Rikardo I.a Ingalaterrakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula Rikardo I.a Ingalaterrakoa (Oxford, Ingalaterra, 1157ko irailaren 8aChâlus, Limousin, 1199ko apirilaren 6a), Rikardo Lehoi Bihotza (ingelesez Richard the Lionheart, frantsesez Richard Cœur de Lion) ezizenez ezaguna, Ingalaterrako erregea izan zen 1189-1199 bitartean; baita Akitaniako dukea (1169-1196 eta 1198-1199) eta Poitiersko dukea (1172-1199) ere.

Biografia

Henrike II.a Ingalaterrakoaren eta Leonor Akitaniakoaren hirugarren semea zen. Oxforden (Ingalaterra) jaio arren, gurasoak frantziarrak zituen. Bi anaia bera baino helduagoak ziren, eta horren ondorioz ez zen uste errege izateko aukerarik izango zuenik. Hori zela eta, historialariek pentsatu izan dute behin bere gurasoen arteko harremanak okertzen hasi zirenean, haurtzaroa bere amarekin pasa zuela Akitaniako dukerriko hiriburu zen Poitiersen, non Leonorrek gorte distiratsu bat eratua zuen. Rikardok oso hezkuntza ona jaso zuen: frantsesa, latina eta okzitaniera idazten eta irakurtzen ikasi zuen. Ingelesa ordea, garaiko ohiturei jarraikiz, ez zekien ongi. Gorteko finezia guztiak ere ikasi zituen, hala nola, musika kantatzen eta konposatzen eta poema eta kantak idazten baina, bestalde, gerrarako ere prestatu zuten[1] Hain zuzen ere, izaera oldarkor eta gerrazalea izategatik egin zen, batez ere, ezagun.

Rikardo I.aren koroaketa Westminster abadian, XIII. mendeko kronika.

Hamaika urte zituela jaso zuen amarengandik Akitaniako duke titulua. Aitak semeen artean banandu zituen bere menpeko lurraldeak. Rikardori Poitou, Périgord, Limousin eta Gaskonia egokitu zitzaizkion. Ondorengo urteetan eraso latzak bideratu zituen duke ingelesak Lapurdiko bizkondearen aurka (1177an bereizi zuen Baionako hiria gainerako Lapurditik eta 1193an geratu ziren Lapurdiko lurrak Akitaniako dukearen mendean. Nafarroako koroaren esku geratu ziren, ordea, ordura arte Lapurdiri loturik egonak ziren Nafarroa Behereko lurraldeak).

1173-1174 urteetan aitaren aurka egin zuen, anaiekin batean, eta aitak menderatu zuen Akitaniako lurretan. Barkatu zion aitak eta duke gisa iraun zuen. 1175ean Erramun V.a Okzitaniako Tolosako kondea menderatu zuen. 1183an berriro zapaldu zuen akitaniarrek haren kontra bideraturiko matxinada bat, eta haren ondoren Frantziako Filipe II.a Augustorekin aliatu zen aitaren eta anaien aurka.

1184an Henrike anaia zaharrena hilda, Rikardo oinordeko bihurtu zen. Aitak zalantzak izan zituen izendapen hori berresterakoan, eta Rikardok Filipe II.a Frantziakoarekin bat egin zuen. 1189ko uztailaren 4an hitzartu zen bakea, non Rikardoren oinordekotza onartu zen. 1189an hil zen aita, eta Rikardok 1189ko irailaren 3an eskuratu zuen Ingalaterrako koroa. Edonola ere, apenas egongo zen lurralde hartan. Hori bai, Ingalaterra interesgarri zitzaion errege baten prestigioa eta sona ematen ziolako eta gainera zerga ugari jaso zitzakeelako[1].

