Topo

Wikipedia, Entziklopedia askea
E5 linea (Euskotren)» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Infobox Public Transport.png
Logotipo Topo.svg
Euskotren Trena Logo.svg Euskotren E2.svg Euskotren E5.svg 
Vista de la estación de metro de Intxaurrondo.jpg
Intxaurrondoko geltokia, Topo berriko proiektuaren ikur.
Datu orokorrak
Garraio mota Trena
Zerbitzatutako eskualdeak Donostialdea eta Gipuzkoako Bidasoa
Geltoki kopurua 21
Jabea Euskal Trenbide Sarea
Egoitza Easo plaza, 9; 20006 Donostia
Web gunea www.topo.eus
www.euskotren.eus
Ustiapena
Eragilea(k) Eusko Trenbideak
Maiztasuna 7,5' 15' 30'
Datu teknikoak
Sarearen luzera 28,370 km
Galiboa 1 m
Abiadura maximoa 80km/h (UT 200, UT 300)
90km/h (EMU 900, EMU 950)
Mapa
Mapa

Mapa Euskotren Topo.svg

Euskotren Trenaren E2 eta E5 lineak, Topo izenez ezagutzen den zerbitzua osatzen dutenak,[1] Donostialdea eta Gipuzkoako Bidasoa eskualdeetan ustiatzen den hiriarteko tren zerbitzua da. Lasarte-Oriako geltokian hasi eta Hendaiako geltokian bukatzen da, geltoki nagusia Donostia hiriburuko Amarako geltokia izanik, eta bidetik Lasarte-Oria, Donostia, Pasaia, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hendaia udalerriak zeharkatzen ditu. Lineak 28,370 km eta 21 geltoki ditu, bi gehiago eraikitzen hasiko direla.

Euskal Trenbide Sarea jabe den Bilbo-Donostia eta Donostia-Hendaia trenbideak erabiltzen ditu, eta tarte amankomuna dauka E1 linearekin, Errekalde eta Amarako geltokien artean. Elkarbanatutako tarteak lau geltoki hartzen ditu bere gain.

Gaur egun, trenbideotan hainbat lan egiten ari dira, hala nola trenbide bikoizketak eta geltoki berriak eraikitzea. Proiektuaren ardatz nagusia Lugaritz eta Amarako geltokien arteko saihesbidean datza, 2017ko udazkenean saihesbidea eraikitzeko lanak hasita, trena Donostia erdialdera hurbilduz eta Amarako geltoki terminala geltoki pasante batez ordezkatuz.[2] Pasantea 2022rako amaitzea aurreikusten da.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia-Hendaia trenbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trenbidearen kontzesioa 1890ean eman zen, eta ordutik, sozietate batzuetatik beste batzuetara pasa zen, eraikitzeko proiektu bideragarri bat bilatzen zen bitartean.

1901ean Donostia eta Irun arteko trenbidea eraikitzeko Herri Lanak Eraikitzeko eta Industria Sustapenerako Sozietatea sortu zen Bilbon, eta 1912ko abenduaren 5ean Irunera arteko trenbidea inauguratu zen. Hendaiara arteko tartea ez zen eraiki Bidasoa ibaiaren gaineko biaduktua egin zen arte, 1913an. Trenbidearen punturik konplexuenak bi izan ziren: Herrerako tunela, bi kilometro baino luzeagoa, eta Molinao ingurua, biaduktu baten bidez soluzionatutakoa.

Trenbide honek Topo ezizena hartu zuen trazadurak zeharkatzen dituen tunel kopuru altuagatik. Hogei kilometrotan hamalau tunel gurutzatzen zituen, bost kilometro eta erdi baino gehiago batuz.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001-2012 urteen artean EuskoTren XXI Plan Estrategikoak Topoko trenbidearen bikoizketa eta berriztapena proposatzen zuen. Hasierako trenbide bikoizketak Gaintxurizketa-Bentak eta Lugaritz-Añorga Txiki tarteetan eman ziren, eta lan horien ondoren Metro zerbitzua eskaintzeko helburuarekin trenbide berriko saihesbideak eta lurpeko geltokiak eraikitzea proposatu zen.

