Edukira joan

Taj Mahal

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du
Koordenatuak: 27°10′30″N 78°02′31″E / 27.175°N 78.0419°E / 27.175; 78.0419
Wikipedia, Entziklopedia askea

Taj Mahal
ताज महल
تاج مَحَل
تاج محل
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kokapena
Herrialdea India
Indiako estatuaUttar Pradesh
Division of Uttar PradeshAgra division
Indiako barrutiAgra barrutia
HiriaAgra
Koordenatuak27°10′30″N 78°02′31″E / 27.175°N 78.0419°E / 27.175; 78.0419
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1631 - 1653
KomisarioaShah Jahan (1632)
Izenaren jatorriaMumtaz Mahal
Erlijioaislama
Arkitektura
ArkitektoaUstad Ahmad Lahauri
Materiala(k)haitzurdina
EstiloaIslamiar arkitektura
Irandar arkitektura
Mogol arkitektura
Dimentsioak73 (altuera) m
Azalera17 ha
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i)
Erreferentzia252
Eskualdea[I]Asia eta Ozeania
Izen-emateabilkura)
Bisitariak urtean6.532.366
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Taj Mahal (hindiz: ताज महल, Tāj Mahal, urduz: تاج محل‎ Tāŷ Mahal 'Jauregi koroa'; tɑːʒ mə'hɑl ahoskatua) Agra hirian (India), Yamuna ibaiaren ertzean, dagoen mausoleo handia da, Shah Jahan errege mogolak bere emaztea zen Mumtaz Mahalen omenez eraikia XVII. mendean, 1631 eta 1654 bitartean.

Taj Mahal jauregiaren adibiderik ederrentzat jotzen da, arkitektura islamdar,[1] persiar,[2] indiar eta are otomandarreko[3] elementuak uztartzen dituen estiloan eraikia. Marmol zuriko kupulak estalitako mausoleoa zatirik ezagunena den arren, Taj Mahal 17 hektarea hartzen dituen eraikin multzo harresitu bat da, horien artean meskita handi bat, gonbidatuen etxe bat eta lorategiak Yamuna ibaiaren bi ertzetan. Bere eraikuntzak 20.000 langileren ahalegina behar izan zuela uste da, Ustad Ahmad Lahori gorteko arkitektoa buru zuen arkitekto multzo baten zuzendaritzapean.[4][5]

Monumentu honek ospe berezia lortu du bere inspirazioaren izaera erromantikoagatik: kupularen azpian, ganbera nahiko ilun batean, Shah Jahan eta Mumtaz Mahalen gorpuak daude, munduari beren betiereko amodioa gogorarazi nahian. Erregina bere hamalaugarren haurra erditzean hil zen. Monumentua Indiako helmuga turistiko garrantzitsu bat da, urtero 7-8 milioi bisitarirekin. 1983an, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, "Indian arte musulmanaren harribitxia eta mundu osoan miretsitako munduko ondarearen maisulanetako bat" izateagatik.

Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du.
Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Taj Mahalaren eraikuntzari buruzko bideo laburra (gidoia)

Shah Jahan enperadorea mezenas oparo bat izan zen, baliabide ia mugagabeak zituena. Bere babespean eraiki ziren Shalimar jauregi eta lorategiak Lahoren, hau ere bere emaztearen omenez. Mumtaz Mahalek, bere senarrari, hamalau seme-alaba eman zizkion, baina azkena erditzean hil zen, eta enperadorea, atsekabetuta, ia berehala hasi zuen, 1632an,[6] Taj Mahalen eraikuntza, hil ondorengo eskaintza bezala.[7] Eraikinaren xehetasun guztiek bere izaera erromantikoa erakusten dute,[8][9] eta multzoak estetika bikainaren gorazarre egiten du.

Taj hitza (تاج) persieratik dator, mogol gortearen hizkuntza, eta «koroa» esan nahi du. Mahal (محل), berriz, Mumtaz Mahalen aldaera labur bat da, izen formala Arjumand Banu Begumen ("jauregiko lehen dama") zelarik gortean. Taj Mahal izenak hortaz, Mahal (erreginaren) koroa esan nahi du. Izena horizon hasiera-hasieratik erabili izan da, 1663an François Bernier bidaiari frantsesak eraikinaren berri emateko Tage Mehale erabili baitzuen.

Lanak 1656an amaitu eta gutxira, Shah Jahan gaixotu egin zen, eta bere seme Shah Shujak bere burua enperadore izendatu zuen Bengalan, eta Muradek ere, bere anaia Aurangzeben laguntzarekin, gauza bera egin zuen Gujaraten. Shah Jahanek, jada oso gaixorik zegoelarik, amore eman zuen eta Aurangzebek bizirik jarraitzeko baimendu zuen, Agrako gotorleku hurbiletik irten gabe atxilotua. 1666an hil ondoren (10 urte geroago), Aurangzebek mausoleoan lurperatu zuen emaztearen ondoan,[10] multzoaren simetria perfektuaren haustura bakarra sortuz.

XIX. mendearen amaieran, Taj Mahaleko zenbait sektore oso hondatuta zeuden, mantentze faltagatik. Indiako matxinadaren garaian (1857), soldadu britainiarrek, zipaioek eta gobernuko ofizialek kaltetu zuten, harribitxiak eta lapis lazulia harresietatik erauzi zituztenak.

