Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren 1514 (XV) Ebazpena
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren 1514 Ebazpena | |
---|---|
Law identifier (en) | A/RES/1514 (XV) |
Mota | Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren ebazpen |
Nork bozkatua | United Nations General Assembly session (en) (Saioa:15) 89, 0 , 9 |
Argitaratze-data | 1960ko abenduaren 14a |
Lan osoa eskuragarri | un.org… |
1514 (XV) Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren Ebazpena deskolonizazio mugimendurako ezinbesteko ebazpen bat izan zen, lehenengo aldiz kolonizazioa salatuko baitzuen eta herrien libre autodeterminazioa egikaritzea baimendu. 1960ko abenduaren 14an onetsia izan zen eta oinarrizko giza eskubideak eta Nazio Batuen Gutunaren edukia aintzat hartuz, kolonien independentziarako deialdi bat egiteaz arduratzen da.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazio Batuen Erakundea 1945. urtean sortu zenean, 750 milioi pertsona, ordu hartan munduko biztanleriaren ia heren bat zena, autonomoak ez ziren lurraldeetan bizitzen ziren eta potentzia kolonialen menpe zeuden.
Nazioen Elkartearen garaitik, 80 kolonia baino gehiagok beraien independentzia eskuratu dute. Kolonia lurralde atzerritar batek menperatzen duen lurralde bat da, normalean metropoli deritzon potentzia batek menperatutakoa. Gauzak horrela, dependentzia izango du metropoliarekiko politikan, ekonomian… eta hortaz, ez da lurralde subirano bat izango, kanpoko gobernu baten aurrean jardun behar baitu. Kolonia horien artean, fideikomisoan zeuden 11 lurraldek libre autodeterminazioa egikaritu dute, independentzia lortzearen edo Estatu independente batekin aske elkartzearen ondorioz. Garai bateko Lurralde Ez Autonomo horiek biltzen zituen zerrendan agertzeari utzi zioten, beraien egoera aldaketaren ondorioz bai eta independentzia, aske elkartze edo Estatu independente batean barneratzeagatik. Gaur egun, 17 Lurralde Ez Autonomo daude oraindik, zeintzuetan 2 milioi pertsona inguru bizi diren.
Nazio Batuen Erakundearen deskolonizaziorako ahaleginak Nazio Batuen Gutunaren (NBG) 1.2. artikuluan ezarritakoan “eskubide berdintasuna eta [...] herrien libre determinazioa” oinarritzen dira, bai eta Gutunean bildu bezala, herri dependenteen interesez arduratzen diren 3 kapitulu zehatzetan.
Nazio Batuen Gutunak, XI. Kapituluan, Nazio Batuen Erakundea deskolonizazioaren baitan egiten ari den ahaleginak bideratzen dituen printzipioak zehaztu zituen. Gainera, XII. Kapituluan Administrazio Fiduziariorako Nazioarteko Erregimena ezarriko zuen eta XIII. Kapituluan, Fideikomisoan zeuden lurraldeak ikuskatzeko Administrazio Fiduziariorako Kontseilua, Nazio Batuen organo nagusi dena.
Gutunean adierazi bezala, “oraindik berezko gobernua eskuratu ez duten herrien lurraldeak administratzeko erantzukizuna daukaten Nazio Batuen Kideek”, Potentzia administratzaileei, zenbait betebehar esleitzen dizkie. Hauen artean, kolonietako biztanleen interesak eta asmoak edozerren gainetik daudela aitortzera behartzen die, Lurralde Ez Autonomoen garapen sozial, ekonomiko, kultural eta hezitzailean laguntzeko beharra daukate lurraldeko kultura errespetatuz, beharrezko autogobernuak eratzen laguntzea…
Honen harira, NBGren 73. artikuluaren arabera, Potentzia administratzaileak Lurralde Ez Autonomoen inguruko informazioa Nazio Batuen Erakundera bidaltzera beharturik daude, Gutunean azaleratzen denaren arabera. Ildo beretik, Nazio Batuak, Lurralde Ez Autonomo hauen libre autoedeterminaziorako garapena ikuskatzeaz arduratu dira eta arduratzen jarraituko dute.
