Australiako fauna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kanguru gorria makropodo handiena izateaz gain, Australiaren ikur nagusienetakoa da.

Australiako faunak animalien aniztasun ikaragarria erakusten du: han bizi diren ugaztunen %83, narrastien %89, arrain eta intsektuen %90 eta anfibioen %93, izan ere, Australiako espezie endemikoak dira. Aniztasun maila handi hori kontinentearen isolamenduari, bere tektonikaren egonkortasunari eta, lur eta florari ere eragiten dion aldaketa klimatiko ezohikoari zor zaio.

Fauna australiarraren ezaugarri nagusienetako bat karenadun ugaztunen eskasia eta beren garapen enbrionarioa amaren zorroan bukatzen duten marsupialen ugaritasuna da. Marsupial hauek gainera, munduko beste leku batzuetan karenadun ugaztunek hartzen duten posizioa dute ekosisteman.

Bestalde, Australian pozoidun animalia anitz aurki daitezke, hala nola, ornitorrinkoa, armiarmak, eskorpioiak, olagarroak, marmokak eta globo arrainak. Gainera, Australian pozoidun suge espezieak pozigabeak baino gehiago dira.

Duela 40.000 urte eman zen Australiaren kolonizazioak eta 1788tik aurrera europarrek burututakoak, bertako faunan ikaragarrizko eragina izan zuen. Ehizak, kanpoko espezieen sarrerak, lurraren erabileraren aldaketak eta honek eragindako habitataren suntsipenak animalia askoren bukaera suposatu zuen. Bertako lurraren erabilera sostengaezinak espezie askoren biziraupenerako mehatxua izaten jarraitzen du. Honen aurrean, legeria australiarrak eremu babestu asko sortuz erantzun du. Aitzitik, neurri hauen aplikazioa habitat eta espezie askoren desagerpena ekiditeko nahikoa izango ez diren beldur dira.

Fauna australiarraren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australia Gondwana superkontinentearen parte zeneko irudia.

Australiako faunaren originaltasuna bi arrazoiri zor zaio: alde batetik, arrazoi geologikoak eta bestetik, klimatologikoak. Antzina Australia, Hego Amerika, Afrika eta Antartikarekin batera Gondwana superkontinentearen barnean zegoen. Gondwanaren zatiketa orain 140 milioi urte hasi zen, Australia duela 50 milioi urte banandu zen bertatik eta Miozenoan orain 5,3 milioi urte plaka indoaustraliarraren eta Asiaren arteko talka gertatu zenean, nahiko isolatuta zegoen.

Gaur egungo faunaren garapen eta iraupena kontinentearen klima eta geologiak baldintzatzen dute. Kontinenteen jitoa gertatu ahala, aldaketa klimatiko globalaren eraginetik isolatuz joan zen. Honela, Gondwanan sortutako faunak, marsupialak besteak beste, bizirautea eta dibertsifikatzea lortu zuen Australian.

Miozenoaren ondoren, jatorri asiarreko fauna ere Australian ezarri zen. Duela 15 milioi urte klima australiarrak jasan zuen lehortasun krisiak eta beste zonalde batzuetako hezegune tropikalak espezie hauen garapena eta egokitzapena baimendu zuen. Wallace Lerroa Asia eta Ozeania banatzen dituen irudizko lerro da. Muga honen alde bietan aurki daitezkeen animaliak erabat desberdinak dira gaur egun.

Australiak ugaztun fosilen historia handia du eta baita desagertutako ugaztun asko ere, batez ere marsupialak. Erregistro fosilak monotremak Kretazeo Goiztiarretik egon zirela erakusten du eta karenadun ugaztun eta marsupialak Eozenokoak direla. Karenadun ugaztunak ez bezala, marsupialak gaur egunera arte iraun dute Australian. Aitzitik, karenadun ugaztunak berriro agertu ziren Miozeno garaian, Australia Indonesiara hurbildu zenean eta honela, saguzar eta karraskariak ere erregistro fosilean agertzen hasi ziren. Marsupialak egokitzen eta garatzen jarraitu zuten Eurasia eta Ipar Amerikako ekosistemetan karenadun ugaztunek betetzen duten leku bera hartuz Australian.

Ugaztunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monotrema eta marsupialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monotremak ugaltzeko modu berezia duten ugaztunak dira, izan ere arrautzak erruten dituzte kumeak sabelean eduki beharrean. Ezagutzen diren bost monotrema espezietatik bi australiarrak dira: ornitorrinkoa eta ekidna. Ornitorrinkoa, ahatearen itxura eta anfibioen bizitza daraman ugaztun obiparoa, animalien erreinuko izaki arraroenetako bat da. XVIII. mendean Joseph Banksek ornitorrinko baten larrua erakutsi zienean naturalista ingelesei, hauek txantxa pisutsu bat zela uste izan zuten. Beste monotrema arraro bat ekidna da, gorputza arantzez beteta, tutu itxurako muturra eta termitak harrapatzeko minutuko 100 aldiz ahotik sartu eta ateratzen den mihia duen izakia. Termitak dira hain zuzen ere bere elikagai nagusia.

Desagertzeko arriskuan dagoen Dasyuridae familiako marsupial haragijale handiena.

Australia gainera marsupialen aniztasun handiena duen lurraldea da, hau da, kumeek beren garapena amak duen zorro baten barruan burutzen duten ugaztunen taldea. Marsupial haragijaleak (Dasyuromorphia ordena) bi familiatan banatzen dira gaur egun: Dasyuridae 51 espezierekin eta Myrmecobiidae non numbata den bizirik dirauen bakarra.

Tasmaniako otsoa Dasyuromorphia ordeneko tamaina handieneko marsupiala zen, Thylacinidae familiako azken biziduna ordea 1936an hil zen. Gaur egun aldiz, marsupial haragijale handiena Tasmaniako deabrua da. Txakur txiki baten tamaina du eta ehizatzen duen arren, sarraskijalea ere bada. Australiatik orain 600 urte desagertu bazen ere, Tasmanian bizirauten du oraindik. Bertako katuen lau espezie daude, denak desagertzeko arriskuan. Gainerakoak arratoi marsupialak bezala ezagutzen dira, 100 gramo baino gutxiago pisatzen baitituzte. Bi sator marsupial espezie daude Notoryctemorphia ordenaren barruan, Australiako basamortuetan bizi direnak. Beraietaz ezer gutxi dakigun lurrazpiko haragijale arraro, itsu eta gorrak dira.

Koala bat Australiako zuhaitz batean.

Marsupial orojaleak Peramelemorphia ordenaren barruan daude. Australian zazpi espezie desberdin daude, guztiak desagertzeko zorian ordea. Txikiak dira, gorputz lodikote, mutur luze eta finarekin, belarri luze eta tenteak, hanka estilizatuak eta buztan argala dutenak. Talde honen jatorria ez dago oso argi, marsupial haragijale eta belarjaleen ezaugarriak baititu.

Marsupial belarjaleak Diprotodontia ordenaren barruan daude zeinak Vombatiformes, Phalangeriformes eta Macropdiformes azpi-ordenak dituen. Lehen azpi-ordenaren barruan Australiako marsupial ezagunenetako bat dago, koala, eukalipto hostoez elikatzen den espezie zuhaizkara. Wombatak bestalde, lurrean bizi dira eta gramineo eta sustrai mota guztietaz elikatzen dira. Karraskarien antzeko hortzak dituzte elikatu ahal izateko eta gordelekuak zulatzeko atzapar indartsuak ere bai, ilundutakoan ibili ohi dira kanpoan.

Jaten ari diren bi posum.

Phalangeriformes azpi-ordenaren barruan posumak eta marsupial zuhaizkaren talde bat daude, sei familia eta 26 espezietan banatzen direnak. Tamaina aldakorrekoak izan daitezke, 7 gramotatik (Cercatetus lepidus) hasi eta etxe katu baten (Pseudocheirus peregrinus edo Trichosurus norfolcensis) tamaina artekoak. Petaurus breviceps eta Petaurus norfolcensis posum planeatzaileen espezie arruntak dira, beraien habitata Australia ekialdeko eukalipto basoak dira. Acrobates pygmaeus posum planeatzailearen espezie txikiena da aldiz. Guztiek goiko gorputzadarreko bosgarren behatzetik gorputzaren alde bereko hankeko lehen behatzera hedatzen den mintz bat dute. Mintz honek airean planeatzea ahalbideratzen die zuhaitz batetik bestera jauzi egiten dutenean.

Lepo gorriko wallaby bat.

Macropodiformes azpi-ordena hiru familiatan banatzen da, guztiak Australia guztian barreiatuta daudelarik klima alpetarra dagoen lekuetan izan ezik. Hypsiprymnodontidae Hypsiprymnodon moschatus espeziea bakarrik duena, Potoroidae hamar espezie desberdinekin eta Macropodidae Australian 53 espezie dituena baina behera egin duena horietako asko desagertu egin direlako. Potoroidae familiak gordelekuak egin eta buztanaren bidez landare materia garraiatzen duten espezie txikiak biltzen ditu. Macropodidaeren barruan kanguruak, wallabyak eta hauekin erlazionatutako espezieak daude, tamaina aldakorrekoak izan daitezke.

Makropodo gehienak hankabikoak dira, jauzietan oinarritutako lokomozioarekin. Horregatik, buztan gihartsuak eta atzeko hanka luzeak dituzte oin estuekin. Hypsiprymnodon moschatus tamaina txikieneko makropodoa da eta bi hanketan ibiltzen ez den bakarra ere bai, kanguru gorria aldiz, denetan handiena da, bi metroko altuera har dezakeena eta 85 kg pisatzera irits daitekeena.

Karenadun ugaztunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australian karenadun ugaztunak bi ordenetan sailkatzen dira: saguzarrak Chiroptera ordenaren barruan daude zeinak sei familia dituen eta karraskariak Rodentia ordenaren eta Muridae familiaren barruan. Saguzar eta karraskariek aurrera eramandako kolonizazioa orain gutxi gertatutako kontua da. Saguzarrek seguruenik Asian dute jatorria eta duela 15 milioi urtetik bakarrik agertzen dira erregistro fosilean. Saguzar espezie guztietatik %7k Australian presentzia badute ere, hauetatik bi besterik ez dira bertakoak. Karraskariak Australiara bi aldi desberdinetan iritsi ziren. Lehenengoa duela 10 milioi urte izan zen eta honen ondorioz antzinako karraskariak sortu ziren, endemikoak, jadanik desagertuta dauden 14 espezie desberdin eman zituztenak. Azkenak aldiz, orain milioi bat urte sartu ziren Ginea Berritik barrena, karraskari modernoak sortuz, zazpi espezietan banatzen direnak.

Dingoa gizakiak Australian sartu zuen lehen karenadun ugaztuna izan zen.

Gizakiaren asentamenduaren ondoren, karenadun ugaztun batzuk ere iritsi ziren Australiara eta horietako batzuk basati bihurtu ziren. Lehena dingoa izan zen, fosilek duela 5.000 urte existitzen zela adierazten baitute. Europarrek Australia kolonizatu zutenean, naturan zenbait espezie askatu zituzten nahita, hala nola, europar untxia, azeri gorria edo erbia. Beste etxabere batzuk ihes egin eta basati bihurtu ziren, esaterako, katua eta baita orein, adarzabal, zaldi, txerri, ahuntz, bufalo, antilope eta dromedario espezie batzuk ere. Gainera, nahigabe sartu ziren hiru espezie arrotz ere izan ziren: etxeko sagua eta bi arratoi espezie, beltza eta arrea.

Dugongoa Australiako uretan desagertzeko arriskuan dago.

Cetacea ordeneko 46 itsas ugaztun desberdin daude kostalde australiarreko uretan, baina gehienek banaketa zabalagoa dute eta hori dela eta, autore askok ez dituzte espezie australiartzat jotzen. Bederatzi bale espezie daude, bale konkordun erraldoia barne. Horzdun baleen 37 espezie eta izurdeen beste 21 daude. Ur gaziko izurde batzuk, hala nola orkak, banaketa kosmopolita dute ur mota guztietan eta Orcaella brevirostris bezalako beste batzuk berriz, kontinentearen iparraldeko ur epeletara mugatzen dira. Dugongoa arriskuan dagoen Sirenia ordeneko espeziea da, Australia ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko uretan bizi dena. Espezie hau hiru metroko luzera eta 400 kiloko pisua hartzera irits daiteke. Bitxia bada ere, belarjalea den Australiako itsas ugaztun bakarra da, baina bera elikatzen den landareak urriak dira eta horregatik bere biziraupena arriskuan dago.

Pinnipedia ordeneko itsas txakur eta itsas lehoien hamar espezie daude, Australia mendebaldeko kostan eta lurralde azpi-antartiko australiarrean bizi direnak.

Hegaztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emua gaur egungo hegaztietan tamaina handiena duen bigarrena da. Kanguru gorriarekin batera Australiako banderan agertzen da gainera.

Australiak 800 hegazti espezie baino gehiago ditu eta hauetatik 350 Australasia eremuan endemikoak dira, hau da, Australia, Ginea Berria eta Zelanda Berrian. Hegaztien erregistro fosila ez dago osatuta baina Oligozeno berantiarrean gaur egungo hegaztien arbasoen arrastoa ageri da. Gondwanaren historia geologikoarekin erlazionatuta dauden hegaztien artean emua eta kasuarioa bezalako Struthioniformes ordeneko hegazti ez hegalariak, Leipoa ocellata edo Alectura lathami bezalako Galliformes ordeneko espezieak eta Psittaciformes ordeneko loroen talde handi bat daude. Loro australiarrek dagokien ordenaren aniztasunaren seirena betetzen dute mundu mailan, kakatua gehienak ere barne hartzen dituzte gainera. Martin arrantzaleen taldeko tamaina handieneko hegaztia kookaburra da, Alcedinidae familiakoa, bere soinuak giza algaren antzekoak dira eta distantzia handietara entzun daitezke.

Australiako txorien artean txepetxak, txantxangorri australiarrak, basoko enarak, melifagoak, subepaloak, lira txoriak, paradisuko hegaztiak eta txori lorezainak daude besteak beste. Ptilonorhynchus violaceus etologoak liluratzen dituen txori lorezaina da. Arrek gorte-egiteko lorategi koloretsu eta konplexu bat eraikitzen dute. Honek, emea eta arraren aurkariak erakarriko ditu eta azkenean, emeak bere bikotea lorategiaren konplexutasunaren arabera aukeratuko du.

Jatorri eurasiarra duten kolonizazioak nahiko berriak dira, hala nola, enarak, larretxoriak, zozoak, eguzki txoriak eta arrano oldarkor australiarra bezalako hegazti harrapariak. Beste espezie batzuk gizakiak sartuak izan dira, esaterako, kardantxoriak zeinak bertako espeziekin bizirauten duten haiek desplazarazi gabe edota txolarreak, bertako ekosistemaren desegonkortzaile eta suntsitzaileak direnak.

Australiako kostan itsas hegaztien 200 espezie inguru bizi dira, espezie migatzaileak dira horietako batzuk. Australia itsas hegaztien migrazioaren bide asiar-australasiarraren hegoaldeko muga da, Errusia eta Alaskatik hasi eta Asia hego-ekialdetik Australia eta Zelanda Berriraino zabaltzen dena. Bi milioi hegazti inguruk erabiltzen dute bide hau urtero Australiara iristeko. Horietako hegazti bat australiar pelikanoa da. Pinguino urdina Australian umeak izaten dituen pinguino bakarra da.


Anfibio eta narrastiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Limnodynastes dumerilli, Australia ekialdean ohikoa den igela.

Australian bertako igelen lau familia daude. Horretaz gain, Bufo marinus edo itsas zapoa bezala ezagutzen den gizakiak sartua izan den zapoen beste familia bat ere bada. Itsas zapoa 1935ean eraman zuten Australiara azukre kanaberaren izurritea kontrolatu asmoz, nahiz eta azkenean ez zuen ezertarako balio izan. Denbora gutxian, izurrite are eta handiagoa bilakatu zen itsas zapoa Australiako iparraldean zabalduz. Itsas zapoak bertako intsektujaleekin lehiatzeko, bertako faunarentzat eta gizakiarentzat toxikoa den pozoia ekoizten du.

Myobatrachidae familiako igelek edo hegoaldekoak bezala ere ezagutzen direnek, aniztasun handiena duen Australiako igel taldea osatzen dute 21 genero eta 120 espezie desberdinekin. Genero horietako bat Pseudophryne da, Pseudophryne corroboree eta Pseudophryne pengilley espezieak dituena, arriskuan dauden igel koloretsu batzuk. Hylidae familiako igel zuhaizkarak arruntak dira Australia kostaldeko ekialde eta iparraldeko zonalde altuetan, 77 espezie ditu hiru generotan bananduta. Microhylidae familiako bi generoren 18 espezieren banaketa oihan tropikaletara mugatzen da eta ordezkari ñimiñoenak dituen espeziea ere, Cophixalus Exigus, familia honetakoa da. Mundu guztian zabaldutako espezie batzuk ere badira, esaterako, Ranidae familiako Rana daemeli edo egurreko igela, Queenslandeko zonalde oso hezeetan bakarrik aurkitzen dena Australian. Beste leku batzuetan bezala, prezipitazioen gutxitzea igelen populazioaren beherakadaren erantzulea izan da azken urteetan. Beherapen hau Batrachochytrium dendrobatidisek Amphibia klasean eragiten duen mikosiarengatik ere bada.

