Zumarraga

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Zumarraga

 Gipuzkoa
Zumarragaren ikuspegi orokorra Irimo mendiaren magaletik. 2009ko abenduaren 28a.
Zumarragaren ikuspegi orokorra Irimo mendiaren magaletik. 2009ko abenduaren 28a.

Zumarragako armarria

Izen ofiziala Zumarraga
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Urola Garaia
Alkatea Mikel Serrano
(PSE-EE)
Herritarra zumarragar
Koordenatuak 43°4′N 2°19′W / 43.067°N 2.317°W / 43.067; -2.317Koordenatuak: 43°4′N 2°19′W / 43.067°N 2.317°W / 43.067; -2.317

Gipuzkoa - Zumarraga.svg

Eremua 19,42 km2
Garaiera 356 m
Distantzia 53 km Donostiara
Posta kodea 20700
Biztanleria 9.931 bizt. (2013)
Dentsitatea 511,38 bizt./km²
Sorrera 1661
http://www.zumarraga.net

Zumarraga Gipuzkoako erdialdeko udalerri bat da, Urola Garaia eskualdekoa, itsas mailatik 356,9 metro gorago dagoena. 18,23 km² ditu, eta 10.024 biztanle zituen 2012. urtean.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urola ibaiak banatzen ditu Zumarraga eta Urretxu. Mugakide ditu, orobat, Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Legazpi.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumarraga eta Urretxu, Irimo mendiaren magalean.

Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Henrikek, XIV. mendearen erdialdean Petri I.a Gaztelakoa bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zela, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11n, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.a Gaztelakoak eman zuen 1385ean, eta Henrike III.a Gaztelakoak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetzapean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertako kide izan zen 1660 arte. Zumarragak 1661ean hiribildu titulua jaso zuen.

Hasiera batean Zumarraga hainbat gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigu baina Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobal baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.

Herrigunea.

Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiziko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektoarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; hiltegia inauguratzea eta hamabostean behin, ostegunean, merkatua jartzea, 1865ean, inguruko baserrietako produkzioa saltzeko; udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zuten estetika irizpide zeharo berrizaleei jarraiturik; hilerri berria zabaltzea, 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutena; 1890ean Eskola Berriak inauguratzea; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarri zituztenak, demografia hazkunde izugarria eraginez -biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen-, 1977an 12.619 biztanleko kopurura helduz. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak aldatu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, kopurua egungo 10.053 biztanlera jaitsiz.

Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakigarria gertatu den elementua baitugu, hrerrian hiru geltoki izatera heldu da eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea -gaurko RENFE-, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikaziogunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.

Zumarraga izan zen Migel Lopez Legazpikoaren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk birmoldaketa izan duena. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Haundia izenak ematen zaizkio.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren bilakaera
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2009
2.002 2.043 2.064 2.429 3.237 3.521 6.908 12.000 11.798 11.097 10.175 10.104

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PSE-EE alderdiko Mikel Serrano hautatu zuten alkate berriro.

Zumarragako udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[1]
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE)
8
2.103 (%40,36)
Bildu
5
1.320 (%25,34)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
3
1.037 (%19,90)
Alderdi Popularra (PP)
1
325 (%6,24)
Aralar
-
261 (%5,01)
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
-
164 (%3,15)

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Goierriko gipuzkera eta Urolaldeko gipuzkera

