Aita Patxi

Wikipedia, Entziklopedia askea


Biktoriano Gondra Muruaga, geroago ezagunago "Aita Patxi" goitizenarekin, (Libao, Arrieta, Bizkaia, 1910eko martxoak 5ean - Basurtoko Ospitala, Bilbo, 1974ko abuztuak 6ean),[1][2] pasiotarrekin hartutako izena zela eta (Francisco de la Pasión, Nekaldiaren Pantzezka edo Nekaldiko Frantzisko)[3][4][5] apaiz pasiotarra izan zen. Espainiako Gerrate Zibilean (1936-39) gudarien "Rebelión de la Sal" batailoiko kapilau,[6] Gernika bonbardatu zutenean bertan suertatu zen.[7] Nazionalek preso hartu zuten 1937ko ekainaren hasieran Bilboko Burdin Hesiaren ondoan.[8]

Burgosko San Pedro de Cardeña presondegi inprobisatura eraman zuten beste gudari batzuekin. Presondegi horretan zegoela 1937ko uztailean bere burua eskaini zuen ihes egiten saiatzeagatik fusilatzera zioazen eta zenbait seme-alaba zituen komunista asturiar baten ordez hil zezaten.[9] Nazionalek ez zuten onartu eta komunista asturiar hura fusilatu egin zuten, Aita Patxiren saminerako.

Madrilgo, Bruneteko, Jaramako eta Carabancheleko fronteetara joatea erabaki zuen preso eroritako gudari arrunt bat bailitzan lubakiak egitera.[10] 1938an, Carabanchel-en zegoelarik, preso errepublikar batzuek ihes egin zutela eta, nazionalek zigor gisa zozketaz hautaturiko bost preso fusilatzea erabaki zuten. Hori ez gerta ez zedin, bost pertsona horiek zeuden ilaran sartu zen, gatibu horien fusilaketa bertan behera geratu arte bertatik ateratzeari uko eginez. Aldi hartan, bere helburua lortu zuen.[11]

1939ko abuztuak 27an libre utzi zuten eta Deustura itzuli zen.[2] Gerra Zibileko bere odisea idatzi zuen memoria batzuetan, pasiotar buruzagiek eta Jose Antonio Agirre lehendakariak aginduta, bakoitzak bere aldetik. Azken honen mandatuz idatzi zituenak euskeraz daude.[12]

1974ko uztailak 26ean leuzemia diagnostikatu zioten eta egun gutxi beranduago hil zen, abuztuaren 6an.[13]

Saindu famakoa izan zen gerra garaian, baita gerra eta gero ere.[14] 2008ko martxoak 15ean Benedikto XVI.ak beneragarri izendatu zuen.[15]

Bere omenez, Bilbon, Ibarrekolanda auzoko plaza batek bere izena darama.[16][17]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biktoriano Gondra Muruaga Libao-Arrietako Orbe Goiko baserrian jaio zen 1910eko martxoak 5ean. Buenaventura Gondra Abarrategi (Bentur) eta Benita Muruaga Uribe (Benitxe) ziren bere gurasoak. Zortzi senide zituen: Bost arreba eta hiru anaia.

Gurasoak oso kristauak ziren: Errosarioa errezatzen zuten egunero, eskaleei limosna ematen eskuzabalak ziren oso, eta erremusina seme alabei emanarazten zieten laguntza gehien behar zutenekin eskuzabalak izaten ikas zezaten. Aita ez zen inoiz igandeko meza eta gero tabernan geratzen.

Ekonomikoki, bi baserriren jabe ziren: Orbe Goikoz gain Etxebarrieta ere haiena zen.[18][19] [20]

Bokazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biktorianok hamaika urte zituela, anaia zaharrena, Eusebio, pasiotar sartu zen (1922). Pasiotarrek Biktorianori ea berak ere pasiotar izan nahi zuen itaundu zioten baina honek ez zuen ezer jakin nahi izan.

Laster iritziz aldatu zen baina: Arrietatik Bermeoko Gaztelugatxeko Doniene santutegira errogatibak egiteko ohitura zegoen San Inazio egunez (Bizkaiko patroietako bat).[21] Biktorianoren gurasoek erromeria horretan urtero parte hartzen zuten. Bueltan, Bermeoko beste auzo batetik pasatzen ziren, Mañutik. Hango Karmengo Andramariko ermitan sartzen ziren beti eta salbe bat kantatzen Ama Birjinari.

Biktorianok berak gerora kontatuko zuenez, pasiotarrei ezetz esan zien urte hartan bertan, Gaztelugatxetik bueltan Mañuko ermita horren barruan zeudela, Aita Patxi izango zena, jendea kantatzen ari zen bitartean, Ama Birjinaren irudiari begirik kendu gabe zegoen, oso hunkiturik. Bat batean, negarrez hasi eta erlijioso bilakatzeko gogoa sortu zitzaion, Ama Birjinari zin egin ziolarik hala egingo zuela.

