COVID-19 pandemiak eragindako konfinamendua Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
COVID-19 pandemiak eragindako konfinamendua Euskal Herrian
Irudia
Gasteizko kaleak berrogeialdi garaian
MotaBerrogeialdi
Honen parte daCOVID-19 pandemiak eragindako berrogeialdia
Denbora-tarte2020ko martxoaren 14a - 2020ko maiatzaren 2a
KokalekuEuskal Herria
Partehartzaile kopuru3.155.597
KausaCOVID-19

2020ko martxoan hasi eta maiatza arte, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako biztanle guztiak konfinatuta egon ziren, COVID-19 pandemiak eraginda. Hego Euskal Herrian. 2020ko martxoaren 14an hasi zen konfinamendua; Ipar Euskal Herrira, aldiz, martxoaren 17an heldu zen, eta maiatzaren 2a eta maiatzaren 11 arte luzatu zen, hurrenez hurren. Hala ere, ez zen modu berean aplikatu bi aldeetan: izan ere, Iparraldeko konfinamendua arinagoa izan zen Hegoaldekoa baino, mugikortasun-eskubideen murrizketari zegokionez.

Konfinamenduaren helburua COVID-19 gaitzak Euskal Herrian sortutako kutsatu kopurua kontrolatzea izan zen, ahalik eta gehien murriztuz jendearen harreman sozialak eta mugikortasuna. Bi hilabete horietan ezin izan zen etxetik atera, ez bazen ezinbesteko ekintzak egitera (erosketak, ospitalera joatea, eta abar). Ezinbesteko ekintza horiek modu desberdinean interpretatu ziren Iparralde eta Hegoaldean, adibidez, Iparraldeko biztanleek kirola egitera ateratzeko eskubidea izan zuten (ordu batez eta bakarka), baina Hegoaldekoek ez.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen hilabeteko kasuak horrela ugaritu ziren Euskal Herrian.

2020ko urtarrilean hasi zen arreta bereganatzen COVID-19 gaitza nazioartean, Txinan kasuak ugaritzen joan baitziren, baina lehen kasua 2019ko abenduan atzeman zen, Wuhan hirian, Hubei probintzian.[1] 2020ko urtarrilaren bigarren erdian Txinako probintzia guztietara zabaldu zen birusa,[2] baita Asiako beste hainbat herrialdeetara ere, tartean Hego Korea, Japonia, Iran, etab.[3] 2020ko urtarrilaren bigarren erdian gaitza Europara iritsi zen, eta urtarrilaren 30erako Munduko Osasun Erakundeak birusaren agerraldia Nazioarteko Osasun Publikoko Larrialdi izendatu zuen, jada milaka kasu egiaztatu baitziren mundu osoan zehar.[4]

2020ko otsailaren 28an atzeman ziren Euskal Herriko lehen kutsatuak, arabar eta gipuzkoar bat.[5] Handik gutxira, martxoaren hasierarako, kasuak asko ugaritu ziren Araban sortu zen fokuaren ondorioz.[6] Gasteizen izandako hileta batek birusa zabaltzen lagundu zuen euskal herrialde hartan eta Errioxan, egun gutxitan ehun egiaztatutako kutsatura iritsiz.[7] Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu zuen Gasteiz aldean kutsapena kontrolik gabea eta iturri ezjakinetakoa izaten hasi zela eta hori gelditze aldera, neurri bereziak hartu ziren Euskal Herriko birusaren foku nagusi ziren Gasteiz eta Arabako Errioxan.[8] Martxoaren 9an Eusko Jaurlaritzak Bastida eta Guardiako eskolak itxi zituen eta egun berean eguerdirako Gasteizkoak.[9] Hala ere, kasuek gora egiten jarraitu zuten; Araban ehun egiaztatutako kutsatuak gainditu ziren egun hartarako, Bizkaian hamarna bat zeuden eta Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldean hamar baino gutxiago bakoitzean.[10][11] Hala ere, hurrengo egunetan Nafarroako kasuak oso azkar areagotu ziren.[10]

Egoera ikusirik, martxoaren 13an Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Osasun Larrialdi Egoera ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoan eta bere gain hartu zituen aparteko zenbait eskumen.[12][13] Hala ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma-egoera ezartzean bere gain hartu zituen osasun arloko eskumen guztiak, lehendakariaren neurria balio handirik gabe utziz.[14]

Eusko Legebiltzarra deseginda zegoen pandemia hasi zenean, otsailaren 11n Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian hauteskundeetarako deia argitaratu baitzen,[15] zeinak apirilaren 5ean ziren egitekoak.[16][17] Hauteskunde horiek bertan behera geratu ziren eta Legebiltzarrak aktibitaterik gabe jarraitu zuen 2020ko uda arte, alderdien artean ika-mika sortuz.[18] Nafarroako Legebiltzarra aldiz 2019an berritua izan zenez, martxan egon zen pandemian zehar.[19] Ipar Euskal Herrian ere udal hauteskundeak ziren egitekoak 2020ko martxoaren 15ean eta lehen itzulia egin bazen ere,[20] bigarrena bertan behera geratu zen ekaina arte.[21] Hortaz, Iparraldeko hiru euskal herrialdeak (Jeztatze eta Eskiula salbu) biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ez zen hautatua izan pandemia bukatu arte.[22]

Konfinamenduaren ezarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baiona itxialdi garaian, bere karrikak erabat hutsik. Hala egon ziren euskal herri guztietan.
Uribe Kostako hondartzak erabat hutsik, inoiz ez bezala.

Martxoaren 13an iragarri[23] eta martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak Alarma-egoera ezarri zuen Espainiako estatuan, Dekretu baten bidez. Dekretuan, besteak beste, Autonomia guztietako Barne Sailak eta Osasun Sailak Espainiako Gobernuaren agindupean zentralizatu egiten ziren. Alarma egoera Espainiako Konstituzioko 116.2 artikuluan dago jasota[24]. Neurri honek harridura eta haserrea ekarri zituen Kataluniara eta Euskal Herrira, Iñigo Urkullu eta Quim Torra Jaurlaritzako eta Generalitateko lehendakariek gehiegizkotzat eta okertzat hartu baitzuten erabakia.[25][26] Alarma-egoerak mugikortasun eskubideen murrizketa handia ekarri zuen Hego Euskal Herrira, izan ere, ezinbestekotzat hartzen ez ziren joan-etorri oro debekatu ziren.[27] Hau da, biztanleria soilik erosketak, lana edota behar berezietako ekintzak egitera atera zen aste hauetan zehar.[27] Merkatarien jarduerak, tabernak eta aisiarako lokal guztiak itxita geratu ziren, hirugarren sektorea ia bere osotasunean etxeratuta, hortaz.[27] Jendartean, orokorrean, ez zuen protesta bizirik sortu neurriak, nahiz eta isun ugari jarri konfinamenduak iraun zuen artean, konfinamendua bete ezean atxilotua izatera iritsi zitekeelako biztanlea.[28]

