Eyvind Johnson
Eyvind Johnson (Svartbjörnsbyn, Norrland, Suedia, 1900 - Stockholm, 1976) suediar eleberrigilea izan zen.
[aldatu] Biografia
Familia apal batean sortu zen. Lanbide askotan jardun zuen, eta bidaia asko egin zituen literaturan hasi aurretik. Gai berriez gainera, kontaketa-teknika berriak ere sartu zituen Suediako literaturan, errealismo klasikotik aldenduta.
Gide, Joyce eta Proust idazleen eragin nabarmena dute haren lanek. Kapitalismo modernoaren jokaera salatu zuen Bobinack eleberrian (1932), lan-baldintzak izan zituen kontagai Regn i gryningen (1933, Euria eta egunsentia) obran, berak bizitako langile-esperientzia agerian utzi zuen Romanen om Olof autobiografian (1934-1937, Olofen eleberria) eta nazismoaren aurkako joera garbia agertu zuen Krilon obran (1941-1942).
Bigarren Mundu Gerran eta ondoko urteetan, totalitarismoaren aurkako idatzi asko zabaldu zituen: Strändernas svall (1946, Ulises zoriontsu) eta Hans nädes tid (1960, Jaun txit agurgarriaren egunak).
1974an, Literaturako Nobel saria jaso zuen, Harry Martinsonekin batera.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.