1960. urtean, Batzar Nagusiak Herrialde eta Herri Kolonialei Independentzia Ematearen inguruko Adierazpena (Batzar Nagusiaren 1514 (XV) Ebazpena) onartu zuen, Deskolonizaziorako Adierazpen gisa ere ezaguna dena. Ebazpen hartan, Batzar Nagusiak, jakinik fideikomisoan zeuden lurraldeen eta lurralde ez autonomoen independentziaren alde egiteko zeukan betebehar garrantzitsuari erreparatuz, kolonialismoaren forma eta agerpen guztiei amaiera emateko beharra aldarrikatu zuen. Gauzak horrela, testuinguru honetan, herri guztiek libre autodeterminaziorako eskubidea zeukatela adierazi zuen[1].
Ebazpenaren helburua eta edukiaren azterketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1514 (XV) Ebazpenean, lehenengo aldiz, 12. paragrafoan ikusi bezala, kolonizazio prozesua salatzen da eta 2. paragrafoan, herrien libre autodeterminazioa egikaritzearen beharra azaltzen da, zertan datzan azalduz. Batzar Nagusian estatu kide guztiek parte hartzen dutenez, testu hori borroka bat izan zen deskolonizazio prozesua lagundu nahi zutenen eta metropolien artean eta testuetan agerian dago.
1514 (XV) Ebazpenaren helburua, eskubide berdintasun eta herri guztien libre autodeterminazioaren printzipioetan oinarrituta dauden harreman baketsu eta adiskidetsuak ezartzea eta egonkortasun eta ongizatezko baldintzak sortzea zirela esan daiteke. Honekin batera, giza eskubide eta oinarrizko askatasunei dagokienez, nolabaiteko errespetu unibertsal bat lortu nahi zuen Ebazpen horrek, arraza, hizkuntza, erlijio edo sexuan oinarrituriko bereizketarik egin gabe.
Momentu honetara arte, ez zen inoiz esan kolonizazio prozesua giza eskubideen edo Nazio Batuen Gutunaren xedeen kontra joan zenik, ez eta nazioarteko bake eta segurtasunaren aurka zihoala. Aldiz, ebazpenean hori azaleratuko zen, 1. artikuluan ikus daitekeen bezala, eta horrela, antzineko koloniak, Estatu berri bihurtu zirenak, Batzar Nagusian aldarrikatzen hasiko ziren menerapen koloniala desagertu behar zela eta Nazio Batuek horretan inplikatu beharko zutela.
2. artikuluaren edukia aztertuz, herri guztiek herrien libre autodeterminaziorako eskubidea daukatela zehaztu egiten da. Horrela, beraien egoera politikoa ezarri ahalko dute eta era aske baten garapen sozial, ekonomiko eta kulturala bilatu. Izan ere, 3. artikuluak zehaztu bezala, ordena politiko, kultural, ekonomikoan… izan dezaketen prestakuntza faltak ez du beraien independentzia atzeratzea eragingo. Hala ere, Nazioarteko Zuzenbide Publikoan herri mota asko daude eta honek ez du asko lagundu honen inguruan eztabaidatzera, menerapen koloniala jasaten ez duten herriek ere beraien eskubidea aldarrikatu baitute.
4. artikuluari jarraiki, Ebazpenak ere indarraren erabileraren debekuaren inguruan hitz egiten du eta metropoliek herrien libre autodeterminazioa ekiditeko indar armatua ezin izango dutela erabili aipatzen da.
5. artikuluaren arabera, fideikomisoan dauden lurraldeetan, Lurralde Ez Autonomoetan eta oraindik independentzia eskuratu ez duten lurraldeetan, ahaleginak egin beharko lirateke botereak lurralde horietako herriei eskualdatzeko, beraien borondate eta nahiak kontuan hartuz, inolako bereizkeriarik egin gabe, erabateko askatasunaz goza dezaten.