Ordutik esker on eta debozio handia sentitu zuen Mañuko Karmengo Andramarirekiko. Hala, apaiz batek kontatuko zuenez, kotxez harekin gaixoak bisitatzera joatean, handik urte askotara Mañuko Karmengo Andramariren omenezko salbea euskaraz elkarrekin kantatzeko ohitura izango zuen Aita Patxik.

Kosta zitzaion aita konbentzitzea (seme bat dagoeneko pasiotar sartua baitzen), ama (osasun ahul samarrekoa bezain fede handikoa), errezago. Aitak Biktoriano Deustuko San Felicísimo santutegira eraman zuen egunean, ama gaixorik zegoen.[22]

Eliz ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasiotarrek Gabirian (Gipuzkoan) zuen eskola apostolikoan sartu zen 1922an. Batxilergoa egin zuen bertan. Alaia, nahiko bihurria, jolastia eta erraz haserretzen zena omen zen baina noiz izan zen jakiten zaila den une batetik aurrera sekulako aldaketa eman zuen, saindu bilakatzera deliberaturik.[23][24]

1926an Angoston (Araban) sartu zen nobiziatua egitera. Hortxe hartu zuen "Francisco de la Pasión", "Nekaldiaren Pantzezka" edo "Nekaldiko Frantzisko" (Patxi) izena.

Han, bere ikaskide izandako batzuek kontatuko zutenez, Aita Patxik, santutasunean perfekziora iritsi nahian, Gabirian hasitako jarrera aldaketarekin segitu zuen: agintzen zitzaion guztia primeran betetzen ahalegintzen zen eta horretaz gain, sekulako fedea eta barne izpiritualitate handia antzematen zitzaizkion, hainbesterainokoak non beste guztiak harriturik geratzen ziren.

Horretaz gain, penintentziarako eta sakrifizio pertsonaletarako beti prest, laguntza behar zuen edonori laguntzeko ere une oro prest eta bolondresen bat behar zenean lanen bat egiteko lehenengoa zen beti bere burua aurkezten.

Bestalde, garai horretan apaizgaiei kastitatea ondo mantentzeko emakumeei aurpegira ez begiratzen eta are natura paisai ederrei ere ez begiratzen irakasten zitzaien. Bere klasekideek hilabete asko pasa behar izan zituzten hori gutxi gorabehera ikasi arte, Aita Patxik ordea, berehala eta erabat gainera, ohitura hori bizi osoan mantenduko zuen: beti lurrera begira, oso kasu arraroetan begiratuko zion aurpegira emakumeren bati. Nolanahi ere, bere buruarekin oso gogorra baldin bazen ere, besteekin hagitz onbera zen.[25]

1927an profesio erlijiosoa egin zuen Angostoko Ama Birjinaren irudiaren aurrean. Ondoren, Tafallara (Nafarroan) bidali zuten eliz batxilergoa amaitzera.[26][27]

Bigarren Errepublikak 1931ko urriak 14ean Elizaren aurkako neurri batzuk hartu zituela eta, pasiotar buruzagiek Tafallako sei ikasle, Aita Patxi izango zena tartean, Frantziako Vendée eskualdeko Montaigu erresidentziara bidali zituzten, hura ere pasiotarrena.

Pasiotarrek, Espainiako estatutik kanporatuak izango ote ziren beldurrez, errota txiki bat erosi zuten Azkainen (Lapurdin) eta han ere egon zen Aita Patxi izango zena

Bertan, Angoston bezalatsu, nabarmen geratzen zen jarrera apal eta fede handikoarengatik: lurrera begira beti, baita bere senideekin zegoenean ere, natura paisai ederrei sekulan begiratu barik (bere klasekideek ez bezala) eta lanik gogorrenak eta desatseginenak egiteko bere burua bolondres beti, bere klasekide izan zirenek kontatuko zutenez.[28]

1933an, CEDA eskuindarrak hauteskundeak irabazi eta giroa Elizarentzat hobexeagoa zelakoan, pasiotarrek Frantziako estatuan zeuden ikasleak itzularazi zituzten. Deustun ikasketak amaitu eta 1935eko irailak 22an presbitero izendatu zuten Irungo San Gabriel eta Santa Gema elizan. Azkenik, apaiz 1936ko ekainean.[29]

Gerra Zibilean gudarien kapilau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko uztailak 18an espainiar eskuin muturrak altxamendua egin zuen eta urte bereko abenduan Aita Patxi izango zenaren kinta (1931koa) armetara deitu zuten. Deustuko San Felicísimo-n aurkitzen zen une hartan. Elizgizona izaki, Euzko Gudarosteko "Rebelión de la sal" batailoiko kapilau izendatu zuten 1937ko urtarrilean. Batailoi hori EAJ-koa zen, gudari gehienak Enkarterrietakoak zirelarik. Batailoiaren izena 1631-34 bitartean Bizkaian izan zen Gatzaren matxinadatik zetorren. Batailoi horren basea Bilboko Cervantes eskoletan zegoen.[30]

Aita Patxi izango zenak gerrate hartan hil gura zuen eta Deustutik irten baino lehen konfesoreari bere bizia Jainkoari eskeintzen ziola esan zion bere pasiotar kongregazioarengatik eta "geure aberri Euzkadirengatik", baina konfesoreak ezetz, gudariei laguntzeko ahal zuen guztia baina Jainkoari heriotzarik ez eskatzeko, bizia baizik.[31]

Batailoi bateko kapilau izateagatik teniente gradua zuen automatikoki eta horri esker soldata jasotzen zuen baina, gudari batzuek miresturik kontatuko zutenez, diru hori "Frentes y Hospitales" delako erakunde sortu berriari emango zion oso osorik laguntza gisa.[32]

Libao-Arrietako elizgizona "Rebelión de la sal" batailoiaren basera (Bilboko Cervantes eskoletara) heldu zenean 1937ko urtarrilean, kuartel hartako kapitain Fernando Zabala Aranak kontatuko zuenez, arreta deitzen zuen beste gainerako guztien artean. Izan ere, kapitain honek beste zenbait kapilau ezagutzeko aukera izana zuen eta fisikoki eta jarreraz gudarien antzekoak ziren, Aita Patxi izango zena ez ordea. Buruzagi militar horri eman zion lehen inpresioa nahiko negatiboa izan zen: kolore txarrekoa, oso argala, fisikoki ahul tankerakoa, mendian gora eta behera gerra batean ibiltzeko aproposa inolaz ere ez zirudiena. Jarrerari zegokionez, beste horrenbeste: ikaragarri lotsatia, ikaragarri apala, lurrera begira beti... ez zitzaion pertsona ausart bat izan zitekeenik iruditu eta orohar oso pertsona eskasa edo balio gutxikoa izatearen sentsazioa eman zion.[33]

Laster aldatu beharko zuen iritziz ordea kapitain horrek: Bilboko beren basean zeudelarik, gau batez, gudari gehienak lotan, teniente bati, fusilarekin zegoela, tiro batek alde egin nahigabe eta sekulako anabasa sortu zen gudari eta ofizialen artean. Libao-Arrietako elizgizona ordea lasai lasai, sosegaturik, beldur barik, autokontrola batere galdu gabe zegoen. [34]

Urtarrilak 26ean batailoi horretakoak Otxandioko frontera bidali zituzten. Fronterantz irten baino lehen Karmengo Andra Mariaren kutunak (deboziozko eskapularioak) eman zizkien gudariei. Baita Euskal Herriko santu zaindari San Migel goi angeruaren estanpa edo irudiak ere.[35]

Bertan, gudariak Francisco de la Pasión edo Nekaldiaren Pantzezkari Aita Patxi deitzen hasi ziren. Aurrerago, nazionalen esku erortzean, presozain espainiarrek beurek ere halaxe deituko zioten.[4][36]

Gudariek kontatuko zutenez, erdi irrifartsu beti, oso pertsona apala, noblea eta zintzoa zen, inoiz erantzun txarrik edo begiratu txarrik botatzen ez zuena.[37][36] Zenbait gudariren artean eztabaida txikiren bat sortzen baldin bazen batzuek besteek baino janari gehiago jaso zutelako, Aita Patxik janari gutxien jaso zutenei bere partetik ematen zien, hori zela eta, batzuetan jan barik geratzen zen.[38][36]

Bestalde, gudariak Otxandioko frontean zehar han hemenka barreiaturik zeuden talde txikietan banaturik. Aita Patxik denei meza egunero eman nahi izaten zien, baita aitortzak egin eta errosarioa errezatu ere, horretarako batetik bestera ibiltzen zen, aire bonbardaketen erruz bere bizia arriskuan jarriz baina sosegua sekulan galdu barik.[38]

Gudariak animatzen saiatzen zen beti, goibel ez zitezen, berak beti eredu emanez eta laguntza behar zuen orori laguntzeko prest beti.[39] Erizain lana ere egiten zuen eta borrokarik ez zegoenean kultura eta euskara irakasten zizkien gudariei.[37][40] Honi guztiari esker, gudariek sekulako errespetua, begirunea eta maitasuna zioten Aita Patxiri eta santutzat zuten.[34][41]

Batailoi komunistetako miliziano zaurituak ere artatzen zituen. Berak onartuko zuenez, noizbait beldur apur bat pasatu izan zuen hauetako batzuk eta sozialista batzuk Eliza Katolikoaren aurkakoak zirelako, baina beldurrari aurre eginez, haieingana gerturatzen segitu zuen.