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, neurria "ulergaitza" izan zen, haren esanetan, Ertzaintzaren eta Osasun Sistemaren kontrola zentralizatzeko beharrik ez zegoelako; "laguntza eta lankidetza ez dira inposatzen" ere gaineratu zuen.[25] Alabaina, estatuarekin batera lankidetzan jarraituko zuela adierazi zuen.[25] Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak are gogorrago kritikatu zuen estatuaren neurria, hark estatuari eskatu zion Katalunia "autokonfinatzeko".[26] Urkulluk, aurreko egunean (alarma-egoeraren ezarpenaren iragarpena egin aurretik) egin zitzaizkion galderetan, adierazi zuen ez zuela uste egoeraren ezarpena egingo zenik, eta beraz Euskal Herriko eskumenetan esku-sartzerik gauzatuko zenik.[29] Marlaskaren aginduz, estatuko mugak itxi ziren, Hego eta Ipar Euskal Herriko harremanetan kontrolak ezarriz.[30]

Ipar Euskal Herrira konfinamendua martxoaren 17an heldu zen, Emmanuel Macronek estatu osoko konfinamendua agindu zuenean, hamabost egunerako.[31] 2020ko martxoaren 22an Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoera beste hamabost egunez luzatuko zuela adierazi zuen,[32] eta martxoaren 26an onartu zen luzapena Diputatuen Kongresuan, 321 aldeko botoekin.[33] EH Bildu, ERC, CUP, BNG eta JxCAT abstenitu egin ziren, neurriak ez zuelako ezinbestekoak ez ziren lan-jarduera ororen geraldia agintzen.[33]

Ipar Euskal Herrian ere konfinamendua luzatu egin zen, Frantziako Gobernuak martxoaren 27an jakinarazi zuen beste hamabost egunez luzatuko zuela estatu-mailako konfinamendua.[34][35] Edouard Philippe lehen ministroak eman zuen neurriaren berri eta aurreko hamabost egunetan ezarri ziren arau berak mantenduko zirela adierazi zuen; hau da, herritarrek soilik elikagaiak erosteko, osasun larrialdi bati aurre egiteko, telelana ezinezko denean lana egitera joateko edo etxebizitzaren inguruan kirola egiteko bazen izan zuten etxetik ateratzeko aukera.[35] Etxetik ateratzeko arrazoia aurrekoren bat zela justifikatzeko, zinpeko aitorpen bat eraman behar izan zuten soinean.[35]

Konfinamendua gogortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfinamendu gogor honetan inor gutxi ibili zen garraio publikoan. Desinfekzio lanak eguneroko bihurtu ziren.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, hutsik.

2020ko martxoaren 29an Espainiako Gobernuak ezinbestekoak ez ziren ekoizpen-kate eta enpresa guztiak ixteko agindua eman zuen, behin-behinean, hala, konfinamendua gogortuz eta kutsatu kopuruen gorakada handia moteltzeko asmoarekin.[36] Neurri hori euskal eta nazioarteko zenbait zientzialari-batzordek aurretiaz eskatua zegoen.[37] Egun hartan bertan, autonomia erkidego guztietako presidenteak batzartu egin ziren telematikoki Espainiako presidentearekin, neurri berriaz mintzatzeko.[38] Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaitzetsi egin zuen neurria eta salatu zuen aurreko egunean, martxoaren 28an, jada Ministroen Kontseiluak erabakia zuela hartuko zuen neurria, autonomia erkidegoetako presidenteen iritzia kontsultatu gabe.[38] Bestalde, lehendakariak egun hartan idatzitako gutunean argi islatu zuen neurriaren berri hedabideetatik izan zuela.[39] Esan beharra dago, lehendakaria ez zegoela neurri hori hartzearen alde, ekonomian kalte handiegia egin zezakeela irizten baitzuen. EAJk eta Eusko Jaurlaritzak "errespetu falta eta aldebakartasuna" eta "inposizioa" leporatu zioten Espainiako Gobernuari,[40][38] Euskal Herriko bigarren indar politikoko lehendakari Arnaldo Otegik (EH Bildu) eta ELA eta LAB sindikatuek neurria ontzat eman zuten bitartean.[41][42] Neurri hau kartsuki gaitzetsi zuen ConfeBask Euskal Enpresen Konfederakuntzak, zeinaren presidentearen ustez, neurriak soilik krisi latzago bat eragingo zuen pandemiaren ostean.[43]

2020ko apirilaren 3an Ikastolen Elkarteak Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak atzeratu egingo zituela aditzera eman zuen, COVID-19 gaitzak sortutako larrialdiak bultzatuta.[44][45] Antolatzaileek adierazi zuten saminez hartu zutela erabakia, euskararen aldeko bost jai horiek ikastolei laguntza handia ematen dietelako eta ez zuten baztertu jaiak beste formatu batean edo beste garai batean egitea.[44]

Egun berean Iruñera Espainiako Armada heldu zen, Espainiako Gobernuaren arabera, desinfekzio lanetan laguntzeko asmoarekin. Iruñeko herritarrek armada probokazioetan aritu zela salatu zuten, besteak beste, kaleetan barrena Espainiako ereserkia jarriz bozgorailuetatik[46] edo identifikazioak eginez edonori.[47] Erantzun gisa, herritarrek lapiko-hotsak erabili zituzten eta joan zitezen oihu egin zieten.[47] Gaizka Aranguren historialariaren arabera, militarrek kaleetan nork agintzen duen esan nahi izan zuten eta militarrek euren artean duten jarrera probokatzailea salatu zuen.[48]

Konfinamendu gogor edo osoak apirilaren 9a arte iraun zuen, bi aste inguru, ondoren berriz ere aurrez aurreko lanera itzuli ziren luzapen hartan etxera bidali ziren langileak, baina konfinamenduaren hasieratik aurrez aurreko lana egiteari utzi ziotenek telelanean jarraitu zuten, hala nola ikasle eta irakasleek.[49] Gainera, apirilaren 9tik aurrera ere debekatuta jarraitu zuen etxetik ateratzea, aurrez zehaztutako eginbeharrak egitera ez bazen. Ipar Euskal Herrian ez zuen neurri horrek eragin.

Konfinamendu arruntera itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfinamenduaren luzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aberri Eguna balkoietan ospatu zen, irudikoa Iruñean dago.
Euskal Herria Batera ekimenak mosaiko bat sortu zuen Aberri Egunean, ekimenean parte hartu zuten pertsonen irudiekin osatua.

2020ko apirilaren 5ean Espainiako presidenteak iragarri[50] eta ostera, apirilaren 9an Diputatuen Kongresuaren gehiengo osoaren onespena jasota, alarma-egoera bigarren aldiz luzatu zen espainiar estatuan, beste hamabost egunez, apirilaren 26a arte.[51][52] Hala ere, Diputatuen Kongresuan luzapena onartu zen egunean bertan Pedro Sanchez presidenteak ohartarazi zuen hirugarren luzapen bat ia ziurtzat jotzen zuela.[51] Vox alderdi ultraeskuindarreko berrogeita hamabi diputatuek ezezkoa eman zioten alarma egoeraren luzapena onartzeari, CUPeko beste bi diputatuk bezalaxe; gainerako guztiek aldeko botoa edo abstentzioa eman zuten.[51][53] Bestalde, Macronek Frantziako mugak ixtea agindu zuen apirilaren 11n, Ipar eta Hego Euskal Herri arteko errepideko loturak bat-batean urratuz; bost pasabide irekita geratu ziren.[54] Frantziako presidenteak, apirilaren 13an iragarri zuen konfinamendua maiatzaren 11 arte luzatuko zela estatu osoan, baldintza beretan eta agindu zuen egun hartatik aurrera haurtzaindegiak eta ikastetxeak irekitzen hasiko zirela.[55]