Horrez gain, 6. artikuluak ezarri egiten du nola “Estatu baten lurralde osotasuna eta batasun nazionala guztiz edo partzialki hausteko edozein saiakera” Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta helburuekin ez dela bateragarria eta nazioarteko bake eta lankidetzarako arrisku bat suposatu dezakeela. Ebazpenak ere Estatuen lurralde osotasuna arriskuan egotekotan, libre autodeterminazioaren aplikaziora ez errekurritzearen aldeko jarrera bat babesten du. Halaber, kolonizaturik dauden herriei boterea eskualdatzeko neurriak hartu behar direla zehazten du, bitarteko errepresio edo baldintzarik gabe.
Herrien libre autodeterminazioaren ondorioz, menerapen koloniala jasaten duten herriek beraien arabera erabaki dezakete baina hori ez da baliagarria izango estatu guztien lurralde osotasuna partez edo guztiz hausteko. Lurralde osotasuna defendatze aldera, Estatuen helburua barne mailan dauden eta libre autodeterminazioa egikaritu nahi duten lurraldeen nahiak geldiaraztea da, kontzeptu honen inguruan doktrinak eztabaida daukalarik.
Garapen hori agertzen denean, menerapen koloniala nazioarteko arazo bat zela argi adierazi zen, aurretik Estatuek barne mailako zerbait zela pentsatzen zutelarik. Kolonia zirenak eta Estatu bihurtu diren lurraldeek, uti possidetis iuris printzipioa aplikatuko zuten, lurralde osotasuna finkatze eta defendatze aldera (nahiz eta aurretik kolonia izan). Gauzak horrela, herrien libre autodeterminazioaren eskubidea mugatzen zuten, Estatu berriaren mugak finkatzeko eta bere lurralde osotasuna bermatzeko.
Azkenik, Ebazpenak 7. artikuluan ezartzen du Estatu guztiek errespetatu beharko dituztela Nazio Batuen Gutunean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean eta bestelakoetan jasotako xedapenak eta hirugarrenek ezin izango dutela Estatu berri honen barne arazoetan sartu, koloniak ziren eta Estatu berri bihurtu zirenen kezka bat izanik. Izan ere, kolonia ohiak Estatu berria sortu denean, haiengan menpekotasuna ezartzen beste era batean saiatu nahi zuten eta askotan barne mailan desegonkortasuna eragiten saiatzen ziren, independentzia eskuratu nahi zuten lurraldeak bultzatuz[2].
Indarrean sartzeko prozesua (parte hartzea, berrespena)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1514 (XV) Ebazpenaren bozketari dagokionez, 90 aldeko boto egon ziren, 9 abstentzio eta absente bakarra egon zen. Aurkako botorik ez zen egongo.
Alde bozkatu zuten herrialdeak ondorengoak izan ziren: Afganistan, Albania, Volta Garaia, Saudi Arabia, Argentina, Austria, Bielorrusia, Birmania, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Kanbodia, Kamerun, Kanada, Zeilan, Txad, Txekoslovakia (gaur egun; Txekia eta Eslovakia), Txile, Txina (Taiwán), Txipre, Kolonbia, Kongo, Boli Kosta, Costa Rica, Kuba, Danimarka, Ekuador, Egipto, El Salvador, Etiopia, Filipinak, Finlandia, Gabon, Ghana, Grezia, Guatemala, Ginea, Haiti, Honduras, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irak, Irlanda, Islandia, Israel, Italia, Japonia, Jordania, Laos, Libano, Liberia, Libia, Luxenburgo, Madagaskar, Malaysia, Mali, Maroko, Mexiko, Nepal, Nikaragua, Niger, Nigeria, Norvegia, Zeelanda Berria, Herbehereak, Pakistan, Panama, Paraguai, Peru, Polonia, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Errumania, Senegal, Siria, Somalia, Sudan, Suedia, Tailandia, Togo, Tunisia, Turkia, Ukraina, Sobietar Batasuna, Uruguai, Venezuela, Yemen eta Jugoslavia (gaur egungo; Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Eslovenia, Iparraldeko Mazedonia, Montenegro eta Serbia).
