Alexandro VII.a

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula Alexandro VII.a[1] (latinez: Alexander VII), jaiotza izenaz Fabio Chigi (Siena, 1599ko otsailaren 13a - Erroma, 1667ko maiatzaren 22a), Eliza Katolikoko 237. aita santua izan zen, 1655 eta 1667 bitartean.

Jatorria eta prestakuntza

Fabio Chigi izenarekin jaio zen, bankari familia ospetsu batean. Paulo V.a aita santuaren iloba-biloba zen. Haurtzaroan izan zuen apoplexia kolpe baten ondorioz, osasun txarrekoa zen eta hezkuntza etxean jaso behar izan zuen. 27 urterekin, teologia, zuzenbide eta filosofiako doktoregoa lortu zuen Sienako Unibertsitatean[2].

Eliz karrera

Urbano VIII.aren agintaldian hasi zuen eliz karrera, 1627an Ferrarako azpiordezkari izendatua izan zenean. Horren ondoan, Sacchetti eta Pallotta kardinalen gomendioei esker, Maltako inkisidore izendatua izan zen. 1639-1651 bitartean Koloniako nuntzioa izan zen[2].

Münsterko konferentzian parte hartu behar izan zuen arren, heretikoekin eztabaidatzeari uko egin zion. Negoziaketak amaitu ondoren, Hogeita Hamar Urteko Gerrari amaiera eman zion eta Europan Frantziako Iraultzako Gerrak arte iraun zuen botere oreka abiarazi zuen Westfaliako bakea (1648) sinatu zen. Chigik hitzarmen horretako zenbait artikuluren aurka protesta egin zuen, Egoitza Santuaren interesen aurkakoak zirelakoan.

1651n Inozentzio X.a aita santuak Erromara deitu, eta kardinal eta estatu idazkari izendatu zuen[2].

Aitasantutza

Inozentzio X.a hil ondoren, 1655eko apirilaren 7an Chigi, Espainiaren hautagairik gogokoena, aita santu aukeratua izan zen. Konklabeak laurogei egun iraun zuen.

Hasiera batean nepotismoaren aurkakoa izan zen eta, agintaldiaren lehen urtean, bere senideei Erroma bisitatzea ere debekatu zien. Alabaina, 1656ko apirilaren 24ko kontsistorioan, anaia eta ilobak laguntzaile hartu zituen. Ordutik aurrera, elizaren administrazioa bere senideen esku gelditu zen. Neurri hau nepotismoaren loratze berria izan zen[2]. Horrezaz gain, bere jaioterrian bizi ziren senideei hobekien ordaindutako postu zibil eta eklesiastikoak eta jauregi eta etxalde bikainak eman zizkien.

1656an Cornelius Jansenen Augustinus obrako bost proposamenen kondena berretsi zuen, Blaise Pascalen Les Provinciales eskutitzak irakurtzea debekatu zuen, liburu debekatuen indizean sartu (1657), eta gupidagabe zigortu zituen jansenistak (1665). Bere garaian eraiki zen San Petriren plazako zutabedia[3].

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 129. araua: Aita santuen izenak. .
  2. a b c d Peterson, J.B.. Papa Alejandro VII. in: Enciclopedia Católica Online. ec.aciprensa.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-26).
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexandro VII.a Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Inozentzio X.a
Aita Santua
1655-1667
Ondorengoa
Klemente IX.a