Edukira joan

Cava d'Ispica

Koordenatuak: 36°51′08″N 14°50′15″E / 36.85234°N 14.83756°E / 36.85234; 14.83756
Wikipedia, Entziklopedia askea
Cava d'Ispica eta Parco Forza
Datuak
Herrialdea Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Ragusa
Italiako udalerriIspica
EskualdeaModica, Comune di Ispica  Sizilia
Koordenatuak36°51′08″N 14°50′15″E / 36.85234°N 14.83756°E / 36.85234; 14.83756
Map
Azalera[convert: invalid number] km²
Historia
Garaia(k)Brontze Aroa
KulturaMilazzeseko kultura
Indusketa
Bisitagarriabai
http://www.regione.sicilia.it/beniculturali/dirbenicult/database/page_musei/pagina_musei.asp?ID=52&IdSito=69

Cava d'Ispica 13 kilometro luze duen ibai-haran bat da, Iblei mendietako goi-ordokian, Modica eta Ispica udalerrien ondoan. Haranaren landarediaren artean, gehienbat, maki mediterranearra, honako eraikin hauek daude: historiaurreko nekropoli bat; kristau-katakonbak; labar-oratorioak; eremiten monastegiak eta mota askotako bizilekuak, non, Siziliako historiaurretik K.o. XIV. mendera arte, etengabe jendea bizi den. Ispicako lurraldea amaitzen denean, haranak Parco Forza izena hartzen du.

Biagio Pace arkeologoaren arabera, Cava d'Ispica Siziliako jakin-min arkeologikoen handienetariko bat da, itxura pintoreskoagatik eta horma harritsuetako zuloengatik, Modicako goi-lautadaraino heltzen direnak[1].

Kobetako ezaugarri batzuei esker: morfologia; sakanaren itxura; haitz mota; defenda erraza zen posizioa, eta itsasotik hurbil egotea, Siziliako labar-kokalekurik garrantzitsuena da.

Gaur egun, nahiz eta ikerlariek, gehienbat italiarrek, lan handia egin, ez da Cava d'Ispica gehiegi ezagutzen. Orain dela gutxi, Giovanni Modicak adierazi zuen: Hau bezalako enpresa bat burutzeko gastuak (toki arkeologikoaren ikerkuntza zientifikorako) hain handia dira non ezin baitaitezke kontuan hartu[2].

Egia esan, tokian ez da induskatzeko kanpaina erregular bat egin. Gaur egun ere, egiten diren ikerketak partzialak dira. Koben datazioa hain da handia, (historiaurretik historia arte) non zaila den jakitea noiz ezarri zen, Cava d'Ispican, lehen giza-kokalekua.

Lehen biztanleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haiserako biztanleentzat oso toki aproposa zen berezko defentsagatik eta bizirauteko nahiko baliabide zegoelako.

Cava d'Ispicako monumentuen mapa

Parke arkeologikoan, Modicako eskualdetik eta herri mugakideetatik, aurkitutakoa Modicako F. L. Belgiornoko Herri Museoan gordetzen da, non XIX. mendeko bildumak erakusten diren.

Errepertorio arkeologikoaren barruan, zeramika ugariaz aparte, badaude beste objektu batzuk: sukarrizko xaflak; obsidianazko aiztoak; beltz koloreko hezur globularra Printzearen hilobiaren ondoan, Modicako Baravitalla auzoan aurkitutakoa, eta Sizilian, Grezian eta Anatolian aurkitutako beste objektu bitxi batzuk ere.

Defentsa naturalak ziren landaredia trinkoa eta haranaren hondoan igarotzen zen ibaia, toki gutxietatik zeharkatu zitekeena eta Cava bi partetan zatitzen zuena. Honetaz gain, harrizko blokeek, oztopo naturalak izatean, Cavaren hegoaldetik Ispicako herrixkaren pasabidea ixten zuten. Biztanleek ere, lagundu zuten gotortze horretan. Eskualde honi hesia deitzen diote. Pace arkeologoaren arabera, Cava d'Ispicako kobetan bi milurtekoen zehar bizi izan dira[3]. Esleipenik antzinena sikuloei dagokie, mende askoren zehan irlan isolaturik bizi zirelako. Hala ere, zatirik handiena paleokristau-katabonbak dira, adibidez Grotta della Larderia, labar bizilekuak, Santa Maria eta San Pancrati santutegiak, K.o. VI. mendekoak.

