Seamus Heaney

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seamus Heaney
Seamus Heaney
Seamus Heany Dublingo Unibertsitatean, 2009.
Datu pertsonalak
Izen osoa Seamus Heaney
Jaio 1939ko apirilaren 13a
Castledawson, Derryko konderria ( Ipar Irlanda)
Hil 2013ko abuztuaren 30a (74 urte)
Dublin ( Irlanda)

Seamus Heaney (Castledawson, Ipar Irlanda, 1939ko apirilaren 13 - Dublin, 2013ko abuztuaren 30a) irlandar idazlea izan zen, poesia eta saiakera landu zituena. Literaturako Nobel Sariduna izan zen.

1957an Belfast hirira joan eta bertako Queen’s unibertsitatean ingeles literatura ikasi zuen, ondoren bertara bueltatu eta 1966 eta 1972 bitartean irakasle gisa aritzeko, gerora lanbide gisa oso-osorik literaturari ekin ziolarik. Heaney irlandar katolikoa izanik, Ulster eskualdeko katoliko eta protestanteen arteko gatazkak asko eragin zion.

1962an bere lehenengo poemak argitaratu zituen, aldizkarietan, Incertus ezizenaz. Belfasteko literatura giroa ezagutu zituen, eta poeta gazteen elkarte bat sortzen lagundu zuen. Garai hartako poesiek Ipar Irlandako herri giroko bere esperientzia pertsonalak biltzen dituzte. Horrelakoak idazteagatik abertzale irlandartzat zeukatela ohartu zenean, Ulsterretik alde egin zuen eta Irlandako Errepublikara joan zen bizitzera familiarekin 1972an, Dublinera hain zuzen[1].

Handik aurrera bere poesia gai unibertsaletara zabaldu zen, eta sinbolismorantz egin zuen, gauza misteriotsu eta anbiguoekiko zeukan lilura agerian jarriz. Heaneyren obretako batzuk pisu handikoak dira poesia unibertsalean: North (1975, Iparra) da haren lanik hoberena, Ulsterri buruzko inpresio sorta bat.

Dublingo Carysfort College ikastetxean 1975 eta 1980 bitartean irakasle gisa aritu zen.

1984an Estatu Batuetako Massachusetts estatuko Harvard unibertsitatean katedra bat bereganatu zuen. Gainera, 1989 eta 1994 artean Ingalaterrako Oxfordeko unibertsitatean olerkigintzako katedratikoa izan zen. 1990ean antzerki lan bat idatzi zuen, The Cure at Troy: A Version of Sophocles Philoctetes, antzinako antzerki lanaren bertsio modernoa, oso harrera ona izan zuena.

1995an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen.

Euskaraz

Erlea aldizkariaren bigarren zenbakiak Heaneyren San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa poemak kaleratu zituen 2010ean, Patxi Ezkiagak itzulita. Urte batzuk lehenago, 2006an, Luigi Anselmik Basaran Pattarra (Pamiela) itzuli zuen.[1]

Lan nagusiak

  • Death of a Naturalist (1966, Naturalista baten heriotza)
  • Door into the Dark (1969, Atea ilunpetan)
  • Field Work (1979)
  • Selected Poems (1980, Olerki hautatuak)
  • Preoccupations: Selected Prose (1980, Kezkak: prosa hautatua)
  • Station Island (1984)
  • The Haw Lantern (1987)
  • The Government of the Tongue: Selected Prose 1978-87 (1988)

Erreferentziak

  1. a b Susaeta, Igor. (2013-08-30). «Seamus Heaney idazle irlandarra hil da» Berria.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Seamus Heaney Aldatu lotura Wikidatan