Xi'an

Koordenatuak: 34°15′40″N 108°56′32″E / 34.2611°N 108.9422°E / 34.2611; 108.9422
Wikipedia, Entziklopedia askea
Xi'an
Azpiprobintzia mailako hiria
Administrazioa
Txinako probintziaShaanxi
Izen ofiziala西安市
Posta kodea710000
Geografia
Koordenatuak34°15′40″N 108°56′32″E / 34.2611°N 108.9422°E / 34.2611; 108.9422
Map
Azalera10096.81 km²
Altuera405 m
Demografia
Biztanleria12.952.907 (2020)
Dentsitatea1.282,87 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia29
Ordu eremuaUTC+08:00
Hiri senidetuakIași, Kairo, Isfahan, Nara, Kalamata, Konya, Jidda, Lower Hutt (en) Itzuli, Edinburgo, Dortmund, Lahore, Funabashi, Gyeongju (en) Itzuli, Dnipro, Istanbul, Brasilia, Pompei, Atenas, Birmingham, Cusco, Taupō (en) Itzuli, Kansas City, Katmandu, Quebec Hiria, Kyoto, Paue, Veliko Tarnovo, Veliko Tarnovo Municipality (en) Itzuli, Jinju, Samarkanda, Montgomery konderria (Maryland), Valentzia, George Town eta San Petersburgo
Matrikula陕A eta 陕U
xa.gov.cn

Xi'an (txinera sinplifikatuz: 西安; pinyinez: Xī'ān), Shaanxi probintzian dago. Hiriak guztira 5.905.000 biztanle ditu (2018) eta prefekturan 12 milioi inguru bizi dira. Guztira, 9.983 kilometro koadroko azalera du eta 5.400 biztanle/km2-ko dentsitatea.

Txinako hiri zaharrenetako bat da, mendetan zehar inperioko hiriburu izan zena. Chang'an eta Xi'an izenak erabili izan zituen. Zetaren Bidearen hasiera puntua ere bazen. Qin Shi Huang lehen enperadorearen mausoleoa eta Terrakotazko armada ezaguna ere Xi'anen dago[1]. Terrakotazko armada Gizateriaren Ondare izendatu du UNESCOk eta Xi'ango harresia izendatzeko eskaera ere egin da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xi'an izenak bi karaktere ditu "西安", "mendebaldeko bakea" esan nahi du.

Hasiera batean Fenghao izena zuen, Feng eta Hao hirien batuketaz sortu baitzen baina Han dinastiaren garaian Chang'an izena hartu zuen, "betiereko bakea". Hurrengo urteetan hainbat izen tartekatu zituen, Daxing, Chang'an, Fengyuan, Anxi eta Jingzhao. 1369 urtean Xi'an bihurtu zen eta ordutik izen honekin jarraitu du 1930 eta 1943 arteko Xijing ("mendebaldeko hiria") izenaren salbuespenarekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xi'an ingurua aspalditik populatua egon da. 1963 utean Latianeko gizakia (Homo erectus lantianensis) aurkitu zen Xi'andik 50 kilometro hegoaldera, eta duela 500.000 urte bizi izan zela datatu da[2]. Aurrez 1953an Banpo izeneko herrixka neolitikoa aurkitu zen, duela 6.500 urte existitu izan zena[3].

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. XI mendean Zhou dinastiak bertan ezarri zuen Txinako hiriburua. Aurrez existitzen ziren Fengjing eta Haojing hiriak bateratu eta Fenghao izena eman zion. Gaur egungo Xi'anetik hego-mendebaldera kokaturik zegoen. K.a. 770 urtean hiriburua Luoyang-era aldatu zuten, Xi'anen giro politiko nahasia zelako[4].

Aurreneko Chang'an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreinu borrokalarien garaia bukatu berritan Qin dinastiak, Txina guztia batu zuenak, Xi'an iparraldean dagoen Xianyang hirian kokatu zuen hiriburua[1]. Qin Shi Huang Txinako lehen enperadoreak boterea lortu bezain laister Terrakotazko armada osatzeari ekin zion[5]. K.a 202 urtean Han dinastiako lehenengo enperadorea zen Liu Bang-ek hiriburua Chang'an-en ezarri zuen. Changle jauregia (長樂宮, "Betiereko Zoriona") eraiki zuen Qin dinastiaren hiriburuaren hondarren gainean, eta bi urte beranduago Weiyang jauregia (未央宮, "Jauregi bukaezina") gaur egungo Xi'anen eremuan. Weiyang jauregia Lurrean inoiz eraiki den jauregi handiena izan zen, 4'8 kilometro koadroko azalera baitzuen. Konparazio batera Beijingo Hiri Debekatua baino 6'7 aldiz handiagoa zen edota Vatikano Hiria baino 11 aldiz handiagoa[6]. Garai hartan eraiki zen Xi'ango hiriaren jatorrizko harresia ere, K.a. 194 urtean. 25'7 km-ko luzera zuen eta 12-16 metrotako lodiera oinarrian, eta 36 km2-ko azalera hartzen zuen bere barnean.

Bigarren Chang'an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat mende istilutsu pasa ondoren 582 urtean Sui dinastiak berriz lortu zuen Txina guztia batzea eta berriz ere Xi'an ingurua aukeratu zuten hiriburu izateko. Daxing izeneko hiria eraiki zuten bertan. 84 km2-ko azalera hartzen zuen eta hiru zatitan banatzen zen, Enperadorearen hiria, jauregia eta zibilen hiria. Munduko hiri handiena izan zen garai hartan. Hurrengo Tang dinastiak Chang'an izena ezarri zion berriz[7].

VII. mendean Xuanzang monje budista etorri zen eta sanskritozko idatzien itzulpenerako zentroa ireki zuen. Berak Indiatik ekarritako dokumentuak gordetzeko Antzar Basatiaren Pagoda Handia eraiki zuten, 64 metrotako altuera zuena. 707 urtean bigarren pagoda bat eraiki zen, Antzar Basatiaren Pagoda Txikia, 45 metroko altuera soilik zuena.

Xi'an Zetaren Bidearen ekialdeko helmuga izanik mundu guztiko merkatari eta bidaiariak etortzen ziren eta Tang enperadoreek 742 urtean meskita bat eraikitzeko agindua eman zuten. Ming eta Qing dinastiek meskita handitzen jarraitu zuten gaur egungo Xi'ango meskita handia osatu arte[8]. Erlijioen mosaikoa osatzeko, 781 urtean Estela nestortarra eraiki zen, Txinako kristautasunaren 150 urtetako historia laburbiltzen duena[9].

Tang dinastia 904 urtean amaitu zen eta Chang'an erabat suntsiturik gelditu zen. Hiritarrak Luoyangera joatera behartu zituzten, hiriburu berrira.

Xi'an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ming dinastia sortu zenean honek ere Xi'an aukeratu zuen bere hiriburua finkatzeko eta gaur egungo izena eman zion. Harresi berria eraiki zen 1370 urtean, aldaketa handirik izan gabe irauten duena[10]. Laukizuzen perfektua osatzen du eta itzuli guztiak 11'9 km-tako luzera dauka. 12 metrotako altuera eta 15-18 metrotako lodiera ditu. Harresia guztia inguratuz putzu bat eraiki zuten. Harresi barruan 12 km2-ko azalera hartzen du hiriak.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Huaqing bainuetxea, Li mendiaren oinean.

Xi'an 400 metrotako altueran dagoen Guanzhong lautadaren erdian kokaturik dago, Shaanxi probintziaren hegoaldean. Zortzi ibai eta errekak zeharkatzen dutenez lurra aberatsa da. Hiritik 25 kilometro hegoaldera Li mendi sakratua dago (1.302 m), Qin mendilerroko hirugarren tontor garaiena da. Xi'an hiria Qin mendien eta Wei ibaiaren artean dagoen lautadan zabaltzen da. Loess goi-lautada ere nahiko gertu dauka, iparraldera.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren mugakideak honakoak dira: Weinan, ipar-ekialdean; Xianyang, ipar-mendebaldean; Shangluo, hego-ekialdean; Ankang, hegoaldean; Hanzhong hego-mendebaldean; eta Baoji, mendebaldean.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

    Datu klimatikoak (Xi'an, 1971−2000)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 4.8 8.3 13.9 21.0 26.1 31.2 32.1 30.8 25.3 19.5 12.2 6.4 19.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −3.8 −1.1 3.6 9.5 14.2 19.2 21.9 20.9 15.9 9.9 2.9 −2.5 9.2
Pilatutako prezipitazioa (mm) 6.9 9.6 28.6 43.0 60.2 54.4 98.6 70.8 91.6 59.9 23.9 5.8 553.3
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 3.6 4.4 6.9 8.4 8.9 9.0 10.0 9.1 10.9 9.7 6.0 3.4 90.3
Eguzki orduak 100.8 103.2 120.8 147.9 171.4 185.3 191.9 195.4 127.0 111.1 98.4 92.8 1646.0
Hezetasuna (%) 66 63 66 67 68 62 71 75 79 77 74 69 69.8
Iturria: China Meteorological Administration[11]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xi'ango barruti eta konderrien mapa.