Crocodylus porosus munduko krokodilo handiena da.

Australiak itsasoko eta ur gezako krokodiloak ere baditu. Itsasokoak, hala nola Crocodylus porosus, gaur egun tamaina handieneko espezieak dira, 7 metro eta 1000 kilo izatera irits baitaitezke eta hori dela eta, gizakia hiltzeko ere gai dira. Kostalde zein estuarioetan aurki daitezke eta basetxeetan hazten dituzte haragia eta larrua lortzeko. Ur gezako krokodiloak Australiako iparraldean kokatzen dira eta gizakiarentzat ez dira arriskutsuak.

Itsas dortoken sei espeziek bisitatzen dute Australiako kosta: Natator depressus, Chelonia mydas edo dortoka berdea, Eretmochelys imbricata edo carey dortoka, Lepidochelys olivacea, Caretta caretta edo dortoka buruhandia eta Dermochelys cortacea edo laude dortoka. Guztiak babespean aurkitzen dira ur australiarretan. Chelidae familiako 8 generotan 29 dortoka espezie daude. Carettochelys insculpta edo txerri sudurreko dortoka Australian aurkitzen den familia honetako espezie bakarra da. Australia eta Antartika Testudines ordeneko dortokarik gabeko kontinente bakarrak dira.

Australia pozoidun sugeen kantitatea pozoigabeena baino handiagoa duen kontinente bakarra da. Suge guzti hauek zazpi familiatan biltzen dira. Hauetatik pozoitsuenak Elapidae familiako Oxyuranus microlepidotus edo eskailera sugea, Pseudonaja textiles, Oxyuranus generoa orokorrean eta Notechis generoa edo tigre sugeak dira. Elapidoen familiako 200 espezietatik 86 Australian bakarrik aurkitzen dira. Hydrophiidae familiako 33 itsas suge Australia iparraldeko uretan aurki daitezke, horietako batzuk oso pozoitsuak izanik. Acrochordidae familiako bi itsas suge espezie ere ur australiarretan aurkitzen dira. Gainera, Colubridae familiako 11 espezie daude. Mundu mailan familia arruntena da azken hau eta bere barneko espezieak endemikoak ez izateaz gain, orain gutxi iritsi ziren Australiara. 15 boa espezie ere badaude.

Tiliqua scincoideses Scincidae generoko musker handienetakoa da.

Australian munduko beste edozein tokitan baino musker gehiago daude, bost familiatan banatuta. Geko edo dragoitxoen 114 espezie daude 18 generotan, kontinente guztian zehar banatzen direnak. Pygopodidae Australia bertako familia da 8 genero eta 34 espezie dituena. Agamidae edo musker dragoiek 66 espezie dituzte 13 generotan, hala nola, Moloch horridus, Pogona barbata eta Clamydosaurus kingii. Varanidae familiaren barnean 28 espezie daude eta denetan ezagunena Varanus giganteus da 2 metroko luzera hartzera hel daitekeena. Azkenik, Scincidae familiaren barnean 359 espezie daude 38 generotan banatuta, Australiako muskerren %50 barne hartzen dituena.

Arrainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maccullochella peelii peelii Australiako ur gezako arrain handiena da.

Australian 4400 arrain espezie baino gehiago daude eta hauetatik %90 bertakoak dira. Aitzitik, kontinenteko ibai eskasiak direla eta, 170 espezie bakarrik dira ur gezakoak. Filogenetikoki antzinakoenak ur gezako arrainen bi familia dira: Osteogloddidae eta Ceratodontidae, Gondwana banandu aurretik eboluzionatu zuten birika bidezko arrainak. Australia mendebaldeko tamaina txikieneko ur gezako arraina Lepidogalaxias salamandroides da, udako lehortea lokatz artean lurperaturik jasateko gaitasuna duena. Gondwanan jatorria izan zuten beste familia batzuk Retropinnidae, Galaxiidae, Aplichitonidae eta Percichthyidae izan daitezke. Antzinatasun handiko familia hauek kenduta, ur gezako arrain-fauna australiarraren %70 ozeano bare eta Indiakoaren antzeko da. Hala ere, fosilek erakutsi dutenez, espezie hauetako asko ere oso antzinakoak dira. Hauen artean daude anproiak, katu arrainak, sardinak eta Eleotridae familiako 50 inguru espezie. Bertako ur gezako espezieak dira Lates calcarifer, Maccullochella peelii peelii eta Macquaria ambigua besteak beste. Desagertzeko arriskuan dauden ur gezako bi marrazo espezie ere Australia iparraldeko eremuan daude.

Ur gezako arrain exotikoen bost espezie nahiko ohikoak dira, amuarrain marroia edo Salmo trutta, Salvelinus fontinalis, Oncorhynchus mykiss, atlantiar amuarraina edo Salmo salar eta ozeano bareko amuarraina edo Oncorhynchus tshawytscha. Perka europarra, karpa arrunta eta Gambusia gizakiak sartu zituen bertan. Azken hau gainera oso erasokorra da, beste arrainen hegatsei erasotzen baitie eta ekintza hau eremu batzuetan bertako espezieen desagerpenarekin erlazionatu izan da. Kanpoko amuarrainen sarrerak ibaiburu eta uhobietako espezieengan eragin negatiboa izan du, hauen artean daude Maccullochella macquariensis, Macquaria australasica eta Galaxias generoa. Karpen eraginez ibaietako landaredia gutxitu egin da eta ondorioz, tamaina txikieneko espezieen kantitateak ere behera egin du.

Barrakuda

Australiako arrain espezie gehienak itsasokoak dira. Interes handieneko taldeak itsas sugeak, Holocentridae, Syngnathinae eta Hippocampus generoa dira, hauen arrek poltsa espezializatu batean berotzen baitituzte arrautzak. Meroen 80 espezie daude, horien artean aipagarriena mero erraldoia edo Epinephelus lanceolatus da 2.7 metrotako luzera eta 400 kiloko pisua har ditzakeena. Carangidae eta Lutjanidae taldeak komertzialki esplotatuak dira. Koral Hesi Handiak uharriko arrain txiki eta ertainen aniztasun handia du, esaterako, pailazo arraina edo Pomacentridae, tximeleta arraina edo Chaetodontidae, zarboa, globo arraina edo Tetraodontidae, Apogonidae, Labridae, Balistidae eta Acanthuridae.

Arrain pozoitsuak ere badaude, Synanceia verrucosa eta globo arrainetik hasi eta Pterois volitans arte, guztiak gizakiaren heriotza eragiteko gai direnak. Arraia pozoitsuen hamaika espezie ere badaude. Uharrian bizi den espezie handienetakoa barrakuda da. Hala ere, ziguaterarekin pozoitze arriskua dela eta, habitat honetan harrapaketak ez dira gomendagarriak.

Marrazo zuri handia

Marrazoak kostaldeko uretan eta estuarioetan egoten dira. 166 espezie daude familia desberdinetan banatuta: Carcharhinidae, Scyliorhinidae, Orectolobidae, Squalidae eta Heterodontidae. 2004an marrazoen 12 eraso izan ziren Australian eta hauetatik bik zoritxarreko bukaera izan zuten. Hiru marrazo espeziek bakarrik dute gizakiarekin kontaktua, Carcharhinus leucas, Galeocerdo cuvier eta Carcharodon carcharias edo marrazo zuri handia. Hondartza australiar batzuk marrazoengandik sareen bidez babestuta daude, honek gizakiarentzat arriskutsuak diren espezieen populazioa murriztea ekarri du baina baita arriskutsuak ez direnena ere. Marrazoen neurri gabeko arrantzak hauen kopuruak nabarmenki behera egitea eragin du eta orain hauetako asko desagertzeko arriskuan daude. Orain gutxi, 1998an Australia mendebaldeko hondartza batean espezie berri bat aurkitu zen, Megachasma pelagios. Marrazo honi buruz gutxi ezagutzen den arren, aurkikuntza honek espezie honen presentzia ur australiarretan ohikoa izan daitekeela esan lezake.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Australiako fauna Aldatu lotura Wikidatan