Ginea Bissau

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ginea-Bissau» orritik birbideratua)
Artikulu hau Afrikako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ginea (argipena)».
Ginea Bissauko Errepublika
República da Guiné-Bissau
Ereserkia: Esta É a Nossa Pátria Bem Amada (en) Itzuli
Leloa: Unidade, Luta, Progresso
("Batasuna, Borroka, Aurrerapena")
Flag of Guinea-Bissau.svg
flag of Guinea-Bissau (en) Itzuli
Emblem of Guinea-Bissau.svg
Emblem of Guinea-Bissau (en) Itzuli
Guinea-Bissau on the globe (Africa centered).svg
Guinea-Bissau-CIA WFB Map.png
Geografia
HiriburuaBissau
11°51′33″N 15°35′44″W
Azalera36.125 km²
Punturik altuenaezezaguna (300 m)
Punturik sakonenaOzeano Atlantikoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakGinea eta Senegal
Administrazioa
Ginea Bissauko presidenteaOmar Mokhtar Embalo (en) Itzuli
Ginea-Bissauko lehen ministroaNuno Nabian (en) Itzuli
LegebiltzarraNational People's Assembly (en) Itzuli
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria1.861.283 (2017)
Green Arrow Up.svg157.028 (2013)
Dentsitatea51,52 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa4,835 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak201.430 (2000)
Bizi-itxaropena57,403 (2016)
Giza garapen indizea0,455 (2017)
Ekonomia
MonetaWest African CFA franc (en) Itzuli (F)
BPG nominala1.346.933.490,2358 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg168.728.988,79518 (2016)
BPG per capita723 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg75 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa3.171.311.962 international United States dollar (en) Itzuli (2017)
Green Arrow Up.svg233.074.536 (2016)
BPG per capita EAPn1.703,831 international United States dollar (en) Itzuli (2017)
Green Arrow Up.svg85,59 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala5,2 % (2016)
Inflazioa1,6 % (2016)
Red Arrow Down.svg−0,8 (2015)
Historia
Sorrera data: 1974
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+245
ISO 3166-1 alpha-2GW
ISO 3166-1 alpha-3GNB
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli
Internet domeinua.gw
guinebissaurepublic.com

Ginea Bissau[1] (portugesez: Guiné-Bissau, fulaz: 𞤘𞤭𞤲𞤫 𞤄𞤭𞤧𞤢𞥄𞤱𞤮, Gine-Bisaawo, mandingeraz: ߖߌߣߍ ߺ ߓߌߛߊߥߏ߫, Gine-Bisawo), izen ofiziala Ginea Bissauko Errepublika (portugesez: República da Guiné-Bissau, ʁeˈpublikɐ dɐ ɡiˈnɛ biˈsaw ahoskatua), mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da. Iparraldean Senegal du, Ginea ekialdean eta hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoa mendebaldean. 36.125 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2018an 1,6 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Bissau da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ginea Bissau mendebaldeko Afrikan dago, ipar latitudeko 11° eta 13° artean, eta mendebaldeko longitudeko 13° eta 17° artean. Senegalekin du muga iparraldean, Ginearekin ekialdean eta hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoa du mendebaldean; bertan daude Bijagos uharteak.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde laua da, garaixeagoa barrualdean (muinoak eta goi-ordokiak), oihanez estalia gehiena. Gunerik garaiena Boéko muinoak dira (361 metro). Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke:

  • Kostaldeko ordokia eta padurak, mangladiz eta palmondo sailez estaliak; lurraldeko parterik euritsuena da, eta bertan arroza eta azukre-kanabera lantzen dira.
  • Barnealdeko ordokia, Geba ibaiaren eta Senegalgo mugaren arteko lurrak hartzen dituen oihana; 26-27 °C arteko tenperatura izaten da, batez beste, eta kostaldean baino euri gutxiago egiten du.
  • Senegal eta Ginea ondoko sabana; lurralde horretako aldi lehorra (azaroa-apirila bitartean) besteetakoa baino nabarmenagoa izaten da; bertan sorgoa, artatxikia, eta kotoia lantzen dira.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai nagusiak Cacheu, Mansoa, Geba eta Corubal dira; euri sasoian itsasontziak ibil daitezke ibai horietan barrena.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima tropikala da, beroa eta hezea. Bi urtaro daude, euritsua ekainetik azarora, eta lehorra abendutik apirilera. Urtaro lehorrean harmattanak jotzen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendean, Ginea Bissauko kostaldeko herriak (balanta, papel, manjak) nekazariak ziren. Maliko Inperioak mendean hartu zituen. XV. mendearen bukaeran, portugaldarrak kostaldean finkatu ziren, helburu birekin: batetik, bertako biztanleak esklabo hartu eta Cabo Verdeko uharteak kolonizatzeko erabiltzea eta, bestetik, Ameriketan saltzea. 1687. urtean, gotorlekua eta esklaboen salerosketarako gune bat eraiki zuten Bissaun. Portugaldarrak frantsesen eta britainiarren kontra lehiatu ziren koloniaren jabetasuna zela eta, azkenean, frantsesek eta portugaldarrek elkar harturik Ginea Portugesa izan zenaren mugak zedarritu zituzten 1886-1905 bitartean.

