Francis Crick

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francis Crick
Francis Crick
Zientzialaria
Arloa Biologia molekularra
Jaio 1916ko ekainaren 8a
Ingalaterra Weston Favell, Northamptonshire (Ingalaterra)
Hil 2004ko uztailaren 28a
Ameriketako Estatu Batuak San Diego, California (Ameriketako Estatu Batuak)
Lanak DNAren egitura


Francis Harry Compton Crick (Northampton, Ingalaterra, 1916 - San Diego, Ameriketako Estatu Batuak, 2004) 1962an Medikuntza eta Fisiologiaren Nobel Saria eskuratu zuen britainiar biologo eta irakaslea izan zen, James D. Watsonekin batera DNAren egitura molekularra 1953an aurkitu eta ezagutarazi zuena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitatik erakutsi zuen Crickek zientziarekiko grina. Bere jaioterrian oinarrizko ikasketak egin zituen, eta 14 urteekin Londresera abiatu zen ikasketei jarraipena emateko. Fisika ikasi zuen gero Londresko University Collegen, eta Bigarren Mundu Gerran fisikari gisa lan egin ostean biologia ikasteari ekin zion.

1947. urtetik aurrera Crickek biologiaren zerbitzura jarri zituen bere fisika ezaguerak. 1951n hasi zen James Watson-ekin lanean egitasmo handi batean: DNAren egitura molekularraren ikerketan, izaki bizidunen molekula garrantzitsuenaren gakoa ulertu nahian. Watsonek eta Crickek Cambridgeko Unibertsitatearen Cavendish Laborategi ospetsuan burutu zuten haien lana, eta Nature aldizkarian argitaratu zituzten haien emaitzak 1953an. Bertan, DNAren kristalizazioa ikertu ondoren X izpien bitartez molekula horren egitura tridimentsionala azaltzen zuen helize bikoitzaren eredua proposatu zuten. Aurkikuntza honek 1962ko Medikuntza eta Fisiologiaren Nobel Saria eman zien bi zientzialariei.

Biologia molekularrean aritu ostean, 1973an San Diegoko Unibertsitatean (AEB) hasi zen lanean neurozientziaren eremuan, garunaren zirrikitu ezkutuak argitu nahian. 1976an unibertsitate horretako irakaslea bihurtu zen.

Koloneko minbizi batek jota hil zen 2004an.

Panspermia gidatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: panspermia

1973an Crick-ek panspermia gidatuaren hipotesia plazaratu zuen, Leslie Orgel kimikariarekin batera. Bere iritziz, zibilizazio estralurtar batek biziaren hazia nahita ipini zuen gure planetan. Lur gaineko bizia zibilizazio aurreratu horren esperimentua besterik ez zen izango, Cricken ustez.

Crick eta Orgelen iritziz molekula bizidun baten agerpenak (DNArena) oso gertakari arraroa eta urria izan behar du unibertsoan, ia miraritzat jo daitekeena. Errazagoa iruditu zitzaien Lurreko bizia kanpotik etorri izana bertan agertu izana baino. Panpermia gidatuaren teoriak, ustez, gure planetan biziaren finkapena eta hedapena ongi azalduko luke.

Crick eta LSDa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzaren azken urteetan Crickek lankide batzuei aitortu zien LSDa -dosi txikietan- hartu zituela behin baino gehiagotan, bere ideiak argitzen eta buruketak azkartzen laguntzen ziolako. LSDari esker -onartu zuen- DNAren egitura molekularra bururatu zitzaion gai horretaz lanean ari zela.

Era berean jakina da Crick Dick Kempekin harremanetan egon zela, 1970eko hamarkadan LSDa purifikatu zuen biokimikari ospetsuarekin, hain zuzen ere.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francis Crick Aldatu lotura Wikidatan