José Martí
José Julián Martí Pérez (La Habana, 1853ko urtarrilaren 28 - Boca de Dos Rios, 1895eko maiatzaren 19) olerkaria eta Kubaren askatasunaren aldeko borrokalari eta pentsalaria izan zen.
[aldatu] Bizitza
Oso gazterik hasi zen Kubaren burujabetasunaren alde borrokan. Espetxeratu eta, 1868an, Espainiara bidali zuten atzerriratua. Madrilen zuzenbide-ikasketak egin zituen. 1875ean Mexikora joan zen, eta Amor con amor se paga bertsoz egindako lana antzeztu zuen. 1878an Kubara itzuli zen, baina handik urtebetera berriro atxilotu, eta atzera atzerrira bidali zuten. Handik 1891. urtea arte Estatu Batuetan, Espainian eta Hego Amerikako herri batzuetan ibili zen armada iraultzaile bat osatzeko dirua biltzen eta bere ideiak zabaltzen. Kubako Alderdi Iraultzailearen oinarriak idatzi zituen Máximo Gómez-ekin batera. 1885ean, Amistad funesta eleberri modernista idatzi zuen. 1891n Versos Sencillos argitaratu zuen, bere poema libururik landuena. 1891n, beste lan guztiak utzirik, Kubako Iraultzaren alde jarri zen lanean. Handik urtebetera Alderdi Iraultzaileko lehendakari (edo ordezkari) hautatu zuten, eta Gómezekin izenpetu zuen Monte Cristoko aldarrikapena. Orduan, Kubara itzuli eta armen bidez Kubaren askatasunaren alde aritu zen borrokan, 1895ean guduan hil zen arte. Azken hiru hilabetetan egunkari bat idatzi zuen, Diario de campaña. Politikan, ideia demokratikoak eta arrazakeriaren kontrakoak azaldu zituen; bestalde, Martí izan zen Hego Amerikako herrien batasunaren aldeko aldarrikapenak egin zituen lehen pentsalarietako bat, Espainiako eta Estatu Batuetako inperialismoaren kontra. Literatura-lanari dagokionez, modernismoaren aitzindarietako bat izan zen, eta esan daiteke haren poesiak Walt Whitmanen eragina duela. Martírenak dira, halaber: El presidio en Cuba (1871), La república española ante la revolución cubana (1873), eta Las reformas (1873) saioak. Herriko heroitzat hartzen dute gaur egungo Kuban.
| Artikulu hau Kubako biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.