2020ko apirilaren 10ean Estatuaren Buletin Ofizialean Espainiako Gobernuak entzute txikia izan zuen aparteko agindu bat argitaratu zuen. Agindu hartan, Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzari pertsona bakoitzak COVID-19aren inguruan bere burua ebaluatzeko aplikazio bat era lasterrean egin zezan eskatu zion alde batetik, eta bestetik Estatu Idazkaritza berari pertsonen mugikortasunaren inguruko ikerketa bat egin zezan eskatu zion, hartarako mugikor operatzaileen datuen gurutzapena baliatuz edo xeheago esanda, geolokalizazio bidez.[56][57] Mugimendu hau jada Asiako zenbait herrialdetan egina zegoen, adibidez Hego Korean.[58] Gobernuak esan zuen datuak era anonimoan bilduko zirela, baina zenbait adituk ohartarazi zuten gobernuak metodologiari buruzko xehetasun gutxiegi eman zituela esandakoa beteko zuela ziurtatzeko.[56]

2020ko apirilaren 12an Euskal Herria Baterak eta ohikoa denez, EAJk Aberri Eguna balkoietatik ospatzera deitu zuten, ezin izan baitziren, lehen aldiz demokrazia garaian, ohikoak ziren ekitaldi jendetsuak antolatu.[59][60] Euskal Herria Batera ekimenarekin EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu alderdiek eta LAB sindikatuak bat egin zuten, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzeko asmoarekin.[59] Aldarrikapenak egiteko balkoietan ikurrina eta Nafarroako Bandera bat jartzeko eskatu zuten, 12:30etan COVID-19 gaitzak hildakoen omenez minutu bateko isilunea gorde eta "Txoria txori" abestia kantatzeko gonbita egiteaz gain.[60] Bestalde, EAJ alderdiak eta ELA sindikatuak ere dei egin zuten Aberri Eguna ospatze aldera eta COVID-19 gaitzak hildakoak omentze aldera ikurriñak jartzera balkoietan.[61] Deialdiak arras arrakastatsuak izan ziren, milaka pertsonak bat egin baitzuten Euskal Herri osoan.[62] Nazioartean ere zeresana izan zuen Aberri Egunak, Gerry Adams, Carles Puigdemont, Quim Torra eta nazioarteko beste hamabi eragilek bat egin baitzuten deialdiarekin.[63][64][65][66]

2020ko apirilaren 14an Espainiako Gobernuak langile gaixoen protokoloa aldatu zuen eta egun hartatik aurrera gaixotuta egondako osasun-langile orok lanera itzultzeko COVID-19aren testean negatibo eman beharko zuela zehaztu zuen.[67] Alabaina, gainerako langileei ez zien eragin aldaketak, aurrez bezala zazpi egun bakartuta eta hiru egun sintomarik gabe egonez gero, legeak lanera itzultzera behartzen zituen.[67]

Konfinamenduaren arintzea haurrentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian oihartzun handiko gaia izan zen haurren egoera; hemen, Haurren Egunaz Lasarte-Orian

2020ko apirilaren 22an Espainiako Diputatuen Kongresuak alarma egoera hirugarren aldiz luzatzea onartu zuen, maiatzaren 10a arte.[68][69][70] Beraz, luzapen honekin alarma-egoera Iparraldean bezalaxe maiatzaren lehen erdiraino luzatu zen.[55] Luzapen horri onespena ematerakoan baina, desadostasun eta kexu gehiago egon ziren alderdien aldetik. Adibidez, Pablo Casado oposizioko buruak presidenteari akatsak onartzeko eskatu zion eta gezurrik ez esateko;[68] EAJk lankidetza falta leporatu zion Espainiako Gobernuari, astez-aste neurriak hartzerakoan ez zuelako autonomia erkidegoetako gobernuekin hitz egiten, neurriak hartu eta biharamunean adierazten zizkien, besterik gabe.[71] Gainera, EAJk beste luzapen bat egongo balitz, aldeko botorik emango ez ziola adierazi zion gobernuari. EH Bilduk Euskal Herrian eskumenen urraketa gertatu zela salatu zuen Kongresuan, alarma egoerak Eusko Jaurlaritzaren eskumen ugari bertan behera utzi baitzituen.[71]

Luzapen berri honetan, alabaina, zenbait neurri aldatu zituen gobernuak, izan ere, hamalau urte arteko haurrei etxetik ateratzeko baimena eman zien, baina baldintzapean. Baldintza horiek oso zorrotzak ziren; izan ere, soilik egunean ordu batez ateratzen uzten zien gobernuak, gehienez etxetik kilometro batera, guraso edo adin nagusiko baten begiradapean, beste haurrekin elkartzeko aukerarik gabe, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara eta jolasguneetan sartu ezin zutela.[72] Haurrak sei astez egon ziren, hortaz, etxetik atera gabe Hego Euskal Herrian, Iparraldean hasieratik izan baitzuten aukera ateratzeko.[55][72]

Luzapen honek ez zuen soilik alderdi politikoetan sortu harrabotsa, Europar Batzordeko lehendakari Ursula von der Leyenek txarretsi egin zituen halako neurriak apirilaren 17an, nahiz eta ez zituen zuzenean horiek aplikatzen zituzten herrialdeak izendatu.[73] EBko lehendakariak ohartarazi zuen halako neurriek eskubide konstituzionalak mugatzen eta kaltetzen dituztela eta berehalakoan neurri zehatzagoek ordezkatu beharko lituzketela.[73]

Deskonfinamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deskonfinamendu deitu zitzaion konfinamendutik irteteko prozesuari, izan ere, erabateko itxialditik progresiboki ateratzea onartu zuten Europako eta mundu mailako estatu gehienek, gaitzaren suspertzea ekiditeko. 2020ko apirilaren 28an eman zuen Espainiako deseskonfinamendu plana aditzera Pedro Sanchezek eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak berdina egin zuen lehenago, apirilaren 13an. Desberdina izan zen deskonfinamendua Hego eta Ipar Euskal Herrian, hasiera-data izan zen lehen desberdintasuna: maiatzaren 2a Hego Euskal Herrian eta maiatzaren 11 Iparraldean.

Hego Euskal Herrian lau fasetan (zero, bat, bi eta hiru) banatu zen deskonfinamendua eta faseek aurrera egin ahala, biztanleak mugikortasuna eta eskubideak berreskuratzen joan ziren. Fase bakoitzak bi aste iraun zituen Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian ere faseka banatu zen deskonfinamendua, hiru koloretan banatu baitzuten Frantziak bere menpeko lurrak: berdea, laranja eta gorria. Gorri kolorekoek deskonfinamendu oso motela izan zuten bitartean, berdeek azkarrago ekin zioten eta ekainaren hasierarako eskubide gehienak leheneratu zituzten. Deskonfinamenduaren amaieran hasi zen "normaltasun berria" izeneko garaia, zeinetan garapen epidemiologikoaren arabera eskubideak murriztu ahal izan zitzaion biztanleriari.

Zero fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko deskonfinamendu eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herrian ezarri ziren ordu-tarteak azaltzen ditu irudi honek.
Maskaren erabilera sustatzeko bideo ugari egin eta kanpainak antolatu ziren. Lasarte-Oriako honek maskarak nola jantzi azaltzen du.

2020ko apirilaren 28an Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko plana onartu zuen.[74] Prozesu mailakatu bat onartu zuten, lau fasetan banatuta eta prozesuaren garapena harmonikoa izango ez zela adierazi zuten; hau da, estatuko lurralde jakin batzuk fase jakin batean egon zitezkeen, beste batzuk aurreratuago edo atzeratuago zeuden bitartean. Gobernuak lurralde-unitatetzat probintzia hartu zuen eta hortaz, Hego Euskal Herria berau osatzen duten lau probintziatan banatu zen prozesu honetan. Maiatzaren 4an jarri zuten abian prozesua eta lau faseei buruzko xehetasunak eman zituzten:[74][75]

  • Zero Fasea: maiatzaren 2an hasi eta maiatzaren 11ra bitarte iraun zuen. Fase honetan haurrek kalera irteteko aukera izan zuten eta helduek kirola egitera ateratzekoa, baina zenbait baldintza jarraituz gero. Eguna hiru zatitan zatitu zen eta zati horietako bakoitzean biztanle mota jakin bat atera zitekeen besteak etxean egon behar ziren bitartean, adibidez, eguerdiko hamabietatik arratsaldeko zazpiak arte haurrak soilik atera zitezkeen gurasoek edo legezko tutoreek lagunduta. Eskuineko grafikoan irudikatu dira denbora tarte horiek. Fase honetan zehar kirola egitera bakarka eta paseatzera gehienez binaka atera zitekeen eta debekatuta zegoen udalerritik ateratzea.
  • Lehen Fasea: maiatzaren 11n hasi eta maiatzaren 23an amaitu zen Hego Euskal Herri osoan.[76][77] Merkatari txikiek eta ostalariek euren negozioak irekitzeko aukera izan zuten, betiere neurri oso zorrotzak betez eta ordutegi bereziak ezarrita. Saltoki handiak irekitzea debekatu egin zen. Tabernek irekitzeko aukera izan zuten, baina beraien lokaletan berez sar zitezkeen pertsonen %40a, gehienez, sartzen bazen. Neurri honek kexak eragin zituen tabernarien artean, haien negozioen porrotaren beldurrez. Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak jarri zituen EAErako eta hiru euskal herrialde hartan herritarrek ezin izan zuten euren udalerritik atera, Nafarroan aldiz, erkidego osoan mugitzeko aukera izan zuten herritarrek.[78]
  • Bigarren Fasea: hasieran ez zen data zehaztu, gerora jakin zen Hego Euskal Herria fase hartara maiatzaren 24an sartuko zela eta ekainaren 8an fasea utziko zuela. Fase honetan saltoki eta tabernen pertsona-edukiera malgutu zen eta lurralde historikoaren baitan mugitzeko aukera eman zitzaien herritarrei. Ordu-tarteak, aurreko bi fasetan indarrean egon zirenak, bertan behera geratu ziren eta beraz, herritarrek noiznahi etxetik ateratzeko eskubidea berreskuratu zuten.[79]
  • Hirugarren Fasea: hasieran data zehaztu eta ez gerora jakin zen fasea ekainaren 8an hasiko zela Hego Euskal Herrian. Biztanleriaren mugikortasun-murrizketak leundu ziren, maskaren erabilera gomendatu zen eta pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea nahitaezkoa izan zen. Fase honetatik aurrera erkidegoetako erakundeek hartu zuten osasun-egoeraren inguruko ardura osoa eta galdutako eskumen guztiak berreskuratu zituzten, krisiaren aurreko agintari nagusia erkidego bakoitzean bertako lehendakaria eginez.[80] Fasearen amaiera erkidegoek beraiek erabaki zuten.
  • Laugarren Fasea: Normaltasun Berria izenaz ezagunagoa, alarma-egoera altxatu zen eta mugikortasun-muga guztiak ezabatu ziren. Neurri gutxi batzuk geratu ziren indarrean, hala nola, maskaren nahitaezkotasuna zenbait egoeratan. EAEn ekainaren 19an hasi zen, Nafarroan bi egun beranduago, ekainaren 21ean eta COVID-19aren aurkako txertoa aurkitu eta biztanleriaren gehiengora heltzean amaituko da.[81][82]

Espainiako Gobernuak esan zuen fase bakoitzak, osasun-egoeran atzeraldirik egongo ez balitz (kasu horretan faseetan atzera egiteko aukera egongo litzateke), bi aste iraungo lituzkeela.[74][75] Probintzia batek fase batetik bestera igaro behar zuen ala ez erabakitzea Osasun Ministerioari zegokion.[75] Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka "harritu" egin zuen plangintzak eta ez zuen egokitzat hartu, probintziek ez zituztelako inolako eskumenik osasun arloan eta Espainiako Gobernuak plurinazionaltasunean apustu egin zuela uste zuelako.[83]

Dena dela, Espainiako Gobernuak eginiko plangintza aurrera ateratzeko Diputatuen Kongresuaren onarpena behar izan zen, alarma-egoera luzatzea ezinbestekoa baitzen autonomiei zegozkien zenbait eskumen (osasuna, adibidez) gobernuaren mende mantentzeko eta hortaz, plana burutu ahal izateko. Sanchezek deseskalatze edo bere plangintza amaitu arte alarma-egoera mantentzea nahi zuen (hau da, ekainaren 22a arte gutxienez).[84] Alabaina, alarma-egoeraren hirugarren luzapena aurrera ateratzeko zailtasunak eduki zituen jada eta laugarrena arrisku bizian egon zen Sanchez presidenteak beste alderdiekin negoziatzeko zuen borondate faltagatik, gobernuan ez zeuden alderdien eta autonomietako goi-kargudunen esanetan.[85][86][87][88] Maiatzaren 6an Diputatuen Kongresuan alarma-egoera luzatu edo ez erabakitzeko saioan gehiengo sinplea behar izan zuen Sanchezek luzapena aurrera ateratzeko.[89] Eta beharrezkoa lortu zuen, EAJren babesarekin, besteak beste.[90]

Iparraldeko deskonfinamendu eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Édouard Philippe agerraldi garaian Frantziako lehen ministro izandakoa.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak aldiz, Frantzian jarraituko zen deskonfinamendu-plana aditzera eman zuen maiatzaren 7an, Ipar Euskal Herriari eraginez. Lehen ministroak azaldu zuen Frantziako departamendu guztiak berde, laranja edo gorri kolorearekin sailkatuko zirela eta kolore berdekoek deskonfinamendua arinago egingo zuten bitartean, gorri kolorekoek geldo egingo zutela bidea.[91] Deskonfinamendua fasetan banatu zen, lehen bigarren eta hirugarren fasean, hain zuzen. Fase bakoitzak honako ezaugarriak izan zituen:[92][91][93]

  • Lehen fasea: maiatzaren 11n hasi eta ekainaren 2an amaitu zen. Lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrek konfinamendua utzi eta mugikortasunari lotutako hainbat oinarrizko eskubide leheneratu zituzten, hala nola noiznahi etxetik ateratzeko aukera. Eskolak ere irekitzen hasi ziren, baina bertara joatea borondatezkoa izan zen. Gehienez bizilekutik ehun kilometrora mugitu ahal izan ziren herritarrak, balizko arrazoirik ez bazuten. Kiroldegiak, joslas-tokiak, ostatuak, etab. itxita egon ziren.
  • Bigarren fasea: ekainaren 2an hasi eta ekainaren 22an amaituko da, ziurrenik. Ostatu, kiroldegi eta jostalekuak ireki ziren, beste hainbat ikasturtetako ikasleak eskolara itzuli ziren eta tabernetan hamar pertsonako taldeak onartu ziren. Hala ere, taberna barruko barra egoteak debekatuta jarraitu zuen. Maskaren erabilerak nahitaezko izaten jarraitu zuen toki itxi guztietan. Mugikortasunari zegokionean, ehun kilometroko muga kendu egin zen, baina herritarrek ezin izan zuten Frantziako mugetatik atera ez eta kolore gorria zuten departamentuetan sartu. Hondartzak ireki ziren, baina ez diskotekak eta antzeko lokalak.
  • Hirugarren fasea: Gobernuak tokian tokiko agerraldiak kontrolatzen datza fase hau, beste era batera esanda, erantzun kolektibo edo masiboak eman beharrean, erantzun indibidualago eta zehatzagoak eman zituen gobernuak fase honetan zehar. Zenbait neurrik indarrean jarraitu zuten, gehienak edukiera maximoari lotutakoak. Fase hau ekainaren 22an hasi zen.[94]
  • Laugarren fasea: Hego Euskal Herriko Normaltasun Berriaren parekoa, pandemiaren agerpenaren aurreko egoerara asko hurbilduko dena, baina betiere kontuan izanda beste agerraldi handi bat izan lezakeela gaitzak.

Lehen fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko maiatzaren 6an Espainiako Diputatuen Kongresuak alarma-egoera luzatzea onartu zuen, aurreko luzapenetan lortutako babesak nabarmen higatuta.[95][96] Luzapen berriak aparteko egoera beste bi astetara zabaltzea ahalbidetu zuen, maiatzaren 24a arte. Alabaina, Kongresuko eztabaidan argi geratu ziren gobernuak luzapena aurrera ateratzeko izan zituen zailtasunak, soilik 178 aldeko boto lortu baitzituen; aurrekoan aldeko botoa eman zioten Euskal Herria Bildu, Galiziako Bloke Nazionalista eta Alderdi Popularra abstenitu egin baitziren.[95][96] Gainera, Kataluniako Ezker Errepublikarraren ezezko botoa jaso zuen lehen aldiz Espainiako Gobernuak.[97] Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Herritarron Alderdiak emandako baiezko botoek salbatu zuten gobernuaren eskaria; Espainiako Gobernuak trukean autonomia erkidegoekin adostuta hartuko zirela erabakiak hitz eman zion lehenari[oh 1][96] eta bigarrenari aldi baterako lan-erregulazioak eta laguntza ekonomiko eta sozialak alarma-egoerari lotuak egongo ez zirela agindu zion, besteak beste.[98]

Maiatzaren 8an aste berean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Osasun Ministerioari igorri zioten lehen fasera aldatzeko eskaera onartua izan zela adierazi zuen Salvador Illa Osasun ministroak.[99] Hala, Hego Euskal Herria bere osotasunean (Trebiñuko barrendegia barne, EAJk alarma-egoeraren laugarren luzapena onartzeko Gobernuari eskatu baitzion barrendegiak mugakide duten probintziaren arabera fasez aldatzea)[100][99] lehen fasera igaro zen maiatzaren 11tik aurrera. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak jarri zituen martxan Euskal Autonomia Erkidegoan, horien artean norbanakoak haien bizitoki zen udalerritik ateratzea debekatu zuen, museoak eta liburutegiak itxita mantenarazi zituen, estalpeko kirol instalazioak bezalaxe eta kultur ekitaldiek debekatuta jarraitu zuten.[78] Lehen fasera igaro ziren beste lurraldeetan, hala nola Nafarroan, malguagoa izan zen lehen fase hura.[78]

Bigarren fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko maiatzaren 20an Espainiako Diputatuen Kongresuak alarma-egoeraren bosgarren luzapena onartu zuen beste bi asterako, EAJ eta Herritarron Alderdiaren aldeko botoei esker eta Euskal Herria Bilduren abstentzioa lagun.[101] Kataluniako subiranistek (ERC eta JxCAT) aurka bozkatu eta PSOEk Herritarron Alderdiarekin itunera iritsi izana salatu zuten.[101] Oposizioko gainerako alderdiek (PP eta Vox tartean) aurka bozkatu zuten. EH Bildurekin PSOE eta Ahal Duguk sinatutako ituna izan zen berrikuntzetako bat, akordio hartan 2012ko Lan Erreforma bere osotasunean ezeztatzea hitzartu zen eta tokian tokiko erakundeek gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa edukitzea, besteak beste.[102][103] PSOEko zenbait kidek eta Nadia Calviño Ekonomia Gaietako ministroak ez zuten begi onez hartu ituna bere edukiarengatik eta ituna "berrinterpretatzen" saiatu ziren.[104]

Hego Euskal Herri osoa maiatzaren 25ean sartu zen deskonfinamendu prozesuko bigarren fasean, Osasun Ministerioaren onespena jaso ondoren.[105] Fase honetan berrikuntza nagusia ordu-tarteen ezabaketa izan zen, biztanleriak noiznahi etxetik irteteko aukera berreskuratu baitzuen.[105] Mugikortasunak mugagabea izaten jarraitu zuen lurralde historikoaren barnean, baina ez bi lurralde historikoren artean.[105] Fase berri honek orokorrean malgutu egin zituen lehen fasean hartutako neurriak eta hezkuntza berrabiarazteko gaitasuna eman zion Hezkuntza Sailari, zeina bertan behera egon zen martxotik aurrera.[105] Bestalde, maskaren erabilera nahitaezko egin zen toki itxietan eta bi metroko distantzia mantendu ezin zen toki ireki guztietan.[106]

2020ko maiatzaren 14an Lapurdiko hondartzak zabaltzea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako prefetak eta hala, Euskal Herriko lehen herrialdea izan zen neurri hori hartzen.[107] Alabaina, aparteko neurriak ezarri ziren eta Lapurdiko hondartza guztiak dinamikoak izan ziren 2020ko denboraldian zehar, hau da, ezin izan zen toki batean geldirik egon (eguzkia hartzea, etab.), soilik kirola egitea, paseatzea edo antzeko jarduerak baimendu ziren. Hala ere, udal batetik bestera neurri ezberdinak aplikatu ziren, adibidez, Angelun hondartzerako bideak zentzu bakarreko bihurtu ziren, jendea ez zedin gurutzatu.[107]

2020ko maiatzaren bukaeran eta ekainaren lehen astean eguraldi eguzkitsua egin zuen Euskal Herri osoan orokorrean. Honek herritarrengan hondartzara bertaratzeko gogoa sortu eta ez ziren gutxi izan hondartzetan eta bereziki, haietara joateko garraio publikoetan izandako jende pilaketak.[108] Aurretiaz, maiatzaren 16an, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasertza duten udalerrien ordezkariekin bildu ziren hondartzen denboraldiaren hasiera-data zehazteko, eta erabaki zuten ekainaren 15 edo uztailaren 1era atzeratzea irekiera.[109][110] Hondartzetan jende-pilaketak saihesteko neurriak hartzeko ardura udalerrien esku geratu zen[111] eta hala, udalerri batetik bestera desberdinak izan ziren hondartzetako arauak 2020ko denboraldian zehar.[112] Nekane Murgak hondartzetako pilaketek atzerapausoak ekar zitzaketela esan zuen.[108]

Udal batetik bestera desberdinak izan ziren hondartzetako neurriak, adibidez, Lekeitioko Udalak hondartzetako erabiltzaileek aulkiak, hamakak eta bestelakoak ez eramateko gomendatu zien bitartean, Ondarroako Udalak debekatu egin zituen eta hondartza dinamikoa ezarri asteburu eta itsasgoretan.[112] Mendexa eta Mutrikuko udalek gomendioak eman zituzten hondartzetako tresnen eta ordu-tarteen inguruan, baina ez zuten debekurik egin.[112] Donostian ostera, itsasgoretan Kontxa hondartza ixtea erabaki zuten jende-metaketak saihesteko.[113] Getxoko Udalak, aldiz, debekatu egin zituen hondartzako jolasak (pala, boleibola, etab. ).[114]

2020ko maiatzaren 28an Iñigo Urkullu Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko lehendakariak Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi eta Frantziako Gobernuko lehen ministro Edouard Philipperi gutun bat helarazi zien, euroeskualdeko hiru agintaritzen izenean, zeinetan hiru lurraldeen arteko mugak malgutzea eskatzen zen, mugikortasuna berreskuratze aldera.[115] Funtsean, euroeskualdeak finantzatutako mugaz gaindiko proiektuek, mugatik gertu bizi zirenek eta osasun arrazoiengatik muga zeharkatu behar zutenek hori egiteko aukera izan zezatela eskatu zuen.[115] Irun eta Hendaiako udalek berdina eskatu zuten egun batzuk lehenago.[116] Haatik, mugak itxita jarraitu zuen uztailaren 1a arte.[117]

Hirugarren fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren fasean sartu bezain laster, ekainaren 8an, Hego Euskal Herriko erakunde gorenek, Eusko Jaurlaritzak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan) eta Nafarroako Gobernuak (Nafarroan) bere gain hartu zuten osasun larrialdiari aurre egiteko ardura eta zuzendaritza, baita ere edonolako neurriak hartzeko ardura gaitzaren zabalkundea saihesteko.[118]

2020ko ekainaren 7an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Euskal Autonomia Erkidegoak hirugarren fasean jarraituko zuen plangintza, fase hura biharamunean hasi zen, ekainaren 8an.[119] Neurri hauek inoiz baino malguagoak izan ziren eta EAEk aurrez erakutsi zuen joera gordezalea erabat apurtu zuten.[120] Lurralde historikoetan zehar mugitzeko askatasuna eman zuen plangintzak, ostatu, taberna eta antzeko lokaletan edukiera %100ekoa izatea ahalbidetu zen eta garraio publikoan ere edukiera maximoa izatea baimendu zen. Kulturgintzari loturiko lokaletan ordea (museoak, liburutegiak, zinemak, erakustazokak, etab.), edukiera maximoa %60koa izan zen, dendetan bezalaxe. Haur eskolak eta udalekuak zabaltzeko baimena ere eman zuen Eusko Jaurlaritzak, edukierari loturiko muga malguekin.

Nafarroako Foru Erkidegoan, aldiz, aurreko joera ere apurtu egin zen eta EAEkoak baino neurri zorrotzagoak ezarri zituen Nafarroako Gobernuak.[121][122] Adibidez, tabernetako barretan zerbitzatzeko debekuak indarrean jarraitu zuen, eta terrazetako edukiera maximoa %75ekoa izan zen, saltokietako edukiera maximoa %40-50ean mantendu zen bitartean. Gainera, kultur ekitaldietan ere %50eko edukieraren muga mantendu zen eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak jaiak ez antolatzeko deia egin zien erakunde guztiei.[122]

Hirugarren fasea hasi orduko, erkidegoen esku geratu zen haien mugakide diren beste erkidegoekin mugak ireki edo ez erabakitzea. Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik izan zuen Kantabria, Errioxa eta Nafarroarekin mugak irekitzeko borondatea eta azkar hasi zituzten elkarren arteko negoziazioak.[123] Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak ere oso begi onez ikusi zuen Jaurlaritzaren asmoa, turismoarentzat funtsezkoa zelakoan.[124] Urkullu eta Revilla lehendakarien asmoa ekainaren 15ean bi erkidegoen arteko mugikortasuna berreskuratzea zen.[125] Alabaina, azkenean ez zen nahi zena lortu, Revilla Kantabriako presidenteak atzera egin zuelako osasun-aholkulariek hala gomendatuta, Txagorritxu eta Basurtuko agerraldi berriak zirela eta.[126]

Normaltasun Berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren 19an Euskal Autonomia Erkidegoan[127] eta ekainaren 21ean Nafarroako Foru Erkidegoan,[128] alarma-egoera bertan behera geratu zen eta bi lurraldeen arteko mugikortasuna berreskuratu egin zen. Era horretan eman zitzaion hasieran Normaltasun Berria izeneko faseari, zeinetan mugikortasuna eta konfinamenduan galdutako eskubide gehienak berreskuratu arren, zenbait baldintza eta neurrik indarrean jarraitu zuten, hala nola musukoen nahitaezkotasunak. Ipar Euskal Herriarekiko muga ekainaren 21eko gauerdian ireki zen berriz, bestalde.[129]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Horretaz gain, Trebiñuko barrendegian Arabako osasun-zerbitzua jaso ahal izatea eta "gertutasun irizpideak" izatea eta gainera, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak "erraztu" zitzala eskatu zion Gobernuari EAJk. EAJ-PNVk alarma-egoera babestea erabaki du Espainiako gobernuak deseskalatze prozesua kogobernantzatik kudeatzea onartu ondoren. .

