Tiberio III.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tiberio III.aren erretratudun solido bizantziarra

Tiberio III Apsimaros, greziera Τιβέριος Γ' ο Αψίμαρος, (?-705) Bizantziar Inperioko agintaria izan zen 698. eta 705. urteen artean, bere aurreko agintari Leontziori boterea estatu kolpe bidez kendu ziolarik. Berezko izena Apsimar zuen (Αψίμαρος) eta armadako komandante zen. Zenbait iturriren arabera, Tiberio Germanian jaio zen, data ezezaguna den arren.

Bere aurrekari Leontzio ere militarra zen eta estatu kolpe bidez iritsi zen boterera. Leontzioren agintean arabiarrek Kartago inbaditu zuten. Erasoa gaitzesteko asmoz, Joan Patrizioaren ontzidia bidali zuten Kartago defendatzera. Flotak bataila galdu eta Leontzioren kontra matxinatu zen, Tiberio (orduan oraindik Apsimar) buru zuela. Flotak Kretara alde egin zuen, eta bertan Apsimarek Juan Patrizioari agintea kendu zion. Gauzak horrela, soldaduek bizantziarren agintari izendatu zuten eta Konstantinopolis inguratu zuten. Zenbait funtzionarioen laguntza medio, iraultzaileek hiriko ateak ireki zituzten Apsimarrek behin betiko boterea eskuratu zuelarik. Apsimarek orduan izena Tiberio III.arengatik aldatu zuen. Bere aurreko Leontzioren sudurra moztarazi (Leontziok Justinianusekin egin zuen bezala) eta komentu batean giltzaperatu zuen.

Tiberiok aginteari 698. eta 705. urteen artean eutsi zion. Bere agintaldian zehar Bizantziok Afrika iparraldea berreskuratzeari uko egin zion, bide batez porrota ametituz. Hala ere, Omeia dinastiako Abd al-Maliken kontra aritu ziren ekialde hurbilean, eta kanpaina hauetan zenbait garaipen lortu zituzten, besteak beste: 701. urtean Sirian inkurtsio bat burutu zuten eta 702. eta 704. urteetan Zilizian arabiarren erasoei aurre egin zieten.

Bihen bitartean, 704. urtean Justiniano II.ak Krimeako erbestetik alde egitea lortu zuen. Tiberio Justiniano hiltzen saiatu bazen ere, honek bulgariarrek boterea berreskuratzen lagun zezaten lortu zuen. 705. urtean Justiniano zaldun bulgariar armada baten buruan Konstantinopolisera ailegatu zen. Barneko zenbaiten laguntzarekin hiriko harresia iragatea lortu zuen estatu kolpe bat burutuz. Tiberio III.a eta bere aurreko Leontzio atxilotu eta erailak izan ziren.


Aurrekoa
Leontzio
Bizantziar agintaria
698 - 705
Ondorengoa
Justiniano II.a
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tiberio III.a Aldatu lotura Wikidatan