Nadine Gordimer
Nadine Gordimer (Spring, Hegoafrika, 1923) ingelesezko eleberrigile eta ipuin-idazlea da. 1991n, Literaturako Nobel saria jaso zuen.
Bizitza [aldatu]
Erdi-mailako familia zuri judu batean jaio zen Hegoafrikan, eta han bizi izan da beti. Face to face (1949) izeneko kontakizun laburren bildumarekin hasi zen ezaguna egiten, eta eleberri bat argitaratu zuen handik lau urtera: The lying days (1953). Gordimerren liburuetan, Hegoafrikako apartheida aztertzen da ikuspegi askotatik, batzuetan arrotzarenetik, beste batzuetan bertakoenetik. Pertsonen arteko komunikazio-arazoa ere sarri erabiltzen du gai gisa.
Gai politikoa azken muturreraino eraman zuen Burger´s daughter (1979) eleberrian, askoren ustez Gordimerren lan nagusia den horretan. July´s people (1981) eleberriak, aldiz, emakume zuri bat, haren familia eta morroi beltza azaltzen ditu, parabola mingots batean.
Eleberri batetik bestera, kontakizun laburren bildumak egin ditu: The soldier´s embrace (1982), Something for the Time Being 1950-1972 (1992), Loot: And Other Stories (2003) eta Beethoven Was One-Sixteenth Black (2007), besteak beste. Gordimerren lanak debekatu egin dituzte maiz Hegoafrikan. Beste eleberri batzuk: Occasion for loving (1963), A guest of honour (1971), The conservationist(1974) —1974ko Booker McConnell saria irabazi zuen-, A sport of nature (1987), The House Gun (1998), The Pickup (2001) eta Get a Life (2005).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.