1190ean Filipe II.a Frantziakoarekin gurutzada egitera joan zen, boterea Leonor Akitaniakoa amaren esku utzita. Ekialdean, Zipre eta Akre hartu zizkion Saladini. 1191ko maiatzaren 6an, Zipreko Limasol hirian, Berengaria Nafarroakoarekin ezkondu zen. Denbora luzez uste izan da Leonor Akitaniakoak bultzatu zuela ezkontza hori baina orain badakigu 1185 eta 1189 bitartean Rikardok eta Nafarroako Antso VI.a Jakintsuaren artean erabaki zutela,[2] hala ingelesen menpe zegoen Akitaniaren hegoaldea babestuta geratzeaz gain bere etsai Frantziari presioa egin ahalko zion[1]. Une horretan Rikardok 34 urte zituen, Berengariak berriz 21 eta 26 urte artean egon behar zuen. Nolanahi ere, historialari batzuen arabera, Rikardo homosexuala zen, sodomiako bekatua egotzi baitzitzaion.

Rikardo Lehoi Bihotza XII. mendeko kodex baten arabera.

Frantziako errege Filipe II.a Augusto Hirugarren Gurutzada hartan ari zen, halaber, baina bertan behera utzi zituen hango guztiak Ingalaterrako erregearekin inola moldatzerik ez zeukala. Frantziara itzuli eta Joan Lurgabearen alde jarri zen, anaiari Ingalaterrako koroa ken ziezaion. 1192an, anaia azpijokoan ari zela jakin orduko, Saladinen aurrean kristauen aldeko hainbat pribilejio lorturik baina Jerusalem konkistatzeko asmoetan porrot eginda, Ingalaterrara itzuli zen Rikardo Lehoi Bihotza. Bidean preso hartu zuen Leopoldo dukeak Viena hirian eta, bahitura sari izugarri handi bat ordaintzeaz gainera, omenaldi egin behar izan zion Rikardo Lehoi Bihotzek Henrike VI.a Germaniako enperadoreari, alegia bere menpean ibili.

1194an lortu zuen Ingalaterrara itzultzea eta, gobernua Hubert Walter Canterburyko artzapezpikuaren eskuetan utzirik, anaiari barkamena eman eta Normandia aldera igaro zen, Filipe II.a Augusto Frantziakoak kenduriko lurrak berreskuratzeko asmoz. Okzitaniako Limousin aldeko Châlusko gazteluaren setioan hil zen 1199an. Hilzorian zegoelarik, Ingalaterran ez baino Frantziako Fontevraud abade etxean ehortz zezaten agindu zuen, bere aita - eta urte batzuk geroago bere ama - bezalaxe. Honek bere eta arbasoen benetako jatorria Frantzian zegoela sentitzen zuela esan nahi zuen[1].

Politika eta zaldun egitekoetan nabarmendu zen Rikardo Lehoi Bihotza, harreman onak izan zituen Antso VI.a Jakituna eta Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregeekin eta herriaren aurrean ospe handia izan zuen bizi zela, Palestinan lorturiko garaipenen oroimenez. Poesia lirikoa zuen gogoko eta trobadoreek heroi bihurtu zuten berehala. Ez zuen seme-alabarik izan, eta haren ondorengo Bretainiako duke zen hamabi urteko iloba Arturok izan behar zuen, baina Joan Lurgabeak Arturo preso hartu eta kartzelatu zuen, 1203an hil zelarik aski zirkunstantzia ilunetan. Joan izan zen, azkenik, Ingalaterrako errege.

Zinema

Richard Lehoi Bihotzaren estatua Westminster jauregiaren aurrean, Londres, Carlo Marochettiren lana.

Zinema nahiz telesailetan maiz agertu izan den erregea da, batez ere Gurutzadak eta Robin Hood gaitzat dutenentan. Haien artean honako filmetan aktore hauek antzeztu izan dute:

Bibliografia

Erreferentziak

  1. a b c d Fiona MACDONALD, John JAMES: Gurutzadetara Rikardo Lehoi Bihotzarekin. Madril: Grupo Anaya, Denboraren makina, 1991
  2. http://berengueladenavarra.blogspot.com.es/2010/03/ricardo-corazon-de-leon-y-el-retablo-de.html
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rikardo I.a Ingalaterrakoa Aldatu lotura Wikidatan