Gerra Hotza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gerra Hotzaren garaiko egoera politikoaren mapa sinplifikatua (1960 inguru).

Gerra hotza Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak buru zituzten bi herrialde taldek bizitako tentsio garaiari deritzo. Bi modelo ekonomiko, sozial eta politikoren arteko gatazka izan zen, baita Europak munduan galdu berri zuen nagusitasunarengatik ere. Aliatuen arteko tentsioa gerra bukatu aurretik hasia zen eta 1991. urtean Sobietar Batasuna desegartzerarte iraun zuen.

Bigarren Mundu Gerran lagun izan baziren ere, AEB eta SESB ez ziren bata besteaz fido. Aliantza bai, baina deskonfiantza ere bai. Gerra amaitu zenean, tentsioa begibistan zegoen eta Potsdam, Teheran eta Yaltan behin eta berriro ikusi zen Churchill eta Trumanek ez zutela begi onez ikusten Stalinen Sobietar Batasuna.

Estatu Batuek kapitalismoaren defentsa sutsua egiten zuten eta demokrazia eta askatasunaren ordezkari kontsideratzen ziren. Sobietar Batasunak, berriz, sozialismoa eta justizia soziala denfendatzen zuen, burgesiaren kontra eta gizartearen arazoak konpondu nahian.

Bi erraldoi hauen erdian, Europa eta Asia bi bloketan banatu ziren. Mundu guztian ibili ziren bi potentziak aliatu bila eta AEB-k Europa Mendebaldea, Ozeania eta Amerika bereganatu zituen, Kuba edo Nikaragua bezalako kasu isolatuak salbu. SESB-ek, bere aldetik, Europa Zentral eta Ekialdean lortu zituen lagunak eta Korea Iparraldea ere bai, 38º paraleloz gora zegoena, alegia.

Bi potentzia nagusiak ez ziren inoiz gerra batean aurrez aurre ikusi, zenbait alditan gertu egon ziren arren, eta guda nuklearrarekiko beldurra handia izan zen arren. Hala ere, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak euren aliatuak erabili zituzten borroka militarra aurrera eramateko.

Gerra hotza 1991n amaitu zen; hala ere, haren ondoriozko gatazka batzuek diraute gaur egun oraindik ere, Korea da haietako bat. Ipar Korean erregimen komunista dago, sobietar estalinismoaren eta txinatar maoismoaren oinordekoa. Ipar Koreako erregimen politikoari buruz esan ohi da lehen erregimen dinastiko komunista dela. Kim Il Sungek 1945etik 1994ra gobernatu zuen, eta hil zenean (1994) haren seme King Jong Ilek eskuratu zuen boterea.

Gertatutako hainbat gatazka

Marshall Plana eta COMECON

Marshall Plana jaso zuten herrialdeak eta laguntza kopurua

Bigarren Mundu Gerraren ostean Estatu Batuek Europari emandako laguntza ekonomikoen programaren izena. Gerra bukatu zenean, Europa erabat suntsituta geratu zen eta Ameriketako Estatu Batuek laguntza ekonomikoak aurreikusi zituen herri hauek berriro martxan jartzeko. Hori bai, kapitalismoaren abantailak garbi nabarmendu behar ziren horretarako.

Horrela, 1947an, Marshall jeneralak horrelako laguntzak proposatu zituen: interes txikiko maileguak eman zituen edo inbertsio publikoak burutu zituen, goseari eta miseriari ekidin eta, batez ere, komunismoaren arriskua uxatu nahian. Laguntza jasotzeko gobernuek komunisten aurkako jarrera erakutsi behar izan zuten.

Espainiaren kasuan, galtzaile faxisten lagun zela-eta, plan honetatik at geratu zen, baina Gerra Hotzaren garaian aldaketa batzuk egin ondoren (demokrazia organikoa...), lortu zuen planaren barruan sartzea (eta horrela autarkia deuseztatzea).

Ekialdeko herrialdeek, bere aldetik, COMECON osatu zuten: Batak besteari Laguntza Ekonomikoa emateko Kontseilua. SESBk eta Europa ekialdeko bere aliatuek Marshall planari emandako erantzuna izan zen. Herri hauek amerikarren asmoetatik kanpo agertu zirenean, SESBk bere erakunde ekonomikoa sortu zuen 1949an. Erakunde honek sozialisten bide ekonomikoak jorratzen zituen eta horrekin batera euren ekonomiak koordinatzen zituen.

NATO eta Varsoviako Ituna

Sakontzeko, irakurri: «Varsoviako Ituna»
Sakontzeko, irakurri: «NATO»

1949an, AEB eta Kanadak, Europa kapitalistako kideen gehiengoarekin batera, [NATO]] (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea) sortu zuten, aliantza militarra, balizko erasoren bat gertatuko balitz nazioartean, erantzun ahal izateko. AEBek aurrekontuaren %40 jarriko zuen, baina erakundearen kontrola berea izango zen.

NATOri erantzunez, SESBek Varsoviako Ituna sinatu zuen 1955ean, estatu sozialistak batu nahian. Kasu honetan, Sobietar Batasunak soldaduen %80a jarri zuen eta, egoitza bere lurretan izateaz gain, erabateko kontrola zuen.

Euskal politikagintzan ere eragin zuzena izan zuen Gerra Hotzak: argigarria da bloke-tirabira horiek nola eragin zieten euskal erbesteratu errepublikarren asmo politikoei, adibidez. Erbesteratuetako batzuek humanismoa bultzatu nahi zuten mehatxu militarrei aterabidea bilatzeko. Erbesteko Eusko Jaurlaritza eta inguruko mundutxoa haize gaizto horien mende zebiltzan.

Blokeen bilakaera politikoa Guda Hotzean

Ameriketako Estatu Batuak

Estatu Batuek bi aldi politiko nagusi izan zituzten.

