Inauteri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Inauteriak Alemanian

Inauteriak bereziki Europan eta Amerikako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera jendeka mozorroturik ospatzen dituen jaiak dira, desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan, kantuz eta dantzan, murgilduz. Inauterien ezaugarri bereziak dira, beste jaien aldean, umore, parodia eta satira-giroa, gizarte ordena urratuz eta alderantzikatuz. Jai hauetako giro alai eta bizia islatzearren, inauterietako adituek "denbora kartsu bizia" eta "jaien jaia" erabili dituzte euren definizioetan[1]. Historikoki, Erromatar Eliza Katolikoaren eta Eliza Ortodoxoaren tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, barau eta pribaziozko Garizumaren aurretik ospatzen baitira, baina zenbaiten ustez paganismoan daude sustraiturik.

Eduki-taula

[aldatu] Jaiaren izenak eta jatorria

Inauteriak ospatzen diren herrialdeetako hizkuntza gehienetan izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa karnabala da[2]. Euskal Herrian, ordea, inauteriak, inauteak, ihoteak eta aratusteak deitzen zaie jai horiei; bestelako izen bereziak erabili izan dira, hala nola Lapurdin eta Nafarroan zanpantzarrak (jaietako pertsonaiari erreferentzia eginez) eta Gipuzkoan asteartinak (inauterietako astearteari erreferentzia eginez). Espainian, carnestolendas eta antruejo terminoak ere erabili izan dira, bereziki inauteri tradizional zenbait izendatzeko.

Hainbat adituen iritziz, Saturnalia eta Lupercalia erromatar jaiekin daude loturik. Garai hartan askatasun osoarekin lotzen ziren jai horiek, izan ere, bertan herri ordenaren iraultzea baimentzen zen. Beste batzuen arabera, udaberriaren hasierarekin lotzen dituzte, eta, beraz, jai hauek duten kutsu kristaua ondorengo bilakaera bati zor zaio. Inauterietan izaki mitologiko gaiztoak uxatzen ziren eta zarata handia ateratzeko baimena zegoen. Kristautasunak jaiak bereganatu eta jaiaren mugak jarri omen zituen: Aste Santua baino 40 egun lehenago hasita eta haragia uzteko debekua hasten zen egunean bukatuta (hausterre-eguna).

Jatorria aztertzeko, nazioartean inauteriak izendatzeko erabili ohi den karnabal terminoaren etimologiari ere erreparatu zaio. Batzuen arabera, antzinako erromatarrek Isis jainkosaren omenez egiten zuten currus navalis izeneko desfiletik dator; horrela, erromatar jatorriaren hipotesia indartu egiten da. Egun, ordea, carne levamen edo carnisprivium Erdi Aroko latinezko adierazpenen jatorria hobesten da, Garizuman haragi-jatearen debekuari erreferentzia egin eta kristau jatorriaren hipotesia baieztatzen dituena.

Euskal Herrian, zaratarekin lurra esnatzeko deia zegoela uste izan da eta horregatik ereite jai batekin harremandu da inauteria askotan. Horren adibideak ikusi ahal dira Sakanako inauterietan: (Olaztin zimaurra botatzen da gurdi batetik eta Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Ituren eta Zubietan, berriz, joaldunak ateratzen dira, zarata eginez, erritmo jakin bati jarraiki. Hainbat herritan,pertsonaia doilor jakin bat egiten da erru kolektiboaren petzero, esaterako, Arabako Porretero izeneko pertsonaia, zeina epaitu eta putreek jan dezaten errekara botatzen den.

[aldatu] Inauterien denbora

Inauterien jaiak mugikorrak dira egutegian; hau da, urte batetik bestera data zehatza aldatu egiten da, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia harturik. Oro har, inauteri jaiak Garizuma abiatzen den aurreko astean hasi eta Garizuma hasierako hausterre-egunaren bezperara arte luzatzen dira, munduko hainbat lekuetan Mardi Gras moduan ezagutzen den hurrengo asteko asteartera arte hain zuzen; bestela esanda, Pazko aurreko zazpigarren igandea da inauteri-igandea. Toki batzuetan hurrengo asteburuan ere ospatzen dira inauteriak, Garizuma hasita dagoela, piñatako inauteriak izenarekin, Algortan, Altsasun, Bilboko Santutxu auzoan, Altzan eta Errenterian. Beste batzuetan, ordea, lehenago dira: Zubietan eta Iturenen esaterako, inauteriak urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean ospatzen dira.

