Bilboko euskara
Bilboko euskera, euskerie edo auskerie Bizkaiko hiriburuaren euskal hizkera jatorrizkoa da, mendebaleko euskara edo bizkaieraren aldaera dena. Gaur egun, azpi-euskalki honen hiztunak bizi dira Mahatserrian, Errekaldeko mendialdean eta Buia aldean. Hiru gune nagusi hauen arabera, Iñaki Gamindek hiru mota desberdintzen du: Begoñako euskera, Larraskitukoa eta Buiakoa.
Koldo Zuazoren arabera, Bilboko euskera Nerbioi ibarrean egindakoaren antzekoagoa da (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Ugao Zaratamoko hizkerak), Txorierri edo Uribe Kostakoa baino.
Eduki-taula |
[aldatu] Begoñako euskera
Gaur egun, Mahatserriko toki batzuetan jatorrizko hiztunak bizi dira oraindik, Otxarkoaga aldean batik bat (Arbolantxa, Santo Domingo-Egirleta eta Azkarai).
[aldatu] Larraskituko euskera
Izen honekin Errekalde auzoko mendialdean egindakoa biltzen dugu, Larraskitu, San Justo, Bentabarri eta San Roke guneak alegia, Pagasarri mendiaren bidean daudenak.
[aldatu] Buiako euskera
Azkenik, Abusu auzoa eta Arrigorriagako herrigunearen artean dauden Buia edo Buja, Buiagoiti, Seberetxe eta Irusta aldean jatorrizko hiztunak ere bizi dira.
[aldatu] Euskera Bilbon
[aldatu] Aspaldian
Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" hizkuntzalariaren arabera, "aspaldidanik Bilbo euskara landuaren plaza izan da".
Horren lekuko, Joan Perez de Betolatza arabar apaizak Bilbon eta 1596an "Doctrina Christiana en Romanze y Basquenze" kaleratu zuen. Halaber, aipatzekoa da Rafael Mikoleta abandoarrak 1653an argitaraturiko "Modo breve de aprender la lengua Vizcayna".
Euskaraz dagoen atsotitz bildumarik zaharrena, Refranes y sentencias (1596), Bilbo aldean idatzi zela defendatu zuen Joseba Lakarrak bere edizio kritikoan (Euskaltzaindia erakundeak argitaratua, 1996).
[aldatu] Ordezkatze prozesua
Ordezkatze prozesua XVIII. mendean hasi zen eta 1898rako, orduko "Euskaltzale" aldizkariaren arabera, hiritarren laurdena bakarrik euskalduna zen. Miguel de Unamuno idazle eta filosofo bilbotarra egoera horretaz jabetzen zen, eta bere moduan interpretatu zuen: "El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente". Urte haietan, beste alde batetik, Sabin Aranak hizkuntzaren garbitasuna bultzatzeari ekin zion, "Lecciones de Ortografía del Euzkera Bizkaíno" eta "Deun Ixendegi Euzkotarra" idatziz, besteak beste.
Azkenik, industrializazioak eta inmigrazioak gazteleratze prozesua azkartu zuten XX. mendeko lehen erdialdean, eta frankismoaren eraginak egoera luzatu zuen 1970eko hamarkada arte.
[aldatu] Gaur egun
[aldatu] Zenbakiak
2001eko datuen arabera, Bilboko biztanleriaren %15.32 zen euskalduna eta %21.15 ia-euskalduna edo izateko bidean: 51.302 elebidun, 71.189 elebidun hartzaile eta 212.485 erdaldun elebakar.
Urte horretako inkesta horren arabera, 15.303 bilbotarrek euskara ama-hizkuntza zeukaten, 8.353 pertsonak euskara eta gaztelania, 304.443k gaztelera bakarrik eta 6.877k beste batzuk.
Euskaraz hitz egiteko gaitasuna, asko handitu da hirian azken urteotan, batuaren hezkuntza zabalduz joan den heinean. 1981ean %6.38 baino ez zen euskaraz zekiten pertsonen kopurua. Dena den, adinaren arabera ezberdintasun handiak daude, 15 urtetik beherako umeen artean euskaldunen kopurua %40 inguru da, baina 40 eta 60 urte bitarteko pertsonetan ez da %5era ere iristen.