Gauzak horrela, 2004ko ekainean EuskoTrenek Donostia eta Irun arteko zerbitzua metro bihurtzeko nahia adierazi zuen, Donostia-Oiartzun tartean 7,5 mintuko maiztasunak eskainiz, eta Oiartzun-Irun tartean 15 minutukoak. Bigarren fase batean Herrera eta Pasaia arteko trenbidea lurperatuko litzateke, eta 5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango litezke. 2009ko maiatzean, Iñigo Palomino EuskoTrenen zuzendariak adierazi zuen Lasarte eta Pasaia artean eraikiko ziren saihesbide eta geltoki berriekin batera Topoa metrizatu (metro bihurtu) egingo zela, aipatutako 7,5 minutuko maiztasunak eskaintzeko.[4]

2012ko urriaren 4an Loiola-Herrera tartea bikoiztu eta Intxaurrondo eta Herrerako geltokiak inauguratu ziren, tren zerbitzuen maiztasuna handituz.[5]

Bestalde, 2016ko irailaren 12an Altzako geltokia inauguratu zen, E5 linearen behin-behineko geltoki-buru. Geltokia Topo linea orokorraren parte izango da Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide tartea bikoiztu eta lurperatu ondoren.[6]

2017ko martxoaren 5ean Loiolako geltokia ireki zen, aurretik martxan zegoen behin-behineko geltokia eraisteko, sarbide berri bat sortzeko, eta ingurua urbanizatzeko lanak udazkenean amaituko direla.[7]

Gaur egun zerbitzuak 28,370 km ditu, Altzako adarra barne.

Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metro Donostialdea izen eta logoa, Lugaritz geltokian, 2012an ezarria, 2018an oraindik bertan.

Linearen izendapenaren inguruko eztabaida dago, Patxi Lopezen gobernuak (2009-2012) bultzatutako Metro Donostialdea marka ezarri zenetik. Eusko Jaurlaritza PSE-EEren esku gelditu ondoren, Topo lineak «metro» izena jasotzen hasi zuen, Gobernuak proiektuari bultzada eman ziola Metro Donostialdea marka sortuz eta publizitate kanpainak argitaratuz. Geltokietan marka berria ezartzen hasi zen, eta Euskotrenen planoetan ere ezberdindutako zerbitzu gisa agertzen hasi zen.

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorengo Gobernu aldaketarekin, ordea, aurreko egoerara bueltatu zen eta irekitako geltoki berrietan (hala nola Altza edo Loiola) Euskotrenen marka ezarri zen berriro ere.[1] Gainera, Metro Donostialdea marka ezarri zen geltokietan marka hori atzera bota zen. Eragileak, bere aldetik, E2 linea izendatzen du Lasarte-Oria eta Hendaiako geltokien arteko tarteari, hots, linea orokorra; eta E5 lineatzat du Altzako adarra, Amara eta Altzako geltokien arteko ibilbideari, alegia.[8]

2017an, Donostiako saihesbideko lanak hasiko direla iragarri ondoren, TOPO marka berria sortu zen. Dena den, geltokietan ez da izendapen hauei buruzko aipamenik 2018an.

Eusko Trenbideak logo (2005-2012).svg Logotipo Metro Donostialdea.svg Euskotren Trena Logo.svgLogotipo euskotren trena.png Logotipo Topo.svg
2005 - 2009 2009 - 2012 2012 - 2017 2017 - Orain arte

Geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskotrenen geltokien zerrenda»

Mapa Euskotren Topo.svg

Lotuneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Errekalde
    • Euskotren Trena: E1 (Bilbo - Donostia), 1K (Zumaia - Amara)
  • Amara
    • Euskotren Trena: E1 (Bilbo - Donostia), 1K (Zumaia - Amara)
  • Hendaia
    • SNCF: Hendaia - Bordele / Tolosa Okzitania / Geneva / Lille / Paris trenbideak
    • Renfe Operadora: Lisboa / A Coruña / Vigo / Madril - Hendaia trenbidea

Material mugikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskotrenen 900 seriea»
EMU-900 tren unitate bat Hendaian.

2011ko uztailaren 22tik Euskotrenen 900 seriea Topo zerbitzuan ibiltzen da, 200 seriea ordezkatzeko eskatutako seriea, alegia.[9] Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak ekoitzia, serie honetako trenak lau kotxez osatuta daude, Mc-R-R-Mc osaerarekin, eta 90 km/h abiadura maximoa har dezakete. Serie honen adierazgarria mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasunaren aldeko hainbat neurri ezartzea da, hala nola ateen identifikazio kromatikoa, arrapala automatikoak ateetan, ikus-entzunezko seinaleak, "T" erako megafonia eta interfono sistemak edota barruko espazio jarraiak.

Linearen berrikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxaurrondoko saihesbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intxaurrondoko geltokia.