1908an bukatu zen Lord Curzon britainiar erregeordeak agindutako zaharberritzea. Cuzonek barne ganberako lanpara handiaren fabrikazioa ere agindu zuen, Kairoko meskita batean zegoen antzeko baten ereduaren arabera. Lorategiak ingeles erara birmoldatu zituen ere. XX. mendean tenpluaren mantentzea eta zaintza hobetu zen. 1942an, gobernuak aldamio erraldoi bat eraiki zuen kupula estaltzeko, Luftwafferen balizko aire-eraso batetik babesteko eta, ondoren, Japoniako aire indarrena[11][12]. Babes hau, berriz, 1965 eta 1971ko India eta Pakistanen arteko gerretan eraiki zen, bonbaketariak engainatzeko.[13]

Mehatxu berrienak Yamuna ibaiaren ertzetan dagoen ingurumen-kutsaduratik eta Mathurako findegiak eragindako euri azidotik datoz. Bi arazoak hainbat helegiteren xede izan dira Indiako Justizia Auzitegi Gorenean. Kutsadurak Taj Mahaleko marmol zuria hori bihurtzen du, monumentua itxuraldatuz. Kutsadura kontrolatzen laguntzeko, Indiako gobernuak Taj Trapezio Zona (TTZ) ezarri du, monumentuaren inguruan 10.400 km2 luze-zabaleko eremua, non igorpenen estandar zorrotzak aplikatzen diren.

Azken urteotan, egiturari buruzko kezkak sortu dira, Yamuna ibaiaren arroko lurpeko uren maila aldatu izanaren ondorioz, urtean 1,5 m inguru jeisten baita. 2010ean, pitzadurak agertu ziren hilobiaren zati batzuetan eta monumentua inguratzen duten minareteek makurdura zantzuak erakutsi zituzten, zurezko zimentazioak usteltzen egon zitekeelako ur faltaren ondorioz. Bi eraikin periferikotan kokatutako minareteak kaltetutzat jo zituen ekaitz baten ondorioz 2018ko apirilaren 11n.

Duela gutxi, sektore sunita batzuk eraikinaren jabetza aldarrikatu zuten, gurtza islamiko horretako kide batekin ezkondutako emakume baten hilobia dela oinarri hartuta. Indiako Gobernuak atzera bota du erreklamazioa, oinarririk gabekotzat jota, Taj Mahal Indiako nazioaren jabetza besterenezina baita.

Elementu formalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elementu formalak eta apaingarriak behin eta berriz erabiltzen dira konplexu osoan, hiztegi estetikoa bateratuz. Mausoleoaren ezaugarri nagusiak gainerako eraikuntzetan islatzen dira:

Taj Mahal-en elementu formalak
Taj Mahalen elementu formalak
  1. Finial: kupulen apaindurazko errematea, Asiako pagodetan ere erabiltzen dena.
  2. Loto dekorazioa: kupuletan zizelkatutako loto lorearen eskema.
  3. Kipula formako kupula: amrud ere deitzen zaio, islamaren arkitekturan ohikoa, gerora Errusian erabilia.
  4. Danborra: kupularen oinarri zilindrikoa, sostengu eta trantsizio formalerako balio duena, eraikinaren arabera.
  5. Guldasta: horma sostengatzaileen ondoan finkaturiko orratz apaingarria.
  6. Chattri: zutabeen eta kupulen kioskoa, monumentu oroigarri gisa bakarka erabiltzen dena.
  7. Zerrenda apaingarriak: kutxatilen gaineko itxitura panelak.
  8. Kaligrafia: Koranaren bertsoen idazkera estilizatua arku nagusien gainean.
  9. Arkuak edo atariak: pixtaq ere esaten zaie (persiar hitza, atari bakartuak esateko).
  10. Dadoak: horma nagusien alboetan dauden panel apaingarriak.
Taj Mahal multzoaren oinplanoa:
1 Ilargi-argi lorategia
2 Yamuna ibaia
3 Minareteak
4 Mausoleoa
5 Meskita
6 Jawab
7 Txahar bagh (lorategia)
8 Darwaza (sarrera gotorlekua)
9 Kanpoko patioak
10 Sarrera nagusiko zabaldia
11 Hilobi sekundarioak
12 Sarrera nagusiko ataria
13 Taj Ganji (bazarra)

Mausoleoa da 17 hektareako multzoko pieza nagusia, beste hainbat atalez gain, horien artean meskita bat, gonbidatu etxea eta lorategiak, horiek guztiak almenadun horma batez mugatuak hiru aldetatik.

Taj Mahal multzoaren ardatz nagusia Yamunaren ibaiertzarekiko perpendikularra da eta simetria antolaketa ugari ditu. Multzoaren erdian Txahar bagh lorategia dago, persiar jatorrikoa, laukitan banatua, ubideek osatutako gurutzearen bidez antolatua. Uraren azalerak eraikinak islatzen ditu, simetria-efektu gehigarria sortuz.

Mausoleoa.

Mausoleoa Taj Mahal multzo osoaren puntu fokala da, simetria, ordena eta zorroztasun ikaragarriaz egina. Marmol zuriko egitura handi bat da, oinarri karratu baten gainean dagoen eraikin simetrikoa, lau aldetan arku zorrotzeko iwan bat duena eta erraboil itxurako kupula handi batez koroatua. Kupula handien albo banatan beste bi daude, txikiagoak. Eraikin osoa inguratzen duen laukiaren kantoietan zilindro itxurako lau dorre mehe daude, kanpoaldera pixka bat makurtuak, lurrikararen batek eraitsiz gero, ez daitezen erori eraikuntza nagusiaren gainean. Mogol hilobi gehienak bezala, oinarrizko elementuak persiar jatorrikoak dira.

