Enontekiöko geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskandinaviako muga hirukoitza.
Saana mendixkako paraje izugarriak.

Enontekiöko geografia Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dagoen Enontekiö udalerriaren geografia da. Enontekiök Könkämäeno eta Muonionjoki ibaiek ingurune natural berezi bat osatzen duten Treriksröseten Norvegia eta Suediarekin egiten du muga. Inari, Kittilä eta Muonio udalerriak dira bere bizilagun finlandiarrak. Gutxi gorabehera 1.900 lagun dauzka Enontekiök 8.359,28 km²-ko azaleran (zazpi aldiz Gipuzkoa osoa), eta honek, dentsitate txikieneko Finlandiako bigarren udalerria bilakatzen du Savukoski ostean. Herrialdeak irudimenaren laguntzaz emakumezko itxura daukanez, Finlandian Käsivarsi (besoa) bezala ezagunagoa da, herrialdearen emakumezko pertsonifikazio horren eskuineko besoaren itxura baitauka.

Azalera guztiaren %80a baino gehiago, babestutako eremuek osatzen dute; haien artean aipatzekoak dira Käsivarsi Eremu Basatia, Malla Natura Erreserba Hertsia eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dago, 200-300 bat km; honenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak oso ohikoak dira. Lehenengoan, eguzkiak udalerriaren zerua betetzen du maiatzaren 22tik uztailaren 23ra eta bigarrenean aldiz, iluntasuna nagusitzen da abenduaren 2tik urtarrilaren 11era. Klima subartikoa da nagusi udalerrian eta ondorioz, tenperatura leunak jasaten dituzte udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen baitituzte. Samitarrek antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan zortzi urtaro bereizten dituzte: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora Borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan, hala nola, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da [1].

 
2013ko Enontekiöko klima datuak[2][3]
Hetta
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -1 3 1 7 27 26 25 22 19 12 0 5 12,1
Batez besteko maximoa ºC -7,9 -6 -7,7 1,2 11,7 16,4 17,5 16,9 11,5 2,2 -4,5 -5,9 3,8
Batez bestekoa ºC -12,3 -10 -13,5 -2,7 7,9 12,6 13,4 12,4 8,6 -0,7 -7,9 -9,7 -0,1
Batez besteko minimoa ºC -17,2 -15 -21,7 -8,7 2 7,9 8,2 6,8 4,8 -3,9 -12,4 -13,3 -5,2
Minimoa ºC -35 -32 -35 -27 -8 1 4 -1 -3 -14 -25 -39 -17,9
Prezipitazio-egunak 30 22 23 19 21 17 20 22 24 25 24 29 266
Kilpisjärvi
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2,6 2,8 0 6,5 26,1 23,5 24,2 21,9 17,9 10,3 1 5 11,8
Batez besteko maximoa ºC -4,6 -6,9 -7,3 1 10,2 15,2 16,2 15,2 11 2,2 -2,5 -5,5 3,7
Batez bestekoa ºC -10 -11,9 -12,9 -3,6 5,4 10,5 11,6 11,3 7,9 -0,6 -5,9 -9,8 -0,6
Batez besteko minimoa ºC -16,6 -17,5 -19,8 -9,7 0 6,1 7,6 7,3 5,1 -3,4 -9,8 -15 -5,4
Minimoa ºC -33,5 -33,6 -30,4 -25,8 -9,7 0,3 3,5 1,4 -0,3 -13,6 -17,5 -37,7 -16,4
Prezipitazio-egunak 30 27 30 26 16 25 24 21 24 30 29 28 310
Aurora Boreala.

Udalerriko eta Finlandia osoko sabaia, iparraldeko Eskandinaviako mendietan dagoen Halti (1328 m) mendixka da; hala ere, Saana da udalerriko mendi ospetsuena, urtero turista gehien erakartzen dituena baita. Herrialdeko ur-jauzi handienak ere udalerrian daude; arrasti lainotsuetan inguru misteriotsu bat sortzen duen Pitsusköngäs ur-jauzia, esaterako. Aintzira ezagun eta nagusienak Ounasjärvi, Pöyrisjärvi eta izen bereko herrixkaren ondoan dagoen Kilpisjärvi aintzirak dira.

Guztira, 825 aintzira daude Enontekiön eta bere azalera guztiaren 300 km²-a baino gehiago osatzen dute. Baso-eremua aldiz, %19koa baino ez da eta beste guztia, zelai zabalek, inguru zingiratsu eta paduratsuek, eta tundra eremuek osatzen dute. Lurraren %83a jabetza nazionala da eta honetan Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala, Malla Natura Erreserba Hertsia eta Käsivarsi, Pulju, Pöyrisjärvi eta Tarvantovaara eremu basatiak daude; gainontzeko lurrak baso txikiek eta jabetza pribatuek osatzen dute.

