Eugene O'Neill

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eugene O'Neill.

Eugene Gladstone O'Neill (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1888ko urriaren 16a - Boston, Ameriketako Estatu Batuak, 1953ko azaroaren 27a) ingelesezko antzerkigilea izan zen.

Bizitza

Gurasoak aktoreak izan zituen. Ikasketak bukatu ondoren, batetik bestera ibili zen itsasgizon, kazetari, aktore eta urre-bilatzaile gisa. Erietxe batean egon zen, aldi batez, eta han hasi zen idazten. Hasieran idatzi zituen antzerki-lanak joera naturalistakoak ziren, eta Provinceton Players antzerki-talde berritzaileak eraman zituen jendaurrera. Gerora, sinbolismo handiko lanak idatzi zituen; azken garaian idatzi zituen lanek, berriz, biografia-kutsua dute. Garai hartako antzerkian nagusi zen errealismoa gaitzetsi zuen, materialismoa eta bidegabekeria salatu zituen, eta gogor kritikatu zuen mundu modernoa.

Ibsenen eta Strindbergen eragina izan zuen; espresionisten baliabideak erabili zituen maiz (mozorroak, barne-bakarrizketak), eta mito klasikoak egokitu zituen, psikoanalisian oinarriturik. Hiru aldiz irabazi zuen Pulitzer Saria, eta 1936an Nobel Saria eman zioten.

Antzerki-lan nagusiak: Emperor Jones (1921, Jones enperadorea), The Hairy Ape (1922, Tximu iletsua), Desire Under the Elms (1924, Desira zumarren azpian), The Fountain (1925, Iturria), The Great God Brown (1926, Brown jainko handia), Strange Interlude (1928, Interludio bitxia), Mourning Becomes Electra (1931, Elektrari ondo doakio doluzko arropa), Days Without End (1934, Amaierarik gabeko egunak), A Long Day´s Journey Into Night (1940, Egun luze bateko bidaldia gauerantz).

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eugene O'Neill Aldatu lotura Wikidatan