Eraikina ganberatan banatutako azalera handi bat da, non erdikoak Shah Jahan eta Muntazen zenotafioak hartzen dituen, hilobiak azpiko maila batean baitaude. Oinarria, funtsean, ertz alakatuko kubo bat da, 55 metroko aldea duena. Alde bakoitzaren gainean, pishtaq edo arkuteria batek inguratzen ditu iwanak, antzeko goiko mailarekin baina balkoiekin. Iwaneko arku nagusiak oinarriaren goialderaino iristen dira, fatxada integratu bat sortuz. Motibo hori alaketan jarraitzen du. Diseinua erabat uniformea da eta oinarriaren lau aldeetan errepikatzen da. Oinarriko idulkiaren erpin bakoitzean, minarete batek multzoa osatzen eta nabarmentzen du.

Alaketako arkuteria bikoitza.
Taj Mahal 1865an, Felice Beatoren argazkian.

Marmol zurizko kupula, mausoleoaren gainean dagoena, multzoaren elementurik ikusgarriena da. 35 m garai da, oinarriaren luzeraren ia berdina, danbor baten gainean 7 m goratua. Kupularen itxuragatik amrud (guaiaba) edo "erraboil-kupula" (erraboil edo tipula itxurakoa) esaten zaio. Kupularen goiko herena, loto lorezko erliebe batekin apaindua dago, garaiera areagotzen duena. Goi-goian, pinakulu edo orratz urrekara batek tradizio islamikoak eta hinduak uztartzen ditu. Orratz hau ilgora batekin amaitzen da, Islamaren ohiko motiboa, adarrak zerurantz dituena[14]. Orratzaren tontorrak ilgora zeharkatzen duenez, hiruhortz itxura konbinatua hartzen dute, Shiva jainkoaren ohiko indiar ikurra. Orratz nagusi hau, jatorrian urrezkoa zen, baina, XIX. mendearen hasieran brontze urreztatuzko kopia batek ordezkatu zuen.

Kupularen lau aldeetan, chhatri edo kiosko kupuladun bana dago, erdiko kupularen itxura errepikatzen dutenak. Beraien danbor zutabedunak mausoleoaren sabaian irekitzen dira eta argi naturala ematen diote barrualdeari. Chhatriek ere orratzak dituzte gailurrean.

Idulkiaren izkina bakoitzean minarete bat altxatzen da: 40 metro baino gehiagoko garaiera duten lau dorre handi, berriz ere Taj Mahalek diseinu simetriko eta errepikakorrarekiko duen zaletasuna erakusten dutenak. Dorreak minarete funtzionalak dira, meskitetan bezala, nondik muezzinak otoitz egitera deitzen duen. Minarete bakoitza hiru atal berdinetan banatuta dago, eraztun bezala inguratzen duten bi balkoirekin. Dorrearen gailurrean, chhatri batez estalitako terraza batek mausoleoaren diseinua errepikatzen dute: kupula, loto lorea eta orratz urrekara. Minarete bakoitza pixka bat kanporantz okertuta eraikia zen, eroriz gero (garai hartan usu zena) mausoleoa ez kaltetzeko.

Kanpo dekorazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahal mausoleoaren kanpo dekorazioa mogol arkitekturako finenetakoa da. Erabilitako dekorazioa mota askotakoa da: margoa, iztukua, harri mosaikoa (titakadura) eta erliebea. Islamaren irudi atropomorfikoen debekuari jarraiki, elementu dekoratiboak hiru dira: kaligrafia, irudi abstraktuak eta landare motiboak.

Kaligrafia mausoleoaren iwan nagusian.

Kaligrafia multzo osoan zehar ageri da dekorazioarekin bat eginda, Koranaren pasarteak adieraziz. Amanat Khan mogol gorteko kaligrafo persiarrak sortutako testuak oso loratuak eta ia irakurtezinak dira. Kaligrafoaren sinadura hainbat paneletan agertzen da. Kaligrafiaren kopuru handi bat titakadura erabiliz aplikatu zen: jaspe edo marmol beltzez idatzitako thuluth estilo loretsu batek osatzen du marmol zurizko paneletan txertatua. Ikuslearengandik urruti dauden goiko panelak kaligrafia proportzionatuarekin idatzita daude, behetik begiratzean ikusmen-distortsioa konpentsatzeko. Lanetako batzuk oso-oso zehatzak eta delikatuak dira, bereziki hilobiaren zenotafioen marmolean daudenak. Azkenaldiko azterketek iradokitzen dute Amanat Khanek berak aukeratu zituela pasarteok.[15][16]

Testuak, oro har, justiziari, sinesgabeentzako infernuari eta fededunentzako paradisu-promesari buruzkoak dira. Pasarte nagusien artean, honako surah hauek daude: 91 (eguzkia), 112 (fede-garbitasuna), 89 (eguneko atsedena), 93 (goizeko argia), 95 (pikondoak), 94 (irekidura), 36 (Ya Sin), 81 (iluntasuna), 82 (pitzadura), 84 (urradura), 98 (ebidentzia), 67 (domeinua).

Arte abstraktuaren irudiak, bereziki, mausoleoaren idulkian, minareteetan, meskitan eta jawabean erabiltzen dira, baita hilobiaren azalera txikietan ere. Solairuek eta bidexkek kolore eta forma ezberdineko mosaikoak erabiltzen dituzte, patroi geometriko konplexuetan konbinatuta. Marmolezko plaken gaineko inkrustazio-teknikak halako perfekzioa du, non harri eta harribitxi inkrustatuen arteko junturak doiki bereizten baitira handitze-leiar batekin. Lore batek, zazpi zentimetro karratu ingurukoa, 60 inkrustazio edo titaka ezberdin ditu, ukitzen bada gainazal leuna eskainiz.

Mausoleoaren beheko hormetan marmolezko behe-oholak ageri dira, lore eta mahatsondoen behe-erliebeekin, lan bikaina nabarmentzeko leunduak izan direnak. Behe-oholak eta arkuen alboak harri erdi-bitxien inkrustazioekin apaindu dira, lore, fruitu eta mahatsondo marrazki oso estilizatuak osatuz. Inkrustatutako harriak marmol horia, jadea eta koloretako kuartzoa dira, hormen gainazalarekin lerrokatuta eta leunduta.

Taj Mahaleko erdiko aretoak teknika tradizionaletatik haratago doan dekorazioa du, eta eskuzko artearen forma garaiagoekin lotzen du, urregintza eta bitxigintza kasu. Hemen, inkrustazioetarako erabiltzen den materiala ez da marmol edo jadea, harri bitxi eta erdi-bitxiak baizik, kanpoko dekorazio-elementu bakoitza islatuz.

Mausoleoaren oinplanoa.

Areto nagusia oktogonala da, eta edozein aldetatik sartzeko aukera badago ere, soilik hegoaldeko atea, lorategietarako norabidean, erabili ohi da. Barruko hormek, gutxi gorabehera, 25 m garai dira, eta horien gainean, eguzki motiboekin apaindutako barneko kupula izun bat eraiki zen. Zortzi arku zorrotzek zehazten dute espazioa lurraren mailan. Kanpoaldean bezala, arku erdi bakoitzari bigarren bat gainjartzen zaio paretan, garaiera erdian. Erdiko goiko lau arkuek, begiratokiak dituzten balkoiak osatzen dituzte kanporantz. Balkoi hauetako leiho bakoitzak marmolezko jali edo sareta bat dauka. Balkoietatik datorren argiaz gain, kanpoko kupularen izkina bakoitzetaki chhatrietatik sartzen denarekin osatzen da argiztapena.

Tradizio musulmanak hilobien apainketa landua debekatzen du eta, beraz, Mumtaz eta Shah Jahanen gorpuek, ganbera nahiko xume batean atseden hartzen dute, Taj Mahaleko areto nagusiaren azpian. Ipar-hego ardatz baten arabera lurperatuta daude, aurpegiak eskuinerantz dituztela Mekarantz.

Beste eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mendebal eraikina, meskita bat mausoleoari begira.

Multzoa almenadun hareharri gorriko hormez inguratuta dago. Ibaira ematen duen aldea zabalik dago. Hormetatik kanpo, zenbait mausoleo gehigarri daude, Shah Jahanen beste emazte batzuenak barne, eta hilobi handiago bat Mumtazen zerbitzari kutunarentzat.

Sarrera nagusia (darwaza) nagusiki haitzurdinez eraikitako egitura monumental bat da, eta lehen enperadoreen arkitektura mogola gogorarazten duena. Bere arkuek mausoleoko arkuen forma islatzen dute, eta bere pishtaq arkuek hilobia apaintzen duen kaligrafia dute. Sabai gangatuek eta hormek diseinu geometrikoak dituzte, hareharrizko beste eraikinetan daudenak bezalakoak.

Sarreratik urrutien dagoen muturrean, hareharri gorriko bi eraikin handi daude, hilobiaren alboetara begiratzen dutenak. Eraikinen atzealdeak mendebaldeko eta ekialdeko hormekiko paraleloak dira. Mendebaldeko eraikina meskita bat da eta bestea jawab (erantzuna), oreka arkitektonikorako eraiki zela uste dena, agian gonbidatu etxe bezala erabilia izan zitekeen arren. Bi eraikinen arteko desberdintasunak, jawabeko mihrab baten falta (meskita baten horman dagoen nitxo bat Mekaruntz zuzendua) eta bere diseinu geometrikoko zoruak dira, meskitako zorua marmol beltzezko 569 otoitz tapizekin apaindua baitago. Meskitaren oinarrizko diseinua Shah Jahanek eraikitako beste batzuen antzekoa da, bereziki Masjid-i Jahān-Numā meskitarena, hiru kupulaz errematatutako gela luze bat baita. Garai honetako mogol meskitetan santutegi aretoa hiru gunetan banatzen dira: santutegi nagusia eta eta bi aldetan santutegi txikiagoak.

Eraikin hauek 1643an osatu ziren.

Bidexkak ubidearen alde banatan, sarreraruntz.

Txahar bagh, erdiko lorategi handia, Babur lehen enperadore mogolak sartu zuen Indian, persiar lorategien tradizioan inspiratutako diseinu baten arabera, paradisuko lorategiak irudikatzeko asmoz. Mogol garaiko testu mistiko islamikoetan, paradisua lorategi ideal bezala deskribatzen da, oparotasunez betea. Urak funtsezko rola jokatzen du, lau ibai deskribatzen baititu erdialdeko iturri batetik sortzen, Eden lau zatitan banatuz. Lorategia ere, puntu kardinalen arabera (ipar, hego, mendebal eta ekialdean) banatzen da lau ataletan. Lorategiko atal bakoitza, hamasei lore-parterretan bidexkaz banatuta dago eta erdian marmolezko urmael goratu bat du sarreraren eta mausoleoaren artean, eraikinaren irudi islatua itzultzen duena.[17]

Lorategi mogol gehienak forma angeluzuzenekoak dira eta erdian pabiloi bat dute. Taj Mahal ezohikoa da alde horretatik, eraikin nagusia, mausoleoa bera, mutur batean kokatzen baita. Baina berriki, Yamuna ibaiaren kontrako ibarrean Mahtab bagh (ilargi-argi lorategia) aurkitu izanak, beste interpretazio bat ahalbidetzen du, ibaia paradisuko “ibaietako bat” bihurtzeko moduan sartuz.[18]

Lorategien marrazkiak eta ezaugarri arkitektoniko nagusiek, hala nola iturriak, marmolezko eta adreiluzko bidexkak, material bereko eskantzuak (Shalimar lorategien antzekoak), iradokitzen dute Ali Mardan ingeniariak berak diseinatutakoak izan daitezkeela. Lorategiaren deskribapen zaharrenek bere landaretza oparoa aipatzen dute, arrosadi, lilipa eta fruta-arbolen ugaritasunarekin.

Mogol Inperioaren indarra jaitsi zen heinean, Taj Mahal eta bere lorategiek garrantzia galtzen joan ziren. XIX. mendearen amaieran, Britainiar Inperioak Indiaren hiru bostenak baino gehiago kontrolatzen zituen, eta Taj Mahalaren administrazioa hartu zuen bere gain. Paisaia nahi bezala aldatu zuten, Londresko lorategien antz handiagoa emateko.

Taj Mahalaren eraikuntza mausoleoaren zimenduekin hasi zen. «12»«».000 m2 inguruko azalera induskatu eta hondakinekin bete zen, ibaiaren filtrazioak murrizteko. Eremu guztia ibaiertzeko mailaren gainetik ia 15 m altxatu zuten. Taj Mahalek 60 m garai inguru da, eta kupula nagusiak 20 m diametro eta 25 m garai. Mausoleoaren inguruan putzuak zulatu ziren maila freatikoa aurkitu arte, eta harriz eta hondakinez bete ziren zimenduen oinarriak eratuz. Putzu ireki bat utzi zen inguruetako maila freatikoaren aldaketa aztertu ahal izateko.

Garai hartan ohikoak ziren banbuzko aldamioak erabili beharrean, langileek adreiluzko aldamio erraldoiak eraiki zituzten, bai kanpotik eta bai mausoleoaren hormen barrutik.

Marmola eta bestelako materialak Agratik obrara eramateko, 15 km luzeko lurrezko arrapala bat eraiki zen. Garaiko erregistroen arabera, bloke handiak garraiatzeko, espresuki eraikitako gurdiak erabili ziren, 20 edo 30 idiko taldeek tiratua.[19] Blokeak posizioan jartzeko, zurezko zutabe eta habeen gainean muntatutako txirrika-sistema konplexu bat behar izan zen. Energia idi eta mandoek ematen zuten.

Uste denez, 1.000 elefante baino gehiago erabili ziren eraikuntzako materialak garraiatzeko eta 22.000 langile, margolari, brodatzaile eta harginen ahaleginak behar izan ziren.[20] India eta Asia osoko materialekin eraiki zen: marmol zuri zeharrargia Makrana hiritik (Rajasthan), jaspea Punjab eskualdetik, Txinako jadea eta kristala Txinatik, turkesa Tibetetik, lapis lazulia Afganistandik, zafiroa Sri Lanka uhartetik eta kornalina Arabiatik. Guztira, hogeita zortzi harribitxi eta erdi-bitxi mota sartu zituzten marmol zurian.

Kondairak eta hipotesiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Taj» hitza persieratik dator, hau da, mogol gorteko hizkuntzatik, eta «koroa» esan nahi du; «Mahal», berriz, Mumtaz Mahal izendapenaren aldaera labur bat da, «Jauregiko lehen dama» esan nahi duena, hala esaten baitzioten Arjumand Banu Begum andreari, hau da, Shah Jahanen emazteari. Taj Mahal izenak «Mahalen koroa» adierazten du.[21] 1663an, François Bernier frantses filosofo, sendagile eta bidaiariak eraikina «Tage Mehale» gisa aipatu zuen, hau da, izena hindi ahoskeraren arabera esana; euskaraz «Tatx Maal» izango litzateke.[22]

Italiar arkitektoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taj Mahalen inguruko mito edo kondairetako bat da Geronimo Veroneo izeneko veneziar arkitekto batek egin zuela eraikuntzaren proiektua. Italiar hori Agran bizi izan omen zen zenbait urtez eta Lahoren hil omen zen 1640an. Mito hori batez ere italiar irakasle batzuk hedatu zuten, berentzat aldarrikatu nahirik Taj Mahalen arrandiatasuna, baina italiar arkitektoaren istorioa lehenik Sebastian Manrique izeneko agustindar lekaide espainiar batek zabaldu zuen; dirudienez, lekaide hori Indiara joana zen, mogol agintariek Lahoren atxilo hartua zeukaten beste agustindar lekaide bat askatzeko asmoz. Han, dirudienez, Geronimo Veroneoren testamentu betearazlea ezagutu omen zuen, Joseph de Castro izeneko beste lekaide bat. Hark azaldu omen zion veneziar bitxigile haren istorioa, itsasontzi portuges batean etorria, Lahoren hil zena eta Agrako Padres Santos Hilerri Erromatar Katolikoan lurperatua izan zena.

Hori da bai Geronimo Veroneok, bai Sebastian Manriquek Indiarekin duten lotura bakarra, baina ez du besterik frogatzen, ezpada biak Indian bizi izan omen zirela, Taj Mahal eraikitzen ari zen bitartean. Gainera, Geronimo Veroneoren izena ez da ageri garai hartako persiar iturrietan, xehetasun handiz eman zutenak Taj Mahalen eraikuntzan lan egindako eskulangileen berri. Garai hartan Indian ibilitako europar bidaiariek Geronimo Veroneo aipatzen dute soilik bitxigile gisa.[23]

Tradizio herrikoi zahar baten arabera, Yamuna ibaiaren beste aldean beste mausoleo bat eraikitzea aurreikusi zen, marmol zuriaren ordez beltza erabilita. Kondairak iradokitzen duenez, Aurangzeb semeak Shah Jahan tronutik kendu zuen bertsio beltza eraiki baino lehen, eta ibaiaren bestaldean aurkitzen diren marmol beltzaren hondarrak bigarren mausoleoaren oinarri amaitu gabeak dira.[24]

Berriki egindako azterketa batzuek, ordea, hipotesi hori gezurtatu dute eta Taj Mahalen diseinuari buruzko argi berria sortu dute. Beste hilobi mogol handi guztiak lorategietan kokatzen ziren, gurutze bat osatuz, erdian mausoleoa zutela. Taj Mahal, aldiz, mutur batean mausoleoa duen «T» handi baten moduan eraiki zen. Ibaiaren beste aldeko ertzean dauden aurrien aztarnak, ordea, diseinua hedatu egiten du, gurutze eskema osatu arte, non ibaia chahar bagh baten erdiko kanal bihurtzen baitzen. Dirudienez, kolore beltza bertan utzita zeuden marmol zurien gainean denborak egiten duen ekintzaren ondorioa da. Arkeologoek «Mahtab Bagh» edo «ilargiaren lorategia» deitu izan dute bigarren Taj inoiz eraiki ez zen hori.[25]

Shah Jahanen zenotafioa zentrotik kanpo dago, haren heriotzan gehitu zen bezala.

Shah Jahanen hilobi asimetrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shah Jahanen hilobia eta zenotafioa Taj Mahalen barruan kokatu zituen Aurangzebek, enperadore mailari zegokion mausoleo propio bat eraiki beharrean. Simetriaren haustura hori Aurangzeben maltzurkeriari edo axolagabekeriari leporatu izan zaio. Alabaina, haren aitona-amonak antzeko konfigurazio asimetrikoa zuen mausoleoan lurperatuta zeuden.

Shah Jahanen semea gizon errukitsua zen, eta islamak ez zuen inolako erakuskeriari nahi izaten, batez ere hileta kontuetan; horren ondorioz, hilkutxa bat erabili ordez, ohikoa zen hil oihal bat erabiltzea, hildakoak ehorzteko.

Liburu islamiarrek azaltzen dutenez, hilobia hilkutxetan egitea «alferrikako gastua» da, «gosez daudenak elikatzeko edo behartsuak laguntzeko hobeki erabil daitekeena». Aurangzeben ikuspegiaren arabera, Shah Jahanentzat mausoleo bat eraikitzea diru xahutze bat izango zen. Beraz, aita Mumtaz Mahalekin batera lurperatu zuen, beste arazorik gabe.[26]

Langileen mutilazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira ugarik azaltzen dituzte Shah Jahanek mausoleoa eraikitzearekin zerikusia zuten langile askori eragindako heriotza, zatiketa eta mutilazioak. Agian, historia errepikatuena da enperadoreak arkitekto eta dekoratzaile onenak eskura izan zuenez, lana amaitu ondoren, eskuak moztu eta itsutu egiten zituela, Taj Mahalen nagusitasuna zalantzan jar zezakeen monumenturik eraiki ez zezaten. Erreferentzia errespetagarri bakar batek ere ez du, ordea, hipotesi hori oinarritzen.[27]

Lapurtutako elementuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legenda ugari egon izan da Taj Mahaleko elementu lapurtuei buruz. Egia izan daiteke elementu batzuk hondatu egin direla denborarekin, baina lapurreta kontuak kondaira hutsak dira.

Galera faltsu hedatuenen artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Ustez kupula nagusiaren zati bat edo guztia estaltzen zuten urrezko hostoak.
  • Urrezko baranda, zenotafioak inguratzen omen zituena; ziur aski, nahastu egi zituzten jarritako behin-behineko mugak eta, gero, haien ordez jarri ziren marmolezko pantailak.
  • Diamanteak, ustez zenotafioetan txertatuak zeudenak.
  • Perlen ehuna, legenden arabera Mumtazen zenotafioa estaltzen zuena.

Hala ere, mendeetan galdu ziren beste elementu batzuk, besteak beste:

  • Sarbide gotorlekuko zilarrezko barne ateak.
  • Zenotafioen inguruan marmolezko pantailen juntura metalikoak estaltzen zituzten urrezko hostoak.
  • Mausoleoaren barrualdeak estaltzen zituzten alfonbra ugari.
  • Barneko argi esmaltatuak.[28]

Taj Mahal eraisteko britainiarren plana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan errepikatutako istorio batek kontatzen du William Bentinck Indiako gobernadoreak, 1830eko hamarkadan, Taj Mahal eraisteko eta haitzurdina saltzeko asmoak izan zituela. Mitoaren bertsio batzuetan, eraispen lantaldea prest zegoen lanean hasteko, baina ez zen lanari lotzera iritsi, Bentinck ez baitzen gai izan proiektua finantza ikuspegitik bideragarri egiteko. Ez dago garai hartako frogarik plan horri buruz. Kondaira XIX. mendearen amaieran zabaldu zen, Bentinck bere utilitarismo setatiagatik behin eta berriz kritikatzen zutenean, eta Lord Curzonek bere burua Indiako ondarearen salbatzaile gisa aurkeztu eta nabarmentzen zuenean monumentuaren aurreko arduradunek ardura gabe jokatu zutela mantentze lanetan.