Izan ere, batzuen arabera, Eguberrietatik Garizuma bitartean ospatzen diren neguko jaiak ere (Epifania, Kandelaria, San Blas jaia, Santa Agata jaia, besteak beste) inauterien zikloaren baitan daude. Hori baino lehenago gertatzen diren jaia zenbaitek ere, Lazkaoko San Nikolas jaia esaterako, non haurrak apezpiku bilakatzen diren, inauterietako ezaugarriak dituzte.

Claude Gaignebet etnologoak ohartarazi zuenez, Kandelaria egunean, otsailaren 2an hain zuzen, goizenera, inauteriak hasten dira; era horretan, Eguberritik otsailaren 2ra arte, 40 eguneko edo ilargi t'erdiko zikloa dago, inauterien zikloko jaiek betetzen dutena eta Garizumak 40 eguneko beste ziklo batez jarraipena ematen diona; horrela, urtea 40 eguneko ziklo baten arabera antolatzen da. Inauteri jaien data mugikorra da, ordea, eta ez da beti gertatzen otsailaren 2an: Pazkoa udaberriko lehenengo ilargi betea da eta, beraz, inauteria neguko azken ilargi berria da. Beraz, otsailaren 2ko data finkoa (eguzkiaren egutegia) ilargiaren egutegira egokitu behar da. Hipotesi baten arabera, Kandelaria eguna neguaren eta, beraz, denboraren bilakaeraren erreferentzia gisa baliatzea dakar horrek; adibidez, Europa osoan zabaldurik dagoen tradizio baten arabera, hartza otsailaren 2an bere ezkutalekutik zerua behatu eta iluna badago (ilargi berria eta, beraz, ospatu egingo da inauteria), atera egingo da; argia badago (ilargi betea), berriz, beste 40 egunez itxarongo du (inauteria bezalaxe)[3][4].

[aldatu] Inauteri tradizionalak eta hiriko inauteria

Inauteri tradizionalaz gainera, hiri-inauteria ere badago, Errenazimentu eta Aro Modernoko burgesiak eta klase aberatsek exhibizionismotik eta handinahikeriatik bultzatu zutena, agerpen eta desfile nabarmen eta luxuzkoak eginez.

Euskal Herrian eta beste zenbait eskualdetan, nabaria da herri txikietan izaten diren ihauteri tradizionalen eta hiriko inauterien arteko aldea. Inauteri tradizionalak herri bateko nortasuna eta kultura islatzen dituzten jai biziak diren bitartean hiriko inauteriak ikuskizun eta erakustaldi hutsak izaten dira. Izan ere, inauteri tradizonalen ezaugarria herriaren parte hartze zuzena, autoantolakuntza eta bapatekotasuna dira; aldiz, hiriko inauteriak modu ofizialean antolaturiko desfileak eta bestelako ekitaldiak dira nagusi. Batzuen ustez, inauteri tradizionalak galdu egin dira; esaterako, Julio Caro Barojaren hitzetan: "Inauteria hil egin da, hil egin da, eta ez urtero berpizteko garai batean bezala"[5].

[aldatu] Inauterietako ekintzak

Egun hiri inauterietako osagai nagusiak mozorroa, musika eta dantza badira ere, inauteri tradizonaletan ekintza-esparru zabalagoa zegoen: txantxak, zarata sortu, eltzeak puskatu, elkarri ura, zahia, irina eta beste gauzak bota, puxikaz eta makilez jo, txakur eta katuen buztanei gauzak lotu, oilarrekin jolastu, etxez etxeko eskeak egin ondoren oturuntzak, iseka egin, irainak bota, sekretu eta zurrumurruak zabaldu eta abar.

[aldatu] Inauteriak munduan zehar

[aldatu] Euskal Herria

Sakontzeko, irakurri: Inauteriak Euskal Herrian
Unanuko mamuxarroak.

Euskal Herrian inauteriek tradizio luzea dute. Hala ere, Hego Euskal Herrian, Francoren diktadurak jai hauek debekatu eta galzorian jarri zituen. Nafarroan, ordea, gehienek jarraipena izan zuten garai hartan Udaberri jaiak izena hartuta.

Gipuzkoan Tolosa (ikus Tolosako inauteriak) eta Donostian dute ospe berezia eta biak ala biak inauteri hiritarrak dira. Inauterietako ohiko denboratik at, Ituren eta Zubietako inauteriak ospatzen dira, Donostian ere artzaiak eta inudeak izeneko jaia ospatzen da otsailaren hasieran.