1945ik 1992ra: ideia aurrerakoiak nagusi

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik 1969ra, ideia aurrerakoiak nagusitu ziren. Geroztik, alderdi errepublikanoen kontserbatismoak aurreko aldiaren ideiak ordeztu zituen. Lehenengo aldiko zatirik handienean demokratak egon ziren agintean, eta Roosevelten New Deal delakoarekin lotutako gizarte-neurriekin jarraitu zuten. Aldi honetako une nagusia John Kennedyren presidentealdian izan zen. 1960ko hauteskundeetatik aurrerakoa. Politikari hori Estatu Batuetako gizartean oinarrizko alderdiak aldatzen saiatu zen; estatuaren esku-hartze ekonomikoa sustatu zuen, kapital handiaren indarra mugatzeko; gainera, gizarte-neurriak hartu zituen, beharrizan handiena zutenen bizi-baldintzak hobetzeko eta arrazakeria ezabatzeko.

Muga Berria izeneko proiektua sortu zuen, txirotasuna eta bazterkeria ezabatzeko. 1963an erail zuten, eta Johnson presidenteak Kennedyk hasitako politikari jarraipena eman zion. Estatu Batuak Vietnamgo gerran esku hartzearen eraginez, erreforma-politika geldiarazi zen. Izan ere, hurrengo bi hamarkadetan Estatu Batuetako politika errepublikanoek zuzendu zuten.

1969tik 1991ra: ideia kontserbadoreak nagusi

1969an aldi kontserbadoreagoa hasi zen, Nixon presidentearekin, eta hori Reaganen agintaldiarekin (1981-1989) amaitu zen. Gobernu horien ezaugarri nagusien artean, aipagarriak izan ziren komunismoaren aurkako joera gogorra, asaldura abertzalea, gizarte-programaren bazterkeria, gastu militarraren hazkundea eta enpresa nahiz dirutza handiei mesede egin zen liberalismo ekonomikoa. George Bushen agintaldian (1989-1992), Estatu Batuek eta Gorbatxoven Errusiak elkarrenganako hurbilketa egin zuten, eta Guda Hotza amaiarazi zuten.

Truman doktrina

Marshall planak Greziari eskaintzen dizkion materialak daramatza astoak bultzaturiko gurdiak

1947an Grezia Gerra Hotzaren beste jokaleku bihurtu zen. Guda hostean, Britainia Handiak okupatu zuen herrialdeak irauteko eta berreraikitzeko arazo larriak zituen kolapsotik gertu zegoen ekonomia ahularen ondorioz. Izan ere, Balkanetako herrialdeek, arerio zuzenak zirenak, gogor mehatxatzen zuten herrialde heleniarra. Horrez gain, gerra zibila piztu zen Konstantinos Tsaldaris buruzagi eskumatarraren aldekoek komunista, sozialista eta liberalen koalizioaren aurka jo zutenean.

1947ko otsailean Ingalaterrak, krisialdi ekonomiko larri batean murgildurik, Grezian ordena mantentzeko laguntza eskaintzeko gai ez zela jakinarazi zion Estatu Batuei. Hala izanik, Trumanen gobernuak britainiarrek hartu ezin zuten erantzunkizuna bere gain hartu zuen. 1947ko martxoaren 12an, Trumanek kongresuan Estatu Batuak gutxiengo armatu baten presioak jasaten ari diren herri askeak derrigorrez defendatu beharko lituzkeela adierazi zuen. Honekin batera, presidenteak 300 milioi dolar eskatu zizkion kongresuari Greziako liberalei laguntza eskaintzeko eta 100 milioi dolar Turkiarentzat komunismoa garaitu zezan.

Harry S. Trumanek Grezia eta Turkiari emandako laguntzak bizitzeko era desberdinen arteko mundu-mailako borroka zati zela adierazi zuen. Halaber, komunismoaren gainbeherak bezalako ondorioak eragingo zituela munduko beste zenbait tokitan segurtatu zuen. Truman doktrina komunismoa garaitzearren mundu-mailako gurutzada ideologiko baterako lehenengo pausua izan zen. Horrela, Marshall Planaren laguntza-ekonomikoak heldu ziren bi herrialde hauetara, nekazal eta manufakturako produktuaz hornituz biztanleria.

Rioko Ituna

1947ko irailean Estatu Batuak eta beste hemeretzi herrialde latinoamerikarrek Elkarrenganako Laguntzarako Itun Latinoamerikarra sinatu zuten Rio de Janeiro, Brasilen. Edonondik jasotako erasoetatik elkarri laguntzeko akordio mugagabea zen. Segurtasun-esparru honek Hego Amerika eta Ipar Amerika barnean hartzen zituen Latinoamerika babesteko ahaleginean. 1947ko abenduaren 8an, Senatuak akordioa onartu zuen gehiengoarekin: 72 boto alde eta boto bakarra aurka.

1948ko apirilean Ameriketako Estatuen Erakundeaa Rioko Itunaren osagarria izango zena sortu zen Bogota, Kolonbian ospaturiko Amerikar Estatuen Bederatzigarren Konferentzia Internazionalean. OEAko gutunak bere kideen arteko liskarrak konpontzeko prozedimenduak zeramatzan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluara bidali aurretik. 1951ko abenduan indarrean jarri zen kideen bi herenak (14 herrialdek) baietza eman ostean.

Erreferentziak

Ortiz de Pinedo, A. (2009). Humanismoaren ideia Gerra Zibilaren ostean. Eusko Ikaskuntzaren beka batek sustaturiko lana

Powaski, R. E. (1998). The Cold War: the United States and the Soviet Union, 1917-1991. New York: Oxford University Press.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gerra Hotza Aldatu lotura Wikidatan