Zume zuri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zume zuri
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Plantae
Kladoa: Angiospermae
Kladoa: Eudicotyledoneae
Kladoa: Rosidae
Ordena: Malpighiales
Familia: Salicaceae
Generoa: Salix
Espeziea: Salix alba
L.

Zume zuria edo sahats zuria (Salix alba) eskualde epeletako zume espeziea da. Bere izena, hostoek azpialdean hartzen duten kolore zuritik datorkio. Salix izen generikoa, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu.

Dagoeneko Hipokratesek K. a. V. mendean zume zuritik erauzitako substantzia mingots bati buruz idatzi zuen, sukarra jeitsi eta minak apaltzeko gai zena. Geroago substantzia hori salizina zela jakin zen, aspirinak gaur egun duen konposatu bera.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zume zuria zuhaitz ertaina da, 6-20 metroko altuerakoa. Enbor sendoa du, zuzena eta azal arre-grisekoa, longitudinalki zartatua alerik zaharrenetan eta gris-berdexka gazteetan. Adakera luzanga du, zertxobait irregularra, adar luze eta malguekin. Ale gazteen adarrak beherantz erortzen dira eta zetakara-zurixkak dira, baina ilea segituan galtzen dute eta azala arre ilun (edo horixka) bilakatzen da.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hosto sinpleak ditu, txandakatuak eta erorkorrak. Formaz oblongo-lantzeolatuak dira eta ertza leunki zerratua dute. Peziolo motza dute, 5-12 cm-koa. Hostoak jaiotzean ile zetakara zuriz beterik daude (hortik datorkio, hain zuzen ere, izena), itxura zilarreztatua ematen dietelarik, baina gainaldetik galdu ohi dituzte kolore berde distiratsukoak bilakatuz.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zume zuri bat

Zume zuria, Salix guztiak bezala, dioikoa da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen loreak amentu motako multzoetan agertzen dira, baina hauek, amentu gehienak ez bezala, intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Zume zuriaren amentuak hostoekin batera jaiotzen dira (Salix askotan hostoen aurretik), adar berrien puntan. Zilindrikoak dira, estuak, laxoak, tenteak, zuzenak edo pixka bat kurbatuak eta lateralak. Braktea hostokara zorrotzak dituzten pedunkuluen gainean hazten dira. Brakteak homogeneoki horiak dira, glabreszenteak kanpoaldetik baina pubeszenteak barrualdetik, eta erorkorrak.

Lore estaminatu arrek 4-5 cm-ko luzera dute, bi nektario (bata kanpokoa eta bestea barnekoa) eta harizpi askeko bi estamine iletsu.

Lore emeek, aldiz, 3-4 cm-koa polinizazio garaian, nektario bakarra eta pistilo glabroa, sesila edo subsesila. Lore pistilatu hauek obario obal bakar batez osaturik daude, eseria eta nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Estilo mardula dute eta estigmak banatuta eta pixka bat okertuta daude.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak, amentu emetik aurrera agertzen dira, multzokatuta. Kapsula motakoak dira, obarioaren antzeko itxurakoak, eta 2 kuskuren bidez irekitzen dira. Zume zuriaren kapsulak 4 mm-koak dira. Forma aobatu-konikoa dute, kolore zuria, iletxoak eta peziolo iletsua. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde epeletan hazten da, Europako erdialdean, Afrikako iparraldean eta Asiako mendebaldean. Ipar Ameriketako ekialderaino zabaldu da. Aspalditik kultibatu dela eta, bere jatorrizko banaketa-eskualdea zein den ondorioztatzea zaila suertatzen da.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde hezeetan hazten da, ibai inguruetan, ibar-basoetan... Lurzoru alubialetan hazten da, hareatsuak edo hareatsu-buztintsuak. Itsas mailatik 1800 metrora aurki daiteke, argitasun gutxiko eremuetan. Tenperatura epelak behar ditu, kontinentalitate ertaina eta pH basikoa 5,5-8 bitartekoa. Lur aberatsetan hazten da.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxotik maiatzera bitartean loratzen da eta fruituak apirila-maiatza bitartean heltzen dira.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere zurak zurgihar gorria du eta zurgizen zuria. Pospoloak, txotxak, habeak, tornuak, kalotxak... egiteko erabili izan da, baita eskulturan ere. Bere ikatza bolborarako erabiltzen zen. Adar gazteak saskigintzan erabiltzen dira. Gainera, salizina konposatua zenbait gaixotasunen tratamenduan erabiltzen da.

Zume zuria ubideen errestaurazioan ere erabili izan da, bere sustrai-sistema adarkatuak lurra babesten baitu.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun ugari pairatzen dituen espeziea da. Arruntenak, Marssonina salicicola onddoak eragindako antraknosia eta Brenneria salicis bakteriak eragindako 'ur-marka' gaitza.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Zume zuri