Saihesbidea 2012ko urriaren 4an inauguratu zen, Donostiako Intxaurrondo auzoa tren zerbitzuz hornituta, Intxaurrondoko geltokiaren bidez. Horrez gain, Herrerako geltokia berritu zen, eta maiztasunak handitu ziren. Loiola-Herrera tarteko trenbide bikoizketa ere egin zen, Loiolan tarte txiki bat salbu, non Loiolako geltokia berritu zen. Saihesbide honi esker Topo linearen 2. zenbakidun tunela ordeztu zen.

Loiolako geltokia berriztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loiolako auzokoek urteetan eskatu zuten Loiolako geltokia eta horren ingurua berriztea, hormigoizko horma batek auzoa bitan banatzen baitzuen.[10] 2014ko abenduan behin-behineko biaduktu baten lanak hasi ziren, geltoki berria eraikitzeko lanek irauten zuten bitartean tren zerbitzua mantendu ahal izateko. 2015eko amaiera aldera zerbitzua desbideratu zen, eraikitako behin-behineko trenbide tartera, behin-behineko geltoki batekin, eta azpiegitura zaharra eraisteari ekin zitzaion, behin-betiko geltoki berria eraikitzen zen bitartean. Geltoki berria 2017ko martxoaren 5ean inauguratu zen, errepide nagusiaren gaineko biaduktu batean kokatuta.

Altzako adarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altza auzoa zeharkatzen duen trenbide bikoitzeko tunela eraiki zen, trenbide bakarreko jatorriko tunela ordezkatzeko. 2016ko irailaren 12an adarra martxan jartzearekin batera geltoki berria ere ireki zen auzoan, Altzako geltokia, auzoko iparraldeko parteari zerbitzu ematen diona. Lan hau Altza-Pasaia-Galtzaraborda tartearen barruan dago, zeinaren bitartez trenak saihesbide berritik pasako diren, lurpean. Tarte hori oraindik martxan ez dagoenez, Altzako geltokia terminala da, behin-behinean.

Arasoko kotxetegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenterian kokatutako kotxetegiak txiki gelditzeagatik, tren unitate batzuk geltokietan pasatzen zuten gaua. Irun udalerrian kotxetegi handiagoak eraiki dira, aurrekoak ordezkatzeko. Kotxetegi hauetan EMU-900 serieko trenak gelditzen dira.

Donostiako pasantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo Amara-Donostia geltokia geltoki terminala izatetik geltoki pasantea izatera pasako da, Donostian eraikitzen hasi den trenbide saihesbideari esker. Saihesbide berria Lugarizko geltokian hasiko da eta Antigua auzotik igaroko da, bertan Bentaberriko geltokia eraikiko delarik. Ondoren Mirakontxa gurutzatu eta Erdialdera helduko da, Kontxako geltokia gaineratuz. Handik Amarara helduko da, Easoko lurpeko geltoki berriak gaur egungo Amara-Donostia geltokia ordeztuko duelarik. Lurpeko geltoki berri hau eta gero trenbide zaharrari lotuko zaio, Anoetako geltokirantz. Lanak 2017ko udazkenean hasi ziren eta 2022ko hasierarako amaituta egongo dira.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz)Chico, Amaia (2017-05-14) «Vuelve el 'Topo' frente al 'Metro'» . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  2. (Gaztelaniaz)El Diario Vasco «El Metro se empezará a abrir camino en otoño y recorrerá Donostia en 2022» . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  3. Irekia Irekia - ETSk Topoaren saihesbidearen Mirakontxa-Easo tartea esleitu du 53,2 milioi euroren truke, 48 hilabeteko epean egiteko . Noiz kontsultatua: 2017-12-27.
  4. (Gaztelaniaz)lahaine.org ¿Metro de Donostialdea? La oportunidad del debate y de una iniciativa social . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  5. (Gaztelaniaz)El Diario Vasco «El Metro conecta desde hoy Intxaurrondo con el centro de San Sebastián en ocho minutos» . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  6. (Gaztelaniaz)El Diario Vasco «El Metro de Donostialdea avanza y abrirá en septiembre la estación de Altza» . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  7. (Gaztelaniaz)El Diario Vasco ««Empieza la regeneración de Loiola»» . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  8. Euskotren Trena . Noiz kontsultatua: 2017-11-05.
  9. Euskotren «Nota de prensa» . Noiz kontsultatua: 2017-10-24.
  10. (Gaztelaniaz)El Diario Vasco ««Mientras no tengamos estación nueva no hay nada que celebrar»».
  11. Irekia Irekia - ETSk Topoaren saihesbidearen Mirakontxa-Easo tartea esleitu du 53,2 milioi euroren truke, 48 hilabeteko epean egiteko . Noiz kontsultatua: 2017-12-27.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Topo