Abstenitu zirenak: Australia, Belgika, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika eta Hegoafrika.
Azkenik, absente geratu zen herrialdea Dahomey izan zen (gaur egungo Benin).
Ondoko aplikazioa eta garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1514 (XV) Ebazpenaren aldarrikapenak eztabaida handia sortu zuen. Talka zegoen potentzia kolonialen eta menerapen koloniala jasan zuten herrialdeen interesen artean, eta horri gehitu zitzaion herrien erabaki askearen eskubidearen eta Estatuen lurralde-osotasunaren arteko tentsioa.
Hurrengo egunean, gai horietan sakontzen zuen 1960ko abenduaren 15eko 1541(XV) Ebazpena aldarrikatu zen. Bertako biztanleek beren borondatea askatasunez adieraztea ezinbestekoa dela kontuan hartuta, zehaztu zen borondate horrek ez zuela beti eraman behar estatu subirano berri bat eratzera. Autodeterminazio-eskubidea gauzatzeak independentzia, elkartze askea edo beste estatu batean integratzea ekar lezake. Lurralde-banaketaren eskakizun horrek berekin ekarri zuen autodeterminazio-eskubidea itsasoz haraindiko lurralde kolonialetan bizi ziren herriei bakarrik aitortzea, barne-kolonialismoko egoerak alde batera utzita. Muga hori gorabehera, 1960an hartutako ebazpenek bultzada berri bat eman zioten Asian eta Afrikan deskolonizazio-prozesuari, eta horrek europar inperio kolonialak behin betiko desegitea ekarri zuen.
Azkenik, 1970eko urriaren 24an 2625 Ebazpena onartu zen, Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioei buruzko Adierazpena jasotzen duena, laguntasun-harremanei eta estatuen arteko lankidetzari buruzkoa, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz. Ebazpena adostasunez hartu zen, eta, beraz, mendebaldeko estatuen, sozialisten eta hirugarren mundukoen ikuspuntuak jaso ziren. Adiskidetasun-harremanei buruzko Adierazpenak erakusten du deskolonizazioa autodeterminazioaren adierazpen garrantzitsua dela, baina eskubide horren esparrua zabalagoa dela: gobernu ordezkatzaile batekin ere lotzen du. Deklarazioak adierazi zuen erabaki askea herri guztien eskubidea dela eta estatu guztientzat betebeharrak dakartzala, eta horiek errespetatzea ezinbesteko baldintza dela estatuen arteko adiskidetasunezko harremanak eta lankidetza ezartzeko.
Deskolonizazio Batzorde Berezia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1961ean, Batzar Nagusiak, 1654 (XVI) Ebazpenean, Herrialde eta Herri Kolonialei Independentzia Emateari buruzko Adierazpenaren (Deskolonizazio Komite Berezia edo C-24) aplikazioari buruzko egoera aztertzeaz arduratzen zen Komite Berezia ezarri zuen, bere organo subsidiario gisa, 1960ko Adierazpena betetzen zela ikuska zezan eta haren aplikazioari buruzko gomendioak egin zitzan. C-24a 1962an hasi zen jatorrizko 17 kideekin, eta handik gutxira, 1962aren amaieran, 24 kidera zabaldu zen. Lurralde Ez Autonomoei buruzko Informaziorako Batzordea desegin zenez geroztik, C-24 zentroari eman zitzaion helarazitako informazioa aztertzeko ardura, Gutunaren 73 e). artikuluan ezarritakoaren arabera, Batzar Nagusiaren 1970 (XVIII) Ebazpenari jarraiki.
Deskolonizazioari buruzko programako gaiak ere aztertzen ditu Deskolonizaziorako eta Politika Bereziko Batzordeak (Laugarren Batzordea), Batzar Nagusiko Batzorde Nagusietako batek. Laugarren Batzordeak C-24ko gomendioak aztertzen ditu, eta ebazpen- eta erabaki-proiektuak egiten ditu, Batzar Nagusiaren osoko bilkuran aurkezteko[3].
