Edukira joan

Singapur

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Singapurko Errepublika
Republik Singapura
新加坡共和国
சிங்கப்பூர் குடியரச
Republic of Singapore
Ereserkia: Onward Singapore (en) Itzuli
Goiburua: Majulah Singapura
("Aurrera Singapur")

Singapurko bandera

coat of arms of Singapore (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaSingapur
1°18′0″N 103°48′0″E
Azalera719,1 km² (165.)
Ura %1,444
Punturik altuenaBukit Timah (en) Itzuli
Punturik sakonenaSingapur itsasartea (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakMalaysia eta Indonesia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa
Singapurreko presidenteaTharman Shanmugaratnam
LegebiltzarraParliament of Singapore (en) Itzuli
Epai autoritateaSupreme Court of Singapore (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria5.866.139
Dentsitatea8.157,61 bizt/km² (2.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioabudismo, Taoismo, kristautasun, islam eta hinduismo
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 21
Emankortasun-tasa1,25 (2014)
Alfabetizazioa% 96,8 (2015)
Derrigorrezko eskolaratzea7-15
Bizi-itxaropena82,79512 (2016)
Giza garapen indizea0,939 (2021)
Ekonomia
BPG nominala323.907.234.412,34 $ (2017)
BPG per capita57.714 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa528.139.406.172 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn94.104,704 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2,5 % (2017)
Erreserbak285.000.274.600 $ (2017)
Inflazioa0 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1965eko abuztuaren 9a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+65
ISO 3166-1 alpha-2SG
ISO 3166-1 alpha-3SGP
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.sg
gov.sg

Singapur[1] hego-ekialdeko Asiako uharte eta hiri-estatua, Asiako txikiena, Malasiar penintsularen hegoaldeko muturrean kokatua. Izen bereko itsasartearen beste aldean Indonesia dago.

Muga hauek ditu: iparraldean, Johoreko itsasarteak berezirik, Malaysia; ekialdean eta hegoaldean, Singapurko itsasartea; hego-mendebaldean, Malakako itsasarteak berezirik, Indonesiako Sumatra uhartea.

Singapur estatua izen bereko uharteak eta haren inguruko beste 50 uharte askoz txikiagoek osatzen dute. Estatuak dituen 618 km2-etatik, 544 km2 Singapur uharteari dagozkio. Ia uharte osoa 15 m-tik beherako zelaia da. Erdialdean, ordea, granitozko muino artean, 177 m-ko Bukit Timah mendia (177 m) dago. Uhartearen ekialdea ordoki hareatsua da, baina higadurak muinoak eta ibarrak eratu ditu. Erdialdeko muinoetatik hegoaldera eta sortaldera, zenbait tokitan, lurraldea zimurtua da eta, kostaldean zehar, labar txikiak eta sakontasun txikiko ibarrak daude. Erreka asko daude: luzeenak, Seletar ibaiak, 15 km ditu.

Klima eta landaredia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Singapurrek klima ekuatoriala du, beroa eta euritsua. Urtean zehar, batez beste, 25 °C eta 2.500 mm inguru euri izaten dira. Behiala uhartea estaltzen zuen landareditik ia ez da ezer geratzen. Basoak lurraldearen % 5 estaltzen du, eta babestuta dago. Erreka batzuetan, iparraldekoetan batez ere, eratzen diren estuarioetan ur gazietara egokitutako landareak hazten dira. Gainerakoan, sastraka edo belarra hazten da.

    Datu klimatikoak (Singapur)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.1 31.1 31.6 31.7 31.6 31.3 30.9 30.9 30.9 31.1 30.6 29.9 31.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23.3 23.6 23.9 24.4 24.8 24.7 24.5 24.4 24.2 24.0 23.7 23.4 24.1
Euria (mm) 242.5 162.0 184.8 178.8 171.8 161.2 158.3 176.2 169.7 193.9 255.7 288.2 2343.1
Euri egunak (≥ 1 mm) 15 11 14 15 14 13 13 14 14 16 19 19 177
Eguzki orduak 173.6 183.6 192.2 174.0 179.8 177.0 189.1 179.8 156.0 155.0 129.0 133.3 2022.4
Hezetasuna (%) 84.7 82.9 83.8 84.8 84.4 83.0 82.8 83.0 83.5 84.1 86.4 86.9 84.2
Iturria (1): National Environment Agency (Tenperatura 1929-1941 eta 1948-2009, Prezipitazioa 1869-2009, Hezetasuna 1929-1941 eta 1948-2010, egun euritsu 1891-2009) [2]
Iturria (2): Hong Kong Observatory (eguzkia bakarrik, 1982—2008) [3]

Singapur uhartea, lehen Temasek edo Tumasik izenaz ezagutzen zena, arrantzaleen eta itsaslapurren bizileku izan zen urteetan, eta uhartearen kokapenagatik, garrantzi handiko gunea izan zen Sumatrako Srivijaya Inperioarentzat. XIV. mendean, Javako Majapahit Inperioak Sumatrakoaren tokia hartu zuen eta, gero, hari Siamgo Ayutthayako Erresuma jarraitu zitzaion. XV. mendearen hasieran, Malakako Inperioaren agintaritzapean geratu zen Tumasik. XVI. mendearen lehen urteetan, portugaldarrak heldu ziren, eta XVII. mendean, holandarrak. 1819an, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak, Johoreko sultanarekin hitzartuta, Singapurko hiria eta portua sortu zituen, britainiarrek Asiako hego-ekialdean zituzten kolonien erdigunea izan zirenak.

1869an Suezko kanala ireki zenean, eta lurrun-itsasontzietarako bideak finkatu zirenean, Singapurrek oso hazkunde bizkorra izan zuen, Europaren eta Asiako ekialde eta hego-ekialdearen, eta baita Australiaren arteko joan-etorrien geltoki izan baitzen. 1867an, Straits Settlements (Itsasarteetako koloniak) britainiar kolonien (Singapur, Penang, Malaka eta Labuanek osatua) administrazio gune bilakatu zen. Bigarren Mundu Gerran japoniarren mendean egon zen. 1946an, Straits Settlements desegin zirenean, Singapur besteetatik bereizitako kolonia izan zen. 1959an, bere gain hartu zuen barne-arazoetarako ardura, eta 1961ean, Lee Kuan Yew legegizona lehen ministro izendatu zuten.

1963an, Malaysiako Federazioa sortu zen, eta Singapurrek, federazio haren barruan, autonomia ekonomikoa eta politikoa gorde zituen. Txinatarren eta malaysiarren arteko aurkakotasuna zela eta, 1965eko abuztuaren 9an burujabetasuna lortu zuen. Harrezkero, PAP alderdiak, Lee Kuan Yew lehen ministroaren bitartez, despotismoz gobernatu du, gizarte-jokabideak estutik begiratuz. Singapur Sortalde Urruneko bi herrialde industrializatuetako bat izatera iritsi zen, eta garrantzi handiko finantza gune bilakatu zen. 1971n, britainiar gudarostearen egoitza itxi zenean, Britainia Handiarekin, Australiarekin, Zeelanda Berriarekin eta Malaysiarekin batera, babes-hitzarmen bat izenpetu zuen Singapurrek. Halaber, kanpo-harremanetan, Estatu Batuekiko eta Japoniarekiko harremanak estutu eta komunismoaren aurkako jarrera hartu zuen, baina, geroztik, inguruko herrialdeetara hurbildu da, Asiako hego-ekialdean sortzen ari zen egoera berrira egokituz. 1990ean Lee Kuan Yewek haren hurbileko Goh Chok Tonki utzi zion lehen ministro kargua. 1991ko hauteskundeetan, PAP alderdiaren nagusitasuna sendotu zuten. 1994 eta 1995 urteen bitartean, Singapurko gobernuak tirabirak izan zituen Estatu Batuekin, Filipinekin eta Herbehereekin. Izan ere, nederlandar ingeniari bat urkatu zuten, heroina saltzeagatik, estatubatuar gazte bat atxilotu eta kanabera-zartadak hartzera kondenatu, eta filipinar zerbitzari bat hil zuten hilketa-salaketapean. Bestalde, funtzionario bat, bi ekonomista eta bi kazetari atxilotu zituzten estatuko sekretuak arautzen dituen legea hausteagatik: ekonomia-hazkundearen aurreikuspenak argitaratu zituzten, ofizialki argitaratu baino lehen. Bestalde, El Niño fenomeno klimatikoak eragindako lehorteek eta haize-aldaketek galera nabarmenak eragin zizkieten Singapurko nekazaritza eta turismoari. Haizeen ondorioz, ke-lainoak Singapurrera iritsi ziren, eta horrek osasun-arazo larriak sortu zizkien biztanleei.