Zuberoan Maskaradak izaten dira garai honetan. Maskarada bi taldetan banatuta dago, beltza eta gorria. Bigarrena guztiz ordenatua da eta bertan dantzari finek hartzen dute parte. Lehenengoa zikina eta baldarra da. Lantz, Zalduondo eta beste herri txikietako inauteri tradizionalak ere ospetsuak dira. Antzuolan sorgin dantza izeneko dantza gorde da, non mutilak neskaz mozorrotzen diren. Enkarterrin Carrascoliendas zuten izena eta parte-hartzaileek oilar beltz bat eskuan, koplak abesten zituzten oilar beltzaren historia eta orduko kontuei buruz[6].

[aldatu] Espainia

Espainian oso ezagunak dira Cádiz eta Tenerifeko inauteriak. Cádizen chirigota izeneneko kantari taldeak agertzen dira eta mozorrotuta joateaz gain umorezko kritika soziala egiten dute kantuz. Tenerifen desfilea da ekitaldi kusgarriena, Rio de Janeiroko inauteriaren antzera. Hiri-inauteri horietaz gainera, inauteri tradizionalak baduade; esate baterako, zamarrón izeneko pertsonaia arrunta toki askotako inauterietan.

[aldatu] Frantzia

Mende askotan zehar Parisko inauteriak famatuenetakoak izan baziren ere, XX. mendean zehar bertan behera geratu ziren, harik eta XX. mendearen bukaeran arrakasta handiz berreskuratu ziren arte. Ospetsuak dira, orobat, Dunkerque, Annecy, Granville eta Limoux hirietako inauteriak. Karibeko Martinika eta Guapalupeko inauteriak bertako inauterien ezaugarriak dituzte.

[aldatu] Italia

Veneziako inauteriak dira Italia osoan ezagunenak. 1268tik ospatzen dira, gutxienez. XVII. mendeko jantzi landu eta ikusgarriekin mozorrotzen dira, maskara landuekin.

[aldatu] Erresuma Batua

Londresko Notting Hill auzoan milioi bat eta erdi pertsona biltzen dituen desfilea ere egiten da. Bertako Karibeko immigranteek ekarritako inauteria da eta Brasilgo inauterien antzekoa da.

[aldatu] Ameriketako Estatu Batuak

Bereziki frantziar kolonizazioan jatorri duten inauteriak ospatzen dira hiri batzuetan, Mardi gras izenarekin. Ospetsuena New Orleans hiriko inauteria da, baina beste hiri batzuetan ere ospatzen dira, hala nola Mobile eta Pensacolan.

[aldatu] Brasil

Brasilgo inauterietako karroza ikusgarri bat.

Munduko inauteri ezagunenak dira, bereziki Rio de Janeiroko inauteria. Han, karroza landu eta koloretsuekin desfile ikusgarriak egiten dira, samba musikaz dantza eginez etengabe.

[aldatu] Erreferentziak

  1. Julio Caro Baroja eta Josefina Roma emandako definizioak. Ikus: (Gaztelaniaz) Prat i Carós, Joan (1993), «El carnaval y sus rituales: algunas lecturas antropológicas», Temas de antropología aragonesa, http://antropologiaaragonesa.org/pdf/temas/4.14_El_carnaval.pdf .
  2. Euskaraz mailegu moduan harturik; ikus (Euskaraz) Orotariko Euskal Hiztegian karnabal sarrera; Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ordea ez da agertzen. Googleren bilatzailean guztira 216.000 sarrera agertu ziren 2012ko otsailaren 14an karnabalak bilaketa-terminoa sartuta. Carne levare latinezko esamoldetik omen dator (haragia utzi, alegia), ikus: (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio (1979), El Carnaval. Análisis histórico-cultural, 33-35. orr. ; eta hortik gaztelaniaz carnaval, frantsesez carnaval, ingelesez carnival, alemanez karneval eta italieraz carnevale, besteak beste.
  3. Euskaraz badira esaerak Kandelaria eguneko erreferentzia aipatzen duten esaerak: Kandelario bero (argia, beraz), negua dauko gero; Kandelario hotz (iluna, beraz) , negua joan da motz esaeran
  4. (Gaztelaniaz) Gaignebet, Claude (1984), El Carnaval, 13-14, 20-24. orr. 
  5. (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio (1979), El Carnaval. Análisis histórico-cultural, 25. or. 
  6. «Las «carrascoliendas» volverán a cantarse setenta años después», Gara, 2011-3-11, http://www.gara.net/paperezkoa/20110311/252960/es/Las-carrascoliendas-volveran-cantarse-setenta-anos-despues 

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Inauteriak
Wikiesanak
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Inauteriak
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak