Musika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Wolfgang Amadeus Mozart, Johann Georg Edlinger-ek egin zuen erretratuan

Musika, bitartekotzat soinua eta isiltasuna darabiltzan artea da. Musika sortzen duen pertsonari musikagile deitzen zaio; musika jotzen edo abesten duenari, musikari; eta musika aztertzen duenari, musikologo.

Historia

Musika soinu-konbinazio edo -mintzaira da; soinuak giza organo fonatzaileek (ahots musika) edota horretarako diseinaturiko musika tresnek sortuak (musika instrumentala) dira, zibilizazio batetik bestera aldatzen diren printzipio teknikoen arabera landuak eta antolatuak.

Herri musikaren jatorria historiaurrean dago. Segur aski, hasiera batean erlijioari oso estu loturik izango zen, eta eginkizun estetikoa baino areago magiko-sinbolikoa izango zuen. Musika mota hori talde etniko eta kultural guztiek dute, gehienbat ahozko tradizioz transmititzen da, eta bere garapenak eta eboluzioak bide desberdinak jarraitu dituzte zibilizazio bakoitzean, baina, betiere, teknikoki nahiz instrumentalki sinplea izaten da, eta gai jakin baten inguruan bariazioak inprobisatzeko aukera ematen du. Musika horren barruan sartzen dira, hasi tribu primitiboen abestietatik eta gaur egungo jazzeraino, herrialde desberdinetako folklorea eratzen duten manifestazio musikal guztietatik igarota.

Mendebaldean, musika jasoaren garapena Grezian eta Erroman hasi zen, eta handik Europa osora zabaldu zen, bi bide erabiliz: musika profanoa eta erlijiosoa. Azken hori, kristautasunaren hedapenari zuzenean lotua.

Gregoriar kantua VI. mendean sortu zen. Jarraian etorri zen, VII. mendean, polifonia (grekotik dator hitza, eta «ahots asko» esan nahi du). Pentagrama edo paper pautatuan musika idazteko modua XI. mendean asmatu zen. XII. mendeaz gero, musika instrumentala polifonikoaren euskarritzat garrantzia hartzen hasi zen, eta gailurrera iritsi zen Palestrinaren eta Orlando di Lassoren (XVI. mendea) konposizioekin, Berpizkunde bete-betean.

Barrokoan (1600-1750), teknika berriak asmatu ziren, hala nola monodia lagundua, errezitatiboa eta baxu jarraitua. Aro hartan jaio zen opera ere. Bach eta Haendel bezalako maisuek musika polifonikoak lortua zuen perfekzioa erakutsi zuten.

Barrokoaren handitasun-aroaren ondoren, estilo galaitsuagoko musika edo rokokoa etorri zen, ponpoxoago eta finagoa. Gero etorri zen haren ordezkoak, Vienako eskolak (1770-1830), sinfonia eta kamara musikaren hainbat forma bideratu zituen. Garai hartako musika sorkuntzako ahalmen handiaren erakusgarri bikain ditugu Haydn, Mozart eta Beethoven.

Erromantizismoko musikan (1830-1900) subjektibismoa, poesia eta irudimena ditugu. Schubertekin hasi zen aldi hark Wagner eta Liszt izango zituen gorenean, eta korronte nazionalista erromantikoak iristean amaitu zen.

XX. mendean, musikaren joera ohiko arau formalak eta konposizioarenak haustea izan da, atonalitatea eta dodekafonismoa bezalako joeren bidez. Estatu Batuetan jazza sortzearekin eta aurrerapen teknologikoekin, musika konkretua eta elektronikoa etorri ziren. 1950eko hamarkadan berrikuntza handiak izan ziren, eta disko jogailuaren eta irratiaren zabalkundeak maisu zahar eta konpositore berrien obrak hedatu zituzten mundu osoan.

Musikaren historia kontinenteka

Amerikako musika

Amerikako musikari buruzko lehen azterketak XIX. mendearen bukaeran hasi ziren; ordurako Europako musikaren eragin handia zuen bertakoen musikak. Dena den, arkeologia aztarnegietan aurkituriko tresnen, XVI. eta XVII. mendeetako misiolarien kroniken eta batez ere beste biztanleekin nahastu ez diren indiar talde batzuen gaur egungo musikaren bidez, aztertu ahal izan da bertako musikaren bilakaera. Europarrak heldu aurretik indiarrek ez zuten ezagutzen musika notaziorako sistemarik, musika tresnek laguntzen zioten kantuari, eta musika eta dantza batera egiten ziren beti.

Sortaldeko musika

Hinduen musikak veda testuen edo testu sakratuen irakurketan du jatorria. Indiako musikak erabateko aldaketa izan zuen K. a. VII. mendean, budismoaren eta heleniar kulturaren eraginez; horietatik sortu zen indiar estilo klasikoa, raga izenekoa.

Txinako musika, Han dinastiaren garaian (K.a. 206 - K.o. 220), errituzkoa zen; laurogeita hamar musikariz osatutako orkestrek jotzen zuten. Tan dinastiaren garaian (618-907) garatu zen, erlijiotik landa, jaialdi eta ospakizunetako musika. Song dinastian (960-1279) Tang dinastiako musika hobetu, eta errepertorioa zabaldu zen; Taizong enperadoreak berak 390 doinu berri ondu zituen. Ming dinastiaren garaian (1368-1644) hasi zen jai eta ospakizunetako musika kodetzen eta kontserbatorioetan irakasten.