Kolonialismoa ezabatzeko nazioarteko hamarkadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo hamarkada (1990-2000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988an, Batzar Nagusiak, 1990ean Herrialde eta Herri Kolonialei Independentzia Emateari buruzko Adierazpenaren 30. urteurrena beteko zela gogoratuz (1960ko Deskolonizazioari buruzko Adierazpena ere esaten zaio, eta 1514 (XV) Ebazpen gisa onartu zen), 43/47 Ebazpena onartu zuen, non 1990-2000 aldia Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko Hamarkada deklaratu zuen, eta 1960ko
Deskolonizazioari buruzko Adierazpenaren aplikazioa bizkortzeko ekintza-plan bat onartu zuen. Ekintza-plana Idazkari Nagusiak 1991ko abenduaren 13an Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko Hamarkadari buruz egindako txostenaren eranskinean agertzen zen, eta 1991n Batzar Nagusiak onartu zuen 46/181 ebazpenean.
Bigarren hamarkada (2001-2010)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2000. urtean, Batzar Nagusiak, 55/146 ebazpenean, Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko Bigarren Hamarkada izendatu zuen 2001-2010 aldia. Ebazpen berean, Batzar Nagusiak estatu kideei eskatu zien Nazioarteko Lehen Hamarkadarako ekintza-plana aplikatzeko ahaleginak areagotzeko.
Plan hori idazkari nagusiaren 1991ko txosten horretan jasota zegoen, eta, beharrezkoa izanez gero, eguneratu egin zen, Nazioarteko Bigarren Hamarkadako ekintza-plan gisa erabil zedin. 2001ean, idazkari nagusiak Batzar Nagusiari jakinarazi zion estatu kideek aurkeztutako iritziak eta iradokizunak, Lehen Hamarkadako ekintza-planean laburbildu zirenak, neurri handi batean egokiak zirela Bigarren Hamarkadarako.
Hirugarren hamarkada (2011-2020)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010ean, Batzar Nagusiak 65/119 Ebazpena onartu zuen. Ebazpen horretan, 2011-2020 aldia Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko Hirugarren Hamarkada izendatu zuen, eta estatu kideei eskatu zien Nazioarteko Bigarren Hamarkadako ekintza-plana aplikatzen jarraitzeko ahaleginak areagotzeko eta C-24rekin lankidetzan aritzeko, Nazioarteko Hirugarren Hamarkadarako ekintza-plan baten oinarri gisa erabiltzeko.
Laugarren hamarkada (2021-2030)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2020an, Batzar Nagusiak 75/123 Ebazpena onartu zuen, Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko 2021-2030 Laugarren Hamarkada deklaratzen duena. Ebazpen horretan, estatu kideei eskatu zien ahalegin handiagoa egin zezatela Kolonialismoa Ezabatzeko Nazioarteko Bigarren Hamarkadako ekintza-plana ezartzen jarraitzeko eta C-24rekin lankidetzan aritzeko, ekintza-plana eguneratzeko, beharrezkoa zen heinean, Nazioarteko Laugarren Hamarkadarako ekintza-plan baten oinarri gisa erabiltzeko.
Deskolonizaziorako Komite Bereziaren 2021eko bilkura-aldiaren irekiera-saioan, 2021eko otsailaren 18an, Keisha McGuire enbaxadoreak, Komitearen jarduneko presidenteak, dei egin zien estatu kide guztiei konpromisoa berritu eta ahaleginak egin zitzaten beste hamarkada bat aldarrikatu beharrik izan ez zezaten[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Acerca de | Las Naciones Unidas y la descolonización» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
- ↑ «ODS HOME PAGE» documents-dds-ny.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
- ↑ «Comité Especial de Descolonización | Las Naciones Unidas y la descolonización» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
- ↑ «Decenios Internacionales | Las Naciones Unidas y la descolonización» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nazio Batuen Erakundeko Lurralde Ez Autonomoen Zerrenda.
- Menerapen koloniala jasaten duten lurraldeak.
- Nazio Batuen Gutuna.
- Nazio Batuen Batzar Nagusia.