazeoa da Euskal Herrian arroka bolumen handiena ematen duena. Kretazeoaren hasieratik Eozenora leku batzuetan 10.000 metro sedimentu metatu ziren eta beste batzuetan 2.000. Hau subsidentzia ezberdintasunengatik da, baina hala ere oso bolumen handia da.[5]
Garai honetan itsas-hondoak sakonera txikikoak ziren eta klima epela zegoen. Koral uharri handiak sortu ziren ekialde-mendebalde norabidean. Kareharri urgoniar izenarekin ezagutzen dira eta horiek orain dela 120 milioi urte inguru hasi ziren sortzen. Kareharri urgoniarrak agertzen diren mendi nagusiak Aralar, Aizkorri, Ernio, Izarraitz, Anboto, Gorbeia, Udalaitz... daude.[6]
Garai honen hasieran hegoaldean Iberiar kontinentea zegoen eta delta eta zingira ugari sortu ziren Euskal Herritik hegoaldera. Errioxan dinosauro lorratzak aurkitu dira garai honetan. Arabako Gatzaga Buradon eta Urizaharra herrietan, mundu eremuko garrantzia duten anbar ustiategiak aurkitu dira. Orain dela 120-130 milioi sortu ziren eta bi biotopo ezberdinen adierazgarri dira. Urizaharrakoa hondartza bateko ingurunea litzateke eta Gatzaga Buradongoa lur-barnekoa.[7]
Bulkanismoa ere eman zen garai honetan eta eusko-kantauriar arroaren erdialdean sumendi ilara bat sortu zen. Ilara horrek bi lerro nagusi zituen: alde batetik Zumarraga, Elosu, Elorrio eta Durangokoa eta bestetik Zumarraga, Elosu, Soraluze, Eibar, Markina, Fruiz eta Mungiakoa.[6]. Hauetatik sumendiren bat ur-azpitik atera zen eta errautsak barreiatu, Deban ikus daitezkeen geruza txikiek adierazten duten bezala. Beste lekueta pillow-laba izeneko formazioak agertu ziren. Fruizen laba kolada handi batek zutabe disjuntzioa jasan zuen eta basalto hexagonoak agertzen dira. Hiru Formazio ezberdin aurkitzen ditugu:[8]
- Errigoiti Formazioa
- Gernika eta Mungian agertzen da. Pillow-labaz, laba-koladaz eta sedimentu bulkanoklastikoz osatua dago. guztira 5 sekuentzia bolkanikok osatzen dute.
- Barinaga Formazioa
- Bizkaiko Sinklinorioaren ekialdean agertzen da eta 2.500 metroko lodiera izan dezake. Errigoiti formazioaren antzekoa da, baina askoz intrusio gehiago ditu.
- Astrabudua Formazioa
- Zamudio eta Getxo artean agertzen da eta 650 metro arte eduki ditzake. Koladak eta pillow-labak agertzen dira.
Goi Kretazeoan batez ere tupak eta buztinak metatu ziren Euskal Herrian. Materia organiko ugariko itsasoak ziren, sakonera eskasekoak eta klima epelekoak. Horregatik bertan belakiak, ammoniteak, moluskuak eta itsas triku ugari zeuden (ugarienak Micraster eta Echinocorys motakoak)[6]. Fosil hauek erruz agertzen dira Ameskoetako San Martin herrian eta bertan galbarro hitza ematen zaio. Sakanan eta Arabako Lautadan ere agertzen dira. Kostako labarretan, Debatik Zumaiara doazenetan, adibidez, fosil ugari aurki daitezke garai honetatik.
Kretazeoaren amaieran itsas-mailaren igoera bat eman zen eta tupa zein hareharri turbiditikoaren txandakapenak eman ziren. Honi flysch izena ematen zaio eta Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeetan oso ugariak dira. Flysch hauetan ammonite, belemnite eta inozeramideak daude.
Paleoklimatologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenperaturek gora nabarmen egin zuten kretazeoan, ahalik eta orain dela 100 miloi urte gorena jo zuten arte. Garai horretan ez zegoen itzotzik poloetan. Sedimentuen arabera itsaso tropikaletako uren tenperatura gaur egungoa baino 9°Ctik 12 °C-ra beroagoak lirateke. Itsas ondoetan, baina tenperaturak gaur egun baino 15-20 °C altuagoak lirateke.[9] Hala ere planeta osoako tenperatura ez litzateke Triasikoan edo Jurasikoan baino askoz beroagoa, baina Poloetatik Ekuatorerainoko tenperaturen arteko gradiantea leunagoa litzateke. Honen eraginez aire korrenteak ez ziren hain garrantzitsuak eta ondorioz itsas korronteak ere leunagoak ziren. Honen erakusgarri dira metatutako arbel bolumen handiak.[10] Kretazeoaren erdialderantz tenperaturak hoztuz joan ziren eta garaiaren bukaeran 10 bat gradu zentigrado jaitsi ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Overview of Global Boundary Stratotype Sections and Points (GSSP's), Status on 2007.
- ↑ International Stratigraphic Chart, 2008
- ↑ (Errusieraz)(1974) Great Soviet Encyclopedia, 3rd ed., Moscow: Sovetskaya Enciklopediya, vol. 16, p. 50.
- ↑ Canudo, J. I. 2006. La ambigüedad paleobiogeográfica de los dinosaurios ibéricos durante el Cretácico Inferior. (Colectivo Arqueológico-Paleontológico Salense, Ed.): Actas de las III Jornadas sobre Dinosaurios y su Entorno. 21-45. Salas de los Infantes, Burgos, España.
- ↑ J. AROSTEGUI, M.C. ZULUAGA, F. VELASCO, M. ORTEGA-HUERTAS eta F. NIETO DIAGENESIS OF THE CENTRAL BASQUECANTABRIAN BASIN (IBERIAN PENINSULA) BASED ON ILLITE-SMECTITE DISTRIBUTION. Clay Minerals (1991) 26, 535-548
- ↑ a b c Euskal Herriko historia geologikoa
- ↑ Un segundo yacimiento de ámbar sitúa a Araba como puerta del Cretácico Inferior. Gara. 2007-03-08[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ CASTAÑARES, L.M.; ROBLES, S. El vulcanismo del Albiense-Santoniense en la Cuenca Vasco-Cantábrica. in Geología de España. J. M. Vera ed.
- ↑ "Warmer than a Hot Tub: Atlantic Ocean Temperatures Much Higher in the Past" PhysOrg.com. Retrieved 12/3/06.
- ↑ Stanley, pp. 481-2
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mesozoikoa | ||
---|---|---|
Triasikoa | Jurasikoa | Kretazeoa |