[aldatu] Hezkuntza
Euskal Herriko Ikastola Konfederazioaren barruan, hiru zentro daude Abusu, Txurdinaga ("Kirikiño") eta San Adrian ("Urretxindorra") auzoetan. Santutxun, berriz, ibilbide luzea du "Karmelo" ikastolak.
Helduen hezkuntzari dagokionez, euskaltegi sare zabala dago hirian, hala AEKkoak (Indautxu, San Inazio ("Larrako"), Zazpikaleak ("Lizardi"), Deustu ("Matxintxu"), Iralabarri ("Urtats"), Zorrotza eta Santutxu), nola HABEkoak (Zazpikaleak ("Bilbo Zaharra"), Abando ("Gabriel Aresti", "Juan Mateo Zabala", "Ulibarri", "Mondragón Lingua" eta "Bai&Bye"), Indautxu (Labayru), Matiko, eta Deustuko Unibertsitatea).
[aldatu] Elkarteak
Euskara elkarteek gainera auzoetan egindako lana nabarmentzekoa da, 1980ko hamarkadatik gertatutako susperraldiaren adibide direla. Hauexek dira hiriko elkarte nagusiak:
- "Asapala Kultur Elkartea" (Mahatserri): "Berton" aldizkaria kaleratzen dute.
- "Berbaizu Euskara Elkartea" (Deustu): "Prest!" aldizkaria.
- "Zenbat Gara" Kultur Elkartea (Abando): Kafe Antzokia zabaldu zuten Abandon 1995ean, eta denborarekin hiriko euskaltzaleen topagune nagusi bilakatu da. Halaber, "Bilbo Hiria Irratia" emititzen dute, hiriko euskarazko irrati elebakarra dena.
- "Zorrotzako Euskal Txokoa" (Zorrotza): "Zorrotz-Morrotz" aldizkaria.
[aldatu] Bertsolaritza, literatura eta musika
Bertsolaritzak hiriburu bizkaitarrean oihartzun handia izan du historikoki, izan ere Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala bertan antolatu dute 15 aldiz azken 2007 arte. Bestalde, Santutxuko bertso-eskolak ibilbide luzea du, eta hortik atera dira Arkaitz Estiballes eta Urtzi Urrutikoetxea moduko bertsolariak.
Literatura mailan, XX. mendeko euskarazko idazlerik berritzaile eta eraginkorrenetarikoa bilbotarra dugu, Gabriel Aresti alegia. Azken hamarkadetan ugari dira hiriko seme-alabak zein hiriarekin lotura estua dutenak arlo honetan nabarmentzekoak: Andolin Eguzkitza, Patxi Iturregi, Manu Ertzilla, Luigi Anselmi, Andres Urrutia, Juan Ramon Madariaga, Paddy Rekalde, Lutxo Egia, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga, Julen Gabiria, David Tijero eta Urtzi Urrutikoetxea.
Azkenik, folk musika arloan aipatzekoak dira Oskorriren taldekideak eta Ibon Koteron moduko musikariak. Pop-rockean, bestela, Zea Mays eta Idi Bihotz taldeak eta hiriburuarekin lotutako Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta Anje Duhalde abeslariak.
[aldatu] Hedabideak
Auzoetako aldizkarien artean Mahatserriko "Berton", Deustuko "Prest" eta Zorrotzako "Zorrotz-Morrotz" ditugu, alde batetik. Bestetik, "Bilbo Hiria Irratia" katea eta Bilbotik emititzen duen "Bizkaia Irratia" azpimarratzekoak dira. Azkenik, 2009an emititzen hasiko den Ibaizabal Telebista aipatzekoa da.
[aldatu] Bibliografia
- "Euskara Bilbon: azterketa soziolinguistikoaren laburpena". Bilboko Udala, 1991.
- "Euskalkiak, Herriaren lekukoak". Elkar, 2003.
- Iñaki Gaminde,"Bilbotarron euskararen zuzuan". Asapala Kultur Elkartea, 2004.
- Aitor Zuberogoitia & Pedro Zuberogoitia."Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia". Bilboko Udala, 2008.
- Joseba Andoni Lakarra, Refranes y Sentencias (1596), Ikerketak eta edizioa. Euskaltzaindia. 1996. Bilbo.