1998an, Singapurko dolarraren balioak beherantz segitu zuen, Asiako finantza krisia zela-eta. 1999an, Sellapan Ramanathan Nathan izendatu zuten estatuburu. 2000ko hamarraldiko lehen urteetan, Singapurrek krisi handia izan zuen; batetik, eraso terrorista latzak gertatu ziren uhartean, dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin zituztenak; bestetik, 2003an, arnasteko sindromea edo SARS deritzan gaixotasun larriak 200dik gora kasu izan ziren Singapurren eta kezka handia sortu zuen. 2004an, Lee Hsien Loong, Lee Kuan Yew-en seme zaharrena, lehen ministro izendatu zuten.

Singapurko biztanleen hiru laurdenak Txinako Fujian eta Guangdong probintzietatik joandako txinatarren ondorengoak dira. Estatuko batez besteko dentsitatea munduko handienetakoa da: 6.389 bizt/km2. Singapur sortu zenetik, txinatarrentzat immigrazio-gunea izan da. Hala eta guztiz ere, azken urteetan, gobernuak immigrazioa eteteko neurriak hartu ditu, eta langile atzerritarrek ez dute lortzen denboraldi baterako baimena besterik. Bestalde, Singapurko biztanleriaren ugalketa bizkorra zela eta, gobernuak jaiotza-kopurua jaisteko neurriak hartu zituen 1960-1980 bitartean, eta jaiotzak erdiraino jaistea lortu zuen. Etniak: txinatarrak, % 77,7; malaysiarrak, % 14,1; indiarrak eta srilankarrak, % 7,1; besteak, % 1,1. Erlijioak: budismoa, % 28,3; kristautasuna, % 18,7; islama, % 16; taoismoa, % 13,4; hinduismoa, % 4,9; bat ere ez, % 17,6; besteak, % 1,1.

1950. urtearen amaiera arte, Singapurko ekonomia merkataritzan eta britainiar itsasontzi- eta hegazkin-baseekin lotura zuten jardueretan oinarritzen zen. Baina Malaysiatik banandu ondoren eta 1971n britainiarrek Singapur utzi ondoren, goitik behera aldatu zen ekonomiaren antolamendu hori. Gobernuak industrializazio-politika jarri zuen abian; 1960an BPGren % 7 hartzen zuen industriak, eta 1995ean % 36ra igo zen. Industrializazioaren lehenengo aldian, eskulangintzako industria sortu zen, baina ekonomia-jarduerak esportazio-gaietara aldatu dira urteek aurrera egin ahala. Azken urteetan, teknologia aurreratuak (hegazkinen konponketa, informatika, elektronika) dira nagusi. Singapurko portua munduko nagusietako bat da (93 km2), eta bost terminal espezializatu ditu. Petrolioa, kautxua, espeziak, arroza, ehunak eta zura dira portuko merkataritza-gai nagusiak. Bestalde, Singapur merkataritza- eta finantza-gune handia bihurtu da nazioartean. Horrez gainera, turismo-gune garrantzitsua da (2007an, 10,2 milioi turista izan ziren Singapurren). Singapurrek merkataritza-harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Malaysiarekin, hego-ekialdeko Asiako herrialdeekin eta Europarekin. 1997ko udan Asian izan zen finantza-krisiak oso larri utzi zuen Singapurko ekonomia, eta izugarri hazi zen langabezia.

Irudi-galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan