Filipinak
Filipinak[1] (filipineraz: Pilipinas, ˌpɪlɪˈpinɐs ahoskatua), ofizialki Filipinetako Errepublika (filipineraz: Repúblika ng Pilipinas) Hego-ekialdeko Asiako herrialde bat da, kontinentetik 1.210 kilometrora dagoen uhartedi batek osatua. Ozeano Barean dagoen uhartedi honek 7.107 uharte ditu, horien artean 700 inguru biztanledunak. Filipinak munduko 12. estatu populatuena da, 90 milioi biztanlerekin[2][3]. Erbestean 11 milioi filipinar baino gehiago daude, populazioaren % 11 inguru.
Espainiaren kolonia izandakoa lau mendez, eta Estatu Batuena 50 urtez, Filipinak Asiako herrialde kristaua da. Beste hainbat gutxiengo erlijio ere badira bertan, hala nola Islama, Budismoa eta Hinduismoa.
Hiriburua Manila dute.
Izena
Filipinak izena Filipe II.a Espainiako erregetik datorkio. Ruy López de Villalobos esploratzaile espainiarrak Las Islas Filipinas izena erabili zuen, Asturiasko Printzearen omenez, hasiera batean Leyte eta Samar uharteak izendatzeko. Nahiz eta beste hainbat izen ere erabili, azkenean Filipinas aukeratu zen uhartedi osoa izendatzeko.
Filipinetako izen ofiziala historian zehar aldatuz joan da. Filipinetako Iraultzan, República Filipina izena izan zuen. Agintari koloniar amerikarrek Philippine Islands erabili zuten, gaztelaniatik itzulita. Garai hartan hasi zen Philippines izena orokortzen.
Geografia
Herrialdea 300.000 km² luze-zabal den uhartedia da, 7107 uhartekoa. Hauek hiru taldetan edo azpi-uharteditan banatzen dira (ipar-hego): Luzon, Visayas eta Mindanao. Manila hiriburua, estatuko bigarren hiri populatuena Quezon Hiriaren ondoren, Luzon uhartean dago.
Bertako klima beroa, hezea eta tropikala da. Urteko batez besteko tenperatura 26,5°C da. Filipinarrek hiru urtaro bereizten dituzte: Tag-init edo Tag-araw (uda, martxotik maiatzera), Tag-ulan (urtaro euritsua, ekainetik azarora) eta Tag-lamig (urtaro hotza, abendutik otsailera). Tifoiek sarritan astintzen dute, urtean hogei inguruk.
Uharte gehienak, sumendi jatorrikoak, menditsuak dira eta oihan tropikalez estaliak daude. Tontor garaiena Apo mendia da (2954 m), Mindanaon. Sumendi ugari aktiboak dira, Pinatubo ezaguna adibidez.
Filipinen hegoaldean Wallace Lerroa igarotzen da, Insulindian zehar Asia eta Australia banatzen dituen alegiazko lerroa. Fauna eta, hein txikiago batean, flora desberdinak dira lerroaren bi aldeetan, nahiz eta geografia aldetik hurbil egon eta antzeko klima eduki, historia ebolutibo desberdina erakutsiz. Lerroa Bali eta Lombok uharteen artean igarotzen da Java ekialdean, Borneo eta Sulawesi artean gero eta azkenik Filipinetako hegoaldetik.
Historia
Historiaurrea
Aztarnek Filipinetan mila urteetatik jendea bizi zela diosku. Gizakiaren fosilik zaharrena Robert B, Fox amerikar doktoreak Palawan uharteko Tabon haitzuloan 1962ko maiatzaren 28an aurkitutako "Harriaroko Filipino"aren kaskezurra da. Horri Taboko gizona deritzote. Bertako gizakiak historiaurrean zeuden lurrezko edo izotzezko zubiak gurutzatu eta irlako oihanetan ezarri ziren. Gero, Austronesieraz hitz egiten zuten gizakiak etorri ziren uharteetara Txinako Hegoaldetik, Taiwanen barrena.
Espainia
1521eko martxoaren 16an Magallanes eta Elkano esploratzaileak uharteetan lehorreratu ziren. 1565eko otsailaren 13an Migel Lopez Legazpikoa militar zumarragarra Cebu uhartera ailegatu zen. Uharteetan borrokatu zuen lurraldea Espainiako boterera igarotzeko. 1572an Manilan hil zen.
1565eko ekainaren 1ean, Ordiziako Andres Urdaneta eta berrehun bat pertsona Mexikorantz irten ziren. Bost hilabete pasa ondoren, Navidad izeneko portura iritsi ziren eta, 8 egun barru, Acapulcora. Itzulbidaia aurkituta zegoen, Urdanetaren bidea esaten zaiona. Acapulcora iritsi zirenean, Mexikoko Real Audienciak ohore handiz hartu zituen eta, ondoren, Espainiarantz bidali zuten Erregeari Itzulerako bidearen parte emateko. Sanlúcar de Barramedan lur hartu zuten eta 1566ko apirilean Filipe II.a Espainiakoa.aren aurrean zegoen Valladoliden, mapak eta nabigazio liburuak erakutsiz.
Manilako Galeoia: Itzulbidaia aurkikuntza handi bat izan zen mundu guztian eta Filipinetako historian guztiz erabakiorra izan zen. Kuro-Shivo itsaslasterra jarraitzen du iparraldeko 42ºtako latitudean. Berehala konturatu ziren, Filipinak Espainiaren mende izateko eta Asia, Amerika eta Europaren arteko harreman komertzialentzako aurkikuntza honek zuen garrantziaz. Nabigazio lerro bat ezarri zen berehala Asia eta Amerika artean. 1566ko maiatzaren 1ean hasi zen, San Jerónimo ontzia Acapulcotik irten zenean eta, mende batzuk iraun ondoren Filipinak eta Mexiko arteko garraioa eginez, 1815ean itxi zuten, Magallanes galeoiak azken bidaia egin zuenean. Jarraitutako bidea beti izan zen bera: 12º iparraldean Guaham-eraino joan ohi ziren zuzen-zuzen eta handik iparralderantz, Manilaraino. Itzulera Andres Urdanetaren Itzulbidaia jarraituz egin ohi zen, iparraldean 42ºko paralelora iritsiz, Kaliforniaraino jarraituz eta, kostan zehar, Acapulcora.
Espainiaren kolonizazio berezia Filipinetan
Filipinetan kolonizazioak ez zuen sortu garrantzi handiko mestizaje -eta akulturazio- oinarririk. Metropoliaren eta artxipielagoaren arteko harremanak, batez ere, nekazaritzako baliabideei lotutakoak izan ziren, Filipinetako Konpainia zaharrak monopolizatuta, eta apaiz eta misiolarien lanari lotutakoak. Harreman horren irudia ematen du mende erdiko diplomatiko baten testigantzak:
« | Koloreko jendeak borondatez eman behar dio zuriari errespetua eta obedientzia. Helburu hori lortzeko lehenengo taldea maila intelektual eta moral eskasean eduki behar da, kopuruz indartsuago izanda ere indar politikorik izan ez dezan (...).
Orain Manilan mutilentzat dauden eskolak itxi egin behar dira (...). Arma-zerbitzuetan ez dute soldadu arruntetik, edo gehienez, kabotik gora egin behar. Hobe da espainiar nekazari bat egitea sarjentu edo ofizial, irakurtzen eta idazten ez badaki ere, indigenarik argiena baino (...)". |
» |
—Sinibaldo Mas y Sanz idatzita. "Informe sobre el estado de las islas Filipinas en 1842".(6) |
Nahiz eta kolonizazioa erabatekoa ez izan, independentzia lortu zutenerako, Filipinarren populazioaren %15aren ama hizkuntza gaztelania zen. Iraultzarako deialdia gaztelaniaz egin zuten eta Filipinetako hizkuntza gehienek gaztelaniaren eragina dute gaur egun.
Aipagarria da Asiako herrialdeen artean gehiengo katolikoa duen bakarra dela eta baita ere, Chabacano hizkuntza, gaztelaniaren eragin izugarria duela.
Iraultza eta independentzia
1898ko ekainaren 12an Filipinek Espainiatik independentzia lortu zuten. Ondorengo urteetan, Estatu Batuek bereganatu zuten lurraldea. Azkenik, 1946ko uztailaren 4an hauek uharteen independentzia onartu zuten.
1965ean Ferdinand Marcos boterera iritsi zen, ustelkeria, agintekeria, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa izanda hogeita bat urte luzeren agintaldiaren ezaugarriak. 1986an gobernutik egotzi arte, bera eta familia izugarri aberastu ziren, gainera.
2014
Uztailaren 28an, Abu Sayyaf talde islamikoak hemeretzi lagun hil eta hamar zauritu zituen Filipinetan, atentatu batean. Sulu uharteko Talipao herrian gertatu zen erasoa, biktimak auto ilara batean zihoazela. Eskualde horretako agintariekin bake elkarrizketak egiten ari ziren[4].
Abenduaren 6an, Hagupit tifoiagatik 600.000 herritarrek alde egin behar izan zuten etxetik[5]. Gutxienez 3 pertsona hil ziren, 890.000 lagun etxetik atera behar izan zituzten eta haizeak 170 kilometro orduko abiadura eduki zuen[6].
Banaketa administratiboa
Filipinak hiru uharte multzotan banatzen dira: Luzon, Visayas eta Mindanao. Hauek 17 eskualdetan, 80 probintziatan, 120 hiritan, 1.511 udalerritan eta 42.008 distrit delakoetan banatzen dira[7].
Eskualdea | Izendapena | Hirigune nagusia(k) |
---|---|---|
Ilocos eskualdea | I eskualdea | San Fernando, La Union |
Cagayan ibarra | II eskualdea | Tuguegarao, Cagayan |
Erdialdeko Luzon | III eskualdea | San Fernando, Pampanga |
CALABARZON | IV-A eskualdea | Calamba, Laguna |
MIMAROPA | IV-B eskualdea | Calapan, Ekialdeko Mindoro |
Bicol eskualdea | V eskualdea | Legazpi, Albay |
Mendebaldeko Visayas | VI eskualdea | Iloilo Hiria |
Erdialdeko Visayas | VII eskualdea | Cebu Hiria |
Ekialdeko Visayas | VIII eskualdea | Tacloban |
Zamboanga penintsula | IX eskualdea | Pagadian, Zamboanga del Sur |
Iparraldeko Mindanao | X eskualdea | Cagayan de Oro |
Davao eskualdea | XI eskualdea | Davao Hiria |
SOCCSKSARGEN | XII eskualdea | Koronadal, Hego Cotabato |
Caraga | XIII eskualdea | Butuan |
Mindanao | Tagalog (Filipino) | Cotabato |
Cordillera Eskualde Administratiboa | CEA (CAR) | Baguio |
Hiriburu Nazionalaren Eskualdea | HNE (NCR) | Manila |
Demografia
hizkuntza_ofizialak
Filipinetan 170 hizkuntza baino gehiago mintzatzen dira, ia guztiak hizkuntza austronesiarrak. Hala ere, bi hizkuntza soilik dira ofizialak herrialde osoan, filipinera (berez tagalogaren aldaera bat) eta ingelesa. Tagaloga Manilako eta Luzon irlako hizkuntza da.
Herrialdeko hizkuntza austronesiar nagusiak hauek dira, hiztun kopuruaren arabera:
- Tagaloga: 22 milioi, Luzonen batez ere;
- Cebuera: 20.000.000, Erdialdeko Bisayak eta Mindanaon batez ere;
- Iloko: 7.700.000 Luzonen eta inguruko beste uharte batzuetan;
- Hiligaynon: 7.000.000 Mendebaldeko Bisayetan;
- Bicoloera: 3.700.000, Bicolandian nagusiki;
- Samarera edo Winaray: 3.100.000 Samarren.
Immigranteen komunitateen eraginez, beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dira, hala nola txinera, japoniera, koreera zein arabiera.
Gizateriaren ondarea
Gizateriaren Ondarea Filipinetan | ||
---|---|---|
Filipinetako Eliza Barrokoak • Puerto Princesa Lurpeko Ibaiaren Parke Nazionala • Banaue Arroz Terrazak • Tubbataha Uharria • Vigan |
Erreferentziak
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ 2000 Census-based Population Projection. National Statistics Office, Republic of the Philippines (Noiz kontsultatua: 2008-04-17).
- ↑ Filipinak. Nazioarteko Diru Funtsa (Noiz kontsultatua: 2008-10-09).
- ↑ «Abu Sayyaf taldeak 19 pertsona hil ditu Filipinetan», Berria, 2014-07-29
- ↑ «600.000», Berria, 2014-12-07
- ↑ «Gutxienez 3 pertsona hil dira Filipinetan, Hagupit tifoiaren ondorioz», EiTB, 2014-12-07
- ↑ NCSB PSGC aurkibidea
(6) Mas y Sanz, Sinibald: "Informe sobre el estado de las Islas Filipinas en 1842". Aipamena hemen: Palanco Aguado, F.: "España en Filipinas. Doce textos históricos", Tiempo y Tierra, APGHko aldizkaria, 5. zk., 1997, 92-93. or.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Filipinak |
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.