Sikuloak Sizilia inbaditzean, Cava d'Ispicako bizileku sikanoez jabetzeaz gain, fundatutako berriek K.o. 1693 arte iraun zuten, Val di Notoko lurrikara gertatu arte. Aldi honetakoak dira Scalaricottako haitzulo-hilobiak. Sikuloen beste kokaleku izugarriak izan ziren Gaztelu sikanoaren inguruko kobak; La Capraria eta Lavinaroren aurrean habitatutako konplexua, ehundaka kobez osatuta eta zenbait mailatan komunikaturik zegoena.

Greziarrek, Siziliara heltzean, zenbait hiri konkistatu zuten. Hala ere, Cava d'Ispicak independente jarraitu zuen, nahiz eta haiekin harremanak izan. Erromatar garaiko aztarna gutxi daude, bizantziar presentziarekin nahasturik daudelako.

Jazarpen erlijiosoetatik ihesiz, tokiko kristauak kobetan errefuxiatu ziren eta gurtzeko toki txikiak zulatu ondoren, irudi erlijiosoekin apaindu zituzten. Hauen ereduak dira Santa Maria labar-eliza; San Hilarion Gazakoaren koba; Santuen koba; San Nikolas labar-eliza, eta Larderia, U Campusantu (Hilerria) eta Botikako katakonbak.

K.o. 1693ko lurrikararen geroztik, hegoaldeko biztanleak Spaccaforno hiri berrira mugitu ziren, 1936an Ispica izena hartu zuena. Horren ondoan, Cava bertan behera utzi zen.

Handiagotzen ari den Cavari buruzko jakinmina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Notoko eta Spaccafornoko eskualdeko mugetan oso bitxia eta ikusgarria den monumentu bat dago, bidaiari kartsuari arreta eskatzen diona eta ikusitakoarekin pozik sentitzen dena: Modicako hiritik, Ispicako sakanatik bostpasei mila baino hurbilago (siziliarrek le Valli deitzen dioguna) oso berezia den hiri bat dago, milaka biztanle izan zitekeena eta zati batez osatutakoa.

(Siziliako antzinatasun guztien zeharkako bidaia. Ignacio Paternok, Biscariko Printzeak azalduta, 1781)[4].

»

Jean Houel, Io Chatelet, Saint-Non eta beste bidaiarien helburua bilakatu zen, nahiz eta arestiko beste arkeologoren arreta lortu bazuen ere, hala nola, Biagio Pace, Paolo Orsi eta Holm.

Bufalino idazlearen eleberri bat Cavan giroturik dago.

« Gurekin etorri nahi zuen Ispicara sakana ikusteko, haran estua eta luzea antzinako hilobiz eta santutegiz osatutakoa (…) Aurrera jarraitu genuen jakin gabe itxaron gintuen edertasunaz (...). Hemen nengoela, harri arrakalutsuen zehar, tunel-ehuna eta idi-begiak agertu ziren argiarekin kontrastea eginez; ez zegoen ikuspegi bat ezta irudi bat bizi-poza ematen ez zionik (...) nekropoliaren barruan, kiratsa opakua zen, antzinako soto baten antzekoa, ikaratu ginen gure gorputz-adar izerditsuetan. Salto txikiekin mugitu ginen, hutsuneak ekidituz. Hauetariko batek liluratu zion; hilobi handi bat alboan beste txiki bat zuela. Ume bat eta haren aita suposatu nuen. Errege baten neskato-emaztegaia zuzendu zidan.

Gesualdo Bufalino: Argo il cieco ovvero I sogni della memoria.

»


Izena eta etimologiaren hipotesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cava d'Ispicako izena herri homonimoarena baino antzinagoa da, 1936 arte Spaccaforno deitu zelako. Gaur egun, herriko udaletxean Spaccafunnu deitzen diote. Izen hau 1093ko eta 1168ko aita santuen buldetan agertzen da, Alexandro III.aren aitasantutza-aldian, non Spaccafornoko elizak Sirakusako gotzainari eman baitzizkioten. Latinezko izena mende askotan Ispicae fundus izan zen (Ispicako beheko tokian dagoen lurraldea). Ispica izena beti cava hitzarekin agertzen da (sakana tokiko hizkeran). Ispica grekerazko éis peg's hitzetatik dator (iturburuetarantz), Pernamazzoni/Busaitone errekaren ibilgua seinalatuz[5].

« Haranaren hondoan ur ugari aurkitu genuen zuhaitz handiak ureztatzen zutela eta arrokan zulatutako ubideen barrena izurtzen zirenak. Nahiz eta Siziliako alde gogorren eta antzuenean kokatuta egon, leku hau, landaretzaz eta freskotasunaz, badirudi uda garaiko Alpeetako haran bat.

(Jean-Claude Richard de Saint-Non, Voyage Pittoresque de Naples et de Sicile, 1781-1786 [5]) (Jean-Claude Richard de Saint-Non, Voyage Pittoresque de Naples et de Sicile, 1781-1786).[6]

»


Haranean barrena, zenbait tokitan 100 metro sakon eta 500 zabal duena, erreka batek zeharkatzen du. Goi ibilguan Pernamazzone deitzen dute, behe ibilguan, berriz, Busaitone.

Cava d'Ispicako eskualde naturala

Urari esker paisaia ederra da eta haren landaredi oparoan anitz espezietako hegazti bizi dira.

Cavaren flora Mediterraneoko makizko hainbat espeziez osatuta dago, adibidez, artea, esne-belarra, algarrobo, palmondo nanoa, olibondoa basa olibondoa, olibastroa, platano arrunt eta abar. Oihanpeak aldaerak ditu: iratze ar, lurreko ziklamena, basoetako mingots, borraja, Clinopodium nepeta, anpelodesmos, zainzuriak, huntza, salbia, eta abar.

Habitatua izan zenean, Cavan lurra lantzen zen, baina 1693ko lurrikararen ondoren bertan behera utzi zen. Zenbait mende geroago, berriro nekaritza jardutean, Cavak lorategi baten itxura hartu zuen. Han landatutako frutu-arbolak honako hauek ziren: mizpira, abrikotondo, mahatsondo, kakiondo, intxaurrondo, kakahuete, pistatxondoa, mingranondoa, eta abar.

Faunari dagokionez, lehen baino murritzagoa da, beste batzuen artean; etxe-untxia, azeria, hystrix cristata, triku arrunta, pagausoa. Narrazti batzuk aurkitu dira, hala nola, Eskulapioren sugea eta suge berde-horia.

Ibleei mendiak kareharrizkoak direnez, errekek, denboraren poderioz, horma malkartsuko haranak zizelkatu dituzte, nahaspilatutako sareen bidez itsasoratu baino lehen.

Haranaren iparraldean, (Modicako eskualdean) horma arrokatsuak egokiak izan dira gizakia kokatzeko, hortaz bizileku, koba (habitatuak K.a VIII. mendetik K.o. XX. mendeko hasiera arte) eta nekropoli ugariak.

Hegoaldeko defentsa-posizioek (fortilitium adibidez, Ispicako eskualdean) gotorleku naturala da, kareharrizko masa batez osatutakoa, errekaren higadurari aurre egitean, hegoaldeko sarreraren alubioi eta defentsa funtzioak egin zituzten.

Cava d'Ispicako parke arkeologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauxek dira berriki izendatutako Cava d'Ispicako parke arkeologikoaren monumentuak:

Gimnasioa harrian zulatu zen helenistiko-erromatar garaian eta duela gutxi lurpetik atera da. Komunikatutako bi gela ditu, alboan eserlekuak dituztenak. Eskuineko gelako horma eraitsi da eta gelaren barruan garbitzeko zuloak aurkitu dira. Ezkerraldea interesgarriagoa da eta hobeto zainduta dago. Horko grekerazko grabatuak daude eserlekuak esleitzeko. Idazkiak kontuan hartuz, PRE izenekin agureen tokiak izendatzen ziren eta NEO hitzekin, berriz, gazteenak. Tokia, agian, komunitatearen bilerak egiteko erabiltzen zen

Larderia izeneko katakonba, tokian existitzen direnen artean, nabarmenena da. Siziliako handiena izanik, Sirakusako San Joanen ostean, 500 metro koadroko azalera du. Cava d'Ispicako iparraldean dago (Modica), hilobi-konplexu baten atala izanik[7].

Kobaren sarreran atari bat dago eta handik hiru korridore hasten dira: erdikotik 40 metroko hutsune arrokatsu batean sartzen da; beste bietako luzera laburragoa da. Erdiko korridoreko arkitektura apartekoa da, hiru alditan induskaturik. Lehenengo atala tunel bat da; 12 metro luze eta bi zabal. Horren hormetan, nitxo horizontalak zizelkatu dira, bost mailetan. Behe mailakoa, mendeetan zehar erabili dena, 1982an induskatu zen.

« Kobaren hasieran Siziliako kobazulo hilobirik handiena duen erliebe txiki bat altxatzen da: 23 luzera ditu; hiru nabe paraleloz osatuta dago; erdikoa luzeena da; alboetakoek kobazulo txikiak dituzte, guztiak nitxoekin. 450 zenbatu nituen; zentzu guztietan kokaturik daude, tamaina guztietakoak eta adin guztietarako ... Hiru nabe horiek sarrera bakarra dute.

(HOUEL, Jean: Voyage pittoresque des isles de Sicile, de Lipari et de Malta, 1782/87)[8]

»


Galeriaren bigarren ataleko gela batean, hilobiak taldeka jarrita daude, plataforma garaietan, korridore estuez mugaturik. Elkarren artean gurutzatzean errepide-sare bat osatzen dute, korridore zentralean amaituz. Plataformak zutabe lodiekin lotu ziren kobako gangari eusteko.

Korridore zentraleko hirugarren atalak arkitektura bitxiagoa du. Arkosolioak ugariak dira eta sarkofago anizkunak ondoko nitxoetan, zutabez eta arkudun edo ojibal antzeko leihoez mugaturik. Hipogeo horren ezaugarririk nabarmanena sarkofago-hilobiak dira.

Eskuineko korridoreak erdiko korridoreko lehen atalaren itxura eta egitura antzekoa du, baita luzera berdina ere. Ezkerreko hormaren luzeran, bost nitxotako lerro paraleloak daude: eskuineko hormaren amaieran bi arkosolio nabari daitezke baita gelaxka batzuk ere, galeriako ardatzerekiko batzuetan perpendikularrak eta bestetan paraleloak direnak.

Ezkerreko korridorearen irregulartasunak adierazten du beranduago erabili zela; nitxoak horizontalki egoteak inguruari anabasezko itxura ematen dio, hainbat suntsipenez areagoturik.

Botikako elizaren planimetria

Cava d'Ispicaren mendebaldean (Modicako lurraldean) Spezieria dago, partzialki eroritako sarrera duena. Botika hau laukizuzeneko gela handi batez osatuta dago. Hormetako hutsuneak, agian, apalak edo trastelekuak ziren poteak edo ukenduen edukigailuak, kremak edo belar-edabeak gordetzeko.

Albo batean, hiru abside irregular daude, hormaren zati handi bat hartzen duena. Inguruan, ikustekoa da harrian zizelkaturiko eserleku zirkular handia.

Kareharrizko zoruan egindako zuloa, adituen arabera, motrailu bat zen, hortaz spezieria (botika) tokian deitzen duten moduan. Dirudienez, hilobiratzeko toki bat izan zen, gerora beste erabilerarako eraldatu bazen ere. Hori ondorioztatzen da kobaren zabalera, haren itxura zirkularra eta oinarri baxua (horma gehienak inguratzen dituena) ikusi eta gero.

Cavaren ondoan, Salinitro bisitagarria da. Toki horretan hilobi eta koba gehiago daude, batak besteen gainean, nahiz eta partzialki suntsiturik egon.

Eraitsitako kobak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait solairutako eraitsitako koba hauek Erdi Aroan bizileku gisa erabiltzen ziren. Konplexu hau tokiko beste egiturarekin konektaturik zegoen.

Santa Maria labar-eliza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza hau eraitsitako koben eta hilerriaren ezkerraldean dago. Aurrealdea erori zen baina eskailera kiribil bat dago baita gurutziltzatuaren fresko baten aztarnak ere, latinezko lignum mortis eta S. Johannes azpitituloekin. Beste barruko toki batzuk gaur egun zahaberritu daitezke.

Cavako hegoalderantz eta Busaitoneko ezkerraldera dago hilerria, eraitsitako kobaren inguruan, Santa Maria elizatik minutu batera. Agidanez, K.o. IV. mendeko kristau-nekropoli bat da, hilobi baten horman kristau sinbolo bat zizelkatuta baitago. Guztira, 60 putzu daude lurrean, gainjarritako nitxoak eta hainbat hilobi harrian zulaturik. Bi ataletan banaturik dago: lehengoan, 25 hilobi dira, era askotan kokaturik. Iparraldera hedatzen den bigarrenak, berriz, 24 hilobi ditu eta atzeko horman dagoen arkosolioren klipeoan kristau-monograma bat dago.

Aurreko muinoan, posible da Salinitro bisitatzea, gainjarritako hilobiekin eta partzialki suntsituriko kobekin.

Iparraldeko monumentuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parketik kanpo, iparraldearen inguruko eskualdeetan, beste monumentu baliotsu batzuk daude:


La Grotta della Signora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Grotta della Signoraren kupulak ganga bakarra du: tholos hilobi monumentalaren adibidea da Cavaren iparraldean (Modica).

XX. mendean koba esploratu zen, sarrera blokeatzen zuen material alubiala kendu ondoren (materiala kobaren sarreran erori zen ganga bat erortzean). Gangak hiru kupula txiki ditu baina ez dago argi berezkoak edo gizakiak egindakoak diren. Azken kasu honetan, litekeena da pentsatzea bizantziar aldian gurtzarako erabili zela, gangan gurutze bat zizelkatu zelako.

Koba hau ez zela erabili lurperatzeko pentsatuz gero, aurkitutako solairu-lauzek iradokiten dute koba errituak egiteko edo bizileku moduan erabili zela.

Kobak ez dauka, hormetan gutxienez, solairuko mailan dauden nitxorik. Bestalde, zorua lurrez eta harriz beterik egoteak adierazten du oraindik ez dela esploratu. Naturazko arkitektura hau tokiko nekazarien memorian galdu zen.

La Grotta della Signora Modicako eskualdean egotean eskuragarria da. Cava d'Ispicako sarreratik hasita, 20 metro ibili behar da zolatutako bide batetik eta beste horrenbeste beste batetik, baina zorua lurrekoa da.

Santuen koba Baravitallako barrutian dago, Modicako eskualdean. Koba nahiko handia da, errektangularra. Koba horretan 36 santuetako margoen aztarnak daude, baina egoera larrian[9]. Gaurdaino, santuak nabari daitezke, baina haien aurpegiak kaltetuta daude hondatuta daudelako. Herriko tradizioaren arabera, kalte egin zutenek irudien atzean txanponak bilatzen zituzten.

Paolo Orsi grezierazko inskripzioen arrastoak aurkitu ditu[10]. Basilisan, santu baten irudia, Santa Lucia edo Santa Helena gisa irudikatuta dago. Bizantziar garaiko arte piktorikoaren aztarna dira, garai urrun horretako lekukotasun bakanetako bat.

San Nikolas elizaren freskoak

Grotta della Signoratik beherago, muino txiki batean, "Cuozzu" izenekoan, San Nikolas Barikoaren santutegia dago, Ama Birjina deitutakoa ere. Kobak, 4 x 4,5 metrokoak, oraindik Bizantziar Aroko margoak ditu. Fresko teknikaz egindako pintura horietan San Nikolas nabaritzen da, buruaren gainean N(I) (C) OL(A) US hitzak agertzen direlako. Ama Birjina bat dago ere, masaila umearengana hurbilduz, baina aurpegirik gabe. Zoruan putzu txiki bat dago, agian bataiarri moduan erabiltzeko.

Cava d'Ispicaren iparraldean, Modicako eskualdean, bigarren milurtekoko aztarnak daude: kobak, nekropoliak eta labar-oratorioak. Labe-hilobien sapaia gangaduna edo laua da.

Zutabe faltsuko hilobia

Haren berezitasuna eta aurrealdeko apaindura direla eta bitxia da, Baravitallako barrutian harrian egindako hilobia. Sarrera trapezoidaleko bi alboetan, bederatzi pilastra faltsu zizelkatu dituzte; 4 ezkerraldean eta 5 ekuinaldean, monumentuari garrantzia emateko. Sarrera igarotzean, oboide itxurako gelaurre batean sartzen da eta handik errege gelara, itxura eliptikoa duena. Labe-gangak, talamoak eta ezkerreko horman zizelkaturiko nitxoek iradokitzen dute pertsonaia garrantzitsu baten labe-hilobia zela.

XIX. mendean Sirakusako Museo Arkeologikoko Superintendentziak goiko herrixkaren inguruan egindako indusketetan aurkitu ziren: hezurrezko piezak; orratz edo ezten bat eta grabatutako hezur bat, gaur egun Modicako F.L Belgiorno herri museoan gorderik.

Gaztelu sikanoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztelu sikanoa erromatizismoko irudia
.

Horko lana hain da izugarria, ezen zaila baita pentsatzea belaunaldi bateko lana izan zela, brontzezko edo burdinezko erremintak bazituzten ere. Cava d'Ispicaren erdialdean dago. Kareharrizko horma bat, 30 m-ko altuera duena, benetako gotorlekua da. Gazteluaren berezitasuna lau solairuetako ezohiko arkitekturan datza. Izan ere, hauek barneko eta konpoko eskailerekin konektaturik daude, zeinek erori zirenean, goiko solairuak kolokan jarri baitzituzten. Gela gehienak errektangularrak edo karratuak dira, hormetan nitxoak daude eta agertzen diren beste hutsune batzuek ateen eta leihoen funtzioa egiten dute. Argi naturala duten gela gehienek korridore luze batetik hazten dira, kanpoko hormaren luzeran.

« Bizileku hauek hainbat mailatan eginda daude, haraneko bi hormetako harkaitzean induskaturik; batzuk hain garaiak dira, ezen bakarrik kanpoko eskailerekin edo barruko konexioekin igo baitaiteke. Konexio horien adibide perfektu bat Castello d'Ispica da.

Sir Richard Colt Hoare. Ricordi di viaggi all’estero, nell’anno 1790. Sicily and Malta- 1817[11].

»


Calicantoneko nekropolia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Calicantoneko nekropoliaren hilobi bat

Gazteku sikanotik hurbil eta haran osoa ikusten den garaiera batean dago Calicantoneko nekropolia. Nekropolia Brontze Arokoa da (K.a. XXII. mendekoa) orain dela 4000 urtekoa, Castelluccioko kulturarekin erlazionaturik. Nekropoliak haitzulezko ehun hilobi inguru ditu, hauen arteko bik aurrealdean pilastra faltsuak dituzte, eta beste batek atari baxu bat du. Litekeena da hilobi hauek gaientzen ari ziren zenbait klanetakoak izatea.

Egin ziren indusketetan 2012an eta 2015ean artean, agerian geratu zen txabola obalatu handi baten (10 x 5 metrokoa) barruan hainbat objektu eta eskeletoak. Aurkikuntzek adierazten dute tokia K.a. 1600 inguruan bat-batean bertan behera utzi zela, agian modu bortitzean[12].

Pernamazzoni herrixka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelu sikanotik iparraldera, kilometro batera, Pernamazzoni herrixka dago, ikusgai horma bertikal baten zehar, zenbait gelekin harrian zulaturik.

Hegoaldeko maldako monumentuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pancrati elizaren hondakinak San Nikolas elizaren gainean dago, Modicako Cannizzara auzorako bidean. Iblei eskualdeko zaharrenetariko bat da, K.o. VI. mendearen erdikoa. Bizantziar basilika txiki honek hiru nabe ditu eta presbiterio bat abside batekin. Eliza karreharri bigunezko bloke megalitikoekin egin zen, gaur egun bakarrik kanpoko hormek eta absideak diraute, baita kareharrizko baten zoruko aztarnek eta lurrezko beste geroko zoru batek ere. Hau da Cavako labar-eraikuntza ez den adibide bakarra.

San Markoren katakonba

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Markoren katakonba izen bereko barrutian dago, labarraren amaieran; muino bat eta lautada elkartzen diren tokian. Berrogei metroko korridore batez osatuta dago eta bi alboetan hilobiak ditu. Oso zabala den sarreraren ezkerraldean, bigarren mailako beste korridore bat hasten da. Korridore nagusia, amaieran argiztatuta hiru sabai-leihorekin, erdialdean zabaltzen da errezelezko bi hilobi kokatu ahal izateko. Guztira, 250 hilobi baino gehiago daude. Zenbait metrora, ezkerraldean, korridore txiki baten luzeran hipogeozko beste hilerri bat dago. Herriko komunitate bati dagokion katakonba hori K.o. IV.-V. mendeen artekoa da. S. Markoren katakonbara heltzeko, Ispica-Bufali-Marza errepidea hartu behar da, Ispica-Pozzallo-Notoko bidegurutzearen 2 kilometrora, eskuinean badago 800 metroko bide bat landan barrena.

Bizantziar Aroko monumentuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. 535an, Justiniako Bizantzioko enperadore zelarik, Belisario jeneralak Sizilia konkistatu zuen. Kristauek kobak eraldatu zituzten gurtza-tokiak egiteko.

San Hilarionaren koba

A rutta ri Sant'Ilariuni izeneko koban San Hilarion Gazakoa bizi omen zen. Ingurua San Hilarionaren eskailera deitzen da, antzinean mailadi bat zegoen haranaren sakonetik kobaraino. Garai horretan monakotza garatu zen Siziliako toki guztietatik eta gurtza greziar santuei eta are gehiago Odigitriako Ama Birjinari, hau da, bizantziar kultuan kristauari bidea seinalatzen ziona. Cava d'Ispica ondo prestatu zen Aszetismo-bakardaderako, hainbat komunitate erlijiosok aurreko labar-bizilekuetan komentuak eratu zituzten, zeinen gelak konektaturik baitzeuden korridorei eta eskailerei esker.

Adituen ustez, Santa Alexandraren labar-konplexua monastegi bat zen. Horren beheko partean, Hazteri koban, bizantziar pintura bat dago, dirudienez Santa Alexandra irudikatuz, baina harrian pintatu zenez ia ezabatuta dago. Sakanan barrena, beste labar-konplexu batzuk daude, hauetariko batzuk 1693ko lurrikarak suntsitu zituen, baina beste batzuk, berriz, egoera onean daude. Litekeena da Bizantziar Aroan aszetak eta praileak hor bizi izatea

Gaztelutik ez oso urrun, Busaitone ibaiaren ibilgua jarraituz, komentu bat dago. Izena datorkio erlijio-eraikuntza nabaria delako. Helezinezko amildegi baten gainean kokaturik dago, Cava d'Ispicako zoruaren gainean. Goiko solairuko korridorearen gela txikiak errektangularrak edo karratuak dira.

Uste da monastegi bat zela Santa Alexandraren labar-oratorio bat dagoelako, komentutik ez oso urrun eta bi partez osaturik. Lehenean, fresko baten hondarrak daude, agian santu bat irudikatzen du. Txikiagoa den bigarrenak harrizko zorua du, non zulo bat egin baitzen ura biltzeko. Sufredun ur hori betidanik uste da miragarria zela azaleko gaitza sendatzeko. Antzineko ohiturari jarraituz, sendatu ondoren, beharrezkoa da prenda pertsonal bat uztea.

Marchionale jauregia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin hau gotorlekuaren hegoaldean dago (Ispica) eta horren oinplanoak “L” baten itxura du. Aurreko tokia harri-koskorrez zolatu zen. Eskuinaldean zerbitzu guneak eta biltegiak kokatu ziren. Badaude beste gela batzuk eta asfalto-lausezko korridore bat ere. Beste gela batek Ponpeia-zoru gorria du. Ipar-ekialdeko ertzean aurkitutako zutabe baten oinarriak pentsarazten digu egitura monumental bat falta dela. Bizantziar Aldiko zeramika agertu denez, uste da garai hartako egitura bat zegoela. Hondakin berriei dagokienez, uste da Caruso familiako eraikina (XV. mendekoa) zela eta geroko Statellarena. Jauregia 1693ko lurrikarak behera bota zuen eta ez zen berriro eraiki.

Fortilitium (edo Forza)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Labar naturalek defendatutako gaztelua zen eta, beste aldetik, zubi batek gurutzatu behar zen lubaki bat zeharkatzeko. Gaztelura sartzen da zurezko atari handi batetik, alboan beste bi ate txikiago dituena.

Fortilitium dorrea

Gaur egun, 1693ko lurrikarari eutsi zioten horma batzuk baino ez dira gelditzen. Indusketa batzuek azaldu dituzte markesaren jauregia eta gazteluaren barruan zegoen Annunziata eliza zaharraren zorua. Bisitatzeko interesgarria da ukuilua (10 x 10 m), kobazulo handia, Fortilitiumeko zaldiak gordetzen ziren tokian. Oraindik aska batek eta animaliak lotzeko uztaiek diraute. Goialdean, belarra gordetzen zen eta han ere, biltegiak eta gerrarien gelak zeuden. Hormetan egindako zuloetan zurezko oholak jarri ziren armak, arropa eta animalien uhaleria eskegitzeko.

Crocefia auzoko nekropolia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekropoli hau Giuseppe Bellisario doktoreak aurkitu zuen 2013ko azaroaren 2an, herritik 3 km-ra eta Cava d'Ispicatik 150 metrora kokaturik, ordura arte ezezaguna[13].

Aurkikuntzaren hilabete bat geroago, Ragusako Superintendentziak adierazi zuen nekropoliak Antzinaro berantiar aldikoa zela. Nekropoliak 20 hilobi inguru zituen, guztiak ekialdera begira. Gune berean eta inguruetan, hainbat teilatu-xafla aurkitu ziren. Ingurua babes arkeologiko gunea izendatu dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Pace, Arte e civiltà della Sicilia antica, 149 or.
  2. Modica Scala, Pagine di pietra: periegesi storico-archeologica, 24 or.
  3. Pace, Arte e civiltà della Sicilia antica, 151 or.
  4. http://www.cavadispica.org/punti-di-interesse/le-grotte-cadute/ 2019.07.24an kontsutaturik
  5. http://www.cavadispica.org/ 2019.07.10ean kontsultaturik
  6. Gli ambienti naturali 2019.07.11n kontsultaturik
  7. Larderia, Cava d'Ispica 2019.07.26an kontsultaturik
  8. [http://www.cavadispica.org/punti-di-interesse/la-larderia/ 2019.08.15ean kontsultatuta.
  9. Orsi, Sicilia bizantina, 54 or.
  10. Orsi: Cava Ispica: Siziliako, Kristau eta Bizantziar erlikiak, 434 or.
  11. [http://www.cavadispica.org/punti-di-interesse/il-castello/ 2019.08.11 kontsultatuta
  12. Il tesoro ritrovato a Cava Ispica. 2019.08.11n kontsultatuta}}
  13. Ispican aurkitutako antzinako nekropolia, 2019.08.12an kontsultatuta
  • ABBATE, Antonio: Cava Ispica (1905-2010): oltre un secolo di studi e ricerche, Saarbrücken, Edizioni Accademiche Italiane, 2015
  • BELLISARIO, Sesto: Cava D'Ispica - La città delle caverne I. liburukia, 1985
  • BELLISARIO, Sesto: Cava D'Ispica - La città delle caverne II. liburukia, 1985
  • BELLISARIO, Sesto eeta Vizenzo: Guida di Cava D'Ispica, 2010
  • AGNELLO, Giuseppe: L'architettura bizantina in Sicilia, Firenze, 1952, La Nuova Italia
  • DISTEFANO, Giovanni: Cava Ispica: recenti scavi e scoperte, 1983, Pro Loco-Modica
  • DISTEFANO, Giovanni: Recenti indagini sugli insediamenti rupestri dell'area ragusana, in La Sicilia rupestre nel contesto delle civiltà mediterranee, Galatina, 1986, Fonseca
  • IACONO, Giuseppe: Perle di Sicilia: Avola, Modica, Noto, Ragusa, Scicli, 1998, Affinità elettive
  • MODICA Scala Giovanni: Pagine di pietra (Periegesi storica-archeologica) , Modica, 1990, Associazione Culturale Dialogo
  • ORSI, Paolo: Cava Ispica: reliquie sicule, cristiane e bizantine, 1905, NSC
  • ORSI, Paolo: Sicilia bizantina, Firenze, 1942, La nuova Italia
  • PACE, Biagio: Arte e civiltà della Sicilia antica, Milano, 1958, Dante Alighieri
  • TRIGILIA, Melchiorre: La Cava d'Ispica: archeologia storia e guida, Ispica, 2011, 2019.08.10ean kontsultatuta.
  • TRIGILIA, Melchiorre: Ina e Tiracina le antiche città di Cava d'Ispica, Ragusa, 2001
  • TRIGILIA, Melchiorre: Ilarione: il Santo vissuto a Cava d'Ispica, Ispica, 1982, 2019.08.10ean kontsultatuta.
  • TRIGILIA, Melchiorre: La Flora di Cava d'Ispica, Ispica, 2014, 2019.08.10ean kontsultatuta.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]