Zentzu horretan, miliziano errepublikar horiengandik okerren eramaten zuena botatzen zituzten biraoak izaten ziren. Asko sufritzen zuen horrelakoak entzunez eta sufrimendu hori aurpegian eta guzti antzematen zitzaion.

Nolanahi ere, bere zintzo fama miliziano hauengana ere iritsia zen ordurako eta orokorrean oso ondo tratatu zuten.

Hala, bitxikeria gisa, behin oinez zihoalarik Otxandiotik Kurutzetara bere batailoiko gudari talde batengana, norabide berean zihoan intendentziako kamioi bat hurbildu zen. Aita Patxik gidariari kamioiera igotzeko baimena eskatu zion baina honek ezetz, ez zegoelako lekurik kabinan eta debekaturik zegoelako kargarekin batera joatea. Aita Patxik apaltasunez eta pazientzia handiz onartu eta aurrera segitu zuen, berriz eskatu gabe. Metro gutxi aurrerago baina, kamioia gelditu, gidaria kamioitik jeitsi eta "¡Porque es Usted!" ("Zeu zarelako!") esan eta harekin batera igotzeko proposatu zion. Gidariaren aldamenean eseri eta "Dragones" batailoi sozialistako kamioi bat zela ohartu zen.[35][42]

Are gehiago, komunista batzuk kristau ere bilakatu ziren, hauxe esaten zutelarik: "La religión de éste es verdadera, a este hombre hay que creerle" ("honen erlijioa benetakoa da, gizon honi sinetsi egin behar zaio"). [43]

Martxo amaierako egun batez, Otxandio ondoko auzo batean, kamineroaren etxean zehazki, meza ematen ari zelarik, artilleria sua eta aire bonbardaketa bat hasi zen. Etxeak dardar egiten zuen eta sapaitik armiarma sareak eta hautsa erortzen ziren. Meza entzuten ari ziren gudariek, etxea eroriko ote zen beldur, korrika ihes egin zuten. Aita Patxik meza ematen segitu zuen ordea. Meza laguntzen ari zitzaion Juan Jose Rementeria gudariari, nahi bazuen berak ere alde egin zezakeela esan zion baina honek harekin segitu zuen. Meza amaitzean, bonbardaketak oraindik segitzen zuen. Inguruko guztia birrindurik zegoen, Aita Patxik meza eman berri zuen etxe zahar hura izan ezik. Gudariek miraritzat jo zuten.[36]

Gertaera horretatik egun batzuetara, martxoak 31ean, nazionalek Bizkaiaren kontrako erasoa hasi zuten eta apirilak 4ean, Rebelión de la Sal batailoiko gudariek, etsaiari eutsi ezinik, Otxandio utzi eta Ubidetik barrena Bilboko beren basera erretiratu behar izan zuten.

Han berrantolatu eta apirilak 10ean Gorbeiako mendilerrora bidali zituzten, izen bereko menditik arerioa botatzera. Apirilak 11ean, Zeanuritik barrena Arrabako zelaietara iritsi ziren. Han, Aita Patxik gudariei hitzaldi gartsu bat bota zien adorea emateko. Libao-Arrietako kapilauak gudariei esan zienez, Jainkoak gizakiari norbere burua eta lagun hurkoa, Jainkoa bera eta aberria maitatzea agindu zien eta hori zela eta, ez zuten hiltzeko beldurrik izan behar.

Diskurtso hori bota eta Igiriñao aldera abiatu ziren, Aita Patxi aurretik animoa emateko. Bidean sekulako ekaitza hasi zuen, non gorde ez zutelarik. Biharamun goizean, Asturiasko UHP-ko eta CNT-ko talde batzuen laguntzarekin, nazionalak mendi hartatik botatzea lortu zuten baina berehala etsaiaren abiazioa iritsi eta lorturiko guztia galdu zuten. Hamar egunez errukirik gabe bonbardatuak izan ostean, beren posizioari eustea ezinezkoa zitzaien eta apirilak 20 inguruan Bilbora itzultzeko agindu zieten indarrak berreskuratzera eta berrantolatzera.[44]

Apirilak 25ean Zaldibar ondoan dagoen Urko mendira bidali zituzten nazionalei aurre egitera. Mendi bat berreskuratu behar zuten.[45] Baina handik erretiratu behar izan zuten berehala nazionalen kontrako erasoak porrot egin eta hauek kontraerasoa hasi zutelako. Aita Patxi une horretan borda batean ari zen gudarien alde meza ematen, eta meza erdian zegoenez gero, ez zuen alde egin nahi izan amaitu arte. Behin amaituta, bera eta meza ematen lagundu ziona, Gurrutxaga kabo azpeitiarra (Bilboko Erruki Etxeko musikaria izatez) ihesi joan ziren baina ordurako arerioak gainean zeuzkaten eta tiro egiten zieten etengabe. Aldi hartan bizirik atera izana miraritzat jo zuen.[46]