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basaras, Miren. (). «Txinako koronabirusa, aurtengo lehenengo birus berria» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  2. Alzuru, Jone Bastida. «Koronabirusa kutsakorra da sintomak agertu aurretik ere» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  3. «Covid-19 izurritearen uhina munduan zabaldu eta burtsetaraino iritsi da» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  4. Alzuru, Jone Bastida. «Koronabirusagatik nazioarteko larrialdia ezarri du OMEk» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  5. Telebista, Euskal Irrati. (2020-02-28). «Bi koronabirus kasu baieztatu dituzte Araban eta Gipuzkoan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  6. «Dagoeneko hamalau dira Txagorritxuko fokuari lotutako koronabirus kasuak - Gasteiz» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  7. Martin, Xabier. «Beldurrak kutsatu du Bastida» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  8. Irekia. «Irekia - Eusko Jaurlaritzak EAE-n egoera epidemikoa geldiarazteko neurriak indartu ditu» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).[Betiko hautsitako esteka]
  9. «Bertan behera utzi dituzte Gasteiz, Bastida eta Guardiako ikastetxeetako eskolak - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  10. a b Berria. «Koronabirusaren azken datuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  11. Ansa, Mikel P.. «Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  12. «Osasun larrialdi egoera ezarri du Eusko Jaurlaritzak - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  13. «Osasun larrialdi egoera deklaratu du Eusko Jaurlaritzak - Azkoitia» Maxixatzen.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  14. Ansa, Mikel P.. «Alarma egoera: zer egin liteke, eta zer ez?» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  15. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  16. EAJ-PNV. «Legebiltzarra desegiten dela eta apirilaren 17rako hauteskundeak deitzen dituelako, Lehendakariaren dekretua argitaratua» EAJ PNV (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  17. «Apirilaren 5eko hauteskundeei begirako egutegia prest - Usurbil» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  18. Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-06). «EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Diputazio Iraunkorra eskatu dute, COVID-19agatik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  19. 2019ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. 2020-07-22 (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  20. «Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeak ez dituzte bertan behera utzi» Hamaika Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  21. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-03). «Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia udazkenean egingo dute» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  22. Beloki, Ekhi Erremundegi. «Jean Rene Etxegarai izanen da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-23).
  23. «Pedro Sanchezek alarma egoera ezarriko du koronabirusa geldiarazteko» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-15).
  24. Berria. «Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-15).
  25. a b c «Urkullu: "Ez zen beharrezkoa Estatuak Ertzaintza eta Osakidetzaren agintea hartzea"» www.eitb.eus 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  26. a b (Gaztelaniaz) «Torra rechaza el decreto del Gobierno y pide un “autoconfinamiento” a los catalanes» La Vanguardia 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  27. a b c «Herritarren konfinamendua eta joan-etorrien debekua ezarri ditu Espainiako Gobernuak - Araba» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  28. Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-19). «18 atxilotu eta 988 isun orain arte EAEn konfinamendua ez betetzeagatik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  29. Berria. «Frantziak ere konfinamendua agindu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  30. Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-16). «Espainiako Gobernuak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga itxi du» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  31. Berria. «Frantziak ere konfinamendua agindu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  32. Imaz, Andoni. «Sanchezek hamabost egunez luzatuko du alarma egoera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  33. a b «Alarma egoera apirilaren 12a arte luzatzea onartu dute Kongresuan - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2020-03-26 (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  34. Berria. «Konfinamendua apirilaren 15era arte luzatu dute Ipar Euskal Herrian» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  35. a b c ARGIA. (2020-03-27). «Frantziako Gobernuak bi aste gehiagoz luzatu du konfinamendua, apirilaren 15era arte» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  36. Garmendia, Jon Ordoñez. «EAJk harridura agertu du, eta EH Bildurentzat berandu dator erabakia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  37. «Zientzialariek erabateko konfinamendua agintzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari» www.eitb.eus 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  38. a b c «Urkullu dice que adaptará el cese de actividades a Euskadi y critica la "imposición"» www.deia.eus (Deia) (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  39. Berria. «Urkulluren gutuna, Pedro Sanchezi» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  40. Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-29). «EAJ "harrituta" agertu da Gobernuaren erabakiarekin, eta errespetu falta salatu du» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  41. Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-29). «Otegi, jarduera ekonomikoen eteteaz: "Gauzak gaizki eta berandu egiten ari gara"» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  42. «ELA eta LAB: Oinarrizkoa ez den jarduera etetea berandu dator, baina beharrezkoa da» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  43. Telebista, Euskal Irrati. (2020-03-29). «Lan-jarduna eteteko erabakia "oso arduragabea" dela esan du Confebaskek» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  44. a b Kostarat, Oihana Teyseire. «Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz beste garai batean egitea aztergai dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  45. «Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira udaberrian egingo» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  46. Urrotz, Gaizka Aranguren. (). «Espainiar militarrek, Iruñeko Alde Zaharretik ateratzerakoan, beraien ereserkia bozgorailuetatik ozen jarri dute. Auzokideek erantzun diete... #AldeHemendik #Intsumisioapic.twitter.com/imhFL9MhZQ» Twitter; @gaizkaranguren (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  47. a b Berria. «Lapiko jotzea Iruñeko alde zaharrean, Espainiako armadaren eta ereserkiaren aurka» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  48. Telebista, Hamaika. (). «BIDEOA|Gaizka Aranguren (Historialaria eta Komunikatzailea): "Armada Iruñean ikustea farregarria litzateke, negargarria ez balitz"» @HamaikaTb (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  49. «Bihartik aurrera, funtsezkoak diren jardueretan aritzen diren langileak soilik joango dira lanera» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  50. Senar, Joxerra. «Madrilek beste bi aste luzatuko du alarma egoera, hilaren 26ra arte» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  51. a b c Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-09). «Kongresuak alarma-egoeraren bigarren luzapena baimendu du, apirilaren 26ra arte» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  52. Berria. «Alarma egoera luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  53. «Alarma dekretua apirilaren 26ra arte luzatu du Kongresuak - Zumaia» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  54. «Frantziako Gobernuak muga pasabideak itxiko ditu 20:00etatik aitzinera, Dantxarinekoa eta Irungoak salbu» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  55. a b c Madariaga, Ainize. «Maiatzaren 11 arte luzatuko da itxialdia Ipar Euskal Herrian» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  56. a b (Gaztelaniaz) «Geolocalización contra el coronavirus» La Vanguardia 2020-04-09 (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  57. (Gaztelaniaz) Muñoz, Ramón. (2020-04-05). «Sanidad podrá comprobar mediante su aplicación móvil si un ciudadano está donde declara estar» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  58. (Gaztelaniaz) «La 'app' que ha frenado el coronavirus en Corea del Sur» Leonoticias 2020-03-23 (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  59. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-11). «Leiho eta balkoietako Aberri Egun historikoa, COVID-19ak hildakoak gogoan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  60. a b «Aberri Eguna 2020» www.aberrieguna2020.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  61. EAJ-PNV. «EAJ-PNV - Andoni Ortuzarren mezua Aberri Egunean: “Euskadi erabat instituzionalizatzeko prozesuak aurrera jarraitu behar du”» Euzkadi Buru Batzarra (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  62. Garmendia, Jon Ordoñez. «Milaka herritarrek bat egin dute Euskal Herria Batera-ren deialdiarekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  63. Garmendia, Jon Ordoñez. «Nazioarteko hamabost lagunek bat egin dute Aberri Eguna batera ospatzeko deialdiarekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  64. «Nazioarteko hainbat ordezkarik egin dute bat Euskal Herria Baterak egindako deialdiarekin - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  65. SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-04-10). «Izen esanguratsuek bat egin dute nazioartetik Aberri Egunarekin» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  66. admin. (). «Atxikimendu ugari Euskal Herria batera agertzeko Aberri Egunari» leihoa.info (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
  67. a b Lete, Irati Urdalleta. «Osasun langileek COVID-19aren proban negatibo eman beharko dute lanera itzultzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  68. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-22). «Alarma-egoera, maiatzaren 10era arte luzatuta» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  69. «Alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzeko eskatuko dio Sánchezek Espainiako Kongresuari» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  70. Berria. «Sanchezek alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzeko eskatuko dio Kongresuari» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  71. a b Begiristain, Edurne. «Konfinamendua «lurraldeka» arinduko dutela dio Sanchezek» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  72. a b Lozano, Ainhoa Larretxea Agirre-Maite Asensio. «Ordubetez eta jolastera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  73. a b (Gaztelaniaz) «Moncloa sigue con "estados de alarma sucesivos" tras pedir Bruselas relajarlos» El Confidencial 2020-04-17 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
  74. a b c Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-28). «Konfinamenduaren biguntzea lau fasetan eta probintziaka egingo da» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  75. a b c Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-28). «Hauek dira konfinamendua malgutzeko lau faseak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  76. Ostolaza, Jon O. Urain-Paulo. «Hegoaldea, bigarren fasera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  77. Hermosilla, Maddi Ane Txoperena Iribarren-Gotzon. «Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurriak doitzea eskatu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  78. a b c Begiristain, Edurne. «Neurri murriztaileagoak ezarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  79. «Bigarren fasea: zer egongo da baimenduta? - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  80. Garmendia, Jon Ordoñez. «Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  81. «14/2020 DEKRETUA, ekainaren 18koa, lehendakariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita deseskaladarako planaren 3. fasea gainditu dela. Horrenbestez, indargabetuta geratuko dira alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak, eta 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan hasiko da «normaltasun berria».» www.legegunea.euskadi.eus 2020-06-20 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  82. Ostolaza, Paulo. «Nafarroako Gobernuak bihartik aurrera ezarriko du «normaltasun berria»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  83. Telebista, Euskal Irrati. (2020-04-29). «Jaurlaritza, "harrituta", probintziak markatuko baitu konfinamenduaren biguntzea» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  84. (Gaztelaniaz) Sáinz, Jorge. (2020-04-28). «Pedro Sánchez pretende extender el estado de alarma al menos hasta el 22 de junio» Vozpópuli (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  85. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-03). «Alarma egoera birplanteatzea eta ohiko legedira itzultzea eskatu du Urkulluk» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  86. (Gaztelaniaz) Alías, Marina. (2020-04-29). «La oposición se revuelve contra Sánchez por "improvisar" un plan de desescalada "unilateral"» Vozpópuli (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  87. Press, Europa. (2020-05-04). «CC-PNC no respaldará la prórroga del estado de alarma y se abstendrá ante las "medidas unilaterales" de Sánchez» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  88. (Gaztelaniaz) «Sánchez pierde también el apoyo del BNG para la votación del estado de alarma» La Voz de Galicia 2020-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  89. (Gaztelaniaz) «Prórroga del Estado de Alarma: cuándo se vota y cuantos votos necesita» La Vanguardia 2020-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  90. «EAJk alarma egoera maiatzaren 23ra arte luzatzearen alde bozkatuko du, uztailean EAEn hauteskundeak egitearen truke» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  91. a b «Berdea, laranja eta gorria, deseskalatzearen koloreak Frantziako Estatuan» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  92. Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina |. (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  93. «Coronavirus: las cuatro fases del plan de prevención en Francia» France 24 2020-03-06 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  94. (Gaztelaniaz) «Francia entra en tercera etapa del desconfinamiento frente a Covid-19» http://www.prensa-latina.cu/index.php?o=rn&id=375891&SEO=francia-entra-en-tercera-etapa-del-desconfinamiento-frente-a-covid-19 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  95. a b «Alarma egoeraren luzapena onartuta, lehen faserako bidean» Goierriko Hitza 2020-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  96. a b c «Alarma egoera beste bi astez luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2020-05-06 (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  97. «Alarma egoera maiatzaren 24ra arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  98. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-06). «Kongresuak maiatzaren 24ra arte luzatu du alarma-egoera» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  99. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-08). «Hego Euskal Herria konfinamendua malgutzeko lehen fasean sartuko da astelehenean» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  100. (Gaztelaniaz) «Treviño pasará a Fase 1 al estar dentro de Álava, aunque su provincia, Burgos, no lo hará» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-10).
  101. a b Senar, Joxerra. «Ekainaren 7ra arte luzatu dute alarma egoera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  102. «Albistea | EHBildu | EH Bilduk akordioa egin du PSOE eta Unidas Podemosekin Lan Erreforma indargabetu eta tokiko erakundeen gastu gaitasuna handitzeko» ehbildu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  103. Irratia, Naiz. (2020-05-26). «[Analisia Lan erreforma indargabetzeko EH Bildu, PSOE eta Podemosen akordioa»] irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  104. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-21). «PSOEren atzerapausoak zalantzan jarri du lan-erreformaren indargabetzea» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  105. a b c d «Euskadi bigarren fasean sartuko da astelehenean, eta murgikortasun handiagoa izango da lurralde historikoan» www.euskadi.eus 2020-05-24 (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  106. «Maskarillak derrigorrezkoak izango dira gaurtik aurrera, distantzia mantendu ezin denean - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-03).
  107. a b Beloki, Ekhi Erremundegi. «Lapurdiko kostaldeko hondartzak irekitzea onartu du prefetak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  108. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-30). «Osakidetza: "COVID-19a ez dago oporretan"» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  109. «Hondartzen irekiera aztertu dute kostako udalek aldundian - Zumaia» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  110. «Hondartzen irekiera ekainaren 15etik uztailaren 1era bitartean izango da - Área de prensa - Bizkaia.eus» web.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  111. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-22). «Bizkaiko hondartzak erabiltzeko araudia adostuko dute gaur Aldundiak eta udalek» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  112. a b c «Hondartzen erabilerari buruzko neurri eta arauak zehaztu dituzte udalek - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2020-05-30 (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  113. Agirre, Ainhoa Larretxea. «Donostiako hondartzak irekiko dituzte astelehenetik aitzinera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  114. «Hondartzak erabiltzeko joan den aste-akabuko neurriak errepikatuko ditu Getxoko Udalak - Getxo» Hiruka.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-07).
  115. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-28). «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa eskualdean mugikortasun handiagoa eskatu du Urkulluk» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  116. «Irunek eta Hendaiak Behobiako muga irekitzea eskatu dute» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  117. Berria. «Ipar eta Hego Euskal Herriko muga, uztailaren 1etik irekita» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-10).
  118. «Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  119. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  120. «EAEko hirugarren fasea: tabernetan edukiera mugarik ez, gainerako jardueretan %60koa» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  121. «Nafarroan hirugarren fasea: Muga "ahalik zuhurrenak" ezartzearen aldeko hautua» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  122. a b Nafarroa 3. fasean sartuko da astelehenean, ostalaritzako eta aire zabaleko kultur ekitaldietako edukiera mugatuta. Navarra.es.
  123. Telebista, Euskal Irrati. (2020-06-09). «Eusko Jaurlaritzak ez du Kantabriarekiko mugikortasuna atzeratzeko asmorik» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  124. Telebista, Euskal Irrati. (2020-06-07). «Euskadiren eta Kantabriaren arteko mugikortasuna ziurtzat jo du Revillak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  125. «Astelehenean EAEren eta Kantabriaren arteko joan etorria berreskuratu nahi du Urkulluk» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-11).
  126. Telebista, Euskal Irrati. (2020-06-11). «Kantabria eta EAE arteko mugak itxita jarraituko du astelehenetik aurrera» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  127. «Euskadik III. fasea gainditu du eta ostiralean, ekainak 19, irtengo da alarma-egoeratik» www.euskadi.eus 2020-06-19 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  128. Ostolaza, Paulo. «Nafarroan igandean indargabetuko dute alarma egoera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  129. (Gaztelaniaz) «La muga con Iparralde se abrirá el domingo a las 00:00 horas» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noticias de Gipuzkoa) (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • COVID-19ari buruzko Osakidetzaren eta Osasunbidearen webguneak.