PAIGCen indarrak Ginea Bissauko bandera goititzen 1974an, independentziaren ostean.

1956. urtean, Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikako Alderdia (PAIGC) sortu zuen Amílcar Cabralek eta, urte batzuk geroago, Portugalen kontrako gerrari ekin zion alderdi horrek berak. 1973ko urtarrilean, Amílcar Cabral erail zuten.[3] Urte bereko irailaren 23an, Ginea Bissauk burujabetasuna aldarrikatu zuen, eta hurrengo urtean onartu zion Portugalek. Luís Cabral, PAIGCen idazkaria, hautatu zuten presidente.

1980ko azaroan, Joao Bernardo Vieirak indarrez hartu zuen aginpidea. 1981eko urtarrilean, Cabo Verde Ginea Bissautik banandu zen. 1984. urtean, huts egin zuen estatu kolpe batek eta konstituzio berria onartu zen. Konstituzio horrek aginduta, lehen ministro kargua kendu zen eta Herri Biltzar Nazionala eta Estatuko Batzordea ezarri ziren berriro. 1984. urteaz geroko egonkortze planak porrot egin zuen eta ekonomiaren eta finantzaren egoerak nabarmen egin zuen txarrera. Horri aurre egiteko, gobernuak izoztu egin zituen soldatak, murriztu egin zuen inbertsio publikoa, eta ekonomiak ateak zabaldu zizkion Portugalgo eta Frantziako kapitalari.

1991n, GCIAAk erreforma politiko bat onartu zuen, zeinaren arabera hauteskundeak 1992an egingo ziren. Baina, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoaren ondorioz, gobernuak atzeratu egin zituen hauteskundeak, eta 1993an ere atzeratu egin behar izan ziren. Azkenik, 1994. urtean Joao Bernardo Vieirak Kumba Ialá garaitu zuen; haiek ziren presidentetzarako eta parlamenturako alderdi anitzeko lehenengo hauteskundeak. 1998an, borroka larriak izan ziren herrialdean Ansumane Mané jeneral matxinoaren eta Vieiraren gudarostearen artean.[4] Azkenik, hiriburuko biztanle gehienek ihes egin ondoren, su-etena izenpetu zuten.[5]

2003an, Veríssimo Correira Seabra jeneralak estatu kolpe bat zuzendu zuen. Batzorde militar batek behin behineko agintariak izendatu zituen, hurrengo hauteskundeak deitu bitartean. Soldaduen matxinada batek gudarosteko ofizialak hil zituen 2004an. Sei urtez erbestean egon ondoren, 2005eko apirilean Joao Bernardo Vieira lehendakari ohia herrialdera itzuli zen eta, handik bi hilabetera, hauteskundeak irabazi zituen. 2007an, diputatu ofizialista talde bat gobernuko alderditik bereizi eta beste koalizio bat osatu zuen. Aristides Gomes lehen ministroak uko egin zion karguari, eta Martinho Ndafa Kabik, oposizioaren buruak, ordeztu zuen, kontsentsuko gobernu bat osatzeko asmoz.

2009ko martxoaren 2an, Joao Bernardo Vieira presidentea hil zuten armadako kide batzuek. Itxura guztien arabera, mendekua izan zen. Izan ere, egun bat lehenago, Batista Tagme Na Waie armadako burua hil zuten, eta Zamora Induta armadako ordezkariak Na Waieren hilketan zerikusia izatea leporatu zion presidenteari.[6] Hura ordezteko hauteskundeak ekainaren 28an egin ziren, eta Malam Bacai Sanhá atera zen irabazle. 2011ko abenduan, Armadaren zati bat estatu kolpea ematen saiatu zen; Armada bitan zatitu zen, eta bi bandoen artean liskarrak piztu ziren hiriburuan. Kolpearen arduradunak atxilotu eta gero, egoera kontrolpean zeukala adierazi zuen gobernuak.[7]

2012ko urtarrilaren 9an, Malam Bacai Sanhá presidentea hil zen, Parisen. Ospitaleratuta zegoen han, gaixotasun baten ondorioz.[8] Raimundo Pereira izendatu zuten jarduneko presidente, eta bera izan zen hautagairik bozkatuena martxoaren 18an egindako hauteskundeen lehen itzulian. Apirilaren 29an zen egitekoa bigarren itzulia, baina bi aste lehenago militar talde batek estatu kolpea jo zuen. Golpistek Pereira atxilotu zuten, eta Manuel Serifo Nhamadjo presidente izendatu.[9][10] José Mário Vazek irabazi zituen 2014ko bozak, eta 2020ko otsailera arte izan zen errepublikako presidentea. Umaro Sissoco Embaló izan zuen ondorengo.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko konstituzioaren arabera, errepublika erdi-presidentzialista da; presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du: Herri Biltzar Nazionala (portugesez: Assembleia Nacional Popular), 102 kidez osatua.[11]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ginea Bissau zortzi eskualde (singularrean, região; pluralean, regiões) eta eremu autonomo batean banaturik dago.

Ginea Bissauko eskualdeak
Eskualdea Hiriburua Eremua[2]
(km²)
Biztanleria
(2009ko errolda)[2]
Bafatá Bafatá 5.981 210.007
Biombo Quinhámel 840 97.120
Bissau Bissau 78 387.909
Bolama Bolama 2.624 34.563
Cacheu Cacheu 5.175 192.508
Gabu Gabu 9.150 215.530
Oio Bissorã 5.403 224.644
Quinara Fulacunda 3.138 63.610
Tombali Catió 3.736 94.939
Ginea Bissau 36.125 1.520.830

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bissauko inauteria.

2020an 1,6 milioi biztanle zituen.[2] Oso biztanleria gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 43,2 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 20,4; 25-54 urte bitartekoak, % 30,2; 55-64 urte bitartekoak, % 3,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,1. Bizi itxaropena 62,8 urtekoa da: 60,6 urtekoa gizonezkoena eta 65,1 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[11]

Alfabetizazioari dagokionez, biztanleria osoaren % 59,9 dago alfabetatua, askoz gehiago gizonezkoak (% 71,8), emakumezkoak baino (% 48,3). Osasun egoera arrunt txarra da. Disenteria, A hepatitisa, sukar tifoidea, malaria, dengea, sukar horia, eskistosomiasia eta amorrua, besteak beste, ohiko eritasunak dira, eta HIESaren prebalentzia % 3,4 da (2019). Haur hilkortasuna handia da: 1.000 jaioberritik 52 hiltzen dira. 13 sendagile daude 100.000 pertsonako.[11]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnia ugari bizi dira. Balantak (biztanleriaren % 22,5), manjakak (% 8,3) eta papelak (% 9,1) kostaldeko lurretan bizi dira eta nekazaritza dute bizibide; barnealdean, berriz, fula etniako artzainak (% 28,5), eta malinke nekazariak (% 14,7) (2008ko zenbatespena).[11]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala portugesa da, baina bigarren edo hirugarren mintzaira izan ohi da gehienentzat. Hizkuntzarik hedatuena portuges kreolera (portugesez: criouloa) da, bertako zenbait hizkuntzaren sintaxia eta hiztegia darabilen portuges dialektoa. Balantera, fula, mandinkera, manjakera ere hitz egiten dira.[12]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko zenbatespenaren arabera, musulmanak dira biztanleen % 45, kristauak % 22, eta % 15 erlijio tradizionalen jarraitzaileak.[11] Musulmanak gehiengoa dira iparraldean eta ekialdean, eta kristauak kostaldean.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrantzale artisauak.

Portugalen aurkako gerrak erabat suntsitu zituen Ginea Bissauko produkzio bideak. Herrialdeak askatasuna lortu zuen, baina munduko estatu pobreenetako bat bihurtu zen. Oinarrizko ekonomia jarduerak nekazaritza eta abere hazkuntza dira. Kostaldean olio-palmondoa, kokoa eta arroza dira nagusi eta barnealdean abere hazkuntza (behiak eta txerriak). Esportazio gai nagusia anakardoa da. Lurraldearen % 55 basoa da, eta bertatik ateratzen den zurik gehiena erregai gisa erabiltzen da; hala ere, bada zur gogorra duen bissilom izeneko zuhaitza eta hura esportatu egiten da.

Ginea Bissauko itsasoa aberatsa da arrainetan. Bertakoek arrantza tradizionala egiten dute, baina arrantza industriala Europar Batasuneko eta Txinako enpresen eskuetan dago.[13] Dagoen industria apurra nekazaritzako gaiak eraldatzeko jarduerekin lotuta dago. Mea baliabideak badira, baina oraindik behar bezala ustiatu gabe: bauxita, fosfatoak eta petrolioa (Ginea Bissauri dagokion itsas barrutian).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b c d e Ginea-Bissau: Regions, Cities & Urban Places. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  3. Larresoro. Amilcar Cabral hil dute. Zeruko Argia, 1973ko otsailak 18, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).
  4. Gambiako bitartekariak Ginea Bissau utzi du borrokak gogortu eta gero. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko ekainak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  5. Gobernuak eta matxinoek bakea hitzartu dute ezustean. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko azaroak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  6. Ginea Bissauko presidentegai bat eta Defentsa ministro ohia hil dituzte. Berria, 2009ko ekainak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  7. Ginea Bissauko estatu kolpe saioaren egileak atxilotu egin dituzte. Berria, 2011ko abenduak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  8. Ginea Bissauko presidente Malam Bacai Sanha hil da. Berria, 2012ko urtarrilak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  9. Militar talde batek Ginea Bissauko presidentea bahitu du hiriburuan. Berria, 2012ko apirilak 14, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  10. Ginea Bissaun presidente berria izendatu dute. Berria, 2012ko apirilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  11. a b c d e Ginea-Bissau. CIA - World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).
  12. Berriaren Estilo Liburua: Ginea Bissau. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).
  13. Guinea-Bissau Wants Fisheries Agreement With China. China Lusophone Brief, 2020ko ekainak 15, clbrief.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]