Joseph Hooton Taylor, Jr.
Joseph Hooton Taylor, Jr. (Filadelfia, Pennsylvania, AEB, 1941 -) estatubatuar fisikaria da.
[aldatu] Biografia
Kuakero familia batean hazi eta hezia. Familiak New Jerseyn zuen baserri batera joan ziren bizitzera berak zazpi urte zituela. Eskola-urteetan izadiarekin eta zientziekin zerikusia zuen gauza orori buruzko jakin-nahia piztu zitzaion. Irrati, telebista eta bestelako tresna elektroniko hondatuekin jolasean eta esperimentuak egiten ibili zen anaiarekin batera. Kuakeroen beste erakunde batzuetan sakondu zituen ikasketak, Moreston Schoolen eta Haverford Collegen, besteak beste. Matematika, fisika eta kimika landu zituen bereziki, zientzia zer eta zertarako zen aurkitzen hasi zenarekin batera. Bere graduazio-proiekturako irrati-elektronikako ezagutza praktikoak ikerkuntza zientifikoarekin elkartzea pentsatu zuen eta irrati-teleskopio bat eraiki zuen, eskolan erabilitako liburu zahar baten eta irrati-astronomiari buruzko beste baten laguntzarekin. Gero, Harvarden sartu zen, astronomia, fisika eta matematika aplikatuen sailean, eta bere bizitzako lanik gogorrenetako bat egin zuen: irrati-astronomiari buruzko ikerkuntza-tesia, aurrerago pulsarrez egin zituen ikerketetarako oso baliagarria.
Azkeneko urteotan Massachusettseko eta Princetongo unibertsitateetan aritu da lanean, goi-mailako beste zientzialari batzuekin batera. Hain zuzen ere, horietako batekin batera, Allan Hulserekin batera irabazi zuen 1993ko Fisikako Nobel Saria pulsarrei buruz egindako ikerkuntzengatik.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.