Jaltako Batzarra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Jaltako Batzarra Bigarren Mundu Gerrako Aliatu nagusien artean (AEBak, Erresuma Batua eta Sobiet Batasuna) Jalta hirian (SESBan) 1945eko otsailaren 4 eta 11 bitartean egindako bilera izan zen. Franklin D. Roosevelt atzerrira bidaiatutako azken aldia izan zen.

Bildutako alderdi bakoitzak bere asmoak eta beldurrak eraman zituen bilerara. Rooseveltek sobietarrek Ozeano Barean, Japoniaren kontra alegia, ere borroka egin zezaten nahi zuen. Churchill ekialdeko Europan, batik bat Polonian hauteskunde eta instituzio askeak osa zitezen saiatu zen . Stalinek, bere aldetik, SESBko barne segurtasunerako ezinbestekoa zelakoan, ekialdeko Europan bere menpeko zonaldea osatu nahi izaten zuen.

Gainera, hirurok gerra osteko Alemania nola gobernatu behar zen zehaztu nahi zuten. Stalinek abantaila estrategikoa zeukan, une haietan, Georgi Zhukov jenerala Berlindik kilometro gutxitara baitzuen.

Poloniaren auzian, Stalinek argudiatu zuen aurreko inbasioak Errusiara Poloniatik iritsi zirela, eta, beraz, Polonia, ohore kontua baino, heriotza edo bizitzako kontua zela Errusiarentzat. Hori dela eta, Poloniarekiko eskakizuna ez ziren negoziatzekoak: Errusiarrek Poloniako ekialdea bereganatuko zuten, eta, Poloniak, ordainsarian, mendebaldera jo behar izango zuen, Alemaniaren kaltetan. Hauteskunde askeak antolatzeko agindua eman bazuen ere, 1947ko urtarrilean egin zirenek estatu sozialista bultzatu zuten.

Rooseveltek apostu sendoa egin zuen SESBek Japoniaren aurka egin zezan. Stalinek eskatu zuen Mongoliak Txinatik independentzia eskuratu behar zuela. Akordio hau bete zen Txinarekin hartu-eman diplomatikorik izan gabe. Jaltako Batzarra amaitu eta berehala, Sobiet Batasunak Japoniar Inperioari egin zion eraso. Gero, ordea, SESBek ez zuen San Franciscoko bake hitzarmena sinatu Japoniarekin. Gaur egun ere ez dute horrelakorik hitzartu.

Eratzekoa zen Nazio Batuen Erakundean parte hartuko zuela agindu zuen Stalinek, Segurtasun Kontseiluko behin betiko herrialdeek veto boterea ziurtatuta. Erabaki honek kritika gogorrak jaso zituen AEBetan hurrengo urteetan. Aipatu izan da Roosevelten gaixotasuna (hortik gutxira hil zen) horrelako ebazpenak onartzeko.

Alemaniari zegokionez, aurrean hartutako erabakiak berretsi ziren: hirutan banantzekoa zen eta bildutako hiru botereek zonalde bana okupatuko zuten. Frantziak bere zatia Erresuma Batutik eta AEBetatik lortu zuen geroago. Berlin bera, nahiz eta sobietarren eremuan egon, hirutan zatitzekoa zen.

Jatorrizko gobernu guztiak bueltatzekoak ziren, eta zibil guztiei bere herrialdera itzultzeko eskubidea bermatu zitzaien. Demokraziak berriro osatzekoak ziren, hauteskunde askeak eginez, ordena Europara itzul zedin.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jaltako Batzarra Aldatu lotura Wikidatan