Ipar Laponia eta basoen Lappi lurraldeen artean dago Enontekiö eta, ondorioz, hegoaldeko eta iparraldeko espezieak tartekatzen dira bere habitat anitzean. Bertako naturagatik eta era askotako espezieen ondorioz, ikerkuntza talde ugari ari da gaur egun lanean [4]. Ikerkuntza talde hauek, bai nazionalak, bai nazioartekoak dira, eta bertako airea Europa kontinente osoko garbiena delaz ohartu dira. Beste ikerketa arlo batzuk, turismoaren ondorioak ingurugiroan edota zuhaitz bakanduen eta zingiren eskualdeak izan ohi dira.

Enontekiöko babestutako eremuen mapa zenbakitua
Enontekiöko babestutako eremuen mapa zenbakitua

Babestutako eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko babestutako eremuak»

Finlandia osoko udalerri handienetarikoa izateaz gain, lur-jabetza nazionalaren ehuneko handiena dauka, %83a. Bertan, parke nazionalak, natura erreserba hertsiak eta eremu basatiak daude, udalerriaren azalera guztiaren %80a baino gehiago osatzen dutenak:

Eremu Basatiak

Natura Erreserba Hertsiak

Parke Nazionalak

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faunari dagokienez, animalia polar batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltz eta belatz txikia bezalako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, istingor arruntak, kuliska pikartak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-txontak, mirotz zuriak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre txirri arruntak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurkitu daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, mendi goialdean bizi diren hegaztiak dira. Lappiko negu gogorrak irautea lortu duten hegazti bakarrak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak eta okil hiruatzak dira [5].

Elur-oreinak Käsivarsi Eremu Basatian.

Ugaztunen taldea berriz, altzeek, azeri artiko eta gorriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotuek osatzen dute, batik bat. Hauek, lehen aipaturiko eremu basatietan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean eta Malla Natura Erreserba Hertsian daude babestuak.

Amuarrain artiko handiak, amuarrain marroiak eta izokinak dira aintzira eta ibaietako nagusiak.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima mota ezberdinak baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira; hegoaldeko muga izeien esku dago, baina iparralderantz jotzen dugun heinean, pinudiak agertzen hasten dira. Hetta herriaren inguruan, urki zilarkara zuhaitz nazionalak bihurtzen dira nagusi eta Pöyrisjärvi aintziraren bazterreko dunak aldiz, landare ezohikoen bizilekua da. Ipar-mendebaldeko lurretan eta 600 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-mota anitzagatik bertako inguru zingiratsu eta paduratsuak herrialde osoko ospetsuenak direla.

Ahabia gorriak, harrautsiak eta azeri-mahatsak inguru zingiratsuetan hauteman daitezken hiru landare espezietako batzuk dira. Ezkilaloreak, potentillak, bioletak eta azaleak besteak beste, euren tokia aurkitu dute ere udalerriko mendixka izoztuetan[6].

Ailakkajärvi aintzira elurtua.

Zehaztasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzirak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko aintzirak»

Enontekiö udalerria Finlandia osoko aintzira gehien dituen udalerrietako bat da; guztira, 825 aintzira daude udalerrian eta bere azalera guztiaren 300 km²-a baino gehiago osatzen dute.

Kilpisjärvi aintzira.

Hauek dira garrantzitsuenak:

Garrantzitsuenak beltzez.

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko ibaiak»

Enontekiö udalerria Finlandia osoko ibai gehien dituen udalerrietako bat da.

Hauek dira garrantzitsuenak:

Garrantzitsuenak beltzez.

Mendixa elurtua.

Muinoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko muinoak»

Finlandia osoko gailur altuenak dituen udalerria da. Herrialdeko 50 gailur altuenetatik 44, Enontekiön daude. Gutxi dira 1.000 metroak igarotzen dituztenak; izan ere, Halti mendixkak, garaienak, 1.324 metro baino ez dauzka.

Nahiz eta garaienak ez izan, hauek dira gailur eta muino ezagunenak:

Nagusiak beltzez.

Ur-jauziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enontekiöko ur-jauziak»
Pitsusköngäs ur-jauzia.

Finlandia osoko ur-jauzi ospetsuenak dituen udalerria da ere; hala nola, Finlandiako garaiena den Kitsiputous ur-jauzia.

Hauek dira ezagunenak:

Ezagunena beltzez.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]