Tiroketa baretu ostean, mendiaren bestaldera joan ziren, Aita Patxi aurretik eta Gurrutxaga atzetik. Baina une batean, Libao-Arrietako elizgizona despistaturik zegoen momentu bat aprobetxatuz, Gurrutxaga etsaiarengana pasa zen. Aita Patxik ez zekien eta bere zain denbora dexente egon ondoren, etsia hartu eta aurrera segitu zuen.[47] Bere batailoikoak bien bitartean Ermuara erretiratu ziren berak jakin barik. Mendian galdurik arerioak atzetik zeuzkala, batailoi sozialista bateko bi miliziano gazterekin topatu eta haiekin joan zen. Aurrerago, zauriturik zegoen "Rebelión de la sal"-eko gudari batekin egin zuen topo. Haren fusila hartu eta besotik hartuta berarekin aurrera joan zen bidegurutze batera iritsi arte. Nora hartu ez zekitela zeudelarik gizon bat azaldu eta Ermuara joateko esan zien, beren bataloikoak hara joan zirela eta. Haiekin elkartu eta ondoko mendi batera igo ziren berehala borrokan segitzera.[48]

Hango pagadi batean zeudelarik aire bonbardaketa latz bat jasan zuten. Bonbardaketan zehar, denak (Sarasola komandantea barne) lurrean etzanda, lurrari pega pega eginda zeuden bitartean (hegazkinei jomuga txikiagoa eskeintzeko), bera belauniko egon zen arrosarioa altuan errezatzen. Aita Patxiren atzean, bera zegoen lekutik bost bat metrotara, bonba bat erori eta juxtu bere ondo ondoan zeuden hiru gudariak hil baina bera bizirik atera zen, konortea galduta baina zauri barik. Konortea berreskuratu zuenean, bonbardaketak oraindik segitzen zuen. Gudari askok negarrez haiengana gerturatzeko oihukatzen zioten eta bonbardaketari jaramonik egin gabe batetik bestera ibili zen zaurituei, hil zorian zeudenei eta laguntza eskatzen zuten guztiei gurutzefika eskainiz musu emateko edo bekatuen absoluzioa emateko, bera eta gurutzefika odolez beterik.[49]

Aldi hartan ere bizirik atera izana miraritzat jo zuen, bonba bat bere ondoan erori eta berarekin batera zeuden hiru gudariak hil ziren bitartean berak zauririk jaso ez zuelako. Jainkoak mirari hori gudariei laguntzen segi zezan egin zuela uste zuen apaizak.[50]

Egun horretan bertan, Jainkoaren miraritzat jo zuen hirugarren gertakari bat jazo zitzaion: izan ere, bonbardaketa haren ostean, ilundurik dagoeneko, Arbatzegira erretiratzeko agindu zieten Bolibartik barrena. Gauerdian, Arbatzegin Bilbora itzultzeko kamioien zain zeudela, zubi bateko horman ipini zuen bizkarra. Atseden hobeto hartzeko, lurrean etzan zen. Juxtu une horretan nonbaitetik botatako bala batek bizkarra jarria zuen leku berean jo zuen.

Kamioiak azkenean iritsi eta Bilboko beren koartelera goizeko lauetan iritsi ziren, han esker oneko meza bat eman zuelarik bizirik ateratako guztien izenean. Ez zekiten biharamunean aire bonbardaketa askoz okerrago bat zutela zain.[51]

Izan ere, biharamun goizean, apirilak 26, nazionalak eraso betean zeudela eta, Markinara bidali zituzten, baina Gernikatik aurrera ezin izan zuten pasa, arerioa ia gainean baitzuten dagoeneko. Hala, hiri hartan aurkitzen zen batailoi hura, Aita Patxi barne, naziek eta faxista italiarrek hiri hura bonbardatu zutenean.

Bonbardaketa hasi zenean Euzko Etxean zegoen baina handik ihesi atera behar izan zuen eta ahal zuen lekuan babestu, besteak beste Andre Maria elizan, San Juan elizan eta hospitalean, leku horietan babesturik zegoen jendearekin Arrosarioa errezatu zuelarik edo, bere kapilau lana egitetik utzi barik, gudariei jarraitu.

Aita Patxik komuniorako ostia kontsagratuak kaxatxo batean gordetzen zituen. Kaxatxo hori meza emateko behar zituen ornamentu eta gainerako gauzen maleta batean zuen, eta maleta hura Gernikara heltzean "Rebelión de la sal"-ekoen ekipaia zegoen kamioiean utzi zuen. Kamioi hau hiri hartako plazan zegoen (Euzko Etxearen ondoan), gudarien beste zenbait kamioirekin batera. Kamioi guztiek su hartu zuten Aita Patxiren ostia kontsagratuak zeuden ibilgailuak izan ezik.

