Karlos Santamaria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carlos Santamaria» orritik birbideratua)
Karlos Santamaria

Bizitza
JaiotzaDonostia1909ko abenduaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1997ko abenduaren 30a (88 urte)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Complutense Unibertsitatea
Tesi zuzendariaJulio Rey Pastor (en) Itzuli
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmatematikaria eta idazlea
Lantokia(k)Donostia
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaPax Christi
Euskaltzaindia
Udako Euskal Unibertsitatea

Inguma: karlos-santamaria-ansa-1909-1997

Karlos Santamaria Ansa (Donostia, Gipuzkoa, 1909ko abenduaren 25a - ib., 1997ko abenduaren 30a) matematikaria, euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekintzailea, irakaslea, politikaria, bakezalea eta idazle euskaldun berria izan zen. Ehunka artikulu idatzi zituen prentsan,[1] eta zenbait liburu.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Easo kalean jaio zen, Izeta etxean. Ama Aranokoa zen (Nafarroa Garaia) eta aita Burgoskoa (Espainia). Biek Balmasedan elkar ezagutu zuten, ama maistra zela eta aita prokuradore. Ezkondutakoan Bilbora joan ziren bizitzera. Seme-alaba zaharrenak hantxe jaio eta, ondoren, Bilbotik Donostiara aldatu ziren, amaren nahia zen hori, eta bertan jaio ziren bi seme gazteenak, tartean Karlos, gazteena. Anai-arrebak guztira zortzi edo bederatzi izan ziren, baina orduan haurren hilkortasuna handia zen eta batzuk txikitan hil ziren.[3]

Bizitza osoa Donostian eman zuen, zatirik handiena Artzain Onaren plazako etxean. 1935ean Blanca Ibarbururekin ezkondu zen eta hamar seme-alaba izan zituzten, haietako bi gazte hilda, baina.[3]

Formazioa eta ikasketak(1922-1932)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamahiru urte izan arte ez zen eskolara joan, eta, orduan, azterketak egitera baino ez. Familiako txikiena izanik, ordu arte etxean ikasi zuen. Aita, ama eta anai-arrebak, denak ziren haren maisu-maistrak.[3]

Batxilergoa Donostiako Marianistetan eginda Madrilera joan zen unibertsitate-ikasketak egitera, Zientzia Zehatzak ikastera, matematikak. Haiek bukatu eta tesia prestatzeari ekin zion Rey Pastor izen handiko matematikariarekin. Rey Pastor zientzialari ospetsua Argentinan zebilen irakasle garai hartan, baina urtero joaten zen Madrilera. Behin Rey Pastorrek zera esan omen zion Santamariari: «baina ez da posible zu Donostian aritzea, han ez duzue bibliotekarik, han ez duzue ezer, zientzia aldetik han ezin izango duzu ezer egin». Santamariak Donostian zerbait sortu behar zela erantzun zion eta motibazio horrekin lanean hasi zen. Rey Pastorrek gutun bat idatzi zion Eusko Ikaskuntzari eta, horrela, 1932an Eusko Ikaskuntzaren babespean, “Centro de Estudios Científicos” sortu zuen Karlos Santamariak.[3]

Zientzialaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroago Santamariak Espainiako Gerra Zibilean eta frankismoan izandako jokabideak zenbait kritika jaso zituen: besteak beste, frankismoko agintarien laguntzaz Juan Landin Allenderi Igeldoko Meteorologia Behatokiaren zuzendaritza kendu izana leporatzen dio Santamariari Landinen alaba Maitek.[4][5]

1960ko hamarkadaren hasieran, euskararen eta euskal kulturaren aldeko hainbat lorpenetan parte hartu zuen. 1960an, ikastoletako maistrentzako erresidentzia eta euskal irakasleak prestatzeko etxe bat irekitzea, Donostian. 1961ean, Santo Tomas Lizeoa sortzea. 1963an, Donostiako Kaputxinoetan, Zeruko Argia astekaria berriz argitaratzea. Arantzazuko santutegian frantziskotarrek argitaratzen zuten Jakin aldizkariaren bultzatzaile ere ibili zen (eta 1978-1980 bitartean zuzendaritzako kide ere izango zen). Horregatik guztiagatik, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1964ko urrian.[6]

Politikaria (1978-1980)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politikan aritu zen 1978-1980 urte bitartean, Eusko Kontseilu NagusikoEusko Jaurlaritzaren aurrekaria izan zeneko— Hezkuntza Sailburua izaki. Euskal Herrian hezkuntza-sistema propioa izatearen aldarrikatzaile izan zen, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen. Karlos Santamariarenak dira Euskal Unibertsitatea sortzearen garrantzia azaldu zuten hitz hauek:[7]

Euskal Unibertsitatea, euskarazko unibertsitatearen beharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos Santamaria (Argia, 1973)

Euskal Herriko Unibertsitatea sortzearen aldeko mugimenduan nabarmena izan zen Karlos Santamariaren parte-hartzea. Gipuzkoako Unibertsitateko batzorde eragilean izan zen 1964an, lau urte geroago Zuzenbide fakultatea zabaldu zen Donostian, eta, 1967an, Donostiako Petrokimika Eskola sortzeko komisioaren buru ere izan zen.[3]

« Euskal Herriko unibertsitatea egin bazen, jende askoren ahaleginei esker izan zen, baina bereziki Karlos Santamariaren eta bera bezalako beste aitzindari gutxi batzuen ahaleginei esker »

Pello Salaburu[3]

Hala ere, 1970an oraindik unibertsitatean euskara ez zen bat ere erabiltzen. Orduan utopia moduan ikusten zen euskara etorkizunean arlo guztietara naturaltasunez zabaldu ahal izango zela. Baina 1970-72an Baionako Euskal Erakustokian antolatu ziren Euskal Asteak izan zuten arrakasta ikusirik, 1972ko ekitaldian Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldiaren bidetik, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek Udako Euskal Unibertsitatea antolatzea erabaki zuten 1973ko udan, Euskaltzaindiaren babespean. Lehengo ekitaldi biak Donibane Lohizunen egin ziren, ondorengo biak Uztaritzen, eta 1977az geroztik Iruñean.

« Aipatu nahi ditut 5 pertsona, 5 unibertsitari handi, euskarazko unibersitatea sortzeko beharra defenditu zutenak, UEU sortzeko bidea markatu zutenak: Haritxelhar, Xarriton, Karlos Santamaria, Txillardegi eta Manex Goienetxe. »

Jose Ramon Etxebarria[8]

Karlos Santamaria, Jose Maria Satrustegi eta Martin Orbe UEUren Iruñeko lehen ikastaldiko sarrera-ekitaldian (Iruñea, 1977)

Geroago, hainbat urrats kualitatibo egin ditu euskarazko unibertsitatea eraikitzeko bidean, baina oraindik ez dago gauzatuta Santamariak amesten zuen Euskal Unibertsitatea; unibertsitatearen inguruan Santamariak amets bat baitzuen, Euskal Herriko Unibertsitatea baino, Euskal Unibertsitatea. “Jakin” aldizkarian horrelaxe azaldu zuen 1977an:[9]

« Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibertsitatearen alorrean. Batari Euskal Unibertsitatea dei lekioke; besteari, berriz, Euskal Herriko Unibertsitate izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko. [...] Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitatea izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren “alma mater” izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da. »

—Karlos Santamaria[10]


Geroago, 1980an UEUko sarrera hitzaldia egin zuen Iruñean.

Euskal kulturaren aldarrikatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989an, Martin Ugalderekin batera, belaunaldi berriko gazte talde bati Euskaldunon Egunkaria sortzen lagundu zien.[6]

1991n Manuel Lekuona Saria jaso zuen.[11] 1992an EHUk honoris causa doktore izendatu zuen. Eta Euskaltzaindiak 1993an, bere sorreraren 75. urteurrenean, euskaltzain ohorezko izendatu zuen.[6]

Karlos Santamaria zentroa Donostian

Haren omenez, 2011ko irailaren 23an Donostiako Ibaeta auzoan inauguratutako EHUren Donostiako Campuseko liburutegi berria Karlos Santamaria zentroa izendatu zuten.[12]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UZEIren bi hiztegi hauen sorkuntzan parte hatu zuen:

Artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskal hiztegi analogikoari buruz. 1973 EUSKERA Euskara, Hizkuntzalaritza
  • Ahoz eta euskaraz irakurtzekotan, nola irakurri behar dira algebrazko formula... 1976 ELHUYAR ald
  • Ahoz eta euskeraz irakurtzekotan, nola irakurri behar dira algebrazko formula... 1976 ELHUYAR ald
  • Elkar hizketa: Karlos Santamaria, meteorologiaz mintzo. Mikel Zalbide Elustondo 1977 ELHUYAR ald
  • Unibertsitateko kulturaz. 1977 JAKIN
  • Felapton silogismoa dela eta. 1980 ELHUYAR ald
  • Marx eta giza pertsonaren problematika. 1984 JAKIN
  • Marxismoaz mahaingurua.  1984.  Kide hauekin: Jose Antonio Aduriz, Jokin Apalategi, Paulo Iztueta, Emilio Lopez Adan, JAKIN  

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 21 lan azaltzen dira.[13]

Sariak eta errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Santamariak idatzitako artikuluak
  2. Santamariak idatzitako liburuak
  3. a b c d e f «BIBLIOTehuKA Gipuzkoa: [ Carlos Santamaría »] archive.is 2012-07-13 (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
  4. (Gaztelaniaz) Maite LANDIN eta Juan Ramón GARAI: « La sombra de la transición», Gara, 2007-05-06
  5. (Gaztelaniaz) Maider IANTZI «Maite Landin: "Creo que he cumplido algo que tenía que hacer, ensalzar a mis padres y hermanos"»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2011-04-11.
  6. a b c d Juan SAN MARTIN: «Karlos Santamaria Ansa (1909-1997)», Euskera, XLIII, 1998, 1.
  7. Ezina Ekinez Egina - Euskal Herriak Bere Eskolak eginiko dokumentua[Betiko hautsitako esteka]
  8. Etxebarria, Jose Ramon. (2017). Katedralaren eraikuntza (Ikergazte 2017, Bideoa). Udako Euskal Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Noiz kontsultatua: 2017-12-04).
  9. Santamaria, Karlos. (1977). «Unibertsitateko kulturaz - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-01).
  10. Santamaria, Karlos. (1977). «Unibertsitateko kulturaz - Jakin.eus» www.jakin.eus: 67-71. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  11. a b (Gaztelaniaz) Manuel Lekuona Sariaren emate-ekitaldiko hitzaldiak
  12. a b Karlos Santamaria Zentroari buruzko informazioa
  13. Karlos Santamariaren produkzioa Inguma datu-basearen arabera (21 produktu).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]