Alexandro VI.a
Alexandro VI.a[1] (Xàtiva, Valentzia, 1431ko urtarrilaren 1a - Erroma, 1503ko abuztuaren 18a) Eliza Katolikoko 214. aita santua izan zen 1492 eta 1503 bitartean. Bere jaiotza izena Roderic Llançol i de Borja zen, Rodrigo Borgia izen-deiturez ezagunagoa.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borgia leinuak jatorria Borja familia noblean du (Borgia ortografiaz italieraratua), Zaragozako probintziako Borja herritik zetorrena: Valentziako erresuman finkatu zen, bere konkistan Jakue I.a Aragoikoaren ondoan parte hartu ondoren. Familiako kide batzuk Napolin eta Erroman ezarri ziren XV. mendearen erdialdean eta idazkera italiarra hartu zuten: harekin mundu osoan ezagunak izan ziren.
Aukeraketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Roderic Borgia Jofré Gil Llançol i Escrivá eta Elisabet de Borgiaren semea izan zen (azken hori Valentziako apezpiku Alfontso de Borgiaren arreba zen, gero Kalisto III.a aita santua izan zenarena). Ikasketak Valentzian hasi zituen arren, osaba aita santu bihurtu ondoren, Rodrigok Erromara jarraitu zion. Boloniako unibertsitatean egin zituen ikasketetan Zuzenbidean doktoretza lortu eta horrela notario apostolikoa izatera igaro zen. Aita santuarekin zuen senidetasun harremanaren ondorioz, kardinal diakono in pectore izendatua izan zen, eta Anconako Markako estatuetarako legatua, 1457an erromatar Elizaren kantzelariordea eta 1458an Valentziako apezpikua. 1468an Albanoko diozesia jaso zuen.
1458, 1464 eta 1471ko konklabeetan parte hartu zuen; hor, hurrenez hurren, Pio II.a, Paulo II.a eta Sixto IV.a aukeratuak izan ziren.
Borgia, behar zen bi hereneko gehienekoan tarte txiki bategatik, bere botoak berak ziurtatua, aita santu izendatua izan zen 1492ko abuztuaren 11n, Alexandro VI.a izena hartuta. Aita santu kargua simonia bidez lortu zuela uste izan zen, litekeena dena, baina frogarik gabea. Baztertuta dago Infessuraren bertsioa, "zilarrez beteriko mandoz" hitz egiten duena. Pastorren salaketaren irakurketa zuhurrago batek berrikusketa merezi du, hogeita hiru hautesleetatik zortzik, hau da, Della Rovere, Piccolomini, Medici, Caraffa, Costa, Basso, Zeno eta Cibó amaierara arte Borgiaren aurka irmo mantendu zirela baitio.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alexandro VI.a sexuaren maitale izan zen, bizitza osoan zehar mantendu zuen jokabidea (ikus, Gaztainen oturuntza). Zenbat seme-alaba izan zituen, eta zenbat emakumerekin, ez da ezaguna. Ama ezezagunekoak dira:
- Petri Luis Borjakoa, Gandiako lehen dukea, 1468an jaioa.
- Jeronima, 1470an jaioa eta Gian Andrea Cesarini erromatar noblearekin ezkondu zuena.
- Isabella Borgia, Pietro Matuzi ofizialarekin ezkondu zena.
Vanozza Cattaneirekin izan zituen seme-alabak:
- Joan Borjakoa, Gandiako dukea, María Enríquez de Lunarekin ezondu zena. Joan II.a Gandiakoa dukearen guraso izan zirenak, aldi berean, Frantzisko Borjakoaren aita, jesuiten hirugarren jenerala. Frantziskoren alaba izan zen Elisabet, Luisa Guzmánen amona, Joan IV.a Portugalgoarekin ezkondu zena eta Braganzako etxearen sortzailea.
- Cesare Borgia, Carlota Albretekoarekin ezkondu zutena. Berarekin Luisa Borgia alaba izan zuten, Filipe Borboikoarekin ezkondu zena, eta Borboi-Busset etxea sortu.
- Lukrezia Borgia, Giovanni Sforzarekin, Alfontso Aragoi eta Gazelakoa eta Alfonso d'Esterekin ezkondu zena. Bere aitarekin eta bere anaia Cesarerekin intzestoa egin zuela esaten da[2]. Onartutako seme-alaben artean daude Rodrigo, Bisceglieko duke izan zena, Herkules II Estekoa eta Hipolito II.a. Bigarren ezkontzaren bidez, Europako errege familia gehienen arbasoa da.
- Godofredo Borgia, Santxa Aragoikoa eta Gazelakoarekin ezkondua, Alfontso Aragoikoarekin arreba.
Era berean, kardinal zelarik, Julia Farnesiorekin harremanak izan zituen, Orsino Orsiniren emaztea, baina ez dago jakiterik Laura Orsiniren aita ote den. Aita santu zela, beste bi seme izan zituen, ama ezezaguna dutenak: Joan Borgia, Nepiko dukea, Cesare Borgiaren seme gisa agertu ohi zena, eta Rodrigo Borgia, 1503an jaioa, Cicianoko abade izan zena. Azken horri buruz Leon X.aak esan zuen «de romano pontifice genitus et soluta» ("Erromatar pontifizearen eta emakume ez ezkonduaren semea").
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 129. araua: aita santuen izenak. .
- ↑ (Ingelesez) «Lucrezia Borgia: Incest, Poison and Sexual Scandal?» Khambay's Words, Words, Words 2020-06-04 (kontsulta data: 2023-09-07).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa Inozentzio VIII.a |
Aita Santua 1492-1503 |
Ondorengoa Pio III.a |