Gaueko bederatziak aldera, hegazkinek alde egin eta bere batailoiko gudari batzuekin batera "Rebelión de la sal"-eko beste kideen bila hasi zen. Aita Patxik berak idatziko zuenez, ez zuten argirik behar, sutan zeuden etxeek argitasun larregi ematen zutelako. Azkenik, Bilbora itzultzeko agindu zieten, su hartu ez zuen kamioi bakar horretan itzuli zirelarik.[52]

Ermuan eta Gernikan laguntza behar zuen orori etengabe laguntzeagatik, kapitain izendatu zuten baina berak ez zuen inoiz urguilurik azaldu horregatik, are gutxiago kapitain izateak janzkera aldetik suposatzen zituen pribilegioak erabili. Alderantziz, gudariren bat janzki, oinetako, janari edo tabako faltan sumatzen baldin bazuen, hari ematen zizkion.[53] Kapitain soldatari dagokionez, teniente zenean bezalaxe, oso osorik "Frentes y Hospitales" erakundeari ematen jarraitu zuen.[32]

Aurrerago, maiatzak 8 inguruan, Zornotzako Etxano auzora bidali zituzten. Han zeudelarik, maiatzak 16ean, goizeko seietan, nazionalek eraso gogor bat egin zuten, artilleriaren laguntzaz ohi bezala. Gudariek eguerdia arte ahal bezala eutsi zieten baina gehiago ezin eta lubakiak abandonatuz, ihes egiten hasi ziren. Aita Patxik, gurutzefika eskuan, bidea moztu eta lubakietara itzultzeko oihu egin zien erretiratzeko agindua jaso arte, exenplua emateko haiekin joan zelarik (nahiz eta berak armarik ez zeraman) eta gurutzefika eskainiz gudariei, nahi bazuten musu emateko.[54][55]

Bi aste inguru beranduago, maiatzak 31ean Lemoatxeko borroketan egon zen. Ekainak 11ean Bilboko burdin hesira bidali zituzten, baina nazionalek gudariak bi egunez etengabe bonbardatu ostean, ekainak 13an burdin hesia haustea lortu zuten. Ondorioz, gudariak Bilbora erretiratzen hasi behar izan zuten, presaka. Aita Patxi une horretan Zamudion zegoen bere batailoikoekin, harekin gudarien kaperau zen beste apaiz pasiotar bat zegoelarik, Zelestino izenekoa, nafarra. Honek ihes ez egitea eta bertan geratzea proposatu zion baina Aita Patxiri Zelestinok etsaiarengana pasatu nahi zuela iruditu zitzaion eta ezetz erantzun zion, desertatzea bekatu zelako eta nahiago zuelako hil bekatu egin baino.[56] [57]

Hala eta guztiz ere, aldi hartan Aita Patxik ez zuen nazionalengandik ihes egitea lortu eta ekainak 13 horretan bertan etsaien esku erori zen aipatu burdin hesiaren ondoan, Zamudioko Dañobeiti baserritik mendebalderantz ehun metro ingurura. Erreketeen tertzio bateko kapilau nafar batek hartu zuen preso zehazki. Pistola eskuan, arma entregatzeko agindu zion Aita Patxiri eta honek bere arma bakarra eman zion: Bular parean zeraman gurutzea.[58] Berarekin preso egongo zen gudari batek kontatuko zuenez, Aita Patxik harekin konfiantza handi samarra zuen eta behin preso nola hartu zuten kontatu zion. Erreketeen kapilau nafar hark arma entregatzeko agintzen zion bitartean bi zaplasteko eman zizkion.[59]

Nazionalen gatibu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Preso hartu eta komandante nazional baten aurrera eraman zuten. Honek sekulako errieta egin zion apaiza izanik "gorri"en alde zegoelako eta ez zelako nazionalen aldera pasatzen saiatu. Halako haserrea zuen militar hark, ezen Aita Patxi harriturik geratu baitzen nola ez zuten bertan hil.[60]

Ondoren, Fruizera eraman zituzten, irain eta mehatxu ugari jaso zituztelarik bidean Franco-ren aldeko mairuen, italiarren eta espainiarren aldetik. Horietako batek Euzko Gudarosteko kapilau intsignia kendu zion bortizki eta bat batean, Aita Patxiri erreakzionatzeko astirik eman gabe.[61] Fruizen, beste komandante nazional baten aurrean deklaratu behar izan zuen. Ez zuen tratu txar fisikorik jaso baina irainak eta biraoak etengabe egin zizkioten zaintzaileek, gudari arruntei baino are gehiago.[62]