Bederatzi barruti eta lau konderrik otsatzen dute azpiprobintzia mailako Xian hiria eta erdiguneko barrutiak honakoak dira:

Erdigunearen inguruan, honako barruti eta konderriak daude:

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiguneko etorbide nagusietako baten ikuspegia, barrenean Kanpaiaren dorrea.

Aireportua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Xi'an Xianyang Nazioarteko Aireportua»

Xi'an Xianyang Nazioarteko Aireportua Txina ipar-mendebaldeko aireportu handiena da. 1991 urtean eraiki zen eta 2018an 44 milioi bidaiarik erabili zuten. Xi'an hiriaren erdigunetik 41 kilometro ipar-ekialdera kokaturik dago.

Trena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko otsailaren 6an, Xi'an eta Zhengzhou hirien arteko abiadura handiko trena zabaldu zen. Eraikitze lanak bost urte lehenago hasi ziren eta ordutik bi hirien arteko bidaia denbora sei ordutik 108 minutura murriztu da. Linea 456,64 kilometro luze da eta batez besteko abiadura 350 kilometro ordukoa da.

Metroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Xi'ango metroa»

Aurrenekolinea 2011ko irailaren 28an eraiki zen eta dagoeneko 6 linea ditu. 251'8 kilometrotako luzera hartzen du eta 200 geltokitik gora ditu.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xi'ango kulturaren jatorria munduko zibilizazio goiztiarrenetako batean dago, Guanzhong Ren (关中人) kulturan hain zuzen ere. Honen adibide da Qiniang opera (乱弹). Milaka urte dituen tradizioa dela esaten da eta Shaanxi eta Gansu probintzietako nekazal eremuetan sorturiko melodiak interpretatzen dira.

Musika eta zinema garaikideak ere indar handia du Xi'anen. Zhang Yimou zinema zuzendaria mundu mailan ezaguna egin zen Basarto gorria, Eseki ezazu goian linterna gorri handia, Arraun Egin amamaren zubiraino edota Bat gutxiago ere ez filmeekin eta sari garrantzitsuak irabazi izan ditu.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yansheng tenplu taoista.

Xi'ango erlijio nagusia Txinatar erlijio tradizionala da eta Taoismoaren eskola ugari ere badaude. Eskola ezagunenak Hiriko urrezko tenplua eta Konfuzioren tenplua dira. Budismoak ere presentzia handia du eta eskola txinatar zein tibetarrak aurkitzen dira.

Zetaren Bideak mendebaldetik erlijio berriak ekarri zituen. 635 urtean Alopen izeneko siriarra iritsi zen, aurreneko misiolari kristaua eta Xi'anen komunitate bat sortu zuen[9]. 1716an San Frantzisko katedral kristaua eraiki zen eta XIX mendean ingelesek misio baptista ere ezarri zuten[12].

Bide beretik islamdarrak ere iritsi ziren eta komunitate zabala osatu zutela ikusita Tang dinastiako Gaozong enperadoreak 651 urtean ofizialki baimendu zuen islamaren praktika. 742. urtean Xi'ango meskita handia eraiki zen, Txinan dagoenik eta handiena da[13]. Gaur egun Xi'anen 50.000 Hui musulman daudela estimatzen da, gehienak meskitaren inguruan dagoen auzoan kokatzen dira.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xi'andar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zhang Yimou zinema zuzendaria.

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Xi'an | China» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  2. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  3. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  4. «WebCite query result» www.webcitation.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  5. «Unearthing Emperor Qin's Terra Cotta Army» Science & Innovation 2009-10-09 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  6. «Weiyang Palace: the Largest Palace Ever Built on Earth - China culture» web.archive.org 2016-03-03 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  7. «西安历史» www.huaxia.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  8. Steinhardt, Nancy S.. (2015). China’s Early Mosques. Edinburgh University Press ISBN 978-0748670413..
  9. a b Jenkins, Peter. (2008). The Lost History of Christianity: the Thousand-Year Golden Age of the Church in the Middle East, Africa, and Asia - and How It Died. New York: Harper Collins., 65 or. ISBN 978-0-06-147280-0..
  10. «xi'an tourism china» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  11. 中国地面国际交换站气候标准值月值数据集(1971-2000年). China Meteorological Administration June 2011 (Noiz kontsultatua: 2009-03-17).
  12. Flemming, Peter. (1936). News from Tartary. London: Jonathan Cape, 46-48 or..
  13. «xian Mosques - Mosques in China - muslim2china.com» web.archive.org 2017-04-30 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  14. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Mausoleum of the First Qin Emperor» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  15. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «City Walls of the Ming and Qing Dynasties» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]