Festak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ekainaren 23a, Donibane bezpera: Euskadiko plazan eta inguruko baserrietan San Joan bezperako sua pizten da.
  • Uztailaren 2a, Santa Isabel: Herriko jai garrantzitsuenak. Erromeria ospatzen da Antioko baselizaren inguruan. Goizean herriko alkatea eta zinegotziak oinez igotzen dira Antioko ermitara, txistulariekin batera. Ondoren, hamaikak aldera, ezpata-dantza dantzatzen da ermitan. Eguerdian herri bazkaria egiten da inguruetan, gehienbat koadrilan. Eta 8ak aldera herrira jaitsiera egiten da. Jaitsierak geldiunea izaten du Eitzaga auzoan. Izan ere, auzokideek txanpaina banatzen dute hor. Ondoren herriko plazaraino jaisten dira kalejiran, jaitsiera amaitzen den lekura.
  • Uztailaren 10a, San Kristobal: Geltokietako auzoko jaiak. Asto lasterketa ospatzen da, besteak beste. Jai hauek auzokideen artean antolatzen dituzte, eta, hortaz, auzokideen bazkaria ere egiten dute jaietan. Herri kirolak eta bertso afaria ere izaten dira.
  • Abuztuaren 15a, Amabirjinaren eguna, ezpata-dantza dantzatzen da parrokian.
  • Abenduaren 13a, Santa Luzia: Urretxu-Zumarragan antolatzen den urteko feriarik garrantzitsuena. Hainbat lehiaketa eta erakusketa antolatzen da, besteak beste, ganadua, errezil sagarrak, ardoa eta kapoiak erakusteko.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Antioko ermita. Zumarragako parrokia izan zen XVI. mendean Andre Maria eliza eraiki zen arte. Harriz eta zurez egindako eraikin honek harlanduzko sei zutabe ditu, eta horiexek eusten diote sabaiari. Bi pisu ditu eta goikoa egurrezkoa da. Tronpeta itxurako leihoak ditu, gezileihoak, gotiko estilokoak. Bisita gidatuak antolatzen dira turistentzat.
  • Legazpi dorretxea. Urdaneta hiribidean dago kokatuta. Jauregi hau harriz, egurrez eta zementuz egina dago. Gipuzkoako dorretxerik handiena da, hiru pisu baititu. Bertan Migel Lopez Legazpikoa bizi izan zen, eta gaur egun herriko musika eskolaren egoitza da.

Eskulturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Itziar eskultura, Jorge Oteizak bere emaztearen omenez egindakoa. 3 mm zabal den altzairuzko irudi abstraktu bat da eta trintxeran dago kokatuta.
  • Txistulariei omenezko eskultura. Jesus Segurolaren eskultura, txistulari baten irudia da eta, hau ere, trintxeran dago.
  • Trikitilarien omenez egindako eskultura. Brontzez eginiko bi trikitilariren irudia da eta Elizkaleko biribilgunean kokatuta dago.
  • Eitzako frontoian dagoen Pilotaria.
  • Migel Lopez Legazpikoa konkistatzailearen eskultura. Euskadi enparantzaren (herriko plaza) erdialdean dago.
  • Ignacio Busca Sagastizabalen soingaina Zumarragako alkate izandako musika konpositore honen izena daraman auzoan dagoen bustoa.
  • Goruntz "Pirulo" izenarekin ezagutua, Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzan kokatua.
  • Aizkolariari omenaldia 2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago.
  • Jira-Bira: Lurrak gure Lurrean Ezkio-Itsasoko Pott zeramika lantegian egindako eskultura multzoa. 6 metroko garaiera duten bi figura estilizatuk osatzen dute, eta horietako bakoitza ardatz bertikal batean txertatutako hainbat piezatan banatzen da. Eitzako biribilgunean kokatua.
  • "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua" Kanposantuan kokatua.

Ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larunbatero herriko plazan azoka ospatzen da. Bertan eguneko produktuak saltzen dira, hala nola, arropa, denetariko janariak e.a.

Urtean bitan Butak 21 elkarteak zineklub zikloak antolatzen ditu. Film ez-komertzialak ematen dituzte bi ostiralean behin gauetan.

Zumarragar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Beloki. Herritik ikusten den mendia da. Tontorrean burdinaz egindako gurutze handi bat du, haren kanpaitxoarekin. Gailurretik Urretxu eta Zumarragako ikuspegi paregabea dago.
  • Izazpi. 973 m-ko mendia. Berez mendiaren tontorra Ezkio-Itsason kokatuta dago. Tontorretik paisaiaz gain, itsasoa ikusten da egun argitsuetan, eta eguraldia lagun bada, baita Pirinioak ere.
  • Samiño. 932 m-ko mendia.
  • Argixao. 605 m-ko mendia.

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zumarraga Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa