Octavio Paz
Octavio Paz. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Octavio Paz Lozano | |
| Jaio | 1914ko martxoaren 31 | |
| Mexiko Hiria (Mexiko) | ||
| Hil | 1998ko apirilaren 19a | |
| Coyoacan, Mexiko Hiria (Mexiko) | ||
Octavio Paz Lozano (Mexiko Hiria, Mexiko, 1914ko martxoaren 31 - Coyoacan, Mexiko Hiria, Mexiko, 1998ko apirilaren 19a) idazle eta poeta mexikarra izan zen, gaztelaniazko egilerik garrantzitsuenetarikoa.
Mexikoko Iraultzak txikitan harrapatu zuen. 1937an Espainia bisitatu zuen Gerra Zibilaren erdian, errepublikarren alde eginez.
Idazle moduan, saioak eta poesia idatzi zuen. Juan Ramon Jimenez eta Antonio Machado olerkariek eragin zioten. 1990ean Literaturako Nobel Saria lortu zuen. El laberinto de la soledad bere lanik ezagunena da.
Ameriketako indiarren, eta Europako eta Sortaldeko tradizioetako elementuak bateratu zituen, bai eta erotismoa mistikarekin eta kontzientzia sozialarekin elkartu ere. Octavio Pazen idatzietan marxismoa, surrealismoa, existentzialismoa, budismoa eta hinduismoaren eragina antzematen da.
Eduki-taula |
Bizitza eta obra [aldatu]
Ama espainiarra eta aita, berriz, Mexikoko indiarra izanik, gaztetandik sentitu zuen bere burua kulturen arragoa bezala. Unibertsitate ikasketak bukatu ondoren, literaturan murgildu zen buru-belarri eta 1931n literatura aldizkari bat sortu zuen. Bi urte geroago bere lehen poema bilduma argitaratu zuen, hemeretzi urte zituela: Luna silvestre (Basa ilargia). 1937an Espainiara joan zen gobernu errepublikanoari laguntzera gerra zibilean, eta bat egin zuen idazle antifaxisten aliantzarekin.
Parisen ere izan zen eta harremanetan jarri zen surrealistekin. Mexikora itzuli zenean lan handia egin zuen aldizkariak eta antzerki taldeak sortuz, besteak beste, poesia idazten jarraitu bazuen ere: A la orilla del mando (1942, Munduaren ertzean). Zenbait urtetan Mexikoko enbaxadore izan zen eta sortaldeko kulturak ezagutzeko aukera izan zuen, eta bere pentsamoldea zabaltzekoa.
Harreman eta eraginen sorta zabal horren itzalpean, Pazen poesia munduari eta hizkuntzari buruzko hausnarketa handia bilakatu zen. 1957an Piedra de sol (Harrizko eguzkia) argitaratu zuen, funtsezkoa Latinamerikako poesia modernoan, Libertad hajo palabra (1960, Askatasuna zinpean) bezala, 1953-1958 bitartean idatzi zuen poesia guztiaren bilduma, haren poema hoberenetako batzuk dituena.
Octavio Pazen eragina saiakeragile gisa ez da poeta gisa izan zuena baino txikiagoa izan. 1950ean El laberinto de la soledad (Bakardadearen labirintua) argitaratu zuen, idazlea mundu osoan ezagutarazi zuena. Bai liburu honek bai arestiko poesia bildumak Mexikoko sustrai espiritualei buruzko gogoeta sakona eratu zuten. Pazek zioen Hego Ameriketako kultura sintesiaren fruitua zela, ez bazterketarena, eta zenbait liburu idatzi zituen teoria horren euskarri, sortaldeko artea eta haikua aztertuz, batetik, eta Kolon aurreko Ameriketako kulturen sustrai autoktonoak aztertuz, bestetik.
Beste poesia lan aipagarri batzuk: Salamandra (1962), surrealistenetako bat; Blanco (1967) eta Topoemas (1968), Indiako egonaldiaren ondorengoak, sortaldeko pentsamenduari buruzko gogoetak eta hitzaren eta irudiaren arteko harremanaz egin zituen azterketen emaitza; La Centena (1969), Posdata (1970), Hijos del aire (1981, Airearen seme-alabak).
Berrikuntza erradikalenekin bat eginez, poema birakorrak egin zituen diskoetan, eta poema kolektiboak ere idatzi zituen. Erotismoari eta kanpoko munduari emandako lehentasuna, hitz poetikoaren baitako gatazka, eta aurkarien adiskidetasuna artistaren kontzientzia sortzailean, horra Pazen poesiako elementu eta gai nagusiak.
Pazen poesiari buruzko ideiak, eta poesiak berak, eragin handia izan zuten mexikar poeta gazteengan. Haren saiakerek, bestalde, bere poesiaren intuiziozko askatasuna eta bizitasuna gorde dute, gaur egungo historiari eta poesiari buruzko gogoeta sakonak izateaz gainera. Horien artean aipagarrienak: Los hijos del limo (1974, Lupetzako seme-alabak), El ogro filantropico (1979, Ogro filantropikoa), Sor Juana Ines de la Cruz o las trampas de la fe (1982, Sor Joana Ines gurutzekoa edo fedearen tranpak), Hombres en su siglo (1984, Gizonak bere mendean).
1968an Octavio Pazek uko egin zion enbaxadore karguari, ikasle mugimendu demokratikoak Mexikoko gobernuaren aldetik jasaten zuen jazarpenaren kontra protesta egiteko. Hurrengo urteetan Europan, Mexikon eta Estatu Batuetan bizi izan zen txandaka. Estatu Batuetan, adibidez, eskolak eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. 198lean Cervantes Saria irabazi zuen eta 1990ean Nobel saria.
Bere bizitzako azken urteetan ere lanean jarraitu zuen, eta hainbat lan argitaratu zuen, besteak beste: La otra voz. Poesía y fin de siglo (1991), La llama doble (1993), Amor y erotismo (1993), Vislumbres de la India (1995).
Lanen zerrenda [aldatu]
Olerkiak [aldatu]
- 1958 - Libertad bajo palabra
- 1962 - Salamandra
- 1969 - Ladera Este
- 1976 - Vuelta
- 1987 - Árbol Adentro
Saioak [aldatu]
- 1950 - El laberinto de la soledad
- 1956 - El Arco y la Lira
- 1957 - Las peras del olmo
- 1965 - Cuadrivio
- 1966 - Puertas al Campo
- 1967 - Corriente Alterna
- 1967 - Claude Levi-Strauss o el nuevo festín de Esopo
- 1968 - Marcel Duchamp o el castillo de la Pureza
- 1969 - Conjunciones y Disyunciones
- 1969 - Postdata, El Laberinto de la Soledad lanaren jarraipena.
- 1973 - El signo y el Garabato
- 1974 - Los Hijos del Limo
- 1979 - El Ogro Filantrópico
- 1979 - In-mediaciones
- 1982 - Sor Juana Ines de la Cruz o las trampas de la fe
- 1983 - Tiempo Nublado
- 1983 - Sombras de Obras
- 1984 - Hombres en su Siglo
- 1990 - Pequeña Crónica de Grandes Días
- 1990 - La Otra Voz
- 1991 - Convergencias
- 1992 - Al Paso
- 1993 - La Llama Doble
- 1994 - Itinerario
- 1995 - Vislumbres de la India
Itzulpenak [aldatu]
- Sendas de Oku, Matsuo Bashokoa (1957)
- Antología de Fernando Pessoa (1984)
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Ingelesez) Octavio Paz nobeprize.org webgunean
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.