Handik Gernikako josefinen ikastetxera eraman zituzten eta ekainak 17an Gasteizera trenez. Arabako hiriburuko geltokian jendeak oso harrera txarra egin zien, mespretxu eta irain ugari eginez. Karmeldarren konbentura eraman zituzten. Azken honetan Esteban Urkiaga "Lauaxeta" ere bazegoen gatibu, zelda batean bakar bakarrik, beste presoengandik isolaturik, inorekin hitz egiteko aukerarik gabe. Aita Patxik ez zuen Laukizko euskal idazle eta lider jeltzalea pertsonalki ezagutzen baina miresten zuen, bera han zegoela jakitean harekin biltzeko baimena eskatu zuen laguntza izpirituala, indarra eta kemena emateko, baina zaindariak ez zion utzi. Arimari buruzko gaiei buruz hitz egiteko zela azpimarratu zion Aita Patxik, alferrik. Handik hiruzpalau egunetara fusilatu zuten Lauaxeta, Aita Patxik haren arimaren alde meza saindua eman zuen.[63]

Burgosko San Pedro de Cardeña presondegi inprobisatura eraman zuten beste gudari batzuekin. Bertan, presoak Burgos eta Gamonal arteko errepidea egitera behartu zituzten, nahiz eta hori Hagako Konbentzioaren arabera gerra presoen eskubideen aurkakoa izan. Aita Patxi elizgizona zenez lan hori egitetik libre utzi zuten baina honek ez zuen salbuespena onartu eta gudari arruntek bezalaxe egin zuen lan.[64] Preso zeuden ezkertiar arradikalenek edo kristau ez zirenek, Libao-Arrietako eliz gizonaren jarrera ikusita, hauxe esaten zuten altuan: "Si todos los curas fuesen como éste, no hubiera sucedido lo que ha sucedido en España" ("apaiz guztiak hau bezalakoak balira, Espainian ez zen gertatu dena gertatuko").[65]

Presondegi horretan zegoela 1937ko uztailean bere burua eskeini zuen ihes egiten saiatzeagatik fusilatzera zioazen eta zenbait seme-alaba zituen komunista asturiar baten ordez.[9] Gizon hark Esteban Plágaro izena zuela dirudi.[66] Kartzela hartako burua, Emeterio García Juárez, Arabako Izarrakoa,[67] ez zen Aita Patxiren zintzotasunaz eta ausardiaz fidatzen eta benetan beste baten ordez hiltzeko gai ote zen ikusteko, Libao-Arrietako elizgizonari Burgosko bere agintariei aldaketa egiteko baimena eskatu ziela eta hauek eman egin ziotela esan zion. Hala, fusilatu egingo zutelakoaren itxurak egin zituzten: Aita Patxi fusilamentu pelotoiaren aurrean ipini zutenean, bere zoriontasun aurpegia hain zen handia (errugabe baten ordez hiltzera zihoalako), ezen kartzelako buruzagiak, hunkiturik, oihu egin baitzion dena itxura izan zela, kentzeko fusilen paretik, Burgosko agintariek ez ziotela bera fusilatzeko baimenik eman.[68] Gertakari honek amaiera txarra izan zuela dirudi baina, zenbait iturriren arabera, nazionalek, Aita Patxiri ezer esan gabe, komunista asturiar hura fusilatu egin baitzuten biharamun goizean, Libao-Arrietako elizgizonaren saminerako. Baliteke agindua Burgosko buruzagiek eman izana.[69]

Ondoren, Madrilgo, Bruneteko, Jaramako eta Carabancheleko fronteetara joatea erabaki zuen preso eroritako gudari arrunt bat bailitzan lubakiak egitera (beste batailoietako kaperauak kartzela berezi batzuetara eramaten zituzten).[10]

1938an, Carabanchel-en preso zegoela, zenbait gatibu errepublikarrek ihes egin zuten. Zigor gisa, zapadoreen batailoi bateko kapitainak (komandanteak, beste bertsio baten arabera) zozketaz hautaturiko beste bost preso fusilatzea erabaki zuen. Horretarako, gatibu guztiak bildu eta zozketa horren arabera fusilatu behar zituzten pertsonak ilara batean jarri zituzten. Aita Patxik ilara horretan jartzea erabaki zuen. Sargentu batek (edo teniente batek, beste bertsio baten arabera) handik alde egiteko esan zion berehala baina Aita Patxik ezetz, bost pertsona horiek bidegabeki fusilatu nahi baldin bazituzten, bera ere fusilatu egin beharko zutela. Sargentuak zapadoreen kapitain harekin (edo komandantearekin) hitz egin eta honek fusilaketak bertan behera uztea erabaki zuen.[11]

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasiotarren kongregazioko bere buruek gerrako ibilerak eta gatibutza idazteko agindu zioten eta berak obeditu.[70]