Bentincken biografoen esanetan, istorioa benetako beste gertaera batzuetatik abiatuta asmatu zen, oso izaera desberdinekoak: Agrako gotorlekutik eratorritako haitzurdinaren eta kanoi ospetsu baina zaharkitu baten salmenta; bi kasuetan, ongintza helburuaz egina.[29][30]

Shivaren tenplua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Institute for Rewriting Indian History (Indiako Historia Berridazteko Institutua) erakundeko lehendakari Purushottam Nagesh Oakek behin eta berriz esan izan du Taj Mahal tenplu hindu bat izan zela, Shiva jainkoaren adbokazioaz egina, eta Shah Jahanek usurpatu eta birmoldatu egin zuela. Haren arabera, tenpluaren jatorrizko izena «Tejo Mahalaya» zen, eta gero «Taj Mahal» bihurtu zen, ustelkeria fonetikoaren bidez.

Oakek dio, halaber, Humayun, Akbar eta Itimiad-u-Dallah-en hilobiak, Erromako Vatikanoa, Mekako Kaaba, Stonehenge eta Indiako «eraikin historiko guztiak» tenplu edo jauregi hinduak izan zirela.[31]

« Taj Mahal erakusgarri argi bat da, nola jatorri hinduistako eraikin historiko eta populazio guztiei, Kaxmirretik Tamil Naduko azken muturreraino, gobernu musulman baten edo bestearen jatorria eman izan zaien.[6] »

Geroago, esan zuen Taj «ez zela» Shivaren tenplua, Rajputeko errege baten jauregia izan zitekeela. Nolanahi ere, Shah Jahanek lapurtutako eta hilobi gisa egokitutako monumentu hindu bat zela salatzen zuen. Halaber, Oakek zioen Mumtaz ez zegoela han lurperatuta.

Oakek ziurtatu zuen, halaber, Taj Mahalen eraikuntzari buruzko garaiko testigantza ugariak, Shah Jahanen finantza erregistro izugarriak, lanari buruzko zuzentarauak barne, iruzurrak zirela, hindu jatorria ezkutatzeko eginak.

Salaketa probokatzaile horien ondorioz, hedabideen bidez oso ezagun bihurtu zen Oak.

Demanda judizialak hasi zituen zenotafioak ireki eta eraikinaren oinarrietako harlangaitz zati bat eraisteko, zeren eta «hilobi faltsu» eta «gela zigilatu» haietan Shivaren edo beste monumenturen bati dagozkion zenbait elementu ezkutatu baitziren.[32]

Adituek ez dituzte onartzen Oaken akusazioak, baina nazionalismo hinduistak maiz erabili izan ditu mito horiek.

2000. urtean, Indiako Justizia Auzitegi Gorenak baztertu egin zituen Oaken eskaerak Taj Mahal jatorri hinduistako monumentutzat aldarrikatzeko, eta kostu judizialak ordaintzera kondenatu zuen.[33]

Bost urte geroago, 2005ean, Allahabad Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen antzeko eskaera bat, kasu hartan Amar Nath Misrah predikari eta gizarte langileak aurkeztua; demandan eskatzen zuen aitortzea Taj Mahal Parmar Dev hindu erregeak eraiki zuela, 1196. urtean.[34]

Taj Mahalen ikusmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendeetan zehar, Taj Mahalek bidaiarien, idazleen eta mundu osoko pertsona ospetsu askoren prosa inspiratu du, monumentuak sortzen duen karga emozional handia nabarmenduz:

  • «Dekorazio gogorrak eta geometrikoak izan arren, Taj Mahalek igeri egiten du. Atearen hondoa uhin bat bezalakoa da. Kupulan erraldoi hartan, gehiegizko zerbait dago, mundu guztiak sentitzen duen zerbait, mingarri samar den zerbait. Irrealtasun bera bazter guztietan. Kolore zuria ez delako erreala, ez du pisatzen, ez da solidoa. Eguzkipean faltsua, ilargiaren argitan gezurra, gizakiak samurtasun urduri batez eraikitako zilar koloreko arrain modukoa». (Henri Michaux)
  • «Badirudi Taj Mahal gauza puru guztien, gauza santu guztien eta desleial guztien haragiztatzea dela. Hau da eraikinaren misterioa». (Rudyard Kipling)
  • «Malko bat denboraren masailean». (Rabindranath Tagore)

Oraina eta geroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1985etik, mausoleoaren egituraren egonkortasunean arazoak hauteman dira, baita minareteen inklinazio progresiboa ere. Badirudi arrazoi nagusitzat har daitekeela Yamuna ibaiaren ibilgua lehortzen ari dela, eta horrek lurzoruaren hezetasun maila eta ahalmen eramailea aldatzen dituela.[35]
  • Ingurumen kutsaduraren ondorioz Taj Mahaleko haitzurdina gero eta gehiago hondatzen ari dela salatu izan da. Industriak atmosferara isurtzen dituen gai poluitzaileek monumentuaren gainazalaren korrosioa eragiten du, patina bat gaineratzen ari baitzaio. Ingurumena babesteko agindu judizialei jarraiki, ibilgailuen zirkulazioa murriztu da monumentu multzoaren inguruan, eta beste babes neurri batzuk aztertu dira.[36]
  • Agrako agintariek berriro ere baimendu zituzten ilargiko gauetan monumentua bisitatzeko aukera, 1984az geroztik debekua indarrean egon ostean. Garai hartako sikh matxinadaren ondorioz atentatuen beldurragatik ezarri zuten debekua.[37] Marmol zuriak fluoreszentzia moduko bat du ilargiaren argipean.
  • Taj Mahal 2007ko uztailaren 7an izendatu zuten mundu modernoko zazpi mirari berrietako bat. Kontaezineko turistak jan izan dira hara —3.000.000 baino gehiago 2004ean, BBCren arabera—, eta Indiako erakarpen turistiko garrantzitsuenetako bat bihurtu dute.[38]
  • Multzoak meskita bat ere baduela kontuan hartuta, ostiraletan fededun musulmanak bakarrik sar daitezke.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Brend, Barbara. (1991). Islamic Art. Harvard University Press, Cambridge.
  2. Trachtenberg, Marvin; Hyman, Isabelle. Architecture: From Pre-history to Postmodernism. , 223 or. ISBN 978-0131833654..
  3. Goodwin, Godfrey. (1987). A History of Ottoman Architecture. ISBN 9780500274293..
  4. (Ingelesez) Taj Mahal: The Jewel of Muslim Art in India - IslamiCity. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  5. (Frantsesez) UNESCO World Heritage. Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  6. a b Sarkar, Jadunath (Sir). (1919). Studies in Mughal India. Calcutta M.C. Sarkar, 30, 31 or. (Noiz kontsultatua: 2015-05-20).
  7. (Ingelesez) Taj Mahal. Public Broadcasting Service (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  8. Muhammad Abdullah Chaghtai Le Tadj Mahal D'Agra (Hindi). Histoire et description (Brusela) 1938 p. 46.
  9. 'Abd al-Hamid Lahawri Badshah Namah Ed. Maulawis Kabir al-Din Ahmad and 'Abd al-Rahim under the superintendence of William Nassau Lees. Vol. I Kalkuta 1867 384-9 or. ; Muhammad Salih Kambo Amal-i-Sal\lih or Shah Jahan Namah Ed. Ghulam Yazdani Vol.I (Kalkuta) 1923. 275 or.
  10. Gascoigne 1971.
  11. Scaffolding from NatGeo.
  12. DuTemple, Lesley A.. (2003). The Taj Mahal. Twenty-nombre Century Books, 96 or. ISBN 978-0-8225-4694-8. (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  13. BBC, Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  14. Tillotson, Giles Henry Rupert. (1990). Mughal India. Chronicle Books ISBN 978-0-87701-686-1..
  15. Taj Mahal Calligraphy.
  16. Koch 2006, 100 orr. .
  17. Begley, Wayne E.. (1979). «The Myth of the Taj Mahal and a New Theory of Its Symbolic Meaning» The Art Bulletin (1): 14.  doi:10.2307/3049862..
  18. Wright, Karen. (2000-07-01). «Works in Progress» Discover (Kalmbach Publishing) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015) (Noiz kontsultatua: 2015-02-07).
  19. Carroll, David. (1973). The Taj Mahal. Newsweek ISBN 978-0-88225-024-3. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014).
  20. 10 interesting facts about the Taj Mahal. (Noiz kontsultatua: 2019-01-22).
  21. (Ingelesez) «taj mahal | Etymology, origin and meaning of the name taj mahal» web.archive.org (etymonline) 2022-05-22 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  22. (Ingelesez) Faith E. Beasley. (2018). Versailles Meets the Taj Mahal: François Bernier, Marguerite de la Sablière, and Enlightening Conversations in Seventeenth-Century France. University of Toronto Press ISBN 978-1487502842..
  23. (Ingelesez) «Italian Architect of Taj Mahal Myth» web.archive.org 2022-03-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  24. (Ingelesez) «Black Taj Mahal Myth - Legend of the Black Taj» web.archive.org 2022-03-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  25. (Ingelesez) «Black Taj Mahal History» Times of India Travel (web.archive.org) 2022-09-29 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  26. (Ingelesez) «Legend of the Asymmetric Taj» web.archive.org 2022-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  27. (Ingelesez) «Mutilations inside Taj Mahal Myth» web.archive.org 2022-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  28. (Ingelesez) «Theft in Taj Mahal Myth» web.archive.org 2022-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  29. (Ingelesez) «Demolition of Taj Mahal Myth» web.archive.org 2022-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  30. (Ingelesez) John Rosselli. (1974). Lord William Bentinck;: The making of a Liberal imperialist, 1774-1839. Chatto & Windus for Sussex University Press ISBN 978-0856210310..
  31. (Ingelesez) «Taj Mahal a Shiva Temple Myth» web.archive.org 2022-05-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  32. (Ingelesez) Purushottam Nagesh Oak. (2022-08-20). «The Taj Mahal is Tejo-Mahalaya: a Shiva temple» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  33. (Ingelesez) «SC dismisses PIL to rewrite history of Taj» Indiainfo Law: Legal News (web.archive.org) 2005-02-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  34. (Ingelesez) «Taj Mahal’s Origins Are A Useless Controversy We Can All Live Without» Youth Ki Awaaz (web.archive.org) 2023-01-28 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  35. (Ingelesez) «Taj Mahal's Foundation Is Under Threat Due To Decrease In Yamuna Water Levels» Indiatimes (web.archive.org) 2022-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  36. (Ingelesez) «UNESCO World Heritage Centre - State of Conservation (SOC 2013) Taj Mahal (India)» web.archive.org 2023-02-23 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  37. (Ingelesez) «Visitors can see moonlit Taj Mahal | World news» The Guardian (web.archive.org) 2014-09-17 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
  38. (Ingelesez) «The Taj Mahal opens its doors after six months with new Covid rules in place» Daily Mail Online (web.archive.org) 2023-01-13 (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]