Luis XIV.a Frantziakoa

Wikipedia(e)tik
(Luis XIV.atik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Luis XIV.a Frantziakoa
Luis XIV.a Frantziakoa

Grand Royal Coat of Arms of France & Navarre.svg
Frantziako eta Nafarroako erregea eta Andorrako koprintzea
1643ko maiatzaren 14a – 1715eko irailaren 1a
Aurrekoa Luis XIII.a Frantziakoa
Ondorengoa Luis XV.a Frantziakoa

Jaiotza 1638ko irailaren 5a
Saint-Germain-en-Laye
Frantzia
Heriotza 1715eko irailaren 1a (67 urte)
Versailles, Frantzia
Ezkontidea Maria Teresa Austriakoa
Senideak Luis XIII.a Frantziakoa (aita)
Ana Austriakoa (ama)
Erlijioa Katolizismoa
Sinadura Luis XIV.a Frantziakoa-ren sinadura

Luis XIV.a, frantsesez Louis XIV eta bataiatzean Louis-Dieudonné Saint-Germain-en-Laye, Frantzia, 1638ko irailaren 5aVersailles, Frantzia, 1715eko irailaren 1a), Frantziako eta Nafarroako erregea izan zen. Luis XIII.aren semea eta ondorengoa izan zen. Luis Handia (frantsesez Louis le Grand, batzuetan Le Grand Monarque) izenez ere ezagun zen, baita Eguzki Erregea (frantsesez Le Roi Soleil) izenez ere. Izan ere, planetak Eguzkiaren inguruan biratzen diren bezala, Frantziak eta gorteak ere erregearen inguruan biratu beharko lukete. Ondorioz, Apolo Heliosekin, Eguzkiaren jainko erromatar-greziarrarekin, lotu izan zaio. Arteen sustatzaile gisa ere lotura hori egokia zen, Louis Apolo Musagetes, Musen burua alegia, baitzen.

Tronura bosgarren urtebetetzea baino 5 hilabete lehenago iritsi zen, aita hil zitzaionean, eta Ana Austriakoa ama izan zuen erregeorde, Mazarin kardinalaren laguntzaz. Gobernuaren benetako kontrola Mazarin kardinalaren heriotza arte ez zuen eskuratu, 1661ean. Heriotza arte izan zen errege, 77 urte betetzear zegoela. Honela, bere agintaldia 72 urtetan, 3 hilabetetan eta 8 egunetan zehar hedatu zen, orain arte dokumentatutako Europako erregealdirik luzeena.

Hasierako urteetan haietan Frondako istiluei aurre egin behar izan zieten. Absolutismoaren ideologian eta Paris hiriaren beldurrez hazi zuen amak, eta Mazarinek estatu gaiak irakatsi zizkion. Westfaliako hitzarmenak (1648an, Alsazia Frantziako erresumaren barnean geratu zen) eta Pirinioetako bakeak (1659, Faisaien uhartea) eragin handia izan zuten Luis XIV.aren kanpo politikan. Pirinioetako bakeak zuzeneko ondorioak izan zituen Espainiako eta Frantziako erresumetan: Pirinioetako muga neurri handi batean zehaztu ondoren, Luis XIV.ak (Mazarinen bitartez) Nafarroa Garaiari uko egin zion eta, Rosselló Frantziako erresumaren barnean geratzen zela, Hego Katalunia ere Espainiako lurraldetzat onartu zuen. Horrez gainera, Luis XIV.a Maria Teresa Espainiako printzesarekin ezkonduko zen. Horren guztiaren truke, Espainiako koroak Europan gutiziatzen zituen lurralde guztiei uko egin behar zien.

1660. urtean Maria Teresarekin ezkondu zen Donibane Lohizunen (Hondarribian egin zen ezkontza horretako lehen meza). Mazarin hildakoan (1661), Luis XIV.ak Fouquet finantza arduraduna preso hartu zuen. Modu horretan erakutsi nahi izan zuen Frantziako nagusi zein zen. Handik aurrera bere esku hartu zituen ahal guztiak, ministroak haren aginduen eragile soil bihurtu ziren eta estatu arazoetatik bazter utzi zituen familia eta amoranteak. Frondako matxinada ez baitzuen ahazten, eginkizun militarrez beste zeregin berezirik gabe utzi zituen nobleak, eta parlamentuei ahalak kendu zizkien.