Aurrerago, 1954ko irailak 7an Irunen muga ezkutuan zeharkatzea lortu (debekaturik baitzuen), Jose Antonio Agirre lehendakari erbesteratua bisitatzera Donibane Lohizunera joan [71] eta hark ere gauza bera. Hala, irail hartan bertan ekin zion idazteari, euskeraz eta zehazki bere Mendebaldeko euskalkian, neologismo sabindar dexenterekin:[70][72] "(...) Orixe egiten asten naz, ba gaur, iraillaren amarrian, neuri jazo jatezan gauzarik garrantzienak idatzi gurian, EGIA mundu guztian aurrian agertu deiten ta gure Uskurtza ta Euzkadi'ko ontasuna danak ezagutu daien".[73] 1954ko irailaren 29an amaitu zuen.[73]

Jesukristori, Ama Birjinari, pasiotarren sortzaile Gurutzeko San Paulori eta pasiotar guztiei eta Agirre lehendakariari eskeini zien. Baina ez zuen nahi han ipinitakoak inork jakiterik harik eta bera hil arte, Agirre lehendakariak ezik, azken honi baimena eman ziolarik idazten ari zen libururako baliogarri ziren gauzak erabilteko, beti ere ardura haundiz.[74]

Behin memoria horiek amaiturik, apaiz lagun bati eman zizkion, diktadura amaitzean argitaratu zirelarik.[72]

1974ko uztailak 26ean leuzemia diagnostikatu zioten eta egun gutxi beranduago hil zen, abuztuak 6ean.[13] Deustuko Ibarrekolandako hilerrian hilobiratu zuten baina 1982ko irailak 5ean bere gorpua Deustuko San Felicísimo santutegi pasiotarrera eraman zuten.[75]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. RAGUER I SUNYER, Hilari. (2006). Aita Patxi. Prisionero con los gudaris. Claret, 285-287 or. ISBN 84-8297-876-4..
  2. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 212 or..
  3. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 33 or..
  4. a b GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 195 or..
  5. AITA PATXI: – Iglesia Navarra. .
  6. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 87-88 or..
  7. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 115-119 or..
  8. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 123-128 or..
  9. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 145-150 or..
  10. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 286 or..
  11. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 196-197 or..
  12. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. (1954). Ni nekalditarren ibilkerak (mi odisea pasionista) Españako erri gudaketan. , 168. orrian or. ISBN 84-348-0753-7..
  13. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 241-247 or..
  14. (Gaztelaniaz) «GONDRA, Victoriano - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  15. (Gaztelaniaz) Vida / Bizitza – San Felicísimo. (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  16. https://ibarrekolandatarrak.wordpress.com/6-callejero/
  17. https://bilbao.callejero.net/plaza-aita-patxi.html
  18. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 216 or..
  19. ANDRINUA, Martzel. (2000). Aita Patxi. Ibaizabal, 10 or. ISBN 84-8325-382-8..
  20. RAGUER I SUNYER,, Hilari. Op. cit. , 21-22 or..
  21. Aita Patxi Documental. .
  22. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 24-25 or..
  23. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 28 or..
  24. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.. , 36 or..
  25. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 35-36 or..
  26. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 33-37 or..
  27. (Gaztelaniaz) AITA PATXI: – Iglesia Navarra. (Noiz kontsultatua: 2023-03-05).
  28. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 49-51 or..
  29. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 51-55 or..
  30. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 87-91 or..
  31. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 170-171 or..
  32. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.. , 121 or..
  33. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 90 or..
  34. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 91 or..
  35. a b GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 169 or..
  36. a b c d RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 100 or..
  37. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 99 or..
  38. a b RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 95 or..
  39. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 95-96 or..
  40. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 97 or..
  41. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 98-100 or..
  42. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 98. or..
  43. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 97-99 or..
  44. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 104-107 or..
  45. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 102-108 or..
  46. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 172 or..
  47. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.. , 108-109 or..
  48. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 173 or..
  49. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 111-114 or..
  50. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 114-115 or..
  51. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 115-116 or..
  52. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 116-118 or..
  53. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.. , 120-121 or..
  54. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 176-177 or..
  55. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 121 or..
  56. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 109 or..
  57. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 125 or..
  58. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 123-126 or..
  59. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 127 or..
  60. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 128-129 or..
  61. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 129 or..
  62. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 129-130 or..
  63. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 130-136 or..
  64. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 139-142 or..
  65. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 143 or..
  66. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 149 or..
  67. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit.,. , 141 or..
  68. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 148-150 or..
  69. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 150 or..
  70. a b GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 168 or..
  71. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 213-214 or..
  72. a b EUZKO APAIZ TALDEA. (1982). Op. Cit.,. , 167 or..
  73. a b GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 168 or..
  74. GONDRA MURUAGA, Aita Patxi. Op. Cit.,. , 168 or..
  75. RAGUER I SUNYER, Hilari. Op. Cit. , 248 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]