Garai hartan emakumezkoek osatzen zituzten gorteko orkestrak. Qing dinastiatik aurrera (XVIII. mendea), Asiako beste herrietako musikak Txinakoaren gainean zuen eragina areagotu zen. Japonian garrantzi handia izan zuen kabuki eta antzerkientzat egindako musikak; XX. mendearen hasieratik japoniar musika asko hurbildu zitzaion Europakoari. Islamak Asiako musika tradizio gehienetan izan zuen eragina, bere erritmo berezien eta doinu hautsien bidez.

Afrikako musika

Afrikako musikari buruzko lehen aipamenak europar bidaiarien kontakizunetan ageri dira; ezin izan da ordea musika mota honen bilakaera ezagutu. Nolanahi ere, ahozko tradizioan oinarritzen da, eta alde handiak ditu etnia batetik bestera.

Sartaldeko musika

Sartaldeko musika elizako kantuekin hasi zen, hebrearren eta greziarren eskaletan oinarri harturik. Geroago organoaz lagundu ziren kantuak, eta, kontrapuntua landu ahala, aberatsagoak egin ziren. Elizako eta elizaz kanpoko polifonia XV. eta XVI. mendeetako madrigal eta moteteekin iritsi zen maila gorenera.

XVII. mendean, berriz, tresnetarako musika izan zen nagusi (bariazioak, suiteak); orobat, garrantzi handia izan zuten Monteverdi eta Lullyren operek, Schützen oratorioek, eta musika idazkeraren sistema berriak. XVII. mendearen bukaeran eta XVIII. mendearen hasieran aurrerabide handia egin zuen teklaturako musikak.

Biolin taldeak antzina biolak izandako lekua hartu zuen sortu berri zen orkestra egituran. Oratorioa heldutasunera iritsi zen (Bach, Haendel, Scarlatti, Purcell, Couperin). XVIII. mendean Bachek sonata itxuratu zuen, geroago Haydn, Mozart eta Beethovenek landu zuten sinfoniaren eta harizko kuartetoaren oinarri izan zena.

XIX. mendearen hasieran Beethovenek, bestalde, hunkigarritasun berria eman zion musikari eta era horretan erromantizismoaren aitzindari izan zen; Schumann, Mendelssohn, Verdi, Txaikovski, Schubert eta beste hainbat musikarik bete-betean egin zuten musika erromantikoa. Bestalde, erromantizismoak ekarri zuen abertzaletasunean oinarritu ziren musikagile asko, hala nola, Chopin (Polonia), Liszt (Hungaria), Dvořák (Bohemia), Musorgski eta Rimski-Korsakov (Errusia), Granados eta Albéniz (Espainia), Sibelius (Finlandia), Grieg (Norvegia) eta Bartók (Hungaria).

XIX. mendearen bukaeran, Wagnerrek berrikuntza handiak egin zituen orkestran eta harmoniaren baliabidetan, eta oro har, musikaren beraren ikuskeran. XX. mendearen hasieran, Debussyk eta bere ikasleek inpresionismoa sortu zuten erromantizismoaren aurkako joera gisa; harrezkero, joerak asko sortu dira; musika atonala eta dodekafonismoa landu dira, eta abstrakziorako joerak oso nabariak izan dira, Stravinskiren eta Hindemithen klasizismoan, besteak beste.

XX. mendeko musika joerak

Musika joera nagusiak, sarritan bereizten errazak ez badira ere, aleatorioa, dodekafonikoa, elektronikoa eta konkretua dira.

  • Musika aleatorioa: musika egiterakoan edo jotzerakoan ezusteko edo prestatu gabeko elementuak sartzen dituena, eta zorizko prozeduren bidez (estatistikoak edo konputagailu bidezkoak) ontzen dena. John Cageren lanak dira aipagarriak (Music of Changes, 1951).
  • Musika elektronikoa: bitarteko elektronikoen bidez sortzen eta emaitza zintetan grabatzen dena. Hasieran horrela deitzen zitzaien elektronikoki sintetizaturiko hotsei soilik, musika elektronikoa eta musika konkretua bereiztearren; musika konkretua ohiko musika eta eguneroko hotsak elkartuz egiten zen. Gaur egun ordea bat egin dute biek. Hots elektronikoak sortzeko lehen saioak Kanadan eta Estatu Batuetan egin ziren, 1890. urtetik aurrera. XX. mendearen hasieran Fischinger hasi zen, Alemanian, ildo honetatik lanean; Sobietar Batasunean, 1930. urte inguruan, teknika fotoelektrikoak erabili ziren musika sortzeko. Izan ere, musika elektronikoaren garapena teknika berrikuntzei lotu zaio: telefonoa, bozgorailua, mikrofonoa, gramofono grabazioak, etab. Musikari aipagarriak dira Cage, Stockhausen, Maderna, Berio, Krenek, Eimer, etab.

Musikagileak

Salzburgozko Mozarten jaioetxea

Bakarlariak

Musika tresnak

Musika jauregi nabarmenak

Mundu mailan

Los Angeles-ko Walt Disney Concert Hall
Parisko Charles Garnier opera jauregiaren aurrealdea

Euskal Herrikoak

Ikus, gainera

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Musika Aldatu lotura Wikidatan