1672an Versaillesen hartu zuen bizilekua eta handik bideratu zuen bere politika, administrazio zentralizatuan, poliziaren kontrolean eta, kanpo aldean, konkista militarretan oinarritua.

Erregealdian, Frantziako boterea eta influentzia Europan areagotu zuen. 1667an Herbehereetako konkista hasi zuen, Filipe IV.a Espainiakoa hil ondoren Maria Teresa emazteari zegokiola eta, baina Holandak, Ingalaterrak eta Suediak osatutako aliantza hirukoitzak bidea eragotzi zion (1668, Aix-la-Chapelleko hitzarmena). 1672an Holandaren aurkako gerra hasi zuen eta, Ingalaterrarekin hitzartu eta Suediaren eta alemaniar printzerriak neutral izatea lortu ondoren, jaun eta jabe geratu zen Nimegako bakearen ondoren (1678-1679, Herbehereek bereari eutsi zioten eta Espainiak betikoz utzi behar izan zion Franche-Comté Frantziako koroari).

Bestalde, luze jo zuen (1673-1693) Luis XIV.aren, Frantziako apezpiku gehienak lagun zituela, eta aita santuen arteko auzi batek, erregalien auziak (Affaire de la Régale). Erregeek hutsik zeuden apezpikutegietako hobariak jaso ahal izateko zuten eskubidea zen erregalia (XII. mendea baino lehenagokoa) eta aspaldian horrelakorik baliatzen ez zen arren, Luis XIV.ak indarrean ezarri zuen, Bossuet teologoa lagun zuela.

1685ean, protestanteen eskubideak babesten zituen Nantesko ediktua balio gabe utzi zuen eta Frantziako protestante askok Prusiara eta Herbehereetara alde egin zuten. 1688an Ingalaterrak, Espainiak, alemaniar printzerri batzuek, Holandak eta Suediak Augsburgoko liga osatu zuten Luis XIV.aren aurka eta, Bederatzi Urteko Gerraren ondoren, 1697an Luis XIV.ak hitzarmen bat sinatu behar izan zuen: Rijswijkeko bakea. Espainiako Ondorengotzaren Gerrak (1701-1713) guztiz ahitu zituen Frantziako finantzabideak, Frantziako koroak Utrechteko (1713-1715) eta Rastadteko (1714) hitzarmenetan ezer galdu ez zuen arren.

Frantziako eszenatoki politiko eta militarra izen nabarmenez bete zuen: Mazarin, Fouquet, Colbert, Michel le Tellier, Louvois, Le Grand Condé, Turenne, Vauban, Villars edo Tourville. Nagusitasun politiko horretaz gain, garai honetan Frantziak kulturaren urrezko aroa ere jo zuen, Molière, Racine, Boileau, La Fontaine, Lully, Le Brun, Rigaud, Louis Le Vau, Jules Hardouin Mansart, Claude Perrault edo Le Nôtre gisako figurekin.

Estatu zentralizatua hiriburutik gobernatua lortzeko arrakastaz lan egin zuen Luis XIV.ak, artean Frantzian bizirik zegoen feudalismo zatikatua erauzteko, eta, honela, estatu modernoa sortzeko. Ahalegin horien ondorioz, Luis XIV.a errege absolutuaren eredua bilakatu zen. "Estatua neu naiz" (L'État, c'est moi) aipua egozten zaio.

Politikatik kanpora, Luis XIV.aren garaian biziki indartu zen Frantzian artea eta literatura. Erregearen gustuaren araberako klasizismoa nagusitu zen, Europan barrokoa gailen ageri zen garai hartan, eta literatura moldeak arau klasiko estu batzuei lotu ziren, Europako besteetan ez bezala.

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Luis XIV.a Frantziakoa

[aldatu] Erreferentziak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak