Gaur egungo Donostian Altzak duen itxura eta herri zenekoa ez dira inola ere berdinak. Altzako muga historikoek egun Donostiako auzotzat ditugun Bidebieta, Martutene (Sarrueta), Intxaurrondo eta Uliako bertako zati bat ere biltzen zituzten. Adibidez, Uliako Mintegietako parkean dagoen bide asfaltatua Donostia eta Altzaren arteko muga zen, eta garai hartako mugarri bat ikus daiteke oraindik parkean, Soroborda ur-biltegiko etxeko iskin batean.
Altzako udaletxea eta San Martzial eliza
Lehen aipamena agiri historikoetan 1141koa da eta bertan herri gisa ageri da. Egun, Donostiako auzoa da, 1940az geroztik, baina autonomia osoa izan du bere historiako bi epetan. Horietako lehena 1821etik1823a bitarte doan denbora tarte laburra izan zen. Bigarrena, luzeagoa, 1879tik1940ra (1910etik hiribildu izendapenarekin, gainera).
1390ean altzatarrek eliza eraikitzeko baimena eskatu zioten Iruñeko apezpikuari eta San Martziali eskainitako parrokia sortu zuten. 1940az ondorengo bilakaerak eraikuntzen eta biztanleen masifikazioa izan du oinarri. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik lanera etorritako jende uholdearen bizitoki bilakatu zen Altza, eta gaur egun ia 25.000 biztanle ditu, antzinako Altzako udalerriaren barneko beste auzoak zenbatu gabe. Gaur, Altza osatzen dituen zonaldeak Alde Zaharra, Auditz-Akular, Bista eder, Erroteta, Garbera, Harria, Herrera, Jolastokieta, Larratxo, Lauaizeta, Molinao, Nerekan, Oleta, Santa Barbara eta Txingurri dira.
Erdi Arotik aurrera, nabariagoa bilakatu da, hala Donostialdean nola Gipuzkoako historian. Lurralde osoan behin eta berriro aipatu dira haren jarduera ekonomikoa (sagardoa, merkataritza, abeltzaintza...), erlijiosoa (istilutsua maiz), eta izen altzatarrak (Arzak, Aduriz, Txipres, Berra, Miraballes; Garbera, Kasares, Sius...).
Altzako Historia Mintegia1986a sortu zen, Casares Kultur Etxea berriaren ekinbide gisa, herriaren iragana eta egungo errealitatearen ikerketa eta ezaguera lantzeko. Hasieran, elkartearen lehenengo urtean “Altzatar Ikasketen Mintegia” izena erabili zuten.[5]
Geroago, 1993an, bazkideek elkarte independente gisa eratu zuten. Orduan hauek ziren zuzendaritza Batzordeko dinamizatzaileak: Jon Serrano, presidentea; Iñigo Landa, idazkaria; Antxon Alfaro, diruzaina; Luis Mari Ralla, Antxoni Loro, Pili Lázaro, Mikel Ubillos, Joxerra Fernández, eta Joaquín Garrido, batzordekideak. Joaquín Garrido kideak logotipoa sortzen du eta, urte berean, Angel Calvo, Javier Cantera eta Juan Carlos Mora lan taldean sartuko dira; Maribel Manzano 2003. urtean.[5]
Urtetan antolatu dituzten jardueren artean hauek dira aipagarrienak: AltzaNatura, Altzanet, Dokumentazio zentroa, genealogia, ikerketak, kultur asteak, erakusketak, topaketak, kontzertuak, eta herria erakusteko Ibilaldiak.[6]
Ezkerretik eskuinera: Larratxo, Auditz-Akularreko gunea, autobia eta Lau Haizetako parkearen hasiera.
Harriako parkea. Gune urbano nagusian kokatuta dago. Berdegunearen goreneko zatian, hondar arkeologikoak daude. Parkearen atzealdetik Pasaiako badiaren ikuspegi panoramikoa dauka. 32.000 metro karratu ditu.
Larratxo parkea edo Lau Haizeta parkea Larratxo auzunean dago. Bertan egurrezko eserlekuak eta mahaiak daude. Landaretzahostotsua eta ondo zaindua du. Horrez gainera, egurrezko bi zubik parkea edertzen dute. Parkearen mendebaldeko aldetik Garbera merkatalgunera atera daiteke.
XIV. mendean azaltzen zaizkigu Altzako oinetxeak sortuko dituzten abizenak: Arriaga, Artzak, Arnaobidao, Berra, Casares, Casanao, Larrerdi, Sius, Merkader, Carbuera (edo Garbera), Larratxao, Parada, Miraballes, Aduritz, Estibaos, Txipres eta Zapirain. Abizen horietako askok gaskoi jatorria dute, Altzako aurreneko biztanleen jatorriaren adierazgarri (Artzak, Arnaobidao, Casanao, Carbuera, Aduritz, Estibaos).[7]
Aipatu abizenetako batzuk gaur egun galduak dira, baina garai batean Donostiako eta Gipuzkoako dokumentazioan behin eta berriro azaltzen ziren (Arnaobidao, Casanao, Sius edo Estibaos). Besteak, egun Euskal Herrian oso zabalduta daude (Arriaga, Artzak, Berra, Aduritz, Casares edo Zapirain). XVI. mendetik aurrera, horietako batzuk armarri heraldikoak hartzen hasi ziren.